10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

415/2009 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onesten dituena.

Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkarteak taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak mantentzeko eskatu du, bai eta gaueko txanda hasteko ordua aldatzeko ere.

Tarifa horien azken igoera Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 9/2009 Ebazpenaren bidez onartu zen. Ebazpen hori 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 2an.

Ebazpen horren bidez, taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko gehieneko tarifak onetsi ziren.

Prezioa, egindako kilometro bakoitzeko: 0,52 euro.

Prezioa, zain egondako ordu bakoitzeko: 14,70 euro.

Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,12 euro.

23:00etatik 6:00ak bitarteko gaueko zerbitzuetan eta, larunbat eta jaiegunetan 0:00tik 24:00ak bitarte egindakoetan, zenbatekoa %25 garestituko da, eguneko tarifaren gainean.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzunaldia eman ondoren.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak proposatu du bidaiariak automobiletan (taxia) hiriartean garraiatzeko zerbitzuen tarifak adierazitako zenbatekoetan mantentzea, Nafarroan KPI ez baita igo 2009ko irailean; horrez gain, gaueko txandaren hasiera 23:00etatik 22:00etara aurreratzea ere proposatu du.

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak proposamen horrekin ados zegoela adierazi zuen abenduaren 21ean.

Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak adierazitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko gehieneko tarifak honako zenbateko hauetan mantentzea:

Prezioa, egindako kilometro bakoitzeko: 0,52 euro.

Prezioa, zain egondako ordu bakoitzeko: 14,70 euro.

Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,12 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 3,67 euro denbora-tarte bakoitzeko.

2. Gaueko txandaren hasiera aurreratzea, 23:00etatik 22:00etara. 22:00etatik 6:00ak bitarteko gaueko zerbitzu horietan eta, larunbat eta jaiegunetan 0:00tik 24:00ak bitarte egindakoetan, zenbatekoa %25 garestituko da, eguneko tarifaren gainean.

3. Ebazpen honetan onesten diren tarifak taxien hiriarteko zerbitzuak emateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako baimenen babesean egiten diren taxien hiriarteko zerbitzu guztiei aplikatuko zaizkie.

4. Ebazpen honek ukitzen dituen ibilgailuek tarifa-taula egokiak eraman beharko dituzte, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak ikuskatu beharko dituenak.

5. Ebazpen hau Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) izeneko elkarteari eta Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen.

Administrazio Publikoek, espedientean interesatuak direnean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko abenduaren 31n.-Garraioetako zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

Iragarkiaren kodea: F1000557