89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1257/2009 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta ondoko proiektuaren onura publikoa onartzen duena: "Igantziko (Nafarroa) udal mugapeko Igantziko hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

Gas Navarra, S.A. enpresak 2009ko otsailaren 17an eskatu zuen "Igantziko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" proiektuko instalazioak eraikitzeko administrazio baimena, baita haren onura publikoa onar zedila ere. Proiektuak Igantziko udal mugapea ukitzen du.

Administrazio baimena lortzeko eskaera hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2009ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 15ean, eta "Diario de Navarra" eta "Diario de Noticias" egunkarietan 2009ko otsailaren 27an, bai eta Igantziko Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

banaketa sarea (PE-100, MOP 2-5 bar) Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan APA 16 bar ardatzean jarriko den erregulazio armairu batetik abiatuko da. Lehenengo 174 metroetan ardatz horren parean joanen da eta, gero, 363 metroko tartean, NA-4020 errepidearen parean; handik aurrera, bertan dagoen bide batetik eginen ditu 472 metro, eta 1.145 metro, berriz, Igantziko ur biltegiraino. Etete balbula batean izanen du bukaera, eta handik aterako da gasa Igantziko hirigunean banatzeko sarea. Sareak dentsitate altuko polietilenozko adar nagusi bat izanen du (UNE 53333-90 araua), 90 DN-koa, eta hirigunean 63 DN-ko eta 40 DN-ko adarren bidez zabalduko da.

Egin beharreko sarea, guztira, 4.437 ml-koa da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa 5 barekoa da, harguneko hornidura presioa 2 barekoa gutxienez, tenperatura 15ºC-koa, aurreikusten den gehieneko gas emaria 339 Nm3/h-koa eta gasaren gehieneko abiadura 20 m/s-koa.

Aurrekontua berrehun eta hogeita hamabi mila, seiehun eta laurogeita hamazazpi euro eta bi zentimokoa da (232.697,02 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasunak eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu enpresa titularrak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Igantziko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektua onestea, eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zorra ezartzearren.

3. Administrazio baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Enpresa titularrak bi hilabeteko epean 4.653,94 euroko bermea jarri beharko du, instalazioen aurrekontuaren %2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Enpresak Hidrokarburoen sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) letran aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimenaren eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Bosgarrena.-Administrazio baimenaren titularrak abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez, gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak arautzen dira, bai eta instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena.-Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta abenduaren 28ko ITC/3863/2007 Aginduan eta ondoko berrikuspenetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluaren 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea, edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

4. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

5.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 20an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0916383