1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1259/2009 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta ondoko proiektuaren onura publikoa onartzen duena: "Propano gasaren biltegia Orotz-Beteluko herrigunean, Orotz-Beteluko (Nafarroa) udal mugapean".
Irailaren 8ko 1548/2004 Ebazpenaren bidez, Repsol Butano, S.A.ri baimena eman zitzaion Orotz-Beteluko herrigunean etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko; instalazioetarako baimena ere eman zitzaion, eta instalazioen onura publikoa onartu zen.
Enpresa horrek, biltegia hasieran aurreikusitako lekuan eraikitzerik ez zuenez, 2009ko otsailaren 12an "Propano gas kanalizatuaren biltegia Orotz-Beteluko herrigunean" izeneko proiektuko instalazioak eraikitzeko baimena eta horien onura publikoaren onarpena eskatu zituen. Horretarako proiektua aurkeztu zuen. Proiektuak Orotz-Beteluko udal mugapea ukitzen du.
Administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2009ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 20an, eta "Diario de Navarra" eta "Diario de Noticias" egunkarietan, 2009ko otsailaren 24an, bai eta Orotz-Beteluko Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.
Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:
A-35 multzoko biltegia eraikitzea aurreikusten da, lur gaineko bi biltontzik osatua, bakoitza 10.000 litrokoa, Udalak 1. poligonoan duen 387 B lurzatian. Lurruntze naturala izanen dute. Biltegi horretatik polietilenozko hodia abiatuko da (SDR 11 dentsitate ertaina, UNE 53333, 40 mm-ko diametro izendatua), Mendikoa kalean lehendik dagoen sarearekin bat egiteko.
Aurrekontua hamar mila, berrehun eta laurogeita bost eurokoa da (10.285 euro).
Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 46 bis artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.
Repsol Butano, S.A.k ondasunak eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. "Propano gas kanalizatuaren biltegia Orotz-Beteluko herrigunean" izeneko proiektua onestea eta Repsol Butano, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.
2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.
3. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:
Lehena.-Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 205,70 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.
Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoaren ITC IG 03an ezarritakoa beteko da. Uztailaren 29ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.
Hirugarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.
Laugarrena.-Repsol Butano, S.A. beharturik dago gas propanoaren hornidura etengabe eta modu erregularrean ematera eta instalazioak egoera onean eta teknikoki zuzen-zuzen edukitzera.
Bosgarrena.-Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.
Instalazioak egin eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan eta frogatu ondotik kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria, eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi horretara igorriko.
Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.
Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.
Seigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:
a) Bermea adierazitako eran eta epean ez ordaintzea.
b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.
c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea, edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.
4. Ebazpen hau Repsol Butano, S.A. enpresari jakinaraztea (helbidea: Imaz anaiak, 3 eta 5, Iruña 31002 PK), eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2009ko maiatzaren 20an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
Iragarkiaren kodea: F0916382