10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Deialdia, peoi izateko lau lanpostu
oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Azkoiengo Tokiko Gobernu Batzarrak, 2009ko azaroaren 9an egin bilkuran, onetsi zuen peoi izateko lau lanpostu, Udalaren obra lantaldean sartuak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Hona hemen

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdia egin da peoi izateko lau lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta horiek Udalaren obra lantaldean sartuko dira.

1.2. Horrez gain, gainditu dutenen zerrendarekin zerrenda bat osatuko da, Azkoiengo Udalak erabili ahal izanen duena aldi baterako langileak kontratatzeko, puntuazioaren ordena hertsian.

1.3. Izendapenak udal enplegatu bihurtuko ditu izendatuak jabetza hartzen dutenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko dira; alta emanen zaie araubide horretan eta hark aurreikusten duen babesa izanen dute.

1.4. Lanpostuak Eraikuntzako Hitzarmenak ezartzen dituen eskubide eta betebeharrak izanen ditu, aplikatzekoak diren xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, eta izendatuak indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu, Azkoiengo Udaleko denbora mugagaberako lan-kontratudun izanen den aldetik.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.-Bete beharreko eginkizunak, aipatzearren baizik ez bada ere.

2.1. Udal eraikinetako mantentze lanak, udal ondasun, instalazio eta zerbitzuen zainketa, baita igeltserotzako lanak, lorezaintzakoak, arekak eta erretenak garbitzea eta bideak egokitzea ere.

2.2. Horiekin batera, haren gain utz daitezkeen antzeko lanak, halako espezializazio baten beharrik ez dutenak baina nolabait lanbidearen berri izatea eta nolabaiteko trebezia izatea eskatzen dutenak. Horiek guztiak haren eskumenaren esparruan eta haren maila eta kategoriaren barrenean.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea izatea edo abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluak aipatzen dituen beste estatuetatik edozeinetakoa.

-B1 gidabaimena edukitzea edo hori baino maila handiagoko beste bat, izendapena gertatzen den unean.

-Gaitasun fisikoa izatea kargua betetzeko, osasun ziurtagiriaren bitartez frogatuta.

-Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Azkoiengo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita eta azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte, egun balioduna bada, edo balioduna den hurrengoan. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, mahaiburuak, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadila aginduko du.

Ebazpen berean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Juan Jesús Basarte Osés, Azkoiengo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, alkateordea.

1. mahaikidea: Alfredo Jiméno Usunariz, Aparejadorea

Ordezkoa: Juan Ramón Gancedo Arbizu, arkitektoa.

2. mahaikidea: Juan Legaz Orduña, Azkoiengo Udaleko lantaldearen arduraduna.

Ordezkoa: Funesko Udaleko lantaldeko arduraduna.

3. mahaikidea: Faltzesko Udaleko lantaldeko arduraduna.

Ordezkoa: Martzillako Udaleko lantaldeko arduraduna.

4. mahaikidea: langileen ordezkariek izendatua.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Idazkaria: Udalbatzakoa edo hark eskuordetzen duen funtzionario publikoa.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira eta horietan baizik ez dute epaimahaia lagunduko.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak ondoko baremo honen arabera kalifikatu eta puntuatuko dira. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi. Deialdia argitaratzen den egunean dituzten merezimenduak soilik hartuko dira kontuan, espedientean agiri bidez egiaztatzen badira.

7.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

-Edozein entitatetan, deialdiko lanpostuaren gisako ezaugarriak dituen beste lanposturen batean aritzeagatik, 4 puntu urte bakoitzeko. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:

-Lehen ariketa: proba teorikoa izanen da; galdera batzuk erantzun beharko dira eta problema batzuk argitu, idatziz, izangaiek ortografiaz, aritmetikaz, geometriaz eta azaleren eta bolumenen kalkuluaz dituzten ezagutzak baloratzeko. Gehienez ere, 25 puntu. Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira.

-Bigarren ariketa: proba praktikoak izanen dira soldaduraz, lorezaintzaz, pinturaz, igeltserotzaz, elektrizitateaz eta abarrez. Gehienez ere 45 puntu emanen dira ariketa honetan. (Puntuazioaren %50 lortzen ez duten izangaiak bazter geldituko dira).

Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Epaimahaiak izangai guztien kalifikazioak argitaratuko ditu Udaletxeko iragarki oholean, guztirako kontuak handienetik txikienera ordenatuta.

9.2. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Azkoiengo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari. Hura loteslea izanen da.

9.3. Izendatuek, deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak aukeztu beharko dituzte 30 eguneko epean, izendapenetik aitzina. Gainera, osasun azterketa egin beharko dute.

9.4. Proposatutakoren batek ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanpostuarekiko gaitasunik ez badu, ezin izanen da izendatu eta aprobatuen zerrendan hurrengoa den izangaia izendatuko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Udalak osoko bilkuran izendatuko ditu lanpostuetarako 9.3 idatz-zatian adierazitakoa betetzen duten izangaiak.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 9.4 atalean xedatuari jarraituko zaio.

11.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzetik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek paratzen ahal dira, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Berraztertzeko errrekurtsoa, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Azkoienen, 2009ko abenduaren 22an.-Alkatea, Juan Jesús Basarte Osés.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................................... adinez nagusia, NAN zk.: .................................... jaioteguna: ......................... jaioterria: ............................... bizilekua: ........................................ karrika: ................................. zenbakia: ....... posta kodea: ......... telefonoa: ...............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Peoi izateko lau lanpostu betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean, deialdian eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta aipatu lanpostua betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Azkoienen, 20............(e)ko ........................aren ..........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0928874