89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1658/2009 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetarako diru-laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 2an eta ekainaren 15ean hartutako erabakien bitartez, baimena eman zen urte batzuetako gastu konpromisoa hartzeko, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazioetarako diru-laguntzen 2009ko deialdia onesteko. Halaber, baimena eman zen diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.

Aurreko urteetan bezala, aurreikusita dago lankidetza hitzarmena sinatzea Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundearekin. Hitzarmen horren arabera aipatu institutuak funtsak eman behar dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, energia berriztagarrietan teknologiaren instalazioa sustatzeko. Hitzarmen hori sinatuta, ebazpen honen deialdiko funts erabilgarrien kopurua handitu eginen da.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamenduan zehazten da nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei; bigarrena, berriz, nekazaritzako produktuen sektoreko laguntzei buruzkoa da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen 2009ko deialdia onestea, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazioetarako.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko honako gastua baimentzea:

-30.000 euro, 2009ko gastuen aurrekontuko ''Energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko toki entitateentzako diru-laguntzak'' izeneko 810002-81140-7609-425200 kontu-sailaren kargura; eta 300.000 euro 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura.

-40.000 euro, 2009ko gastuen aurrekontuko "Energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko diru-laguntzak'' izeneko 810002-81140-7800-425200 kontu-sailaren kargura; eta 1.514.407,60 euro 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 17an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

2009ko deialdiko diru-laguntza arautzen duten oinarriak, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazioetarako

1. oinarria. Diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntza honek onura publikoa du helburu, ezarri ahal izateko laguntza behar duten energia berriztagarrien hainbat teknologiaren garapena bultzatzeko eta Nafarroako 2010erako Energia Planean aurreikusitako helburuak zein Energia Berriztagarrien Espainiako 2005-2010eko Planekoak lortzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

Pertsona fisiko edo juridikoek, publikoek zein pribatuek, diru-laguntza hauek eskatzen badituzte ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimakian datorren "erantzukizuneko aitorpena" bete beharko da.

2. Instalazioaren jabea izatea; errentamenduan emateko inbertsioak kanpoan gelditzen dira.

Leasingen bidez finantzatzen diren instalazioak sartzen ahalko dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik ordaintzen bada eta kontratuan konpromiso irmoa ageri bada, leasinga bukatzean aktiboa eskuratzeko.

3. Biomasa termikoko instalazioak direnean, eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin Borondatezko Akordioen Programan gaituta dauden enpresa laguntzaileak ere onuradun izaten ahal dira. Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak (IDAE) garatzen du programa hori, IDAEko Lehendakaritzak 2009ko martxoaren 13ko ebazpenaren bidez arautua (2009ko 68. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko proiektuak programa horretan ezarritako baldintzak beharko ditu bete, eta proiektua Borondatezko Akordioen Programaren bidez finantzatu bada, eskuratzen den diru-laguntza IDAEk emandako mailegua amortizatzeko erabiliko da. Proiektuak ez badu Programa horretako finantzabiderik eskuratzen, instalazioaren azken erabiltzaileak hartu beharko du diru-laguntza eta enpresa onuradunak ondorio hori frogatu beharko du Enpresako Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen duen moduan.

3. oinarria. Diru-laguntzaren xedeko instalazioak eta exekuzio epea.

1. Diru-laguntzen xede izan daitezke Nafarroan arau honetan zehazten diren instalazio motetan egiten diren inbertsioak, baldin eta dagokien arautegian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Bestetik, instalazioak egiteko erabiltzen diren eguzki panelek Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak homologatuta egon behar dute.

2. Gainera, instalazio horiek autokontsumorako izan behar dute, eta ez dute diru-laguntzarik hartuko energia saltzeko erabiltzen direnek, non ez diren sareari lotutako eguzki edo haize instalazio fotovoltaikoak.

3. Instalazio mota hauek izan dezakete diru-laguntza:

a) Eguzki-energia termikoa:

Eguzki-energiaren tenperatura baxuko aprobetxamendu termikorako instalazioak.

b) Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotu gabea:

Elektrizitatea sortzeko instalazioak, sareari lotu gabeak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe, 100 Wp eta 100Kwp arteko eguzki eremuko potentzia dutenak.

c) Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotua:

Elektrizitatea sortzeko instalazioak, sareari lotuak, honako kategoriaren batean sailkatutakoak:

c.1) Helburu didaktikoko instalazioa.

c.2) Toki erakundeek hiri-hornigarrietan edo argiterian egindako instalazioak, erakusteko eta kontzientziatzeko helburua dutenak.

Eskatzaile bakoitzak ezarritako potentzia 5 kW-ekoa izanen da, gehienez ere, eta didaktikoa izateko edo erakusteko helburua bete dezan, instalazioa ikusteko modukoa izanen da edo jendea sartzeko modukoa.

d) Haize-energia, sareari lotu gabea:

Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, 10 Kw bitarteko potentziakoak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe.

e) Energia eolikoa, sareari lotua:

Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, sareari lotutakoak, 50 kWko gehieneko potentzia dutenak, toki entitateek erakusteko eta kontzientziatzeko helburuarekin egindakoak. Didaktikoa izateko edo erakusteko eginkizuna betetzeko, instalazioa ikusteko modukoa edo jendea sartzeko modukoa izanen da.

f) Biomasa:

Energia termikoa sortzen duten instalazioak, etxean, industrian edo eraikinetan erabiltzeko, biomasa solidoa erregai izanik.

g) Biogasaren energia aprobetxatzen duten instalazioak:

Energia termikoa eta/edo elektrikoa, hondakin biodegradagarrien digestio anaerobikoak sortutako biogasaren aprobetxamendu energetikoaren bidez sortutakoa, ekoizten duten instalazioak, 350 KWe baino gutxiagoko potentzia elektrikoa dutenak, edo 1.100 kWt baino gutxiago, termikoa bada.

h) Geotermia:

Lurraren barreneko tenperaturaren aprobetxatuz energia erabilgarria ekoizten duten instalazioak.

i) Instalazio mistoak, aurreko mota horietako bi edo gehiago dituztenak.

4. Instalazioa egiteko epea 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko otsailaren 28 artekoa izanen da.

4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezakeen kostua.

1. Energia ekoizteko behar diren elementuetan egindako inbertsioetarako bakarrik emanen da diru-laguntza. Puntu horretan adostasunik ez bada, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalaren iritzia gailenduko da.

Edozein kasutan, diru-laguntzen xedeko inbertsio eta gastuek 600 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo)

BEZa ez da diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostutzat joko, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu.

2. Sareari lotuta dauden eta helburu didaktikoak dituzten eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen eta toki entitateek egindako eta erakusteko helburua duten instalazio eolikoen kasuan, helburu horretarako osagaiak, bereziki panel didaktikoak, izan daitezke diru-laguntzen xede. Panel horien eduki grafikoan ondoko hau azalduko da, gutxienez ere, instalazio fotovoltaikoen kasuan, eta antzeko edukia instalazio eolikoak badira:

a) Eguzkia, hodeiak eta lurra. Eguzki izpien gaineko datuak, erradiazio maila eta motak, instalazioaren deskripzio grafikoaz eta funtzionamenduaz gain.

b) Panelaren bitartez, irakasle eta ikasleek galderak egin eta erantzunak jasoko dituzte eguzki-energiari eta sareari lotutako instalazioari buruz, funtzionamendu interaktiboa baliatuz.

c) Instalazioaren monitorizazioak datu hauek emanen ditu, gutxienez ere:

-Erradiazioa.

-Tenperatura.

-Istanteko ekoizpena edo egunean metatutako energia.

-Guztira metatutako ekoizpena.

-Saihestutako CO2ren gaineko datua, Kg-tan adierazia, edo zenbat arbola behar diren hura xurgatzeko, etab.

3. Energia termikoa ekoizten duten instalazioen kasuan, biomasa erregaia badute, ez dira diru-laguntzen xede izanen egurra, "pelletak" edo antzeko produktuak erregaitzat dituzten etxeko estufak, sutegiak edo tximiniak. Horretarako, etxeko estufa, sutegi edo tximiniatzat hartuko dira ezarrita dauden tokian beroa zuzenean ematen dutenak, ez badute etxebizitzaren edo lokalaren gainerako geletara beroa banatzeko sistemarik.

Gainera, galdara automatikoek %85etik gorako errendimendua izan beharko dute. Galdara automatikotzat jotzen da piztu, elikatu, garbitu eta errautsa ateratzeko sistemak, gutxienez ere, automatizatuta dituena.

4. Instalazio geotermikoei dagokienez, lurraren barrenetik jariakin primarioa atera eta bertara itzultzeko putzuen kostua bakarrik izanen da diru-laguntzaren xede.

5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta IDAEren ekarpena.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, instalazioaren kostuak izan dezakeen diru-laguntza errealari buruz ondoko taulan ezarritako portzentajea aplikatuko da, ondotik azaldutako gehieneko kostuak kontuan hartuta:

INSTALAZIO MOTA

DIRU-LAGUNTZAREN %

Eguzki-energia termikoa

Integrazio arkitektonikorik gabe

%40

Integrazio arkitektonikoarekin

%50

Eguzki-energia fotovoltaiko isolatua eta eoliko isolatua edo mistoak

Aisiarako finkak

%20

Gainerakoak

%40

Eguzki-energia fotovoltaikoa edo eolikoa, sareari lotua

%20

Industrietatik kanpoko biomasa

ACS sistemari edo berokuntzari lotutako instalazioak

%25

Galdara automatikoak

%40

Industriako biomasa

%30

< 350kWe-ko potentzia elektriko instalatua duen biogasa (edo < 1.100 kWt, termikoa bada)

%30

Geotermia

%30

Instalazio bakoitzeko, kostu hauek dira diru-laguntza izan dezaketen handienak:

a) Biomasa bitartez energia termikoa ekoizten duten instalazioen kasuan, 600 euro/kW-eko izanen da gehieneko diru-lagutza, salbu erregaitzat ezpalak erabiltzen dituzten galdarak; horietan, 800 euro/kW-eko izanen da.

IDAEk garatuta, eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin Borondatezko Akordioen Programan gaituta dauden enpresa laguntzaileekin egiten diren biomasa termikoko proiektuetan, programa horren oinarrietako 11. atalean finantzatzeko ezarritako muga izanen da diru-laguntza har dezakeen aurrekontu handiena, 9. ataleko proiektu tipologia bakoitzaren arabera.

b) Sareari lotuta dauden eta helburu didaktikoak dituzten eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen kasuan, 50.000 euroko diru-laguntza emanen da, gehienez ere.

c) Sareari lotutako eguzki-energia fotovoltaikoez edo eolikoez bestelako instalazioetan, 150.000 eurokoa da diru-laguntza izan dezakeen kostu handiena.

d) Toki entitateek egindako instalazioetan, ez dira aurreko mugak aplikatuko, a) puntuan zehaztutakoa izan ezik.

e) Instalazio guztietan, diseinuko edo ingeniaritzako lanei dagokien zenbatekoa ez da instalazioaren guztirako kostuaren %10 baino gehiago izanen.

Aurrekoa gora-behera, diru-laguntzen xede diren instalazioak merkatu prezioa baino prezio altuagoa dutenean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskubidea izanen du laguntzen ahal diren gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko.

2. Aurreko atalean zehaztutako diru-laguntzaren portzentajetik, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak (IDAE) hurrengo taulan adierazitako portzentajea jarriko du, aipatzen den gehieneko kostuaren barrenean:

MOTA

KATEGORIA

GEHIENEKO KOSTUA

IDAEren EKARPENA

Eguzki-energia termikoa

Sistema aurrefabrikatuak

812 euro/m2

%37

Elementu bidezko sistemak

20 m2 arte

812 euro/m2

20 m2-tik gora

710,50 euro/m2

Hozte sistemen aplikazioak

1.015 euro/m2

Industrietatik kanpoko biomasa

ACS sistemari eta/edo berokuntzari lotutako instalazioak

600 euro/kW

%25

Galdara automatikoak

%40

Industriako biomasa

600 euro/kW

%30

Eguzki-energia fotovoltaikoa, lotu gabea

Metaketarekin

10 euro/Wp.

%40

Metaketarik gabe

8 euro/Wp

Energia eolikoa, lotu gabea

Energia eolikoa, lotu gabea

3 euro/W

%40

Geotermia

Zirkuitu irekia

500 euro/kW

%30

Zirkuitu itxia, lurpeko truke horizontalarekin

1.100 euro/kW

Zirkuitu itxia, truke bertikalarekin

1.400 euro/kW

Barrutiko sare geotermikoak

1.500 euro/kW

Biogasa

Elektrizitatea sortzea

3.500 euro/kWe

%30

Beroa sortzea

1.100 euro/kWt

Beroa eta elektrizitatea aldi berean sortzea

4.000 euro/kWe

6. oinarria. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2009ko irailaren 10ean bukatuko, egun hori barne.

Eskaerak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira departamentuari zuzenduta (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1; 31005, Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Sistema zentralizatuak dauzkaten jabe erkidegoetan, eskabidea erkidegoaren izenean aurkeztu beharko da, ez auzo bakoitzaren izenean.

3. Horretarako ezarritako ereduaren arabera beteko dira eskabideak. Eredu hori Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan eskuratzen ahal da, edo haren web-orrian (www.cfnavarra.es/industria/areas/energia/index.htm).

Eredu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

4. Eskaerak finkatutako baldintzak betetzen ez baditu edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

7. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskabideak ebaluatuko ditu aurreko arauetako irizpideei jarraikiz eta gero, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko irizpide guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkezten denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea alde batera utzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan.

8. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzearren, onuradunak, ebazpenean adieraziko den epean -inoiz ere ez 2010eko otsailaren 28a baino beranduago- instalazioa egin izana frogatu beharko du dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Instalazio osoari dagokion faktura, kontzeptuen arabera zehaztu eta banatua, eskaera egin zen unean aurkeztu ez bazen.

b) Faktura ordaindu izana frogatzen duen agiria; bankuko frogagiria edo instalatzaileak egindako ordainagiria, alegia.

Instalazioak leasingen bidez finantzatzen badira, onuradunak azken kuotaren frogagiria aurkeztu beharko du, errentamendu finantzarioko kontratua bukatu baino lehen.

c) Industriaz kanpoko biomasako instalazioetan, diru-laguntzaren onuraduna enpresa instalatzailea denean, honako hauek aurkeztuko dira:

-Bezeroekin egindako kontratu finantzarioaren fotokopia.

-Haiek ordaindu izana frogatzen duten faktura eta dokumentuak.

-2. multzoko batuketa eta saldoen balantzea, goitik behera banatua, inbertsioa agertzen duela.

IDAEk araututako Borondatezko Akordien Programaren bidez finantzatutako instalazioen kasuan, IDAErekin sinatutako kontratu finantzarioa gehitu beharko da.

d) Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

e) "Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea" jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

f) Instalazio termikoen kasuan (eguzkikoak, geotermikoak edo biomasakoak): instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak apirilaren 1ean eman 28/2004 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, edo horren ordezko arauari jarraituz, tramitatuko dena. Foru agindu horren bidez erregelamenduaren araberako kontrola duten instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.

g) Behe tentsioko instalazioen kasuan (fotovoltaikoak eta eolikoak): instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak abuztuaren 21ean eman 181/2003 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, edo horren ordezko arauari jarraituz, tramitatuko dena. Foru agindu horren bidez behe tentsioko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.

h) Eguzki-instalazioen kasuan, panelak homologatzen dituen Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren ziurtagiria.

2. Oinarri honetan ezarritako moduan eta epean justifikatzen ez bada, Enpresako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzen dela deklaratzeko.

3. Interesdunek aurkeztutako egiaztagiriak aztertuko ditu Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eta, zuzentzat emanez gero, ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzaren xedeko instalazioen jabe izatea eta haiek abian mantentzea, gutxienez ere bost urtez, laguntza emateko ebazpenetik hasita, leasing kontratuen kasuan izan ezik, orduan epea kontratua bukatzen den egunetik kontatuko baita.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

2. Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, eskabidearekin batera doan erantzukizuneko adierazpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

10. oinarria. Diru-laguntzen "de minimis" izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamenduan zehazten da nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei; bigarrena, berriz, nekazaritzako produktuen sektoreko laguntzei buruzkoa da.

Erregelamendu horiekin bat, onuraduna enpresa bat baldin bada, diru-laguntza horren zenbatekoa, hiru zergaldiz "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresendako, edo 7.500 eurokoa Europar Erkidegoa osatu zuen Itunaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresendako.

Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako bestelako laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera emandako ereduarekin bat.

11. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ondasun berentzako emandako edozein diru-laguntza motarekin.

Halaber, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduko 2.5. artikuluan xedatutakoarekin bat, "de minimis" laguntzak ezin metatu zaizkio diru-laguntzaren xedeko gastu berei dagokien laguntza publiko bati ere, baldin eta metaketa horrek kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batean edo Batzordeak hartutako erabakian ezarritako laguntzaren muga gainditzen badu.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Administrazio Publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web-orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

II. ERANSKINA

TCEaren I. eranskinean ageri diren produktuak

  • Bizirik dauden animaliak.
  • Jaten ahal diren haragi eta hondarrak.
  • Arrain, krustazeo eta moluskuak.
  • Esnea eta esnekiak; hegaztien arrautzak; ezti naturala.
  • Animalien tripaki, maskuri eta urdailak (arrainenak ez direnak), osorik edo zatika.
  • Bestelako partidetan sartu edo azaldu ez diren animalien produktuak, 1. edo 3. kapituluko animalia hilak, gizakiak jateko balio ez dutenak.
  • Bizirik dauden landareak eta lorezaintzako produktuak.
  • Lekaleak, landareak, elikadurarako sustrai eta tuberkuluak.
  • Fruitu jangarriak, zitrikoen eta meloien azalak.
  • Kafea, tea eta espeziak, matea izan ezik.
  • Zerealak.
  • Produktu ehotuak; malta; almidoi eta fekulak; glutena; inulina.
  • Haziak eta fruitu oleaginosoak, bestelako haziak eta fruituak, industria landareak, sendabelarrak; lastoak eta bazkak.
  • Pektina.
  • Gantza, zerriaren beste koipe batzuk, etxeko hegaztien gantzak, prentsatuak edo urtuak.
  • Behi, ardi eta ahuntz azienden gantza, bere horretan edo urtua, "lehen urinak" izeneko gantzak ere barne.
  • Eguzki estearina; oleoestearina; zerri gantzaren koipea eta emultsionatu gabeko oleomargarina, nahasi gabe eta prestatu gabe.
  • Arrain gantza eta koipeak eta itsasoko ugaztunenak, baita finduak ere.
  • Landare olioak, finkoak, bigunak edo zehatzak, landu gabeak, purifikatuak edo finduak.
  • Animalien edo landareen gantz edo olio hidrogenatuak, baita finduak ere, baina ondoko prestaketarik gabeak.
  • Margarina, zerri gantzaren suzedaneoak eta bestelako elikadura-koipe prestatuak.
  • Gantz-gorputzak edo animalien edo landareen argizariak tratatzetik heldu diren hondakinak.
  • Haragi, arrain, krustazeo eta moluskuen prestakinak.
  • Erremolatxaren eta kainaberaren azukreak, egoera solidoan.
  • Bestelako azukreak, xarabeak, eztiaren suzedaneoak, baita ezti naturalarekin nahasitakoak ere, azukre eta melaza karamelizatuak.
  • Melazak, baita dekoloratuak ere.
  • Azukre, xarabe eta melaza aromatizatuak edo koloratzaileak emanak (baita azukrea bainillarekin edo bainillinarekin), azukrea edozein portzentajetan duten fruta zukuak izan ezik.
  • Kakaoa aletan, osorik edo puskatan, gordina edo errea.
  • Kakaoaren azala, mintza, geruzak eta hondarrak.
  • Egoskarien, barazkien, fruten eta beste landare batzuen edo beste landare zati batzuen prestakinak.
  • Mahatsaren muztioa hein batean irakina, baita "itzalia" ere alkohola erabili gabe.
  • Mahatsen ardoak, mahatsaren muztio "itzalia" alkoholarekin (baita mistelak ere).
  • Sagardoa, udare-ardoa, ezti-ura eta beste edari irakin batzuk.
  • Alkohol etiliko desnaturalizatua edo desnaturalizatu gabea, edozein graduaziotakoa, Itunaren I. eranskinean aipatzen diren nekazaritzako produktuekin egina. Bazterturik daude: pattarrak, likoreak eta gainerako edari espirituosoak, edariak egiteko alkoholaren prestakin konposatuak ("estraktu kontzentratuak" izenekoak).
  • Ozpina eta jaten ahal diren suzedaneoak.
  • Elikadura industrietako hondarrak eta zaborrak; animaliendako janari prestatuak.
  • Tabakoa hostoetan edo landu gabea; tabakoaren hondarrak.
  • Kortxo natural landugabea eta kortxoaren hondarrak, kortxo xehatua, pikorretan edo hauts bihurtua.
  • Liho landugabea (liho uzta), enriatua, ezpatatua, orraztua edo bestela landua, baina irun gabea; iztupak eta lihoaren hondarrak (baita lihazkiak ere).
  • Kalamua (Cannabis sativa) hostoetan, enriatua, ezpatatua, orraztua edo bestela landua, baina irun gabea; iztupak eta kalamuaren hondarrak (baita lihazkiak ere)(*) Europako Ekonomia Elkarteko Kontseiluaren 1959ko abenduaren 18ko 7 bis Erregelamenduaren 1. artikuluaren bidez erantsitako gaia (1961eko 7. ''Egunkari Ofiziala'', urtarrilaren 30ekoa, 71. orrialdea).

Iragarkiaren kodea: F0918511