10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Aldaketa Altsasuko Udalak diru-laguntzak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2009ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Altsasuko Udalak diru-laguntzak ematea arautzen duen ordenantzan, genero ikuspegia sartzeko horiek ematerakoan. 2009ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2009ko abenduaren 18an.-Alkatea, Unai Hualde Iglesias.

ORDENANTZA, ALTSASUKO UDALAK
DIRU-LAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura egituratzea eta finkatzea, Udalaren eskumenekoen ordezko edo osagarrizko helburuak edo jarduerak dituzten entitate, erakunde eta norbanakoei diru-laguntzak emateko.

Diru-laguntza da Udalak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, hobariak, sariak eta laguntza pertsonaleko gainerako gastuak.

2. artikulua. Aurrekontuko aurreikuspena.

Ordenantza honetan xedatutako moduan ematen diren diru-laguntzetarako dotazioak urtero finkatuko dira udal aurrekontuan, Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua. Irizpide orokorrak.

a) Diru-laguntzak borondatezkoak eta unean unekoak izanen dira. Diru-laguntza emateak Udalari ez dio betebeharrik sortuko eta hartzaileari ez dio aurrerantzean diru-laguntza gehiago jasotzeko eskubide edo aurrekaririk sortuko.

b) Udalak noiznahi baliogabetu edo murriztu ahal izanen ditu, kontrako klausularik izan ezik.

c) Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.

d) Ez da diru-laguntzarik emanen Udalak berak eraginkortasunez eta diru-laguntzaren zenbatekoa baino gastu handiagoa egin gabe betetzen ahal dituen helburuetarako.

e) Diru-laguntzak honako printzipio hauek kontuan hartuz emanen dira: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bazterkeria eza sexua edo bertze dela-eta, kontrola eta baliabideen eta xedeen bat-etortzea.

4. artikulua. Arautzeko oinarriak.

Diru-laguntzak arautzeko oinarrietan, gutxienez ere, alderdi hauek zehaztu beharko dira:

a) Diru-laguntzaren xedearen definizioa eta diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuena.

b) Diru-laguntza eskuratzeko onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Diru-laguntza emateko prozedura.

d) Diru-laguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa.

e) Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

f) Diru-laguntza onartzeko prozedura agindu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

g) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak edo entitate laguntzaileak izanen duten epea eta modua.

h) Diru-laguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

i) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta onuradunek eman behar dituzten bermeak.

j) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

k) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo balibideekin, edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europako Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeeetatik etorrita ere.

l) Diru-laguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

5. artikulua. Eskaerak.

Ordenantza honetan arautzen diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek:

5.1. Entitateak:

a) Egoitza soziala Altsasun edukitzea eta jarduera udalerri horretan garatzea gehienbat. Salbuespenez, elkarte edo entitateak baldintza hori bete beharretik salbuetsiko dira, baldin eta behar den batzordeak argi eta nabarmen ikusten badu hezkuntza, kultura edo ongintzako jarduerak garatzen dituztela. Jai batzordeek ere ez dute baldintza hori bete behar.

b) Irabazteko asmorik gabe eratuak izatea.

c) Elkarte gisa duten xedeak zerikusi zuzena izatea diru-laguntzaren xedearekin; hori frogatzeko, eskaera egitean, beren estatutu edo funtzionamendu arauak aurkeztuko dituzte.

d) Beren estatutu edo funtzionamendu arauen bidez frogaturik gelditzea inor deusengatik ez dela baztertzen, eta bereziki, genero arrazoiengatik. Estatutuetan inguruabar hori argitzen ez badute, entitateak 2 hilabeteko epea izanen du bere estatutuak egokitzeko.

e) Agiri bidez frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik dituztela diru-laguntza eskatzen duten egunean.

f) Altsasuko Udalak bere alorretako edozeinen bidez aurretik eman dituen diru-laguntzen erabilera zuzena frogatu izana.

5.2. Pertsona fisikoak: Altsasun erroldaturik egon beharko dute, eta behar diren agiriak aurkeztu, bai ordenantza honetan laguntza mota bakoitzarentzat ezarritako agiriak, bai Udalak berariaz ematen dituen erabaki edo ebazpenetan eskatzen direnak eta aurrekontua betearazteko oinarrietan diru-laguntzei dagokienez eskatzen direnak ere.

5.3. Pertsona edo entitateek ez dute inola ere Altsasuko Udalaren diru-laguntzarik jasoko, beren xedeek, harrera sistemak, funtzionamenduak, ibilbideak edo jarduketak emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioari kontra egiten badiote.

Orobat, inork ez du diru-laguntzarik jasoko, baldin eta administrazio ebazpen edo epai judizial irmoen bidez soldata-bereizkeriagatik, jazarpen moralagatik edo sexu arrazoiek ekarritako edozein tratu ezberdintasunagatik zehatuak edo kondenatuak izan badira, edo urratzen badituzte Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legean edo Emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta betebeharrak.

5.4. Betiere, diru-laguntza eskatzen duten pertsona edo entitateek aurkezten duten dokumentazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Erabiltzen dituen hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.

b) Egin beharrekoaren ebaluazioan genero adierazleak erabiltzea.

c) Datuak sexuen arabera bereizirik aurkeztea.

6. artikulua. Diru-laguntzaren modalitateak eta diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduerak.

Diru-laguntza mota hauek ezarri dira:

6.1. Zuzeneko diru-laguntzak:

Inolako lizitazio prozedurarik tramitatu gabe ematen ahal diren diru-laguntzak dira. Haiek eman ahal izateko, aurretik Udalaren gastuen aurrekontuan jaso behar dira, onuradunaren izenean eta kontsignazio zehatzarekin. Udalaren aurrekontuan horrela jasorik egoteak ez du esan nahi, ordea, onuradunak besterik gabe diru-laguntza hartzeko eskubidea duela, baizik eta Udalak aurrekontuan kontsignaturik dagoen zenbatekoa ematen ahalko diola gehienez ere. Betiere, organo eskudunak erabakia hartu edo ebazpena eman beharko du diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko eta hura emateko baldintzak ezartzeko, eta behar denean lankidetza hitzarmena formalizatuko da.

6.2. Gizarte Ongizateko laguntzak (presoen ahaideendako laguntzak, Gizarte Lankidetzako proiektuak).

6.3. Gainerako diru-laguntzak aurrekontua betearazteko oinarrietan xedatutakoari jarraituz emanen dira, deialdi publiko banatan, kasu bakoitzean onetsiko diren oinarriak betez.

7. artikulua. Balorazio irizpideak.

Diru-laguntzak emateko, eta haien zenbatekoa finkatze aldera, kontuan hartuko da aurkeztutako eskabideak zenbateraino betetzen dituen honako baldintza hauek, eskatzaile motaren arabera:

7.1. Entitateak:

-Entitate eskatzailea iraunkorra, egonkorra eta kaudimenduna izatea, proposaturiko jarduera eta programa garatu behar diren alorrean.

-Entitate eskatzaileak beste finantzabide batzuetara jotzeko zailtasun egiaztatua, eta hark dituen baliabide ekonomikoak, eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoarekin alderatuta.

-Gauzatu nahi den programa edo jardueraren originaltasuna.

-Programaren edo jardueraren onura jasoko duten lagun kopuruaren zenbatespena, sexuen arabera bereizitako datuen bidez emana.

-Egin nahi diren programaren eta jardueren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

-Dena delako ekintza edo programaren ezaugarri bereziak ikusirik batzorde eskudunak kontuan hartzen dituen gainerako alderdiak.

-Jardueren propaganda eta zabalkundean erabiltzen diren hizkera eta irudiak berdintasunezkoak izatea.

-Eskaera egiten duen entitateak berdintasun plana onetsia izatea edo aukera berdintasunean lankidetzan aritzen den entitatea izatea.

Orobat, diru-laguntzak ematerakoan onerako baloratuko da elkartearen jardueran partaidetza parekidea izatea arduraren eta ordezkaritzaren maila guztietan, baita generoaren ikuspegia eta aukera berdintasunera jotzeko neurrien ezarpena kontuan hartzen dituzten programak ere.

Bermatu beharko da diru-laguntzen onura jasotzen duten entitateen azterlan, txosten eta argitalpenek eta orobat haien publizitateak bat egiten dutela gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren printzipioarekin, honako alderdi hauetan: sexuaren arabera bereizitako datu estatitistikoen sarrera, hizkuntzaren erabilera ex sexista, irudien tratamendu estereotipatu gabea etab.

Elkarte eta/edo entitate horiek diru-laguntza jaso dezaketen prestakuntza ekintzak egiten dituztenean, onerako baloratuko da emakumeen eskubideak eta aukera berdintasuna defendatzeko helburua duten modulu edo edukiak diseinatzea.

Landa eremuko emakumeen elkartegintza bultzatuko da, haien inguruabar berariazkoak azterturik.

Entitatearen urteko txostenean datuak generoaren arabera bereizirik emanen dira, alderdi hauei dagokienez:

-Emakume onuradun edo erabiltzaileen kopurua eta portzentajea, guztien gainean.

-Entitate eskatzailean zuzendaritza edo ardura karguetan dauden emakumeen kopuru eta portzentajea.

-Entitate eskatzailean kontratatzen diren emakumeen kopuru eta portzentajea.

-Aurkeztutako eskaeran genero ikuspegia sartzea.

-Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunarekin ikusteko izanik aurkeztutako eskaeran agertzen diren ekintza berariazkoak (prestakuntza, kontziliazioa, ordezkaritza etab.).

-Diru-laguntzaren onuradunendako aurreikusirik dauden kontziliazio neurriak.

-Egin beharrekoaren ebaluazioan genero adierazleak erabiltzea.

7.2. Pertsona fisikoak: Haien egoera ekonomikoa, soziala eta familiarena baloratuko da. Tratamendu berariazkoa duten diru-laguntza motetan ematen diren laguntzak, ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen direnak, organo eskudunak haietako bakoitzerako onesten duen baremoaren arabera emanen dira.

Preso dauden pertsonen ahaideendako laguntzak, horretarako onetsitako ordenantzari jarraikiz emanen dira.

8. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi berariazkoa egiten denean, modulu edo zenbatekoak finkatuko dira; ez da gaindituko aurrekontuan dagoen kontsignazioa eta zehatz beteko da aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa.

Diru-laguntzetarako deialdi, lankidetza hitzarmen eta banakako laguntza guztiei ikuskaritza eta kontu hartzailetza eginen zaie. Gainera, Udaleko Kontu Hartzailetzaren aldeko txostena beharko dute.

9. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

9.1. Eskabideak, Alkatetzari zuzenduta, Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira. Deialdian ezarritako ereduari jarraituz eginen dira, edo Udalak ematen dituen inprimakiak erabiliko dira, halakorik denean.

9.2. Entitateek ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte eskabidearekin batera:

-Eskabidea sinatu duenaren NANaren fotokopia.

-Gauzatu nahi den jardueraren edo programaren proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, parte-hartzaileak, datak eta tokia.

-Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza, zein finantzabide erabiliko diren azaltzen duena (kuotak, emariak...).

-Entitatearen ordezkariaren zinpeko aitorpena, zuzendaritza organoko kideak nor diren eta bazkideak zenbat diren adieraziko duena.

-Entitatea Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan eguneratua dagoela egiaztatzeko agiriak.

-Hura zuzentzen duten estatutu edo funtzionamendu arauak, non ez diren aurreko deialdietan aurkeztu, salbu eta aldaketa izan dutenean, halakoetan adierazi beharko baita eskabideetan.

-Alor eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen beste agiri guztiak.

9.3. Pertsona fisikoek agiri hauek erantsiko dizkiote eskabideari:

9.3.1. Preso daudenen ahaideendako laguntzak:

Haren gaineko kontuak arautzen dituen ordenantzan aipatzen diren agiriak.

9.3.2. Gainerako pertsona fisikoek eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak entitateentzat aipatutako berak izanen dira.

Eskabideak behar diren datu guztiak ez baditu edo behar diren agiri guztiak eransten ez bazaizkio, interesdunari errekerimendu eginen zaio 10 eguneko epean hutsuneak bete ditzan, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera utzi duelakoan baztertu eginen dela, 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan ebazpena eman eta gero.

10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epeak:

Ordenantza honen aplikazio esparruko edozein diru-laguntza eskatu nahi dutenek ondotik zehazten diren epeetan aurkeztu beharko dute eskabidea:

1.-Gizarte Ongizateko laguntzak: ez da eskabideak aurkezteko eperik ezarri.

2.-Euskara ikasteko banakako laguntzak: urtero uztailaren 1etik 31ra arte.

3.-Gainerako diru-laguntzak: epea ezarriko da diru-laguntza emateko deildi bakoitzaren oinarrietan. Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi beharko ditu oinarriak. Aurretik, kasuan kasuko informazio batzordeak irizpena aurkeztuko du, Udaleko Kontu Hartzailetzak aldeko txostena eginen du, eta txosten juridikoa ere eginen da, oinarriak Zuzenbidearen araberakoak direla egiaztatzeko.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak:

a) Ordenantza hau betetzea, diru-laguntza duen jardueraren antolaketari dagokion guztian.

b) Jarduera antolatzeak ekar ditzakeen erantzukizunak onartzea eta aseguru poliza egokiak egitea erantzukizun horiek bermatzeko.

c) Diru-laguntza duten jardueren publizitatean, Altsasuko Udalak laguntza eman duela aipatzea betiere. Nahitaezko baldintza izanen da diru-laguntzaz egin nahi den ekitaldi edo programari buruzko inprimakiak eta gainerako publizitatea euskara hutsez edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egotea.

d) Udalak lehenago emandako beste diru-laguntzen justifikazioa aurkeztea Udaleko bulego egokietan; justifikazio horren falta diru-laguntza gehiago ez emateko arrazoia izanen da.

e) Udalak egin lezakeen edozein egiaztapen onartzea.

f) Udalari, betiere, beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturengandik helburu berarekin lortutako beste laguntzen edo diru-laguntzen berri ematea.

g) Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

12. artikulua. Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntzen onuradunek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Udaleko bulego egokietan ekitaldi ekonomiko bakoitzean, abenduaren 1a baino lehen.

12.1. Entitateak:

1.-Egindako jardueren gaineko txostena. Bertan azaldu eta ebaluatu behar dira lortu diren helburuak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari dagozkionak barne.

2.-Jatorrizko fakturak eta horien fotokopiak, Udaleko zerbitzuek egiaztatu ditzaten. Diru-laguntzaren xedea betetzeko egindako gastuak bakarrik onartuko dira justifikazio gisa eta ez beste gasturik.

3.-Diru-sarreren eta gastuen balantzea.

4.-Alor kudeatzaileak egoki irizten badio, diru-laguntza duen jarduera garatzean edo garatzeko prestatutako agiri grafikoen ale bana, hau da, egitaraua, iragartzeko kartela, argazkiak eta gainerakoak. Agiri horietan guztietan Altsasuko Udalaren babesaren aipamena agertu behar da.

5.-Beste erakunde batzuek diru-laguntza emateko hartutako erabakien fotokopiak, baldin eta Udalbatza honi diru-laguntza eskatu zitzaionean ezin aurkeztu izan baziren.

6.-Emandako diru-laguntza osoa edo zati bat gastatu gabe edo ezarritako xedeetarako erabili gabe gelditu bada, Udalari itzuli beharko zaio.

7.-BEZaren aitorpena aurkeztu behar duten entitateei ordainketak egiten zaizkienean, justifikazioari faktura edo fakturaren kopia erantsi beharko zaio.

8.-Langileen ordainagiriak justifikazio gisa aurkezten badira, nominen kopiak aurkeztuko dira, edo burututako gastuaren zinpeko ziurtapena.

12.2. Pertsona fisikoak: Udalak berariazko araubideak ezarri dizkien laguntzen kasuan, pertsona fisiko onuradunek araubide horietan zehaztutako moduan justifikatuko dituzte diru-laguntzak. Gainerakoan, deialdi bakoitzean ezarritakoa beteko da.

Betiere, espedientea tramitatu duen Alorreko teknikariak diru-laguntzaren xedeak lortu direla egiaztatu behar du, txosten egokia eginez.

13. artikulua. Diru-laguntzen itzulketa.

1. Onuradunek diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute ondotik azaltzen direnak gertatzen direnean:

-Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

-Aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.

-Proiektua aurkezturik eta diru-laguntza jasorik, proiektuko jarduerak gauzatu gabe uztea.

-Batera ezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.

-Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.

-Publizitateko agirietan Altsasuko Udalaren babesaren aipamenik ez agertzea, edo diru-laguntza duen jardueraren egitaraua ez euskara hutsean ez hizkuntza bietan idatzita egotea.

-Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.

2. Diru-laguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik espedientea instruituko da eta bertan, kasuan kasuko Alorraren proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago.

3. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Diru-sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bidezko diru-bilketa prozedura aplikatuko dela.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Kasuan kasuko informazio batzordeak diru-laguntza duten jardueren jarraipena eginen du, eta noiznahi eskatu ahal izanen ditu egokitzat jotzen dituen argibideak edo agiriak.

Bigarrena.-Gobernu Batzordeak argitu eta ebatziko ditu ordenantza honen ondorioz azaltzen ahal diren zalantzak, aldez aurretik kasuan kasuko alorrak edo batzordeak txostena eta/edo irizpena emanda.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan arautzen diren diru-laguntzak emateak ez dakar berekin diru-laguntza hartzen duen pertsonak edo entitateak Altsasuko Udalarekin kontratu bidezko lotura izatea, ez zibila, ez lan-arlokoa, ez administratiboa edo bestelakoa.

Laugarrena.-Altsasuko Udalak beste administrazio publiko batzuekin eta mota guztietako erakundeekin sinatutako hitzarmen edo berariazko erabakien itzalpean diru-laguntzak ematen baditu, halako diru-laguntzei ez zaie ordenantza hau aplikatuko. Halaber ordenantza hau ez da aplikatuko Udalak diru-laguntzak ematen dituenean, betiere legeari loturik, bere eskumeneko arloetan udal ekimeneko programak gauzatu edo jarduerak egin daitezen.

Azken xedapena

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratutakoan hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L0928949