89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

210/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman zuen, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea zuena. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema bat osatu du, mendekotasuna duten pertsonenganako arreta biltzen duena.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazio guztiak zehaztu dira. Haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak prestazio hau jasotzen du bigarren xedapen gehigarrian, eta ondotik zehazten diren prestazio bermatuetan, gizarte zerbitzuen sistema publikoan behar adina baliabiderik ez badago, zerbitzuaren ordez prestazio ekonomiko bat emanen dela adierazten du, betiere zerbitzu hori eskuratzeari lotutakoa: egoitzako arreta adinekoentzat; egoitzako arreta 65 urtez beherako pertsonentzat; egoitzako arreta buru-eritasuna duten pertsonentzat; egoitzako arreta ezgaitasuna eta buru-eritasuna duten pertsonentzat zentro psikogeriatrikoan, tutoretzapeko etxebizitzetan eta etxebizitza funtzionaletan; eguneroko arreta zentroak mendekotasuna duten adinekoentzat, mendekotasuna duten 65 urtez beherako pertsonentzat, zentro psikogeriatrikoan eta buru-eritasuna duten pertsonentzako errehabilitazio psikosozialeko zentroetan.

Xedapen gehigarri horrek dioenez, halaber, prestazio ekonomiko hauen salbuespenezko izaera arautze aldera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emandako foru agindu baten bidez ezarriko dira prestazioak emateko irizpideak.

Horren harian, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen du beharrezkoa dela mendekotasuna duten pertsonei laguntza integrala, integratua eta pertsonalizatua ematea eta ahalik eta autonomia handienarekin bizi daitezen behar diren baldintzak sustatzea.

Lege horrek egoitzetako laguntza zerbitzuak eta gaueko zein eguneko zentroetakoak arautzen ditu 15. artikuluan eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa arautzen du 17. artikuluan.

Beste alde batetik, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua garatu nahian, 2009ko urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretua onetsi da, batetik, mendekotasuna baloratzeko lantalde teknikoa eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedurak eta Mendekotasuna duten pertsonentzako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituena.

Foru agindu honek, hortaz, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoen arauketa onestea du helburua, eta, bestetik, finkatu eta eguneratu egiten ditu aurreko ekitaldietan kontzeptu horrengatik beragatik jasotako laguntzak edo Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako gutxieneko babes mailari dagozkionak, lege eta erregelamenduetako eskakizunetara eta arau horien espiritura egokitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa eskuratzeko baldintzak.

Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa eskuratu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira eskaera aurkezterakoan eta laguntza hartzen den bitarte osoan. Hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak bera onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren zerbitzuetako bakoitzerako ezartzen dituen betekizunez gainera, berariazko baldintza hauek bete behar dira:

a) Mendekotasun handiko eta 2. edo 1. mailako mendekotasun larriko pertsonen kasuan, sistemako prestazioak lehen aldiz eskatzen badituzte: mendekotasuna duen pertsonaren Banakako Arreta Programa onesten duen ebazpenean ezarrita egotea pertsona horrek baduela eskubidea ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren zerbitzuetakoren bat jasotzeko, baina pertsona horrentzako toki publikorik ez izatea ebazpena ematen den unean.

Adinekoen egoitzetarako eskubidea, adinekoentzako eguneroko arreta zerbitzuetarako eskubidea edo buru-eritasuna duten pertsonentzako errehabilitazio psikosozialeko zentroetarako eskubidea aitortzen bada, toki publikorik ez izatearen baldintza hori gizarte zerbitzuetako eremu edo barruti batera mugatu ahal izanen da.

Toki publikoak esleitzeko orduan, mendekotasun graduaren eta mailaren arabera emanen da lehentasuna.

b) Eskubidea izan eta sistemako prestazioak lehen aldiz jasotzen dituzten gainerako onuradunen kasuan: ebazpena ematen den unean toki publikorik ez izatea.

Toki publikoak esleitzeko orduan, prestaziorako eskaeraren sarrera dataren arabera emanen da lehentasuna.

c) Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak lehendik jasotzen dituzten onuradunen kasuan: berariazko akordioa sinatzea gizarte zerbitzuetan eskumena duen departamentuarekin, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako moduan eta epeetarako.

Toki publikoak esleitzeko orduan azken onuradun horiei emanen zaie lehentasuna, idatz-zati honetako a) eta b) letretako onuradunen aldean.

2. artikulua. Prestazio ekonomikoa hilean zenbatekoa izanen den kalkulatzea.

a) Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa finkatzeko, interesdunaren ahalmen ekonomikoaren arabera erabakiko da zenbateko ekarpena egin dezakeen zerbitzuaren ordainketan. Antzeko ezaugarriak dituen zerbitzu publikoan sartzeko ezarritako irizpide berak erabiliko dira ekarpen hori finkatzeko.

b) Zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa zehazteko, erabiltzailearen ekarpenaren eta jasoko duen zerbitzuaren kostuaren arteko diferentzia hartuko da kontuan. Erabiltzailearen per capita errenta hartuko da kontuan ekarpena kalkulatzeko, foru agindu honen 3. artikuluan ageri den moduan.

Prestazioak ezin izanen du gainditu urtero foru aginduan ezartzen den gehieneko zenbatekoa.

Prestazioaren zenbatekoa ez da inoiz izanen urtero foru aginduan ezartzen den gutxieneko zenbatekoa baino txikiagoa.

c) Adinekoen egoitzetako arretarako prestazio bermatuak edo zentro psikogeriatrikoetako arreta berezirako prestazio bermatuak jasotzen dituzten pertsonek itzuli egin beharko dute beren ekarpenaren eta zentro bereki edo itunduetan ematen diren zerbitzuetarako urtero finkatzen den prezioaren arteko diferentzia.

3. artikulua. Kontuan hartuko diren baliabide ekonomikoak.

1. Ahalmen ekonomikoa neurtzeko, eskatzailearen familia unitateak dituen baliabide ekonomikoak hartuko dira kontuan, hots, familia unitateko kideen errenta eta ondarea.

a) Laguntza hauei dagokienez, errentatzat hartuko dira familia unitateak honako hauetatik eskuratzen dituen sarrera guztiak:

-Lanaren etekinak, gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak barne, horien araubidea edozein izanik ere. Besteren konturako lan-etekinen sarrera gordinetatik kendu behar dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutakoak.

-Higigarrien nahiz higiezinen kapitalen etekinak.

-Enpresa- edo lanbide-jardueretako etekin garbiak.

Beren ohiko etxebizitzaren alokairu kontratua ordaintzen duten onuradunek kostu hori kendu ahal izanen dute per capita errenta kalkulatzerakoan, aplikatu beharreko zerga araudian ezarritako gehieneko muga gainditu gabe, eta, halaber, kendu ahal izanen dituzte mendekotasuna duen pertsonaren ohiko etxebizitza moldatzeko edo bertako oztopo fisikoak deuseztatzeko jasotako diru-laguntzen zenbatekoa.

b) Ondaretzat hartuko da familia unitatearen higigarrien eta higiezinen kapital osoa, prestazioa hasi aurreko bost urteetan baloratua, itxurazko pobretze guztiak baztertuz.

Horren balioa kalkulatzeko, aplikatu beharreko zerga araudia hartuko da kontuan.

-Higigarrien kapitalak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.

-Higiezinen kapitala landa- eta hiri-ondasunek osatzen dute.

c) Familia unitatetzat honako hau hartuko da:

-Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

-Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

-Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

-Hala hautatuz gero, familia unitateko 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak sartuko dira, baldin eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta beren gurasoen mende bizi badira.

2. Hileko per capita errenta familia unitatearen urteko errentatik abiatuz kalkulatuko da, kideen kopuruaz eta hamabiz zatituz.

Errentak eta ondarea zehazteko kontuan hartu behar den aldia eskura dagoen azken zerga aitorpenaren urtea izanen da, edo, hala behar denean, gertaera eragilearen eguneko errenta ezagunak.

Ondareari dagokionez onuradunaren adina hartuko da kontuan.

Onuradunaren ahalmen ekonomikoa haren errentari dagokiona izanen da, gehi ondare garbiaren %5, onuraduna 65 urtetik gorakoa bada, %3, onuraduna 35 urtetik 65 urte bitartekoa bada, edo, %1, onuraduna 35 urtetik beherakoa bada.

Ondarearen balioa kalkulatzeko kontuan hartuko da ohiko etxebizitzaren balioa, baldin eta familia unitateko inork etxebizitza horretan bizitzen segitzen ez badu. Titularkideren bat bada, eskatzailearen jabetzari dagokion portzentajea bakarrik hartuko da kontuan.

3. Ondarearen balioa zenbatzeko ez da kontuan hartuko familia unitateko kideen ondasun eta eskubideen balioa, enpresa nahiz lanbide jarduera betetzeko beharrezkoak izanez gero, betiere jarduera hori familia unitateko kideetako edozeinek azturaz eta zuzenean burutzen badu eta unitatearen errenta iturri nagusia bada.

Ezgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteko eta, xede berarekin, Kode Zibila, Prozedura Zibilari buruzko Legea eta tributu arloko araudia aldatzeko azaroaren 18ko 41/2003 Legean araututako ondare babestu batera ekarritako ondasun eta eskubideak, haren titularra onuraduna denean, ez dira kontuan hartuko ondarea zehazteko, lotura horrek irauten duen artean. Ondare horretatik sortutako errentak, aldiz, kontuan hartuko dira, ondarean sartu ezean.

4. artikulua. Beste prestazio eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako onuradunek antzeko izaera eta helburuko prestazio gehiago jasotzen badituzte, gizarte babeseko araubide publikoetatik (PAN) edozeinetan ezarritakoak, prestazio horiek foru agindu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera onuradunei legokiekeen laguntzaren zenbatekotik kenduko dira. Partikularki, honako hauek kenduko dira: baliaezintasun handiko osagarria (Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 139.4 artikuluan arautua), %75eko edo hortik gorako elbarritasuna duten 18 urtetik gorako haurrentzako osagarri ekonomikoa, beste pertsona baten kotizazio gabeko baliaezintasuneko pentsioaren beharra eta Elbarrien Integrazio Sozialari buruzko Legearen hirugarren pertsonarentzako laguntza.

2. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa beste zerbitzu eta prestazio batzuekin bateragarria izanen da berak ordezten duen zerbitzua bateragarria den heinean.

5. artikulua. Prestazioa eskuratzeko prozedura.

1.-Mendekotasun graduaren eta mailaren arabera bermatutako zerbitzuetarako, urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izanen da prozedura, horren bidez arautu baitziren, batetik, mendekotasuna baloratzeko lan talde teknikoa eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedurak eta Mendekotasuna duten pertsonentzako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak.

2.-Gainerako zerbitzu bermatuetarako, kasuan kasuko inprimaki normalizatuaren bidez eskatuko da zerbitzua.

3.-Bi kasuetan ere, eremu bakoitzean eskumena duten departamentuko talde teknikoek zerbitzuaren egokitasuna zehaztutakoan, hura esleitu eginen da. Orduan zerbitzu publikorik ez badago, interesdunari jakinaraziko zaio zerbitzuari lotutako prestazioa emanen zaiola, zerbitzuaren ordez, eta zerbitzua hasten den unean hasiko dela prestazioa jasotzen.

6. artikulua. Prestazioa ordaintzea.

a) Prestazioak hilero ordainduko dira eta zerbitzua hasi eta biharamunetik aurrera sorraraziko dira.

b) Interesdunak edo haren legezko ordezkariak aukeratutako banku kontuan ordainduko dira prestazioak. Prestazioen onuradunen egoera banaka baloratu ondoren, zilegi izanen da prestazioak zuzenean ordaintzea zerbitzuak ematen dituen entitateari.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1.-Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Prestazioa erabiltzea ezarri zaion xederako.

b) Foru agindu honetan eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzea.

c) Prestazio ekonomikoaren lehen ordainketa egin baino lehen, onuradunek edo haien legezko ordezkariek ziurtagiri bat aurkeztu behar dute, zerbitzua ematen duen entitateak egina, zerbitzuko alta eguna eta zerbitzuak erabiltzailearentzat duen kostua azalduko dituena. Zerbitzuan aldaketak gertatzen direnean ere horrelako dokumentazioa aurkeztuko da.

d) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak egin ditzakeen egiaztapenak onartu, horretarako eskatzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztu eta, prestazioa emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen badira, haien berri ematea.

e) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari adieraztea, hala gertatzen bada, foru agindu honek arautzen dituen laguntzen antzeko xede eta ezaugarriak dituzten beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera, baliabide edo prestazio batzuk eskuratu izana.

2.-Betebehar horiek bete ezik, kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, aipatu foru legean ezarritako moduan. Legeek aipatutako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesak eskatzea, diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorraraziak.

8. artikulua. Laguntzen berrikuspena eta aldaketa.

1.-Prestazioa emateko baldintzak eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren mendekoak izanen dira. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko dio gertatzen den edozein gorabehera. Jakinarazpen hori zuzenean edo oinarrizko gizarte zerbitzuaren bidez egiten ahalko da.

2.-Berrikuspen prozedura irekitzen ahalko da, bai interesdunek eskaturik bai ofizioz. Horretarako, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak baloratu ahal izateko behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu.

3.-Prestazioa eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako prestazioa ere aldatzen ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungitzen ahalko da laguntza, kasuan kasukoa.

9. artikulua. Prestazioaren amaiera.

1.-Honako hauek izanen dira zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa amaitzeko arrazoiak:

a) Prestazioa emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez edukitzea edo betetzetik gelditzea.

b) Onuraduna hiltzea.

c) Prestazioa eskuratzeko jokabide iruzurtia.

d) Onuradunak sistemako toki publiko bat eskuratzea.

2.-Onuraduna ospitaleratzeagatik ez da amaituko prestazioa. Ospitalean sei hilabete baino gehiago egiten baditu, ordea, prestazioa aldi baterako etenen da.

3.-Prestazioa amaitzeko gertaera bat baldin bada, hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik aurrera izanen du ondorioa amaierak. Jakinarazpena atzeratzearen ondorioz epe horretatik aurrera ordaindutakoa itzuli egin beharko da.

Lehen xedapen gehigarria.

Aurreko ekitaldietan kontzeptu honengatik beragatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako laguntzak edo Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako gutxieneko babes mailari dagozkionak finkatu eta eguneratu eginen dira, foru agindu honetan xedatutakoari jarraituz.

Bigarren xedapen gehigarria.

Betiere, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako gutxieneko babes mailaren zenbatekoak, laguntza hauen onuradunen mendekotasun graduaren eta mailaren arabera ekitaldi bakoitzerako ezarritakoak, ez dio Foru Komunitateko Administrazioari itzulketarako eskubiderik sortuko haren aurka, eta, beraz, foru agindu honetan araututako laguntzak hartzeak sortzen duen zorraren guztizko zenbatekoari kenduko zaio.

Xedapen iragankor bakarra.

Besteren zentroetan egoteko diru-laguntzak edo adinekoentzako zerbitzuari lotutako laguntzak lehendik jasotzen dituzten pertsonek sortutako zorrari kenduko zaio Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako gutxieneko babes mailaren zenbatekoa, haien mendekotasun graduari eta mailari dagokiena, 2007ko ekainaren 1etik aurrera, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako gutxieneko babes mailari buruzko maiatzaren 11ko 614/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Azken xedapen bakarra.

Foru agindu honek argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2009ko ekainaren 1ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0917442