89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1177/2009 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Guardian Industries, S.L.U.k Tuterako udal mugapean beira laua, ijeztua eta distiragabetua fabrikatzeko daukan Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, instalazioaren aldaketaren ondoko konfigurazio berriari egokituz, beira estaltzeko lantegi berri baterako eta biltegia handitzeko baimena eskatu baita.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2005eko urtarrilaren 13an emandako 156/2005 Ebazpenaren bitartez, Guardian Industries, S.L.U.ri Ingurumen baimen integratua eman zitzaion Tuterako udalerrian beira laua, ijeztua eta distiragabetua fabrikatzeko, eta aurkeztutako proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

Geroago, baimenaren eranskinak aldatu egin ziren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2005eko azaroaren 14an emandako 2436/05 Ebazpenaren bidez eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak 2007ko urtarrilaren 12an emandako 13/07 Foru Aginduaren bidez.

Titularrak 2008ko azaroaren 27an baimena eskatu zuen instalazioan aldaketa bat egiteko, hain zuzen ere beira estaltzeko lantegi bat egiteko eta biltegia handitzeko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabaria da instalazioan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Guardian Industries, S.L.U. enpresak Tuterako udal mugapean beira laua, ijeztua eta distiragabetua fabrikatzeko jasotako Ingurumen baimen integratua aldatzea, 2008ko azaroaren 27an titularrak eskatutako aldaketaren ondoko instalazioaren konfigurazio berriari egokitzeko. Baimena Ingurumeneko zuzendari nagusiak eman zuen, urtarrilaren 13ko 0156/05 Ebazpenaren bidez.

2. Instalazio horri Ingurumen baimen integratua eman zion Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 0156/2005 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; aldaketa horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

Eranskin berri horiek Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2005eko urtarrilaren 13an eman zuen 0156/2005 Ebazpenaren eranskinak ordeztuko dituzte eta haietan ezarri da zein diren bete beharreko baldintzak industria jarduera horren funtzionamenduan.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia eta 2013ko urtarrilaren 14an bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, beranduenez, berritzeko eskatu beharko du, arauetan ezarriko den prozedura administratiboari eutsiz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Guardian Industries, S.L.U.ri, Tuterako Udalari, NILSAri, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, 7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0916968