89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175/2009 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, hizkuntza eredu bat hautatzearen ondorioz joan-etorrian ibili behar duten ikasleei laguntzeko, 2009-2010 ikasturteko lehen lauhilekorako laguntzen deialdia onesten duena.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 1.2.c artikuluan bermatzen du euskararen irakaskuntza borondatezkotasun irizpideei jarraikiz, eta 19. eta 22. artikuluetan ezartzen du irakaskuntza euskaraz izateko eskubidea eta administrazioak hori eginkor bihurtzeko duen betebeharra. Nafarroako irakaskuntza ez-unibertsitarioan euskararen sartzea eta erabiltzea arautzen duen maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuak aurreikusten du ikasleak zenbait ikastetxetan elkartzea euskarazko eta euskararen irakaskuntzaz dagoen eskaera asetzeko. Horrengatik guztiarengatik, laguntza horien kontzetsioa xedatzen duen apirilaren 13ko 85/1989 Foru Dekretuari jarraikiz, 1989ko ekitaldiaz geroztik, hizkuntza eredu bat hautatzearen ondorioz, eta bere herrian edo bost kilometroko erradioan hautaturiko aukerarik ez dutelako joan-etorrian ibili behar duten ikasleei ordaina ematen zaie.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena aurkeztu du diru-laguntzen deialdia onets dadin.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hizkuntza eredu bat hautatzearen ondorioz joan-etorrian ibili behar duten ikasleei laguntzeko, 2009-2010 ikasturteko lehen lauhilekorako laguntzen deialdia onestea, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari jarraikiz.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eskabide eredua, onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 170.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Euskara sustatzeko bekak eta laguntzak" izeneko 421001 42400 4809 322900 kontu-sailaren kargura finantzatuko dena, ebazpen honetatik etorritako konpromisoei erantzuteko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Euskara Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

2009-2010 ikasturtean hizkuntza eredu bat hautatzearen
ondorioz joan-etorrian ibili behar duten ikasleendako laguntzen
deialdiko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hizkuntza eredu bat (euskarazko irakaskuntza, D edo B ereduetakoa; edo euskararen irakaskuntza, A eredukoa) hautatzearen ondorioz beste herri batera joateko bost kilometro edo gehiago egin behar duten ikasleei laguntzak ematea, deialdi honetan ezarri diren baldintzetan eta Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. oinarria. Deialdian sartzen diren eskola mailak eta etapak.

Laguntzak ondoko maila eta etapa hauetarako dira:

Haur Hezkuntza (3-6).

Lehen Hezkuntza (6-12).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16).

3. oinarria. Onuradunak.

Laguntza eskatzeko eskubidea izanen dute, berez egokitzen zaien ikastetxe publikoan eskolatzerik izan ez duten ikasleen aitek, amek edo tutoreek, ikastetxe hartan, herriko beste edozein ikastetxe publikotan edo bost kilometro baino hurbilago dagoen inguruko beste herri bateko ikastetxe publikotan, indarra duen araudian ezarritakoen artean haien intereseko hizkuntza eredurik ez dagoelako (euskarazko irakaskuntza, D edo B ereduetakoa; edo euskararen irakaskuntza, A eredukoa).

4. oinarria. Baldintza orokorrak.

4.1. Onuradunek 2009-2010 ikasturteko lehen lauhilekoan benetan egindako gastuari dagokion laguntza jasoko dute. Horretarako, 2009-2010 ikasturteko irailetik abendu bitarteko aldiari dagozkion jantoki-garraio gastuen egiaztagiriak abenduaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Laguntza hauek egindako gastu osoari aurre egiten ez diotenez, beste deialdietako laguntzekin bateragarriak izanen dira (toki entitateak...). Onuradunak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren laguntza jaso duela aitortu beharko du, kopurua eta kontzeptua zehaztuta.

5. oinarria. Zein kasutan ezin den laguntzarik eskatu.

5.1. Ez da inongo kontzepturengatik ere laguntzarik emanen kasu hauetan: beste ikastetxe batera egindako joan-etorriak, ikaslearen herrian edo inguruan (5 km baino hurbilago) eredu horretako ikastetxe publiko bat baldin badago; ikaslearen herrian berean egiten diren joan-etorriak, eta eskatzailea bizi den herriaren eta ikastetxea dagoen herriaren arteko joan-etorria 5 km-tik beherakoa denean.

5.2. Ez dira laguntzagai izanen Hezkuntza Administrazioak hitzarturik egiten diren joan-etorriak (hau da, eskola kontzentrazio batera egindako joan-etorrien kasua) edo halako zerbitzurik egon eta ikaslearen kontura egiten direnak.

5.3. Ez da laguntzagai izanen joan-etorria gurasoetako batekin edo tutorearekin egiten denean, horietako edozein bere ohiko lantokia dagoen herrira joan edo handik itzultzen bada. Ibilbidea parte batean berbera bada, lantokia dagoen herriaren eta ikaslearen ikastetxea dagoen herriaren arteko aldea ordainduko da.

5.4. Ikastetxe pribatuetako ikasleek, eskola garraio publikoko postu bat erabiltzeko baimena badute, ez dute garraiorako laguntza eskatzeko eskubiderik izanen, nahiz eta garraio publikoan duten postuari uko egin.

5.5. Aukeratutako ikastetxetik edo hautatutako hizkuntza eredua duen ikastetxe publikotik 5 km bitarteko tartean bigarren etxebizitza bat jabetzan edo eskura baldin badu familiak, laguntza ukatzeko nahikoa arrazoi izaten ahalko da.

6. oinarria. Eskatzaileak bete beharreko baldintzak.

6.1. Eskatzaileak diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan oro har ezarritako baldintza hauek bete beharko ditu:

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetan ez egotea.

-Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea.

-Lehiaketa baten deklarazioa eskatu ez izana eta/edo ezein prozeduratan kaudimengabe deklaratu ez izana eta/edo lehiaketa bateko partaide gisa deklaratu ez eta/edo esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta/edo ezgaitua ez izana, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, lehiaketa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasunaldia bukatu gabe.

-Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko ebazteko bide eman ez izana, ebazpenaren kausaren errudun deklaratu badute.

-Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen araudian ezartzen diren bateraezintasun kasuetako batean ez egotea.

-Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

-Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, Foru Lege honetan edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera diru-laguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea.

-Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru-itzulketa edo zehapen prozedura batean sarturik ez egotea.

-Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak eguneratuak izatea.

Ondoko puntu hauetan adierazitako betebeharrak ere izanen ditu:

6.2. Helbidea eta bizitokia.

Nafarroan erroldaturik egon eta bertan bizitzea.

Errolda ziurtagirian ageri den helbidea familia unitatearen ohiko eta etengabeko bizitokia izanen da.

Ikaslearen ikastetxea dagoen herrian edo handik bost kilometro baino gutxiagora familiak ez du beste etxebizitzarik izanen jabetzan edo eskura.

6.3. Legeak behartuta, familia unitateko kide guztiek Nafarroan ordaindu beharko dute PFEZ, eta beren eginbehar fiskal eta parafiskalak egunean izanen dituzte, diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean.

Betebehar hori egiaztatzearren, deialdia egin duen administrazio unitateak datuak eska ditzake zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean diren ala ez jakiteko.

6.4. Baimena ematen du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Hezkuntza Ministerioak eta dagokion banketxeak diru-laguntza ordaintzeari begira emandako datuak erabili ahal izateko.

7. oinarria. Deialdiko laguntza motak.

Laguntzak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:

-Garraioa.

-Jantokia.

Ez da jantokirako laguntzarik emanen garraiorakoa ukatuz gero, salbu eta ikaslea garraiorako laguntzarik gabe gelditu bada gurasoetako batekin nahiz tutorearekin batera, hau lantokira doalarik, joateko aukera duelako edo eskolako garraio publiko batean postu bat erabiltzeko baimena duelako.

8. oinarria. Laguntza emateko irizpide objektiboak.

Laguntzaren zenbatekoa hau izanen da:

8.1. Garraiorako laguntzak:

Garraiorako laguntzen zenbatekoa joan-etorriaren kilometro kopuru osoaren araberakoa izanen da eta, betiere, hainbanaturik, behin jantokirako laguntza eman ondoren, Diru-laguntzei buruzko Legearen 17.1 artikulua oinarritzat harturik eta deialdi honen aurrekontuan dagoen diru kopuruaren arabera.

Nolanahi ere, joan-etorriaren erreferentziatzat hartuko da ikaslearen herriaren eta aukeratutako eredua duen ikastetxe publikorik hurbilenaren artean dagoen tartea.

8.2. Jantokirako laguntzak:

Jantokirako laguntza norbanakoaren errentaren araberakoa izanen da, era honetan kalkulatua: 2008an familia unitateak egin dituen errenta aitorpenen likidazio-oinarriei, familiak izan dituen gainerako dirusarrera garbiak (PFEZren aitorpena egin beharrik ez dutenak) gehituta eta horren emaitza zati familia unitateko kide kopurua.

8.2.1. Familia unitatetzat hartuko dira, laguntzen ondorioetarako, ikaslea, ikaslearen aita eta ama, edo kasuaren arabera, adin txikiko ikaslea zaintzen edo babesten duen tutorea edo pertsona arduraduna eta PFEZaren aitorpenean kenkaria izateko eskubidea duten anai-arrebak.

Gurasoak bereizita edo dibortziatuta egonez gero, ez da kide konputagarritzat hartuko laguntzaren xedea den ikaslearen etxe berean bizi ez den aita edo ama.

Alargunak edo dibortziatuak berriz ezkonduz gero, ezkontide edo bikotekide berria familia unitateko kidetzat hartuko da ondorio guztietarako.

8.2.2. PFEZren aitorpena egitera beharturik ez dauden familia unitateko kideen kasuan, bakoitzaren errenta honela kalkulatuko da: 2008. urtean eskuratutako dirusarrera gordinen batura, edozein dela beren iturria, barnean sarturik ondasun higiezinak alokatzeagatik jasotako errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko dirusarrerak.

8.2.3. Laguntzaren zenbatekoa norbanakoaren errentaren ondoko tarte hauen arabera ordenatuko da:

1. tartea. 4.500 euro arte.

2. tartea. 4.500,01 eurotik 5.575 euro arte.

3. tartea. 5.575,01 eurotik 6.660 euro arte.

4. tartea. 6.660,01 eurotik 7.660 euro arte.

5. tartea. 7.660,01 eurotik gora.

Tarte bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa hau izanen da:

1. tartea: 360 euro.

2. tartea: 270 euro.

3. tartea: 180 euro.

4. tartea: 112,5 euro.

5. tartea: 67,5 euro.

9. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak aurkezteko epea 2009ko irailaren 1etik 30era bitarte izanen da.

Laguntzarako eskerak, Hezkuntza Departamentuko argibide bulegoetan (Santo Domingo, zk.g., 31001 Iruña) eta Nafarroako Gobernuak Iruñean duen bulegoan (Karlos III.a, 2. 31002 Iruña) jendearen eskura izanen diren inprimaki ofizialetan aurkeztuko dira.

Eskaerak, Euskara Atalera zuzenduak eta eskatutako dokumentazio osoarekin, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztu beharko dira (Santo Domingo, zk.g., 31001 Iruña) edo Nafarroako Gobernuak Iruñean duen Erregistro Nagusian (Karlos III.a, 2, 31002 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetariko batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, posta ziurtatu bidez igorri beharko da Hezkuntza Departamentuko Erregistrora, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta laguntza eskaera ez dela onartuko.

10. oinarria. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

10.1. Eskatzailearen aita eta ama, edo bestela, tutorearen NANaren fotokopia.

10.2. Errolda ziurtagiria, kasuan kasuko Udalak emana. Bertan agertuko dira familia unitateko kide guztiak, helbidea eta herria, auzoa edo ingurua, herri sakabanatua izanez gero.

10.3. Eskatzailearen zinpeko aitorpena (oinarri arautzaile hauei erantsitako eskaera-eredukoa). Bertan honako hau adieraziko da: errolda ziurtagirian ageri den helbidea ohiko bizitokia duela eta bertan bizi dela; ez duela ikaslearen ikastetxea dagoen herrian edo herri horretatik gutxienez bost kilometrora bestelako etxebizitzarik; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen dituela; aurkeztutako datuak egiazkoak direla; deialdia egin duen administrazio unitateari baimena ematen diola datu fiskalak eskatzeko, dela eskatutako laguntza zuzen baloratzeko, dela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko.

Aurkezten diren agirietan (NANean, errolda ziurtagirian, transferentzia ordaintzeko orrialdean eta errentaren aitorpenean) aldeak egotea laguntza ukatzeko arrazoia izanen da, behar den bezala justifikatzen ez bada behinik behin. Ikerketa eginen da, betiere.

10.4. Laguntza zein banku-libretatan kobratu nahi den, haren lehen orrialdearen fotokopia; libretaren titularra eskatzailearen aita, ama edo tutorea izanen da eta kontu horri dagozkion 20 zenbakiek agertu beharko dute.

10.5. Familia unitatearen kargura egon daitezkeen aurretiko edo bestelako senideen bizikidetasun ziurtagiria.

Administrazio izapideak errazteko, komeni da eskatzailearen legezko ordezkaria (aita, ama edo tutorea) aurreko deialdietan eskaera aurkeztu zuen berbera izatea.

11. oinarria. Laguntzaren justifikazioa.

Onuradunak edo, hala behar denean, ikastetxeak, 2009ko abenduaren 1a baino lehenago, justifikazio hau aurkeztuko du:

11.1. Eskatutako laguntza garraiorako bada, eta berori ikastetxeari edo honen elkarte bati ordaindutako zerbitzuan edo linea erregularreko autobusean egiten bada, entitate horren ziurtagiria. Bertan agertuko da 2009-2010 ikasturteko irailetik abendura bitarte ordaindu denaren kostu ekonomiko osoa.

11.2. Jantokirako laguntza eskatzen bada, ikastetxearen ziurtagiria. Bertan egiaztatuko da ikaslea jantokira joaten dela eta adieraziko da 2009-2010 ikasturteko irailetik abendura bitarte ordaindu denaren kostu ekonomiko osoa.

12. oinarria. Organo eskudunak eta laguntza ebazteko gehieneko epea.

Euskara atalburuak eta Euskara Ataleko bi teknikarik osatutako batzorde batek eskaerak ebaluatuko ditu ezarritako betebeharren arabera.

Prozeduraren instrukzioa Zerbitzuko zuzendariak eginen du. Batzordeak egindako ebaluazioa aztertu ondoren, ebazpenaren proposamena eginen du.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazpena emateko organo eskuduna. Gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du ebazpena, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Legezko ondorio guztietarako, laguntza eskatzailearentzat izanen da.

Laguntza hauek eskatzearekin batera baimena ematen da ekarritako datuak Hezkuntza Ministerioari eta, laguntzak ordaintzeko, banku entitateei emanen zaizkiela.

Hezkuntza Departamentuak noiznahi erabakitzen ahal du eskaerei buruzko espedienteak ikuskatu behar direla, haietan bildutako datuak, laguntza ematerakoan kontuan hartutakoak, egiazkoak ote diren egiaztatzeko.

Ikerketa lanak gauzatzeko laguntza ukatzen duten onuradunek, edo eskatzen zaien argibide eta dokumentaziorik erakusten ez dutenek, besterik gabe galduko dute onuradun izaera eta berehala itzuli beharko dituzte laguntza moduan jasotako diru kopuruak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.

Ikasketei, ekonomiari edo egoerari buruzko datuak gorde edo faltsutzeak, emandako laguntza eten eta ondoren jasotakoa itzuli beharra ekarriko du, bai eta hurrengo deialdietatik baztertua izatea ere.

14. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak emandako laguntzak jendaurrean jarriko ditu Hezkuntza Departamentuaren web orrialdean, eta Hezkuntza Departamentuko eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholetan, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, diruz lagundutako kontzeptuak eta horiei dagozkien zenbatekoak.

Iragarkiaren kodea: F0916616