Iragarkia
89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
155/2009 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, argitara ematen dituena Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriorako onesten diren musika ikasketetako goi mailako aukerako irakasgaiak.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen ditu. Horien artean goi mailako arte ikasketen goi mailako musika ikasketak daude.
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoa indargabetzen duen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege organiko horrek indarra hartu zuen unean indarrean zeuden erregelamendu-mailako arauak aplikatzekoak dira oraindik, baldin eta hartan ezarritakoari kontra egiten ez badiote.
Goi mailako musika ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak ezartzen dituen eta ikasketa horietan sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak 6.1 artikuluan esaten duenez, hezkuntzako administrazio eskudunek goi mailako musika ikasketen curriculuma ezarriko dute; horretan, betiere, errege dekretuan finkatutako gutxieneko ikasketak sartuko dira. Orobat, 6.4 artikuluan ezarri da hezkuntza administrazioek beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dutela curriculuma, nahiz eta errege dekretuan berean agertzen diren gaiekin loturarik ez izan.
Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren abuztuaren 27ko 423/2002 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako musika ikasketen curriculuma ezartzen duenak, 6.3 artikuluan dio aukerako irakasgaiek ikasleen prestakuntza osatzen dutela espezialitatearen inguruko eremuetan, arlo edo profil zehatzak eskainiz lanbideari begira. Orobat, artikulu berean esaten da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak (Hezkuntza Departamentua, gaur egun) ezarriko dituela aukerako irakasgaiak, edo ikastetxeak berak, apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluak bultzatzen duen pedagogiarako eta antolaketarako autonomiaz baliatuta, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuak onetsita.
Aldi berean, 423/2002 Foru Aginduaren 6.3 artikuluak adierazten duenez, aukerako irakasgaiak ezartzeko, kontuan hartuko dira eskaria, ikastetxeko langileak zein baliabideak eta ikasleen lanbideari begira eskaintzen dutena.
2005-2006 ikasturtea hasi baino lehen, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak maiatzaren 19an emandako 461/2005 Ebazpena argitaratu zen. Horren bidez, Foru Komunitateko goi mailako musika ikastetxeetako goi mailako musika ikasketen aukerako irakasgaiak arautu eta ezarri ziren eta "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarentzat onetsitako aukerako ikasgaiak jakinarazi.
Geroago, ekainaren 6ko 557/2006 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak proposaturiko aukerako irakasgai gehiago onetsi ziren, eta horiek ere eman daitezke 2006-2007 ikasturtetik hasita. Bestalde, maiatzaren 7ko 145/2008 Ebazpenak argitara eman zituen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriorako onetsitako goi mailako musika ikasketetako aukerako irakasgaiak.
Gaur egun, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak beharrezkotzat jotzen du Hezkuntza Departamentuak onetsiak dituen aukerako irakasgaien eskaintza handitzea.
Beraz, Irakasleen Klaustroak aukerako irakasgaiei buruzko erabakia hartu eta ikastetxeak horiek emateko eskaera egin ondoren eta aurkeztutako proposamen hori Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aztertu ondoren, Hezkuntza Departamentuari dagokio aukerako irakasgaiak onestea, 2009-2010 ikasturtean haiek ezarri eta abian jarri aurretik.
Arte Ikasketen Atalak emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da argitara ematea Hezkuntza Departamentuak azkenik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriorako onetsitako aukerako irakasgaiak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.-Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan 2009-2010 ikasturtetik aurrera ematen ahal diren aukerako irakasgaiak onestea, ikastetxeak berak proposatutakoetatik. Irakasgai horiek ebazpen honen eranskinean zehaztu dira; aipatutako ikastetxeko Irakasleen Klaustroak onetsi zituen horien curriculumak, eta Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalak aztertu eta adostasuna eman du.
Bigarrena.-Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.-Ebazpen hau eta eranskina igortzea Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko ekainaren 1ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.
ERANSKINA
1.-Musikaren Pedagogiako Informazioaren Bilaketa eta Tratamendua.
Irakasgai hau nabarmenki praktikoa da eta Hizkuntzaren Pedagogiako nahiz arlo instrumentaletako ikasleentzat sortu da, karrera amaierako ikerlanarekin zerikusia duten alderdi batzuetan aurrera egiteko behar dituzten elementu praktikoak eskaini nahian. Ikastaroan ikerketarako behar diren tresnen ezagutza eta erabilera landuko dira eta arlo bakoitzeko berezitasunetan modu desberdinean sakonduko da.
1) Helburuak:
-Norberaren espezialitateko gai jakinak zertan diren arakatu eta deskribatzea.
-Lanerako gai jakin baten bitartez lortu beharreko helburuak proposatzea.
-Ikerlanak egiteko erabil daitezkeen metodologiak ezagutzea eta lanerako plan zehatz bat aurkeztea prozesuaren adibide gisa.
-Iritzi oinarrituak ematea eta ondorioak ateratzea, askotariko datuak aztertu eta interpretatu ondoren.
-Proposamen jakinetatik abiaturik testuak idaztea, aurkezpenari, zuzentasunari eta estiloari buruzko arauak ongi erabiliz.
-Ahozko azalpen errazak egitea modu zuzen eta atseginean.
2) Edukiak:
-Ikerketa musika-hezkuntzan. Hezkuntzako ikerketak musika-hezkuntzan duen aplikazioaren adibideak.
-Gaia aukeratzea: arazoa mugatu eta planteatzea.
-Aurrekariak, eta gaia zertan den: norberaren espezialitatean aukeratutako gaiari buruzko literatura, teoriak eta azterlanak berrikustea.
-Erabili beharreko metodologia aukeratzeko prozesua eta lan plana zehaztea.
-Emaitzak eta ondorioak interpretatzea.
-Amaierako txostena egitea: aurkezpenari, zuzentasunari eta estiloari buruzko arauak.
-Ahozko azalpena: plangintza, antolaketa, baliabideak, denboraren banaketa eta kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/10, ondoko arlo hauetako bakoitzean: hari-instrumentuak; haize-instrumentuak eta perkusiozkoak; tekla-instrumentuak eta kantua; hizkuntzaren pedagogia.
2.-Kulturaren eta Artearen Historia I.
Hezkuntzako tarte honetan, musika-hezkuntzaren helburuetako bat da ikasleei behar dituzten elementuak eta bizipenak eskaintzea beren nortasuna garatu ahala irizpide musikal propioa lor dezaten. Zalantzarik gabe, musikariak partiturari ekiten dionean ezin ditu hura osatzen duten musika-elementuak (egitura, erritmoa, dinamika, adierazpenari buruzko oharrak, etab.) bakarrik ikusi, aitzitik, garai jakin bateko inguruabarren isla ikusi behar du partituran, konpositorea bizi izan zeneko ingurune kultural eta sozialean kokatua. Horregatik, ikasleak bere burua prestatu behar du era guztietako arte adierazpenak baloratu eta gozatzeko, bere sentikortasuna landuz, musika hautemateko gaitasuna indartzeko eta, azken finean, bere interpretazioaren kalitatea hobetzeko.
1) Helburuak:
-Musikagintza gainerako arteekin lotzea Barroko aurreko garai historikoetako bakoitzean.
-Mendebaldeko gizartearen eta kulturaren garapenean arte adierazpenek garai horietan izan duten eragina eta garrantzia deskribatzea.
-Garai historiko bakoitzeko gertaera musikal nagusiak gizarte eta kultur ingurune egokian kokatzea.
-Irakasgaian landutako gaietan oinarrizko kultura lortzea, proposatutako testu eta liburuak irakurriz eta iruzkinduz.
-Aipatutako garai historikoetako artelanak iruzkintzea, haien estiloa ezagutzea eta kronologikoki nahiz geografikoki kokatzea.
2) Edukiak:
-Historiaurreko kultur adierazpen nagusiak.
-Antzinateko kulturak: Greziaren eta Erromaren ondarea. Musika-instrumentuen lehen irudikapenak Iberiar penintsulan.
-Artea eta kultura V. mendetik X. mendera bitartean: herri barbaroak. Espainia musulmana eta erresuma kristauen sorrera. Estilo aurrerromanikoak. Miniatura: musika-instrumentuen irudiak beatoetan.
-Erromanikoa: ezaugarri orokorrak eta Iberiar penintsulako berezitasunak. Done Jakue bidea. Multzo erromaniko nagusiak arkitekturan, eskulturan eta pinturan. Musikaren ikonografia Erromanikoan. "Aintzaren ataria".
-Gotikoa: ezaugarri orokorrak eta Iberiar penintsulako berezitasunak. Adibide nagusiak arkitekturan, eskulturan eta pinturan. Musikaren ikonografia Gotikoan.
-Humanismoaren garaia. Pizkundearen ezaugarri orokorrak arte plastikoetan. Italiako eta Espainiako artelan eta egile nagusiak. Espainiako letren "Urrezko Mendea". Manierismoa.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
3.-Operaren Historia.
Irakasgai hau genero konplexu baten bilakabide nagusiak ezagutu nahi dituzten ikasleentzat da. Musikaren Historia irakasgaian ezin izaten dira sakonean jorratu horrelako gaiak, edukien trinkotasunagatik eta denbora urriagatik. Adibide enblematikoenak aurkeztuz, ikastaroan eszena-musikarekin zerikusia duten gai nagusiei ekiteko ahalegina eginen da, opera-ikuskizunaren alderdi musikala, literarioa eta eszenografikoa aztertzea ahalbidetuko duten ikuspegi desberdinetatik. Zeharkako alderdiak azpimarratuko dira (estetika musikala, ahozkotasuna eta agertokiak, ingurune soziopolitikoa, ekonomiaren eta produkzioaren egiturak), ezinbestekoak baitira genero hau ulertu eta estimatu ahal izateko. Ikasgai hau beharrezko osagarria da ikasleen kultur prestakuntza osoa lortzeko edozein musika-espezialitatetan.
1) Helburuak:
-Opera-antzerkiaren ikuspegi historikoa ezagutzea, musikaz lagundutako antzerki-ikuskizun gisa sortu zenetik XXI. mendera arte.
-Opera eta hurbileko generoak aztertzea haien ondorio kultural anitzei erreparatuz, bereziki azpimarratuz alderdi literarioak (literaturako iturriak eta libretoak), ekonomikoak (produkzio eta banaketa kostuak), eszenaren eta antzerkiaren gainekoak (eszenografia), dramaturgikoak eta soziopolitikoak (babesleak, antzerkiko enpresaburuak eta ikus-entzuleak).
2) Edukiak:
-Aurrekariak: Greziako antzerki lirikoa, Erdi Aroko drama liturgikoa, "Artzain giroko alegia", madrigal dramatikoa.
-Hastapenak: Monteverdi eta opera florentziarra.
-Enpresa-opera veneziarra: Cavalli, Cesti. Lully eta opera Frantzian. Purcell eta masque-a Ingalaterran.
-Opera eta zarzuela Espainian.
-XVIII. mendea: castrato-en fenomenoa eta opera italiarraren hedapena.
-Libretto-aren erreforma eta opera buffa. Gluck eta Mozart.
-XIX. mendea: opéra-comique-a, opéra-lirique-a, ballad-opera, opereta, tonadilla, singspiel-a.
-Bel canto-a Italian: Rossini, Bellini, Donizetti. Verdi eta Wagner.
-Eskola nazionalak.
-Frantziako inpresionismoa.
-Tradizioa eta berrikuntza XX. mendean.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
4.-Mendebaldetik kanpoko Tradizioko Musika Tresna Menbranofonoak.
Irakasgai hau perkusio etnikoan sakontzeko bide gisa proposatzen da, historian zehar perkusiozko erritmo eta instrumentuek izan duten bilakaeraren aurkezpena eta azalpena direla medio. Irakasgaiak hango eta hemengo tribuen ahozko musika tradizionalerako hurbilketari ekin nahi dio erritmo sinple horietako batzuen translazioa eginez, haiek interpretatuz eta baliatuz, musika idazteko Mendebaldeko metodoaren arabera. Idazkera erritmiko erraz eta sistematikoa erabiltzeak bide ematen du erritmo gero eta konplexuagoetan sakontzeko, eta erabilgarria da hainbat kulturatan musikaren garapenaren faktore polirritmikoen adibideak aurkitzeko.
1) Helburuak:
-Parte-hartze kolektiboaren bitartez, musika arabiarraren, afrikarraren, latinoaren eta hinduaren erritmo nagusiak ikasten hastea.
-Proposaturiko elementu erritmikoen gaineko joko eta inprobisazioetan parte hartzea jarrera sortzailea agertuz.
-Taldeko jardueretan parte hartzerakoan hitzik gabeko komunikazioa arakatu eta erabiltzea modu autonomoan eta lotsatu gabe.
-Munduko talde sozial eta etniko txikien musika-tresna bereizgarriak identifikatzea.
-Mendebaldekoak ez diren kultura musikaletako elementu bereizgarrien oinarrizko ezagutza lortzea, praktikaren bitartez eta grabazioak entzunda.
2) Edukiak:
-Erritmoen historia geografikoa.
-Mendebaldetik kanpoko musika etnikoko erritmoen atarikoak.
-Solfeo erritmikoaren oinarriak ikastea, perkusio arabiarraren, afrikarraren, latinoaren eta hinduaren erritmoak lehen begiratuan irakurri ahal izateko.
-Eskuen jarrera-teknika.
-Kantu etniko erritmikoak eta melodikoak. Material grabatua entzutea.
-Talde etniko desberdinen arteko antzekotasun musikalak.
-Perkusiozko instrumentu etniko ez-mendebaldarren aurkezpena.
-Erritmo anitzeko perkusio-lerro batzuen orkestrazioa.
-Solo inprobisatuak azaltzeko eta osatzeko orientazioa.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
5.-Musika eta Zinema.
Zinema mututik abiatuta, dokumentu historikoa den aldetik, eta zinemari bere garapenean lagundu zion musikaren balio artistikoa azpimarratuz, Musika eta Zinema irakasgaiak espezialitate guztietako ikasleei ikuspegi teoriko-praktikoa eskaini nahi die musikaren diskurtsoak eta zinemaren diskurtsoak horren sorreratik gaur arte elkarrekin izan duten loturari buruz. Bi diskurtsoen arteko elkarrizketa errazten duten elementuen azterketak ikasleei bide emanen die ikus-entzunezko lanen sorkuntzan erabilitako prozedurak ulertu eta hausnartzeko eta musikagintzaren aukera ugariei buruzko ikuspegi zabalagoa hartzeko.
1) Helburuak:
-Zinema generoarekin batera musikak izan duen garapenaren ezaugarri historikoak, sozialak eta artistikoak ezagutzea.
-Zinemari aplikatutako musikaren funtzioak eta prozedura teknikoak deskribatzea.
-Kode musikalen eta zinemako zenbait generoren artean dagoen lotura identifikatzea.
-Proposaturiko filmetako osagai musikalen azterketa egitea idatziz, ikuspegi kritiko eta sortzaile batetik.
2) Edukiak:
-Girotzeko musika eta hizketa, soinurik gabeko zineman. Musikaren eginkizuna soinudun zinemaren lehen etapan.
-Musika elementu gisa eta bitarteko gisa: Theodor W. Adornoren filosofia.
-Musika "klasikoa" zineman: erabilera eta gehiegikeria. Zinema, kontzertuko musikaren inspirazio elementu gisa.
-Opera zineman: ikus-entzunezko hizkuntzaren arazoak.
-Soinu-bandaren sorrera. Musikarien partaidetza zineman. Musikagilearen estiloa eta musika-kontzeptua.
-Komedia musikal amerikarraren sorrera. Hollywoodeko musika produkzioak eta europar zinemako musika aurrez aurre.
-Musikaren eta dantzaren tratamendua zineman.
-Musikala, zinema mota herrikoia. Hollywoodeko komedia musikalak. Jazza eta musika beltza amerikar zineman.
-Ikus-entzunezkoa, arte eszenikoetako formatu berrietarako tresna.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
6.-Musikarientzako Trebetasun Eszenikoak.
Musikarientzako Trebetasun Eszenikoak irakasgaiaren bitartez ikasleen ezagutza handitu nahi du eszena menderatzeari dagokionez. Agertokian egoki eta natural aritzen irakatsiko zaie, eta agertokiko baliabide teknikoak eta langileak ezagutuko dituzte, haien ondoan jardun beharko baitute beren lanbide esperientzian. Irakasgaiaren bidez, agertokian beren onena erakusten lagundu nahi zaie ikasleei (agertokian eta entzule talde baten aurreko beste egoera batzuetan), bai beren espezialitateko alderdi teknikoa bai alderdi emozionala landuz. Horrela interprete osoak bilakatzen lagunduko zaie.
1) Helburuak:
-Jokaespazioa eta bertan esku hartzen duten teknikak ezagutzea: argiztapena, eszenografia, etab.
-Antzerkiko interpretaziorako eta ahozko adierazpenerako teknikak ezagutzea: lasaitzea, kontzentratzea, emozioa, hitza eta ekintza.
-Aukera tinbrikoak handitzeko teknikak aplikatzea.
-Ahots-jaulkitze egokia erabiltzea, ebakera eta hizkuntzaren musikaltasuna ongi landu ahal izateko.
-Erlaxazioaren bidez autokontrolerako eta autokonfiantza handitzeko teknikak garatzea, zerbait transmititzeko eta nork bere burua proiektatzeko gaitasuna eta komunikazio fisikorako nahiz ahozko komunikaziorako gaitasunaren garapena sustatzen dituztenak.
2) Edukiak:
-Jokaespazioa: definizioa eta elementuak; profesionalak agertokian; egoera, posizioa eta jarrera menderatzea agertokian jardun aurretik, bitartean eta ondoren.
-Gorputz adierazpena: musikariaren presentzia eszenikoa; talde sena eta elkarlaguntza; ikuskizun musikalaren globaltasuna.
-Sormena: gorputzaren eta mugimenduen ahalmenen ikerketa espezialitate bakoitzean; sortze prozesuak.
-Ahoskatze eszenikoko teknikak: testu, erritmo eta musikaltasun, erregistro eta ñabarduren proiekzioa; artikulazioa, bokalizazioa, jendaurrean mintzatzea.
-Antzeztea: oinarriak eta funtsezko printzipioak (Stanislavsky, Strasberg, Chéjov, Meyerhold); gatazka antzerkiaren eragile.
-Antzerki proiektua: ikasitakoaren aplikazio praktikoa.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
7.-Baliabideak eta Ikerketa Iturriak Amaierako Kontzertuaren Inguruan.
Irakasgai honen bitartez instrumentu-espezialitateetako ikasleei zenbait tresna osagarri eskaini nahi zaizkie, karrera amaierako kontzertuarekin batera egin behar duten lana errazago egin dezaten. Lan horren edukiari dagokionez, zenbait aukera daude: aurkezten den kontzertuaren programaren azterketa kritikoari ekin ahal zaio (alderdi teknikoak, estetikoak, etab.) edo musika-tresnaren beraren errepertorioarekin nahiz interpretazioarekin zerikusia duen gairen bat garatzen ahal da.
1) Helburuak:
-Instrumentu-espezialitateetan karrera amaierako kontzertuarekin batera egin behar den lanari buruzko informazioa bilatzeko behar diren tresnak (iturriak, baliabideak, etab.) ezagutzea eta haiek erabiltzen aritzea bilaketa gidatuetan.
-Azterketa kritikoak egitea, alderdi formalak, teknikoak eta estetikoak barne, parte hartzen duten ikasleen karrera amaierako kontzerturako proposaturiko obretatik abiaturik.
-Musika-tresnaren errepertorioarekin eta interpretazioarekin zerikusia duten gaiak ikertzeko erabil daitezkeen iturriak ezagutzea.
2) Edukiak:
-Instrumentu-espezialitateetako berariazko errepertorioak.
-Proposaturiko musika obren ingurune soziala, estetikoa eta artistikoa.
-Instrumentuetarako obrei erantsitako dokumentazioa: eskura dagoen materialaren azterketa eta informazio osagarriaren bilaketa.
3) Irakasle/ikasle ratioa: 1/15.
Iragarkiaren kodea: F0917341
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
