89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

948E/2009 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Merkataritzako Hirigintza Programaren barreneko diru-laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008-2011) merkataritzako hirigintza programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programaren helburua da toki administrazioak inplikatzea hirietako merkataritza eta herrietako hurbileko merkataritza sustatu eta hobetzeko politiketan, merkataritza sektorea udal politikak ezartzeko giltzarri gisa hartuz eta merkataritzaren garapenerako behar diren hirigintza-ingurunea eta arau-esparrua finkatuz.

Aurreikusitako jarduketa neurrien artean hauek daude: hiriaren merkataritza eredua zehaztea, hirigintza-ingurunea hiriko merkataritza garatzeko beharretara egokitzea eta jarduketa plan kolektiboak sustatzea.

Bestaldetik, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra bultzatzen duen planaren barruan, aurrekontu handiagoz hornitu da diru-laguntza, toki entitateek garatzen dituzten jarduketen bidez ekonomia piztu eta enplegu sorrera sustatzeko.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hirigintzako merkataritza programaren barreneko diru-laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 962.493 euroko gastua baimentzea: 212.493 euro 2009rako gastu aurrekontuko "Toki entitateentzako transferentziak merkataritza ekipamenduetarako" izeneko 850002 81400 7609 431400 kontu-sailaren kargura eta 750.000 euro "Krisiaren kontrako neurriak. Toki entitateentzako transferentziak merkataritza ekipamenduetarako" izeneko 850002 81400 7609 431402 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko ekainaren 3an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Merkataritzako hirigintza programaren diru-laguntzak 2009an
emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea.

Oinarri hauen xedea da merkataritzako hirigintza programaren diru-laguntzak 2009an emateko prozesua arautzea.

Diru-laguntza honen onura publikoa da toki administrazioei sostengu ekonomikoa ematea hirietako merkataritza eta herrietako hurbileko merkataritza sustatu eta hobetzeko politiketan, merkataritza sektorea udal politikak ezartzeko giltzarri gisa hartuz eta merkataritzaren garapenerako behar diren hirigintza-ingurunea eta esparrua finkatuz.

Bestaldetik, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra bultzatzen duen planaren barruan, aurrekontu handiagoz hornitu da diru-laguntza, toki entitateek garatzen dituzten jarduketen bidez ekonomia piztu eta enplegu sorrera sustatzeko.

2. oinarria.-Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2008ko abenduaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitarte gauzatzen diren ekintza hauek jaso dezakete diru-laguntza:

A) Merkataritzan jarduteko planak prestatzeko azterlanak. Eduki hau izan beharko dute, gutxienez:

-Planaren helburuak.

-Udalerriaren azterketa komertziala: eskaintza, eskaria, merkataritza ekipamendu bereziak, zentralitate osagaiak (administrazio, kultura, kirol eta bestelako arloetakoak), hirigintza egokitasuna (sarbideak, hiri altzariak, aparkalekuak, eta abar), merkatari elkarteak, eta abar.

-Saltoki asko biltzen dituzten eremuak identifikatu, mugatu eta karakterizatzea.

-Saltoki eremu identifikatuen kokagunea: gaitasun komertziala eta gaur egungo egokitasun maila.

-Jarduteko oinarrizko ildoak, saltoki eremuaren arabera, kudeaketa planaren proposamena eta adierazleen definizioa.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpoko kostuaren %70ekoa izanen da, gehienez ere 45.000,00 euro.

B) Merkataritzaguneak hobetu eta egokitzea, bertako saltoki kopuruagatik, hiri saltokitzat edo merkataritza ardatz edo kaletzat joak izateko gaitasuna badute. Jarduketa hauek izan daitezke diru-laguntzen xede:

B.1) Merkataritza ardatz eta/edo kaleak oinezkoendako moldatzeko hirigintza azpiegiturak egokitzeko edo bideak bizikidetza kale bihurtzeko inbertsioak (batera ibilgailu eta oinezkoendako, alegia), non oinezkoek lehentasuna izanen baitute errepideko trafikoaren aldean.

0 kotako obretako exekuzio materialaren kostua diru-laguntzaren xede izanen da. 0 kotatik azpitik, lur mugimenduak, eraisteak eta denetariko azpiegiturak ez dira diru-laguntzaren xede izanen.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %40 adinakoa izanen da.

B.2) Hiri ekipamendua, iraunkorra edo ez, handitu eta berritzea, merkataritzaguneetako hiri paisaia eta estetikoa hobetzen badute, hala nola: altzariak, argiak, lorategiak, seinale komertzialak eta jarduera merkataritza hobea sustatzen duten osagaiak.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

B.3) Aparkatokietako sarbideak eta haien egokitzea, lur azpiko edo dorre itxurako aparkatoki berrien eraikuntza izan ezik, baldin eta merkataritzagunetik gertu badaude eta merkataritzagune horretako balizko bezeroei hedatu eta jakinarazteko neurriak hartzen badira.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

B.4) Aurreko puntuetan aipatzen diren jarduketak zehazteko azterlanak eta/edo kanpo aholkularitza teknikoa.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpoko kostuaren %60ekoa izanen da, gehienez ere 18.000,00 euro.

C) Udal merkatuen modernizazioa.

C.1) Udal merkatuen antolamendu fisiko eta funtzionala hobetzeko azterlanak.

Ekintza honi dagokion diru-laguntza kanpo kostuaren %70ekoa izanen da, gehienez ere 21.000,00 euro.

C.2) Udal merkatuen hobekuntza fisiko eta funtzionalerako inbertsioak, erabilera komunitarioko instalazioak eta horiei erantsiriko inguruneak barne.

Ekintza honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

D) Merkataritza ibiltariaren eremuak egokitu edo daudenak hobetzeko jarduketak, hiri inguruan kokatuak, hala nola:

-Jarduera hori garatzeko eremua egokitzea.

-Merkataritza jarduera horri zerbitzua emateko ekipamendua eta azpiegiturak: karpak, desmuntatzen ahal diren egiturak edo antzekoak.

-Sostengu zerbitzuak ematea, hala nola, elektrizitatea, ura eta abar.

Jarduketa horiek diru-laguntzak har ditzaten, hiribarrenean eta/edo udalerrian kokaturiko saltokitik gertu dauden eremuetan garatu beharko dira eta udalerriaren eta/edo merkataritzagunearen merkataritza jarduera dinamizatzen lagundu beharko dute.

Diru-laguntza kanpoko kostuaren %50ekoa izanen da.

E) Hiriko merkataritza txikiari edo hurbileko merkataritzari zerbitzua ematen dieten merkataritza horniduraren banaketa eta plataformak arautzen dituzten biltegiak kokatzeko jarduketak.

Jarduketa honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

F) Udal titulartasuneko lokalak egokitzeko jarduketak, "eskurako saltokien sarean" integraturiko saltoki bat abian jartzeko.

Jarduketa honetarako diru-laguntza kanpoko kostuaren %70 adinakoa izanen da.

2. Proiektu teknikoak prestatzeko kostuak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, baldin eta kasuan kasuko inbertsioa burutzen bada, eta aurreikusiriko ondorioetarako, inbertsio horren balio handiena iritziko zaio.

3. oinarria.-Onuraduna izateko baldintzak.

Piztu eta/edo dinamizatzen ahal diren saltoki kontzentrazioak dituzten udalerriek hartzen ahalko dituzte diru-laguntzak, eskualdeburu edo eskualdeburuordetzat jotzen badira, Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Ereduarekin bat. Ebazpen honen I. eranskinean zehazten dira.

Halaber, F) atalean aurreikusten diren jarduketetarako, 3.000 bizilagunetik beherako udalerriak ere izaten ahalko dira onuradunak, ekintza hori aurrera eramateko CEINen adostasun txostena badute.

4. oinarria.-Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak toki hauetan aurkezten ahalko dira: Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistroko bulegoetan, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sorturiko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaera egiteko, "Merkataritzako hirigintza programarako diru-laguntza eskaera" izeneko Fc7.06.13 eredua erabiliko da, alkate-udalburuak sinatua. Eredua Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren web atarian jaso daiteke. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) 2008ko abenduaren 1etik 2009ko apirilaren 30era bitarte garaturiko ekintzetarako, deialdi honetako 7. oinarriaren 1. atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

b) 2009ko maiatzaren 1etik abenduaren 31 bitarte aurreikusiriko ekintzetarako, aurreikusiriko proiektu bakoitzeko memoria bat aurkeztuko da, honako hauek azalduz:

-Lortu nahi diren helburuak eta garatu beharreko ekintzak.

-Kalkulatutako aurrekontua, gaika zehaztua.

-Gauzatzeko aurreikusitako epea eta zein fasetan dagoen orain.

c) Ekintza bukatu zein aurreikusi bakoitzerako, deialdi honetako 5. oinarrian ezarririko balorazio irizpideak betetzen direla frogatzea.

3. Eskaerak aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio epe zehatz batean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatu eta espedientea artxibatuko dela. Hori gertatuz gero, interesdunari jakinaraziko zaio.

5. oinarria.-Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen diru-laguntza eskabideak baloratzeko irizpideak:

1. Aurreikusitako jarduketa bakoitza faktore hauen arabera baloratuko da:

a) Jarduketaren xede den udalerri edo merkataritza eremuaren gaitasun komertziala, eta puntuazioaren %40 hartuko du.

b) Udalerriaren berezitasuna hurbileko merkataritzaren bidez sustatzeko jarduketak egitea, eta puntuazioaren %40 hartuko du.

c) Jarduketak Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2008-2011 II. Planaren proposamenaren araberakoak izateak puntuazioaren %10 hartuko du.

d) Jarduketak merkataritza jardueraren garapenari loturiko beste entitate publiko edo pribatu batzuekin elkarlanean aritzea edo haiek koordinatzea, eta puntuazioaren %10 hartuko du.

2. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, udalerri bakoitzarentzako gehieneko diru-laguntza 200.000,00 eurokoa izanen da.

Dena dela, muga hori aplikatu ondoren, aurrekontuan dirurik gelditzen bada, murrizketa aplikatu zaien eskaeren artean hainbanatuko da, ekintza bakoitzerako onartu zaien aurrekontuaren arabera.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

6. oinarria.-Diru-laguntza emateko ebazpena.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. oinarria.-Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedea bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, agiri hauek aurkeztuz.

a) Txosten tekniko zehaztua. Gutxienez honako hauek jaso beharko dira: garaturiko jarduketen azalpena, aurreikusiriko helburuen betetze-maila eta diru-laguntzaren xede diren jarduketen froga grafikoa.

b) Fakturen eta ordainketak justifikatzeko kontabilitate-agirien kopiak.

c) Azterlanak egiteko diru-laguntzen kasuan, haien frogagiri bat ekarri beharko da.

d) Kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean aurreikusitako prozedurei jarraikiz esleitu direla frogatzeko ziurtagiria.

2. Justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:

a) 2008ko abenduaren 1etik 2009ko apirilaren 30era bitarte eginiko ekintzak: diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da.

b) 2009ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra bitarte eginiko ekintzak: 2009ko abenduaren 31 arte, hori barne.

Hala ere, epe horretan, eskatzaileak faktura eta ordainagiria ez badauzka, onarturiko diru-laguntzaren aurrerakina eskatu beharko du, 8. oinarriaren 2. atalean xedaturikoarekin bat. Kasu horretan, eginiko gastu eta ordainketak justifikatzeko epea 2010eko urtarrilaren 31 arte izan beharko du, hori barne.

3. Kontzesio ebazpenean ezarririko epean justifikatu ezik, onarturiko diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta, bidezkoa bada, aurreraturiko zenbatekoak itzultzeko.

Nolanahi ere, dirua jaso dezaketen ekintzak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak gertaera horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatu, eta departamentua beharturik dago luzapen hori ematera.

8. oinarria.-Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena.

1. Frogagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Obra ziurtagiriei dagozkien hein bateko abonuak egiten ahalko dira edo aurreko oinarrian xedaturikoarekin bat justifikaturiko hein bateko ordainketak.

2. Onarturiko diru-laguntzaren ordainketa aurreratuak eskatzen ahalko dira Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2009 Foru Legean ezarririko prozedurei jarraituz esleituriko jarduketerako, toki entitateek garatu beharreko ekintzak finantzatzen laguntzeko, Nafarroako Gobernuak krisiaren kontra bultzaturiko planaren esparruan.

9. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, eskaintzen den aitorpenaren ereduan eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

2. Diru-laguntzak hartzen dituztenek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11. oinarria.-Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. oinarria.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Eskualdeburu edo eskualdeburuordetzat
jotzen diren udalerrien zerrenda

01 merkataritza orekako barrutia. Pirinioaldea.

Agoitz

Irunberri

Aribe

02 merkataritza orekako barrutia. Bidasoaldea.

Baztan

Doneztebe

Bera

03 merkataritza orekako barrutia. Sakana-Leitza.

Altsasu

Irurtzun

Lekunberri

Etxarri Aranatz

Leitza

04 merkataritza orekako barrutia. Iruñerria.

Antsoain

Aranguren

Barañain

Beriain

Berriobeiti

Berriozar

Burlata

Zizur

Eguesibar

Galar

Uharte

Noain (Elortzibar)

Oltza

Orkoien

Iruña

Atarrabia

Zizur Nagusia

Gares

Obanos

05 merkataritza orekako barrutia. Estellerria.

Aiegi

Lizarra

06 merkataritza orekako barrutia. Tafallaldea.

Tafalla

Caparroso

Erriberri

Zarrakaztelu

07 merkataritza orekako barrutia. Zangozaldea.

Zangoza

08 merkataritza orekako barrutia. Viana-Los Arcos.

Los Arcos

Viana

Mendabia

09 merkataritzako orekako barrutia. San Adrián.

Azkoien

San Adrián

Lodosa

10 merkataritza orekako barrutia. Tutererria.

Tutera

Cortes

Cintruénigo

Cascante

Corella

Iragarkiaren kodea: F0918156