10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

2/2010 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, Nafarroako Vianako Printzea Nazioarteko Sariak sortzen dituena.

1990. urtean, Nafarroako Gobernuak Kulturaren Vianako Printzea Saria sortu zuen kultura arloko sorkuntzan, azterlanean eta ikerlanean diharduten pertsonei, taldeei edo erakundeei esker ona emateko. Sari hau urtero eman da, eta 1993. urteaz geroztik, Asturiasko eta Vianako printzeak berak ematen du.

Halaber, 2001ean, Nafarroako Gobernuak eta Euskadiko Kutxak Elkartasunaren Nazioarteko "Nafarroa" Saria izenekoa sortu zuten gizarte sektore eta lurralde ahulenen alde diharduten pertsonen eta entitateen lan boluntarioa aintzat hartu eta ezagutarazteko xedearekin.

Bi sarien ibilbide bikaina ikusirik, eta eragin eta garrantzi handiagoa emateko asmoz, Nafarroako Gobernuak egokitzat jo du urtero ematen diren bi sariak koordinatu eta sari berria sortzea mendekotasunari lagundu eta arreta emateko egiten den lan berritzailea nabarmentzeko. Hala, bi sariak izen berean batuko dira eta nazioarteko bihurtuko. Halaber, uste da izendapenik egokiena "Nafarroako Vianako Printzea Nazioarteko Sariak" dela, errege titulu horrek duen esanahi historiko sakonagatik eta sariak Asturiasko eta Vianako printzeak berak emateak ekitaldiari ematen dion garrantzi publikoagatik.

Horrenbestez, lehendakariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 11ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Nafarroako Vianako Printzea Nazioarteko Sariak sortzen dira, urtero banatuko direnak eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituztenak:

a) Kulturaren Vianako Printzea Saria: kulturaren esparruko pertsona edo entitate garrantzitsuei esker ona ematea beren ibilbideagatik, barne hartuta arte plastikoen, musikaren, literaturaren eta abarren arloetan egindako sormen lana nahiz zientzia, teknika eta ikerketarenean egindakoa.

b) Elkartasunaren Vianako Printzea Saria: munduko lurralde eta herri ahulenetako gizarte sektore behartsuenen alde diharduten entitate edo pertsonei esker ona ematea, gizartea arlo horietan egin beharreko lan boluntario eta elkartasunezkoari buruz kontzientziatu eta sentsibilizatzeko.

c) Mendekotasunaren Arretaren Vianako Printzea Saria: mendekotasuna duten pertsonen -adinekoen zein ezgaituen- bizi-kalitatea hobetzeko praktika berritzaileak, ikerketa garrantzitsuak eta bestelako ekimenak sustatzen dituzten pertsona edo entitateei esker ona ematea, eta horrela, gizarte sistema aurreratuagoa lortzea.

2. Vianako Printzea nazioarteko hiru sariek diru-zuzkidura bera izanen dute eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura edo entitate laguntzaileekin sina litezkeen hitzarmenenera finantzatuko dira.

2010eko sarien diru-zuzkidura 120.000 eurokoa izanen da (40.000 euro sari bakoitzarentzat). Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak finantzatuko dituzte, bakoitzari dagokion kontu-sailaren kargura, entitate laguntzaileekin hitzarmenak sinatu ahal izatea galarazi gabe.

Zenbateko hori Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez aldatzen ez den bitartean, berdina izanen da hurrengo edizioetan ere.

3. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak Kulturaren Vianako Printzea Sarirako deialdia eta kudeaketa eginen ditu eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio epaimahaiaren erabakia.

Era berean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak Elkartasunaren Vianako Printzea Sariaren eta Mendekotasunaren Arretaren Vianako Printzea Sariaren banaketarako deialdia eta kudeaketa eginen ditu, eta Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio epaimahai bakoitzak hartutako erabakiak.

4. Sari bakoitzari dagokion epaimahaiak zazpi kide izanen ditu -burua eta sei mahaikide- eta saria zein den, arlo horretan ospe handia duten pertsonen eta profesionalen artean hautatuko dira. Idazkari batek epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan. Idazkari horrek hitza izanen du baina botorik ez.

Nafarroako Gobernuak, kasuan kasuko departamentuek proposaturik, sarien epaimahaikideak izendatuko ditu.

5. Sariak Nafarroako Gobernuak emanen ditu, foru dekretu bidez eta kasuan kasuko epaimahaiek egindako proposamenak ikusirik.

6. Sariak batera banatuko dira, urtero zehaztuko den egunean.

7. Indarrik gabe uzten da Kulturaren Vianako Printzea Saria sortu zuen martxoaren 15eko 56/1990 Foru Dekretua, bai eta Elkartasunaren Nazioarteko "Nafarroa" Sariari buruz Nafarroako Gobernuak 2001eko ekainaren 18an hartutako Erabakia ere.

8. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1000476