89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1232E/2009 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Interneten sartzeko toki publikoak jartzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren lehenengo helburuetako bat informazioaren gizarteari loturiko funtsezko zerbitzuak eskuragarri egotea da, Nafarroako Foru Komunitatean bizi den herritar batek ere ez ditzan murrizturik izan bere jarduteko aukerak eta gaitasuna, beste erkidego batzuetan edo gure Komunitateko beste eskualde batzuetan bizi diren herritarren aldean.

Zerbitzu horiek ematen dituzten kanaletako bat Internet da, eta berau eskuratzen lagunduz parean jar daitezke, alderdi askotan, gure lurraldeko toki urrunenetan bizi diren herritarrak eta zerbitzuak zuzenean eskuratzeko moduan diren munduko beste edozein tokitan bizi direnak.

Interneten sartzeko toki publikoak jarriz zerbitzu hori nafarrei hurbildu nahi zaie, eta, horretarako, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak diruz lagunduko du horrelako tokiak hornitzea toki entitateetan eta irabazi-asmorik gabeko elkarteetan.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Interneten sartzeko toki publikoak jartzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Gastu hauek baimentzea:

-100.000 euro, 2009rako gastu aurrekontuko "IKTak sustatzeko diru-laguntza" 840002-81220-7609-467700 kontu-sailaren kargura.

-140.000 euro, 2009rako gastu aurrekontuko "Bestelako taldeak digitalizatzeko proiektuetarako diru-laguntzak" 840002-81220-7819-467900 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko ekainaren 26an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Interneten sartzeko toki publikoak jartzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea.

Diru-laguntza hauen onura publikoko helburua da nafar herritarrei, bazterketa digitaleko arrisku berezian dauden taldeei bereziki, erraztasunak ematea informazioaren gizartearen zerbitzuak eskuratzeko.

Deialdi honen bidez jarduketa hauek finantzatu nahi dira:

a) Interneten sartzeko toki publikoak 10.000 bizilagunetik beherako herrietan paratzea.

b) Erretirodun eta emakume elkarteek oinarrizko ekipamendu informatikoa eta Interneten sartzekoa eskuratzea.

c) Hein batean beren jardueran eta programazioan IKTak nafar herritarren artean sustatzen, zabaltzen eta prestatzen diharduten irabazi-asmorik gabeko entitateek hardwarea eskuratzea.

2. oinarria.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Honako gastu hauek lagunduko dira diruz:

-Mahai gaineko ordenagailuak, honako ezaugarri hauek dituztenak gutxienez: nukleo bikoitzeko mikropozesadorea, 2 Gb-ko RAM memoria, 160 Gb-ko disko gogorra, 19 hazbeteko monitorea, 256 Mb-ko txartel grafikoa, soinu-txartela, DVD grabagailua, txipa duten txartelen eta NAN elektronikoaren irakurgailua, kanpokoa izaten ahalko dena edo ekipamendu barrukoa. Interneten sartzeko bidea ematen duten sistema operatiboa eta nabigatzailea izan behar ditu instalaturik. Era berean, antibirus programa izan behar du instalaturik.

-Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan, ordenagailuak eramangarriak izaten ahalko dira, gutxieneko ezaugarri hauek betetzen badituzte: azken belaunaldiko nukleo bikoitzeko mikroprozesadorea, 2 Gb-ko RAM memoria, 15 hazbeteko monitorea, haririk gabeko konexioa, DVD±RW irakurgailua/grabagailua eta txipa duten txartelen eta NAN elektronikoaren irakurgailua, kanpokoa izaten ahalko dena edo ekipamendu barrukoa.

-Inprimagailua, eskanerra eta web kamera.

-Wi-fi teknologian edo antzekoetan oinarritutako instalazioak, horrelako teknologia duten ordenagailuak Interneten sartzeko bidea ematen dutenak.

Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, onuradunek ordenagailu bana eskuratu behar dute.

3. oinarria.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak hauek dira:

1. Toki entitateak izanez gero:

-Toki entitateak 500 bizilagunetik beherako herrigunea badu, diruz laguntzen ahalko dira ordenagailu bat, inprimagailu bat, eskaner bat, web kamera bat eta wi-fi-ko hornidura, gehienez ere 1.000 eurorekin.

-Toki entitateak 500 bizilagunetik 1.500 bizilagunera arteko herrigunea badu, diruz laguntzen ahalko dira bi ordenagailu, inprimagailu bat, eskaner bat, web kamera bat eta wi-fi-ko hornidura, gehienez ere 1.800 eurorekin.

-Toki entitateak 1.500 bizilagunetik 10.000 bizilagunera arteko herrigunea badu, diruz laguntzen ahalko dira hiru ordenagailu, inprimagailu bat, eskaner bat, web kamera bat eta wi-fi-ko hornidura, gehienez ere 2.600 eurorekin.

2. Emakumeen nahiz erretirodunen elkarteen kasuan diruz laguntzen ahalko da ordenagailu bat, inprimagailu bat, eskaner bat, web kamera bat eta wi-fi-ko hornidura, gehienez ere 1.000 eurorekin.

3. Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan, diruz laguntzen ahalko dira 5 ordenagailu, 5 web kamera, inprimagailu bat, eskaner bat eta wifi ekipamendua, gehienez ere 4.000 eurorekin kontzeptu horietarako guztietarako.

4. oinarria.-Onuradunak.

Ondoko hauek jasotzen ahalko dute diru-laguntza hau:

1. Nafarroako toki entitateak. 3. oinarriko ondorioetarako, honako hauek ezarritako bizilagun kopurua hartuko da kontuan: abenduaren 26ko 2124/2008 Errege Dekretua, 2008ko urtarrilaren 1eko udal errolda berrikusita kopuruak ofizial izendatzen dituena, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 26/2009 Foru Agindua.

2. Proiektu jakin baterako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babespean sinatutako hitzarmen nahiz lankidetza-hitzarmenak direla-eta elkartutako Nafarroako toki entitateak. Entitate horiek ezin dute jarduera bererako beste diru-laguntzarik jaso.

3. Erretirodun eta emakume elkarteak.

4. Hein batean beren jardueran eta programazioan IKTak nafar herritarren artean sustatzen, zabaltzen eta prestatzen diharduten irabazi-asmorik gabeko entitateak. Hurrengo oinarrian aipatzen diren agirien bidez frogatu beharko dute hori.

3. eta 4. ataletako elkarteek, onuradun izateko, behar bezala izena emanik egon behar dute Elkarteen Erregistroan, Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoari egokiturik, eta, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko beharkizunak bete behar dituzte.

5. oinarria.-Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

1. www.navarra.es atariko "Laguntzak eta bekak" ataletik behera kargatzen ahalko dira eskabide ereduak, eta dokumentazio hau erantsi behar da:

a) Toki entitateak izanez gero:

-Instalatu nahi den ekipamenduaren aurrekontuak eta behin betiko fakturak.

-Interneten sartzeko toki publikoa jarriko den lokalaren azalpen zehatza.

-9. oinarrian ezarritako beharkizunak betetzeko konpromisoa, alkateak edo udalburuak sinatua.

b) Erretirodunen eta emakumeen elkarteak izanez gero:

-Elkarteko lehendakariak sinaturiko agiria, deialdi hau argitaratzen den egunean dituen bazkideen kopurua adierazten duena.

-Instalatu nahi den ekipamenduaren aurrekontuak eta behin betiko fakturak.

-9. oinarrian ezarritako beharkizunak betetzeko konpromisoa, lehendakariak sinatua.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan.

2008an eta 2009an, deialdi hau argitaratu arte, nafar herritarren artean IKTak sustatzen, zabaltzen eta prestatzen eginiko jardueren oroitidazkia. Horretan, eginiko programen onuradunen kopurua adierazi beharko da.

-Diru-laguntzaren xede den materiala 2009an edo 2010ean IKTak nafar herritarren artean sustatzen, zabaltzen edo prestatzen egin beharreko proiekturen batean erabiliko dela justifikatzea. Programa horren onuradun izanen direnen kopurua adieraziko da.

-Instalatu nahi den ekipamenduaren aurrekontuak eta behin betiko fakturak.

-9. oinarrian ezarritako beharkizunak betetzeko konpromisoa, lehendakariak sinatua.

2. Eskaerak non eta noiz aurkeztu:

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2009ko irailaren 15ean bukatuko da.

Eskaerak, behar bezala osatuak eta sinatuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira departamentuari zuzenduta (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1; 31005, Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

6. oinarria.-Balorazio irizpideak.

1. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuko zuzendariak eta Informazioaren Gizartea Sustatzeko Ataleko buruak osatutako balorazio batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak, orobat, deialdi honen oinarriekin zenbateraino datozen bat, eta ondoko hauen arabera baloratuko:

a) Toki entitateen artean, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da. Horren arabera, lehenbizi, 2008ko deialdian diru-laguntzarik hartu ez dutenak hartuko dira kontuan. Enpresako zuzendari nagusiak onetsi zuen deialdia, uztailaren 24ko 9E/2008 Ebazpenaren bidez. Bigarrenik, udalerriko bizilagun kopurua hartuko da kontuan, alderantzizko hurrenkeran, hau da, bizilagun gutxien dutenak lehenbiziko.

b) Erretirodun eta emakume elkarteen artean, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da. Horren arabera, lehenbizi, 2008ko deialdian diru-laguntzarik hartu ez dutenak hartuko dira kontuan. Enpresako zuzendari nagusiak onetsi zuen deialdia, uztailaren 24ko 9E/2008 Ebazpenaren bidez. Bigarrenik, elkarteko bazkide kopurua hartuko da kontuan, hau da, bazkide gehien dutenak lehenbiziko.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateen artean, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da. Horren arabera, lehenbizi, nafar herritarren artean IKTak sustatzen, zabaltzen eta prestatzen 2008an eginiko programen onuradunen kopurua hartuko da kontuan (datu hori aurkezten den oroitidazkian adierazi beharko da). Bigarrenik, diru-laguntzaren xede den materialaren eskurapenarekin loturik garatu beharreko programaren onuradun izanen diren pertsonen kopurua (datu hori inbertsioaren justifikazioan adierazi beharko da).

2. Eskatutako laguntzek, guztira, aurreko puntuko kontzeptu bakoitzerako aurreikusitako aurrekontuko zuzkidura gainditzen badute, 1. puntuan ezarritako irizpideekin bat balorazio handiena lortzen dutenei emanen zaizkie laguntzak.

7. oinarria.-Diru-laguntza ematea.

1. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak balorazio batzordearen irizpena ikusirik, Enpresako zuzendari nagusiari ebazpen proposamena igorriko dio, eta horrek diru-laguntzak emanen ditu dagokion ebazpenaren bidez.

Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

2. 240.000 euro izanen dira guztira deialdi honetarako. 100.000 euro erabiliko dira toki entitateei diru-laguntzak emateko, eta 140.000 irabazi-asmorik gabeko elkarteei diru-laguntzak emateko. Kontzeptu horietako batean soberakinak izanez gero, bestean aplikatzen ahalko dira. Halaber, aurrekontuetako zuzkidura handitzen ahalko da funts horietarako, geroan dirurik bada.

8. oinarria.-Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedea bete eta gero, eta horiek kobratu aurretik, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte, 2009ko abenduaren 15a baino lehen.

Fakturen bidez frogatuko da, eta eskuratu den ekipamendu guztiaren azalpen zehatza azaldu beharko da fakturetan, bereziki deialdi honetako 2. oinarrian ordenagailuari buruz ezarritako ezaugarrei dagokienez. 2009ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 15era bitarteko datak izan beharko dituzte fakturek.

Egiaztatzeko bidea ematen duten edonolako euskarritan ere aurkeztu beharko dira ordainagiriak.

5. oinarrian aipatzen diren tokietan aurkezten ahalko da dokumentazio hori.

2. Benetan egindako gastuaren justifikazioa laguntza emateko arrazoi izandako aurrekontua baino txikiagoa denean, edo inbertsioaren zenbatekoa merkatuko prezioetarako egokitzat jotzen ez denean, laguntzaren zenbatekoa egokitu eginen da, benetan egin edo baloratu diren gastuen arabera.

9. oinarria.-Diru-laguntzen ordainketaren gaineko ebazpena.

Frogagiriak azterturik, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak ordainketarako ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen txostenarekin batera.

10. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Diru-laguntzen onuradunek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gain, berariazko betebehar hauek ere izanen dituzte:

1. Toki entitateak izanez gero:

a) Diru-laguntzen xede diren ekipamendu informatikoak jendea Interneten sartzeko izanen direla bermatzea.

b) Ekipo informatikoak jendeak eskura dituen tokian jartzea, eta doan erabiliko direla bermatzea.

c) Ordenagailuak dauden lokala jendeari irekia izatea, astean 20 orduz behintzat.

d) Banda zabaleko Interneteko sarbidea kontrataturik edukitzea eta Interneti konektatzeko kuotak bere gain hartzea.

e) Ekipamendu informatikoen mantentze-lanez eta haiek kokatzen direneko lokalaz arduratzea.

2. Emakumeen eta erretirodunen elkarteak izanez gero:

a) Diru-laguntzen xede diren informatika ekipoak edozein kide Interneten sartzeko izanen direla bermatzea.

b) Ekipo informatikoak kideek eskura duten tokian jartzea, eta doan erabiliko direla bermatzea.

c) Ordenagailuak dauden lokala kideei irekia izatea, astean 20 orduz behintzat.

d) Banda zabaleko Interneteko sarbidea kontrataturik edukitzea eta Interneti konektatzeko kuotak bere gain hartzea.

e) Ekipamendu informatikoen mantentze-lanez eta haiek kokatzen direneko lokalaz arduratzea.

3. Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan:

a) Eskuraturiko materiala aurkezturiko justifikazioan adierazten diren ekintzetarako erabiliko dela bermatzea.

b) 2010. urtea bukatzean, memoria bat aurkeztea diru-laguntzaren xede diren gauzakien erabilerari loturiko jarduera eta programa eginei buruz.

c) Ekipo informatikoen mantentze-lana beren gain hartzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenetan, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, onartutako diru-laguntza itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, eginbeharren bat hein batean ez betetzeak emandako diru-laguntzaren zati bat, kasuan kasukoa, itzuli beharra ekar dezake.

11. oinarria.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek (nazionalek edo nazioartekoek) ematen dituzten beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: zein urtetako deialdia den, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0918822