10. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2010 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 11koa. Honen bidez aldatzen dira Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak, irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi eta erakunde horren egitura organikoa ezarri zen.

Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2008-2012 Planaren helburu nagusietako bat da zerga arloko betebeharrak hobeki bete daitezela lortzea, bi ardatz estrategikoren bidez:

a) Alde batetik, iruzurraren prebentzioan eta zerga arloko betebeharrak ez-betetzearen jazarpenean eraginkortasuna hobetu nahi da, zerga arloko kontrola indartuz horretarako.

b) Bestalde, betebehar horiek borondatez betetzea bultzatu nahi da, zergadunari ematen zaizkion zerbitzuak eta laguntza hobetuz eta horretan aurrera eginez.

Gaur egun Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kudeaketa eta berrikusketa bereizita daude, bi zuzendaritzatan. Zergadunari laguntza ematearekin lotura handiena duen zatia, errentaren kanpaina biltzen duena nagusiki, Zergadunentzako Arretaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren barruan dago. Kudeaketarekin, egiaztapenarekin, espedienteen tramitazioarekin eta irizpide teknikoak finkatzearekin lotutako eginkizunak, berriz, Tributuen Kontrolerako Zuzendaritzari dagozkio.

Kudeaketako eta berrikusketako lanen eraginkortasuna hobetzearren, beharrezkoa da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin zerikusia duten eginkizun guztiak zuzendaritza eta zerbitzu bakar batean biltzea. Horrela lortuko da:

a) Herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzea, izan ere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin zerikusia duen administrazio prozesu osoa unitate berean kudeatuko da.

b) Irizpideen bateraketa eta koordinazio teknikoa eta kudeaketarena hobetzea.

c) Sinergiak sortzea, bi arloak bateratzean eraginkortasun handiagoa izanen baitute baliabide materialek eta giza baliabideek.

d) Zergaren konturako atxikipenen eta ordainketa zatikatuen kontrola areagotzea, eta egiaztapen laburtuak egitea.

Lehen fase batean, hori guztia antolaketaren ikuspuntutik gauzatuko da, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atala, orain Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren mende dagoena, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Kanpainarako Zerbitzura eramanez, eta unitateen izenetan eta beren eginkizunetan zenbait doikuntza eginez.

Bestalde, eta egitura berria ongi oreka dadin, beharrezkoa da Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atala Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzutik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzura pasatzea.

Azkenik, kopuru handiko zergadunekin izaten den harremana eta kudeaketa hobetzearren, aldatu egin da Enpresa Handien Atalari esleitutako kolektiboaren mugaketa eta osaera.

Horrenbestez, Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 11ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretua aldatzea.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren ondoko manuak honela idatzita agertuko dira:

Bat. 18. artikulua.

"18. artikulua. Zergadunentzako Arretaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren egitura.

Zergadunentzako Arretaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza zerbitzu hauek osatzen dute:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

b) Lurralde Aberastasunaren Zerbitzua.

c) Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua".

Bi. 21. artikulua.

"21. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren eginkizunak.

Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak, Sozietateen gaineko Zergari, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari eta Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

-Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

-Tributuak egiaztatu eta likidatzeko irizpideak prestatu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

-Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik, eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

-Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

-Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

-Zerbitzuaren egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita autolikidazioen eta atxikipenen edo konturako sarreren inpugnazioena ere; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

-Zerbitzuaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

-Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

Zehapenei eta errekerimenduei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

-Tributuen arloko arau-hausteak direla-eta, zehapenak likidatzea bere eskumenen esparruan eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren esparruetan. Halaber, zehapenen kontra jarritako berraztertze errekurtsoak ebaztea, salbu eta zergei buruzko zehapen prozeduren kasuan, baldin eta haien kudeaketa Zerga Berezi, Aseguru-sarien gaineko Zerga eta Tasen Atalaren ardura bada.

-Tributudunek aurkezten ez dituzten aitorpenen erreklamazio orokorra, bai eta egindako errekerimenduei ez erantzuteagatik eragindako zehapenen likidazioa ere.

Horrez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga dela-eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari esleitutakoak.

-Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

-Zerbitzuaren memoria prestatzea.

-Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatu eta proposatzea, bere eskumenen esparruan, gainerako zerbitzuekin koordinaturik.

-Tributuen kontrolerako urteko plana prestatzen laguntzea.

-Indarra duten xedapenek edo Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributuen Kontrolerako zuzendariak haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak".

Hiru. 22. artikulua.

"22. artikulua. Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuaren egitura.

Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atala.

b) Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atala.

c) Zehapen eta Errekerimendu Atala.

d) Bulego Teknikoaren eta Plangintzaren Atala".

Lau. 24. bis artikulua gehitzea.

"24. artikulua. bis. Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

Oinordetzen eta Dohaintzen, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak, zerga horiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

-Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

-Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

-Atalaren eta likidazio-bulegoen egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen inpugnazioen kasuan; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

-Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

-Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

-Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

-Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak".

Bost. 25. artikulua.

"25. artikulua. Zehapen eta Errekerimendu Atalaren eginkizunak.

Zehapen eta Errekerimendu Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek izanen ditu:

-Tributudunek aurkezten ez dituzten aitorpenen erreklamazio orokorra.

-Egindako errekerimenduei ez erantzuteagatik zehapenak jartzea.

-Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko prozedurak tramitatzea, betiere, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 70.1 artikuluaren arabera, eskumen hori Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuari, Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari badagokie. Zerga Berezi, Aseguru-sarien gaineko Zerga eta Tasen Atalaren eskumeneko kudeaketa duten zergen gaineko arau-hausteak, berriz, salbuetsi eginen dira.

-Bere eskumeneko zehapen egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoen tramitazioa, bai eta egintza horiekin lotutako gainerako espedienteen tramitazioa ere.

-Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

-Zerga arloan, bere eskumeneko zehapenen gaineko kontsultei arreta ematea eta, batez ere, idatzizko kontsultak ebaztea.

-Jarduera Ekonomikoen Erregistroa eratu eta mantentzea.

-Udalek jakinarazitako zentsuen aldaketak gainbegiratu eta egiaztatzea.

-Zentsuen aldaketak aurkez ditzatela eskatzea udalei.

-Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako salbuespenak eman edo ukatu aurreko txosten teknikoa egitea.

-Jarduera ekonomikoen erregistroan ofizioz egin behar diren sartze eta ateratzeak.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak".

Sei. 26. artikulua.

"26. artikulua. Bulego Teknikoaren eta Plangintzaren Atalaren eginkizunak.

Bulego Teknikoaren eta Plangintzaren Atalak, Nafarroako Zerga Ogasuneko gainerako unitate organikoekin koordinatuta, eginkizun hauek izanen ditu:

-Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak, zerbitzu hori osatzen duten unitateek, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak lege eta tributuen arloan behar duten aholkularitza.

-Iruzurrari aurre egiteko zerga arloko kudeaketa planak diseinatu eta prestatzeko aholkuak ematea eta parte hartzea.

-Zerbitzua osatzen duten gainerako atalekin koordinaturik arauen interpretaziotik sortzen diren irizpideak aztertu, prestatu eta proposatzea.

-Xedapen orokorrak lantzen eta prestatzen laguntzea.

-Zerga arloko kontsultak eta beste espediente batzuk aztertzen eta ebazten laguntzea.

-Azaldu diren eginkizun horiei buruzko txostenak egitea.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak".

Zazpi. 27. artikulua.

"27. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eginkizunak.

Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari, Zerga Bereziei, Aseguruen Primen eta Tasen gaineko Zergei eta Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergari dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

-Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

-Tributuak egiaztatu eta likidatzeko irizpideak prestatu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

-Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik, eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

-Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

-Zerbitzuaren egintzen aurka aurkeztutako berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea, eta gauza bera autolikidazioen inpugnazioen kasuan; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

-Zerbitzuaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

-Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

-Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

-Enpresa handiei dagokienez, aipatu direnez gainera, Sozietateen gaineko Zergari, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Ondarearen gaineko Zergari dagozkien eginkizun berberak, araudiaren irizpide interpretatzaileak prestatu eta proposatzea izan ezik.

-Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko zehapenak ezartzea, haien kudeaketa Zerga Berezi, Aseguru-sarien gaineko Zerga eta Tasen Atalari dagokion kasuetan, bai eta berraztertze errekurtsoen eta zehapen prozedura horiekin loturiko beste espedienteen gainekoak direnean ere.

-Helburuak eta jarduera-adierazleak finkatzea eta emaitzak ebaluatzea.

-Zerbitzuaren memoria prestatzea.

-Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatu eta proposatzea, bere eskumenen esparruan, gainerako zerbitzuekin koordinaturik.

-Tributuen kontrolerako urteko plana prestatzen laguntzea.

-Indarra duten xedapenek edo Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributuen Kontrolerako zuzendariak haren esku uzten dituzten beste eginkizun batzuk, tributuen kudeaketaren alde teknikoen ingurukoak."

Zortzi. 28. artikulua.

"28. artikulua. Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren egitura.

Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Enpresa Handien Atala.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atala.

c) Zerga Berezien, Aseguruetako Primen gaineko Zergen eta Tasen Atala".

Bederatzi. 29. artikulua.

"29. artikulua. Enpresa Handien Atalaren eginkizunak.

Enpresa Handien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

-Enpresa handien zentsua osatu eta mantentzea. Enpresa handien zentsua ondokoek osatuko dute: Hitzarmen Ekonomikoaren arabera zergak zenbait zerga administraziotan ordaindu behar dituzten zergadunek, betiere lurralde bakoitzean egindako eragiketa kopuruaren arabera, Sozietateen gaineko Zergan zergak finkapen fiskalaren araubide bereziaren bidez ordaindu behar dituzten zergadunek edo Balio Erantsiaren gaineko Zergan entitate taldeen araubide bereziaren bidez ordaindu behar dituztenek, bai eta aurreko urte naturalean 9.000.000 eurotik gorako fakturazioa izan dutenek ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen 19/1992 Foru Legearen 66. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera. Arrazoi bereziak direla medio, beste zenbait enpresa ere sar daitezke zentsu horretan, nahiz eta baldintza orokorrak ez bete, enpresa handien artean sailkatu behar direla uste baldin bada.

-Zerga arloko laguntza eta informazioa ematea enpresa handiei, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinaturik.

-Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Atalari, Ez-egoiliarren Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen Atalari eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalari enpresa handien arloan esleitutako eginkizunak garatzea, atal horiekin koordinaturik.

-Enpresa handiei dagozkien informazio-aitorpenen kudeaketa.

-Enpresa handiek zerga aldetik dituzten betebeharrak nola betetzen dituzten kontrolatzea.

-Oro har, enpresa handiei buruzko zerga arloko harremanen eta informazioaren zentralizazioa.

-Enpresa handien arloan beste zerga administrazio batzuekin izaten diren harremanen zentralizazioa.

-Hitzarmen Ekonomikoa enpresa handietan nola aplikatzen den jarraitzea.

-Txosten eta proposamenak egitea eta enpresa handiek zerga aldetik duten egoeraren bilakaerari buruzko azterlan eta proiekzioak egitea, baita beren betebehar fiskalen zenbatekoari eta aurreikus daitekeen betetze mailari buruz ere.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik edo haietan oinarriturik Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak."

Hamar. II. tituluko II. kapituluaren 4. ataleko 1. azpiatalaren izenpea.

"1. AZPIATALA

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko
Zergak Kudeatzeko Zerbitzua"

Hamaika. 42. artikulua.

"42. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak, zerga horiei dagokienez, eginkizun izanen hauek ditu:

-Tributu-kudeaketaren zuzendaritza teknikoa.

-Errentaren kanpaina zuzendu, antolatu eta koordinatzea, kanpainari buruzko berariazko publizitatea diseinatzen laguntzea barne, bai eta autolikidazioari eta ordainketa zatikatuei buruzko proposamenak, autolikidazioak eta konturako sarrerak egiteko lanena ere.

-Prestaketan, egiaztapenean eta likidazioan aplikatu beharreko irizpideak sortu eta proposatzea, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

-Zerga arloko kontsultak eta zerga onurak aztertu eta ebaztea, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak parte hartu eta gainbegiratuta.

-Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuarekin koordinatuta.

-Tributuen eta konturako sarreren behin-behineko likidazioak egitea, legez aplikatzen ahal diren berandutza-interesak eta errekarguak barne.

-Zerbitzuaren egintzen aurka jarritako inpugnazioen eta administrazio errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita atxikipenen edo konturako sarreren egintzena ere.

-Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

-Nafarroako Gobernuak hartzen dituen erabakien tramitazioa.

-Eskatzen zaizkion azterlanak eta proposamenak egitea.

Horrez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Nafarroako Zerga Ogasunak ordainarazten dituen zergen prozeduraren ondoriozko egintza administratiboen jakinarazpenak kudeatu eta kontrolatzea.

-Tributuen kudeaketa eta egiaztapenerako urteko plana prestatzea, bere eskumenen esparruan, Tributuen Kontrolerako Zuzendaritzarekin koordinaturik.

-Helburuak eta emaitzen adierazleak prestatu eta kontrolatzea, baita Zerbitzuaren urteko memoria ere.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta aurrekoekin loturik Zergadunentzako Arretaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzako zuzendariak agintzen dizkionak."

Hamabi. 42. bis artikulua gehitzea.

"42 bis artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atala du bere egituran."

Hamahiru. 42. ter artikulua gehitzea.

"42. ter artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalaren eginkizunak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalak, zerga horiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

-Kontsulta fiskalen alde teknikoei arreta ematea eta, bereziki, zerga arloko kontsultak aztertu eta ebaztea.

-Ofiziozko behin-behineko likidazioak egitea, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 113. artikuluak xedatutakoaren arabera, eta haiei dagozkien berandutza-interesak aplikatzea.

-Atalaren egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoen tramitazio eta ebazpena, baita autolikidazioen eta atxikipenen edo konturako sarreren inpugnazioena ere; zerga likidazioak ere bertan eginen dira.

-Atalaren egintzei bide ekonomiko-administratiboan egindako inpugnazioei buruz Nafarroako Gobernuak ematen dituen erabakien tramitazioa.

-Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52.3. artikuluak ezarritako errekarguen eta, halakorik bada, berandutza-interesen likidazioa.

-Araubide bereziei eta onura fiskalei buruzko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

-Tributudunen zentsuak eratu eta mantentzea.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak, eta Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Zerbitzuko zuzendariak agintzen dizkionak."

Hamalau. 71. artikulua.

"71. artikulua. Zenbait unitate administratibotako burutzak.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari atxikiriko unitate organikoetako burutzak Foru Komunitateko Administraziokoak eta haren erakunde autonomoetakoak diren edo haiei atxikita dauden funtzionarioek betetzen ahalko dituzte edo, bestela, zerbitzu horietako bakoitzari atxikitako lan-kontratudunek, kasuan-kasuan.

Hamabost. 72. artikulua.

"72. artikulua. Langileriaren arloko eskudantziak.

Zuzendari kudeatzaileari, zerbitzuetako, ataletako eta bulegoetako buruei edo ataletik beherako unitateetako buruei dagozkien eginkizunak galarazi gabe, beren kargura dauden langileei buruzko eskudantzia hauek izanen dituzte:

a) Absentismoa kontrolatzea eta ordutegiaren, dedikazioaren eta errendimenduaren inguruko beharkizunak betearaztea.

b) Unitateari atxikitako langileen baimen, lizentzia, opor eta joan-etorriak baimentzea.

c) Langileen komunikazioa eta partaidetza erraztu eta bultzatzea eta lan giroa, errendimendua eta produktibitatea sustatzea.

d) Bere unitateari atxikitako langileen jarduerak, lanak eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea".

Hamasei. 74. artikulua.

"74. artikulua. Ebazteko gaitasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 104.b) artikuluan xedaturikoarekin bat, ebazteko gaitasuna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileari ez ezik, ondokoei ematen zaie, beren eskumenen esparruan: zuzendaritzei, zerbitzuei eta Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko, Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko eta Dirubilketa Zerbitzuko atalei.

2. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduari hamaikagarren xedapen gehigarria gehitzea. Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduari, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsiari, hamaikagarren xedapen gehigarri hau gehitzea:

"Hamaikagarren xedapen gehigarria.-Eginkizunak esleitzea.

Erregelamendu honek eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko bestelako arau juridikoek batzuetan Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuari eta beste batzuetan zuzendariari esleitzen dizkioten eginkizunak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Kudeatzeko Zerbitzuari eta zerbitzu horretako zuzendariari esleitutzat joko dira, hurrenez hurren".

Xedapen gehigarri bakarra.-Oraingo titularraren jarraipena.

Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Kanpainarako Zerbitzuko oraingo titularrak bere eginkizunak betetzen jarraituko du Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendari gisa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira bere edukiaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak eta, bereziki, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 119/2007 Foru Dekretuaren 23. eta 32. artikuluak.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Hala ere, 1. artikuluaren bederatzigarren atalean xedatutakoak 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 11n.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1000477