89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

362/2009 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arroitz hornituko duen APA adarraren proiekturako. Sustatzailea Gas Natural Navarra, S.A. da.

2009ko martxoaren 6an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I letran sartuta dago; beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren helburua da ezaugarri hauek dituen gasbide-adarra eraikitzea: 6apos;apos;-ko diametroa, 16 bareko presioa eta 2.628 metroko luzera. Gas Natural Transporte-k proiektaturik duen APB Larraga-Los Arcos bigarren mailako garraiorako gasbidearen G-07.01.4 kokalekutik abiatuko da adarra, Arroizko udalerriko hegoaldean; eta hirigunearen hegoalderaino iritsiko da.

Jarduketa alorretan zehar eginen da ia osorik eta Bueno erreka gurutzatuko da, garrantzizko ingurumen ukipenik gabe.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arroitz hornituko duen APA adarraren proiekturako. Sustatzailea Gas Natural Navarra, S.A. da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Zangak bete ondoren sobran gelditzen den lurra hondakindegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, eroanbidearen zortasun eremuaren barrenean, ondoko ingurunearekin bat egin dezan fisiografia aldetik.

-Harriei, hormigoi hondarrei eta asfaltoari dagokienez, Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

-Bueno erreka gurutzatzean hodiari uretarako zorroa jarriko zaio, edo beste sistemaren bat, sistema hidrologikoa eta uraren kalitatea ez aldatzeko.

-Proiektuari erantsi zaion ingurumena lehengoratzeko proiektuak Arroizko 3. poligonoko 15. lurzatian zuhaixkak landatzea proposatzen du. Gaur egun lurzati horrek ingurumenaren aldaketa handia duenez, ez da espero proposaturiko landaketek arrakasta izanen dutenik. Horregatik, eta lehengoratze-soluzioa bideragarriagoa izan dadin saiatzearren, neurri hauek proposatzen dira lurzati horretarako: zanga bete ondoren landare lurrez estaltzea eta bertako belar eta zuhaixka espezieetako hazien nahastura ereitea.

-Proiektuari erantsitako Ingurumen ukipenen azterlanean azaltzen diren jarraipen eta kontrol arkeologikoko baldintzak bete beharko dira, belar-sastrakak garbitu eta zanga eta pista irekitzeko lanetan.

-Obrak amaitutakoan obrek ukitutako eskualdea garbitu beharko da.

Hirigintza arloko baldintzak:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Arroizko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 20an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0916484