1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
232/2009 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan kulturarteko hezkuntzako esperientziak eta proiektuak garatzeko 2009-2010 ikasturterako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Kultura aniztasuna gero eta handiagoa da Nafarroako Foru Komunitatean; horrek bultzatu du Hezkuntza Sistemari buruzko neurri zehatzak hartzeko gogoeta, eta aitortu da eskolan bizitzen eta transmititzen den kultura aldatzeko premia dagoela. Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da kultura aniztasunean bizitzeko balioetan oinarrituriko heziketa sustatzea hezkuntza komunitate osoan.
Horregatik, beharrezkoa izanen da hezkuntza lanetan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten agente guztiengan kulturarteko gaitasunak bultzatzea, gure eta besteen jarrera baldintzatzen duten estereotipo eta aurreiritziak baztertzeko. Gauzak horrela, komenigarria litzateke arauen, balioen, sinesmenen eta estiloen trukaketarako eta elkarreraginerako jarrera eta gaitasunak garatzea, bizikidetza harmoniatsua izan dezagun, denok konpartitzen ditugun funtsezko balio batzuen esparruan.
Kulturarteko hezkuntza ikasleek kultur aniztasuna ulertu eta onartzeko bidea izan dadin, gizabanakoen, taldeen eta komunitateen heziketaren oinarrizko elementu gisa hartu behar da.
Ikastetxeetan kulturarteko hezkuntza errazteko esperientziak sustatzeko asmoz, bidezkoa da deialdi honen xede diren hezkuntza esperientziak ikastetxe publikoetan garatzeko baliabide ekonomikoak emateko irizpideak, baldintzak eta betebeharrak ezartzea.
Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan kulturarteko hezkuntzako esperientziak eta proiektuak finantzatzeko 2009-2010 ikasturterako deialdia onets dadin.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ikastetxe publikoetan kulturarteko hezkuntzako esperientziak eta proiektuak finantzatzeko 2009-2010 ikasturterako diru-laguntzen deialdia eta oinarriak onestea, horretarako aurrekontuan dauden mugen barrenean.
2. Deialdiaren xede diren proiektuak finantzatzeko 20.000 euroko gastua onestea. Horietarik 10.000 euro 2009ko aurrekontuko "Gizarte nahiz hezkuntza integraziorako jardueren finantzaketa" izeneko 423003-42230-2269-322000 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.
Gainerakoa, 10.000 euro, 2010ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den kontu-sailaren kargura ordainduko da.
3. Deialdia ebazpen honen eranskinean azaltzen diren oinarriek arautuko dute.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Kultura-aniztasunaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.
Iruñean, 2009ko maiatzaren 27an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN KULTURARTEKO HEZKUNTZAKO PROIEKTUAK ETA ESPERIENTZIAK FINANTZATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK:
Lehena.-Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da ikastetxe publikoei baliabide ekonomikoak ematea, kulturarteko hezkuntza erraztu eta sustatzeko proiektuak presta ditzaten, honako hauek landuz:
1. Kulturarteko hezkuntzaren balioak garatzea, hezkuntza esperientzien bitartez.
2. Ikasleak sistematikoki prestatzea, gizartearen kultur aniztasunaz jabe daitezen.
3. Kultura ezberdinetako gizarte harremanetarako onuragarriak diren jarrerak bultzatzea.
4. Irakasleei eta hezkuntza komunitateko gainerako partaideei prestakuntza ematea.
Bigarrena.-Parte har dezaketen ikastetxeak.
Deialdi honetara Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Nafarroako ikastetxe publiko guztiak aurkez daitezke.
Hirugarrena.-Proiektuaren ezaugarriak.
1. Ikastetxe batek eta/edo eskualde bereko ikastetxe multzo batek kulturarteko hezkuntza eta kultura aniztasuna onartu eta ulertzeko asmoz ikasleentzat eta hezkuntza komunitatearentzat 2009-2010 ikasturtean egiten dituen programak, proiektuak eta esperientziak sartzen dira deialdian. Ikastetxeko edo ikastetxeetako Aniztasunari Erantzuteko Planean aipatuko dira.
2. Proiektu edo esperientziak arlo hauek landu ahalko ditu:
a) Curriculumeko arlo bakoitzean, kulturarteko hezkuntzari loturiko curriculum materialak prestatu, bildu eta erabiltzea.
b) Ikasle atzerritarren irakas-hizkuntzaren irakaskuntza eta ikaskuntza: esparru horretan egiten diren aurrerapausoak erakusten dituzten materialak prestatzea, curriculumak bereiziz.
c) Hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleak hartzeko prozesuak, curriculumak egokitzeko ahalegin bereziak eginez, beharrezkoa denean: edukiak, horien ikuspuntuak, metodologia eta antolaketa, erreferentziako curriculum materialak, etab.
d) Ohiko irakaskuntza eskolaz kanpoko jardueren bidez indartu eta orientatzea, hala nola ikaskuntza bideratuaren bidez, arlo instrumentalak sendotuz, gurasoak heziz, etab.
e) Ikastetxea beste entitate eta elkarte batzuekin elkarlanean aritzea, ikasle horiek gizarteratu eta hezkuntzaren aldetik indartzeko programak bultzatzearren.
f) Elkarreragina eta lankidetza bultzatzen dituzten metodologiak ikasgelan lantzea eta horien ebaluazioa egitea.
Laugarrena.-Agiriak.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, 1. eranskinaren araberakoa.
b) Ikastetxearen datuak, 2. eranskinaren arabera.
c) Ikastetxeko zuzendaritza taldearen oniritzia edo Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen adostasuna. Proiektua ikastetxe batzuek egiten badute batera, eskaera ikastetxe guztietako zuzendariek sinatu beharko dute.
Bosgarrena.-Aurkezteko epea.
Finantzaketa eskaera, laugarren oinarrian aipaturiko agiriekin batera, 2009ko urriaren 15a baino lehen aurkeztuko da, Hezkuntza Departamentuko Kultura-aniztasunaren Atalari zuzendua, Departamentuko Erregistro Orokorrean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan finkatutako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak aipatzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek zazpi egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.
Seigarrena.-Esleipena eta proiektuak baloratzeko irizpideak.
Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Kideak hauek izanen dira:
-Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.
-Aniztasunarekiko arreta programen ardura duen ikuskatzailea.
-Kultura-aniztasunaren Ataleko burua.
-Kultura-aniztasunaren Ataleko bi teknikari.
Batzordeak irizpide eta baremo hauek kontuan hartuz baloratuko ditu proiektuak eta esperientziak:
1. %30, proiektuaren eragin onuragarria ikastetxean eta gizarte ingurunean.
2. %20, proiektu edo esperientziaren originaltasuna eta sormena eta hezkuntzaren testuinguruan izan dezakeen aplikagarritasuna.
3. %20, proiektuaren edo esperientziaren edukien eta hezkuntza eta curriculum proiektuaren arteko harremana, arlo guztietan gauzatua.
4. %20, proiektuaren erreferentzia, ikastetxeko ikasle etorkinei edo gizarte eta kulturaren aldetik egoera behartsuan dauden ikasleei dagokienez.
5. %10, aurrekontua proiektuaren helburuetara egokitzea.
Batzordeak finantzaketaren xede diren proiektuen puntuazio-ordena ezarri eta gero, laguntzak banatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera eta justifikatutako gastuen arabera.
Balorazio prozesua bukatuta, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena igorriko dio Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari. Azken horrek hilabeteko epean emanen du ebazpena. Gero, ebazpena eta finantzaketaren emakida jakinaraziko zaizkie.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez. Epe horretan jakinarazpen espresurik ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Zazpigarrena.-Gastuaren justifikazioa eta ordainketa.
Hautatzen diren proiektu edo esperientzien talde egileak, ikastetxearen bidez, hauexek igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Kultura-Aniztasunaren Atalera, 2010eko ekainaren 10a baino lehen: bukaerako memoria, 3. eranskinaren araberakoa, paperean eta euskarri informatikoan (word, arial letra mota, 12 tamaina, lerroarte bikoitza), eta prestaturiko materialak, halakorik bada.
Horrekin batera, proiektuan edo esperientzian izandako gastu finantzagarrien fakturak erantsiko ditu.
Hezkuntza Departamentuak beretzat gordetzen du proiektuak eta esperientziak argitara emateko eskubidea, baina parte-hartzaileak nortzuk izan diren aipatuko du beti.
Zortzigarrena.-Aurrekontuko zuzkidura.
Ikastetxe publikoetako kulturarteko hezkuntzako proiektu eta esperientzietarako laguntzek, deialdi honek arautzen dituenek, 2009-2010 ikasturterako 20.000 euroko aurrekontuko zuzkidura izanen dute. Horietarik 10.000 euro 2009ko aurrekontuko "Gizarte nahiz hezkuntza integraziorako jardueren finantzaketa" izeneko 423003422302269322000 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.
Gainerakoa, 10.000 euro, 2010eko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den kontu-sailen kargura ordainduko dira.
Bederatzigarrena.-Finantzaketaren ordainketa.
Batzorde ebaluatzaileak erabakitako baliabide ekonomikoak bi ordainketatan pagatuko zaizkie ikastetxe publikoei: lehen ordainketa, esleitutako kopuruaren %50, deialdia ebatzi ondoren.
Gainerako %50a, finantzatutako proiektua egin dela frogatu, bukaerako memoria baloratu eta gastuen fakturak jaso ondoren pagatuko da. Agiriak Kultura-Aniztasunaren Atalera igorriko dira, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean, Iruñeko Santo Domingo aldapan, zk.g., 31001 posta kodean, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluaren 4. idatz-zatian zehazten diren tokietan aurkezturik, 2010eko ekainaren 10a baino lehen.
Hamargarrena.-Finantzatuko diren kontzeptuak.
Kontzeptu hauek finantzatuko dira: beharrezkoa den bibliografia, materialen prestatzea, proiektuari loturiko material osagarria eta berariazkoa, prestakuntza jarduerak eta hizlarien sariak.
Hamaikagarrena.-Jarraipena eta laguntza.
Hezkuntza Departamentuko Kultura-aniztasunaren Ataleko teknikariek jarraitu eta baloratuko dituzte proiektu eta esperientzia guztiak.
Hamabigarrena.-Onuradunen betebeharrak.
Hautatu eta finantzatutako ikastetxe publikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Esperientzia kulturarteko hezkuntza proiektuan ezarri bezala egitea 2009-2010 ikasturtean. Aldaketaren bat egin nahi izanez gero, Kultura-Aniztasunaren Atalaren baimen berariazkoa beharko da, baina aurrekontua ezin izanen da inolaz ere handitu.
b) Bukaerako memoria aurkeztea, 3. eranskina abiapuntu harturik, eta, orobat, egindako gastuen zerrenda, finantza daitezkeenei buruzkoa.
1. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena:......................, herria: ..............., helbidea: ............, telefonoa: ....... , NAN zk.: ................, ......................................ikastetxe publikoa ordezkatuz.
Zure aurrean,
Honako hau azaltzen dut:
2009ko ...... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ....aren .......... (e)an argitaratutako kulturarteko hezkuntzari buruzko proiektuetarako deialdia ikusirik eta baldintza guztiak betetzen ditudalarik, deialdi horren oinarri guzti-guztiak onartzen ditut eta eskatutako agiri guztiak aurkeztu ditut.
Horregatik,
Eskatzen dut:
Eskabide hau ontzat har dezazula, erantsita duen proiektuaren edo esperientziaren eskema eta guzti.
..............(e)n, 2009ko ..........aren ....(e)an.
2. ERANSKINA
1.-Proiektuaren deskribapena:
- Proiektuaren izena eta izenburua.
- Justifikazioa eta testuinguruaren azterketa:
- Abiapuntuko egoera.
- Landu beharreko maila/k eta arloa/k.
- Lan proiektuaren xede diren gizarte taldeak.
- Hezkuntza eremuan gizarteratzeko neurri zuzentzaileak.
- Kultura aniztasuna hobeki tratatzeko eskolan berean edo eskolatik kanpo egin beharreko lanak.
- Bestelakoak:
- Proiektuaren helburuak.
- Lortu nahi diren helburuen arabera gauzatu beharreko ekintzak.
- Metodologia: denboralizazioa, giza baliabideak eta baliabide materialak.
- Ebaluazioa.
- Aurrekontua eta aurreikusitako gastuen kontzeptuak.
2.-Parte-hartzaileak:
- Deiturak eta izena.
- Parte-hartzaileek proiektua edo esperientzia prestatu nahiz gauzatzeko beren gain hartzen dituzten eginkizunak edo lanak.
- Proiektuaren koordinatzailea.
3. ERANSKINA
Memoria:
- Prozesuaren deskribapena.
- Helburuak zenbateraino bete diren.
- Emaitzen ebaluazioa.
- Esperientziaren ebaluazioa, hezkuntza eremuari, gizarteratzeari, partaideen eta ikastetxeen esku-hartzeari dagokienez.
- Gelan eta ikastetxean duen aplikagarritasuna.
- Proiektuaren jarraipena ikastetxeko hezkuntza komunitatean.
- Hobetzeko proposamenak.
- Gastuen justifikazioa.
Iragarkiaren kodea: F0917062