88. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 15ean hartua. Honen bidez Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 9. Ordenantza ("Berrikuntzaren Kuboak") aldatzeko espedientea, Miyabi enpresa publikoak sustatua, onesten da, espedientean proposaturiko sestrapeko aparkalekuak onespenetik kanpo uzten dira eta 8. Ordenantzari ("Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema") dagokion aldaketa ezesten da.

I.-Aurrekariak.

Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala espazio libre publikoetan sestrapean aparkalekuak egiteko aukerari eta 9. Ordenantzari ("Berrikuntzaren Kuboak") dagokienez aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 19an. Espedientearen sustatzailea Miyabi enpresa publikoa da. Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, erabakiaren azalpen zatiko III. atalean ("Hirigintzaren gaineko gogoetak") adierazitako auziei erantzuna eman behar zaie, erabakiak dioenez.

Espedientearen xedea Sarrigurengo Ekohiriaren UPSeko 8. eta 9. Ordenantzak (''Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema'' eta ''Berrikuntzaren Kuboak'', hurrenez hurren) aldatzea da.

Aldaketaren bidez atal berri bat gehitu nahi zaio 8. Ordenantzari ("Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema"), espazio libre publikoetan sestrapeko aparkalekuak egin ahal izateko, sestra gaineko erabileraren baldintzak aldatu gabe. Hori horrela, 2 aparkaleku planteatu dira Ekohiriaren erdiko parkeko hegoaldean, 35 metro zabaleko zerrendan. Aparkaleku horiek sestrapeko solairu bat izanen lukete, aparkatzeko 683 tokirekin, eta sarrera bikoitza. Alabaina, lur gaineko egungo erabilera publikoari eusteko bermea ezarri zen. Aparkalekuen eraikuntza eta ustiaketa publikoa, pribatua edo Eguesibarko Udalak aztertu eta planteatu ahal duen edozein ekimen mistoren araberakoa izan ahal da.

Bestalde, 9. Ordenantza ("Berrikuntzaren Kuboak") aldatuz, eraikuntzaren bolumena handitzeko bidea eman nahi da "berrikuntzaren kuboetan": fatxadaren luzera 13 metrotik 14 metrora handitu nahi da eta gehieneko garaiera ere 12 metrotik (PB+2) 14,5 metrora (4 solairu), garaiera hori neurtzeko irizpide berria ezarriz. Halaber, eraikinak kubo edo paralelepipedo formakoak izanen direla zehazten da, bolumen erantsirik gabekoak. Nahitaezko lerrokadurak aldatzea ere planteatzen da, eta erreferentziakoak kentzea, eta gehieneko lerrokadurak lurzati bakoitzeko mugaraino "lerratzea". Gainera, sotoak eta erdisotoak lurzatiaren mugen barnean egin ahal izatea proposatzen da, gaur egun erreferentziako lerrokaduren barnean bakarrik onartzen baitira.

Erabaki hori 2009ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6an.

II.-Eguesibarko Udalaren erabakia.

Eguesibarko Udalak, 2009ko maiatzaren 12an egindako osoko bilkura berezian, espedientean proposaturiko parkinari buruzko adierazpen/mozio bat onestea erabaki zuen. Aparkalekua udalaren parke baten azpian egin nahi da. Mozioak ondokoa dio:

-Udala biziki kezkaturik dago proposamenaren aurrean eta gaur egun ekipamendu horren beharrik ez dagoela uste du. Gainera, bizilagunen eguneroko bizitzan oso eragin kaltegarria izanen luke, parkea erabili ezin izateak traba, deserosotasun eta eragozpen larriak ekarriko lituzkeelako.

-Udala eraikuntza horren kontra dago, halaber, gaur egun ez dagoelako aparkatzeko arazo aipagarririk Ekohirian eta ez delako azterketa zehatzik egin hurrengo urteetan zerbitzu horren beharra zenbat haziko den eta Sarrigurenen gaur egun kanpoan nahiz lurpean aparkatzeko zenbat plaza huts dauden jakiteko.

Espedientearen xedeari buruzko arrazoibide horiez gain, udalak beste gogoeta batzuk egiten ditu hurbileko beste zabalgune batzuekiko oinezkoentzako loturez eta Aretako biribilguneko trafiko itoaz, baina horiek ez dira espediente honetako aztergaiak.

Eguesibarko Udalaren erabakia ikusirik, komenigarritzat jotzen da espedientea onetsi, baina aparkalekua hartatik kanpo uztea, gainerakoaren onespena ez atzeratzearren.

III.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean bi alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondoren azaltzen dira haien edukia eta eman zaizkien erantzunak.

1.-Pedro Esparza Azanza jaunak Izquierda Unida de Navarra-Nafarroako Ezker Batuaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako idazkia.

Edukia:

Alegatzaileak plan sektorialeko aldaketaren onespena ezesteko eskatu du. Horretarako ondoko alegazio hauek egin ditu.

Lehenbizikoa: aldaketa onesteko erabili den prozedura ez dator bat antolamendu juridikoarekin. Hori dela-eta adierazi du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak (LAHFL) ez duela berariazko prozedurarik ezartzen plan sektorialak aldatzeko, eta,d beraz, plana egin eta onesteko erabili zen prozedura bera aplikatu behar zela, lege horren 45. artikuluan araututakoa hain zuzen ere, baina oraingoan ez dela aplikatu. Nafarroako Gobernuak bere erabakian -dio alegatzaileak- enpresa pribatuak sustaturiko espedientea jendaurrean jarri besterik ez du egin, zer deritzon adierazi gabe, edo behintzat hala ondorioztatzen da -gaineratzen du- erabakiaren 1. ataletik, Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari ekinen zaiola esan eta gero zehaztu egiten baitu espedientea behin betiko onetsi baino lehen erabakiaren azalpen zatiko III. atalean ("Hirigintzaren gaineko gogoetak") adierazitako auziei erantzuna eman beharko zaiela.

Alegatzaileak jarraian azpimarratzen du III. atal horrek hauxe dioela: "21. artikuluan %50etik gorako malden debekuaren ordez 45º-tik gorako malden debekua ezartzeak arauan aldaketa nabarmena dakar, 45º-ko malda %100eko maldaren parekoa delako. Beraz, proposamenarekin batera doazen grafikoen arabera bigarren malda hori ziurrenik egonen ez dela kontuan hartuta, bidezkoa da zehaztapen hori berrikusi eta justifikatzea". Alegia, proposamenaren balizko aldaketa geroko uzten da eta interesa izan dezaketen herritarrei gaiaren berri jakiteko eta alegazioak egiteko aukera ukatzen zaie. Bidezkoa da, beraz, III. atal horretan azaldutako alderdiak ebatzitakoan espedientea berriz ere jendaurrean jartzea.

Bigarrena: alegatzailearen iritziz egin behar dena ez da plan sektoriala aldatzea, LAHFLren 46.1 artikuluan xedatutakoa bete eta plana iraungitzea baizik. Horren harira, alegatzaileak argudiatzen du proposatu dena bezalako aldaketek Sarrigurengo UPSaren sustapenari jatorrizko izaera kentzen diotela, eta hirigintza aldetik inguru horren etorkizuna batez ere Eguesibarko Udalak zehaztu behar duela bere udal planaren bitartez eta gainerako garapen-tresnen bitartez, eta ez Nafarroako Gobernuak bakarrik.

Hirugarrena: nolanahi ere, proposatu diren aldaketek eremuaren konfigurazioa eta erabilerak aldaraziko dituzte bizilagunen kalterako: bizitegitarako erabileren eta berdeguneen nagusitasuna kolokan jarriko da, kuboetan ekipamendutarako erabilera murriztu eta merkataritzakoa zabaldu dadin ahalbidetuko baita; lurpeko aparkaleku handia egiteak ere ondorio okerrak ekarriko ditu, urbanizazioko erdialdera ibilgailu gehiago erakarriko baitu; eta kuboen eraikuntza-bolumena handitzeak paisaia desitxuratuko du, batez ere alboko parkean.

Erantzuna:

Lehenbizikoari: egia da LAHFLk ez duela berariaz plan sektorialak aldatzeko prozedurarik ezartzen. Horregatik lege horren 45. artikuluan ezarritako prozedura erabili behar da, bidezkoa den heinean, haiek egin eta onesteko.

Alegatzaileak LAHFLren 45. artikuluan ezarritako prozedura jaso duenez bere alegazioan, pentsatzekoa da 45. artikuluan ezarritako prozedura horri jarraitu behar zaiola hitzez hitz. Hortaz, "lngurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak, ukitutako departamentuekin koordinaturik eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak txostena eman ondoren", Nafarroako Gobernuari bidali behar zion "udalez gaindiko eraginaren adierazpena onetsi edo ezesteko proposamena", Miyabik proposaturiko aldaketaren udalez gaindiko eraginarena, hain zuzen ere. Hori horrela, ez dugu ulertzen zergatik deklaratu behar den "udalez gaindikoa" Sarrigurengo UPSko aldaketa bakoitza, Sarrigurengo Ekohiriaren proiektu hori, garai hartako Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatua, oso-osorik udalez gaindiko plan sektorial deklaratu baitzuen Nafarroako Gobernuak 2000ko maiatzaren 22ko Erabakian (2000ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 12koa). Egokia dirudi, bai, espediente horiek onesteko prozedura LAHFLk UPSetarako ezarritakoaren parekoa izatea eta horren funtsezko elementuei eustea, kasu honetan egin den bezala.

Azpimarratu behar da, ildo berean, auzitan jarri den aldaketa hau Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aztertu egin zuela eta txostena eman zuela; batzorde horrekin ados eta LAHFLri eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak erabaki zuela espedientearen tramitazioa hastea eta hilabeteko epean espedientea jendaurrean jartzea eta eraginpeko eremuko udalari entzunaldia ematea aldi berean; eta erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, interesdunei jakinarazi eta prentsan argitaratu zela. Hitz batez, honelako espedienteetarako prozedura egokia eta erabat legezkoa bete da.

"Nafarroako Gobernuak, bere erabakian, enpresa pribatuak sustaturiko espedientea jendaurrean jarri besterik ez du egin, zer deritzon adierazi gabe", baieztapen hori harrigarria da, are gehiago, kontraesana dakar. Izan ere, alegatzaileak segidan erabakiaren azalpen zatiko hirigintzari buruzko gogoetak aipatzen ditu; bada horietan espedienteari buruzko balorazio gisako bat ematen da eta alderdi batzuk zuzendu behar direla ohartarazten da, espedientea sustatu duenak erabakian dauden zehaztapenak argitu ahal ditzan, baita horiei buruzko alegazioak egin ere. Gobernuak "espedienteari zer deritzon" adierazteak agian iritzi erabakigarriagoa ematea esan nahi du. Hala balitz, esan beharra dago alegatutako erabakia ez dela horretarako une egokiena: espedientea ebazteko erabakia da horretarako une egokiena, besteak beste alegazioak eta Eguesibarko Udalaren irizpena ezagutu eta entzunaldia eman ondoren hartu behar dena.

Bestalde, alegatzaileak dioenez, erabakiak geroko utzi du proposamenaren balizko aldaketa eta interesa izan dezaketen herritarrei gaiaren berri jakiteko eta alegazioak egiteko aukera ukatu die, eta, hortaz, bidezkoa da erabakian azaldutako alderdiak ebatzitakoan espedientea berriz ere jendaurrean jartzea. Baieztapen horri dagokionez, lehendabizi azpimarratu behar da zer eskatzen den erabakian, alegia, aldaketan proposaturiko determinazioetako bat berrazter eta justifika dadila. Horren ondorioz gerta daiteke, proposaturiko determinazioa justifikaturik, jada jendaurrean azaldu baita, hura zuzentzat jotzea, edo, bestela, hura ez onartzea eta, horrenbestez, jatorrizko eta indarreko determinazioari eustea.

Dena den, alegatzaileari ohartarazi behar zaio lurralde antolamenduko edota hirigintzako espedienteen ebazpenean ohiko eta legezko praktika dela edukiaren aldaketak eta hobekuntzak egitea funtsezkoak ez diren alderdietan, eta horretarako ez dagoela espedientea berriz ere jendaurrean jarri beharrik. Aleagatzaileak aipatu duen LAHFLren 45. artikuluak berak ondokoa dio 2.f) puntuan: "Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak erabakiko du, bidezkoa bada, onesten duela, eta, horrekin batera, antolamendua hobetzeko behar diren zuzenketa neurriak edo baldintzak ezartzen ahalko ditu".

Bigarrenari: LAHFLren 46.1 artikuluak dioenez, "udalez gaindiko plan sektorialek mugarik gabeko indarraldia dute", baina, "dena dela, Nafarroako Gobernuak erabakitzen ahalko du haien iraungipena" kasu batzuetan, eta horietako bat, alegatzaileak aipatua, honako hau da:

"b) Planaren determinazioen ondorengo aldaketek desitxuratzen badute hasiera batean sustapenak zeukan izaera, aldaketa horiek ukitzen duten partean. Horretarako, beharrezkoa izanen da adostasuna ematea kasu hau gertatzen den udalerriaren toki entitateak, zeinak sartzen ahalko baitu bere udal plan orokorrean, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena ematen badio, proposatzen den antolamendua, Planean egindako aldaketa baten bitartez".

Hortaz, UPS baten indarraldia mugarik gabekoa dela eta Nafarroako Gobernuak haren iraungipena erabakitzen ahal duela alde batera utzirik, esan beharra dago ez direla betetzen alegatzaileak aipatu duen determinazioan horretarako ezarritako baldintzak. Aldaketaren espedientean proposatzen direnak bezalako aldaketek Sarrigurengo UPSari hasiera batean zuen izaera kentzen diotela esatea, bestalde, batere funtsik eta neurririk gabeko baieztapena da inondik ere: Sarrigurengo UPSaren exekuzio maila eta proposaturiko aldaketen edukia eta norainokoa konparatu besterik ez dago, horiek UPSaren sustapenari "jatorrizko izaera" kentzeko ahalmenik inola ere ez dutela ulertzeko.

Gainerako baieztapenek ez dute zerikusirik espedientearen xedearekin.

Hirugarrenari: lurpeko aparkalekuaz ari den alegazio zatiari dagokionez, bidezkoa da, erantzun gisa, Eguesibarko Udalaren erabakiari buruzko atalean azaldutako ondorioari eustea. Bertan, lurpeko aparkalekua espediente honetatik kanpo uztea proposatzen da.

Alegatzaileak dio bizitegitarako erabileren eta berdeguneen nagusitasuna kolokan jarriko dela, kuboetan ekipamendutarako erabilera murriztu eta merkataritzakoa zabaldu dadin ahalbidetuko baita, eta kuboen eraikuntza-bolumena handitzeak ere paisaia desitxuratuko duela, batez ere alboko parkean. Horiek iritzi hutsak dira eta ez daude inongo analisitan oinarriturik: aldaketan ageri diren erabilera onartuak, toleratuak eta debekatuak indarra duen UPSkoak berberak dira. Alabaina, beheko solairuan aurreikusitako erabilerak erdisotoetara hedatzen dira (UPS indardunean ere erdisotoak onartzen dira, baina ez da ezer esaten erdisotoetan izan daitezkeen erabilerez); bestalde, ez dago ulertzerik nola desitxuratu daitekeen paisaia, batez ere alboko parkean, kuboen aldaketa morfologikoarengatik (azpimarragarriena garaieraren aldaketa da eta hori 2,5 metro baino ez da handitu, kubo batetik bestera 80-100 metroko tartea izanik) eta lurzatietako lur pribatu baina erabilera publikokoen gainazaleko tratamenduarengatik, zeina UPS indardunean ezarritako berbera baita (ikus bi dokumentuen 16. artikuluak).

Hortaz, bidezkoa da alegazio horiek neurri batean baiestea, proiektaturiko lurpeko aparkalekuak espedientetik kanpo utzi baitira, eta "berrikuntzaren kuboei" dagokien proposamenari eustea.

2.-Presentación Zubillaga Auza andrea, Eguesibarko Urbi Auzo Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko burua.

Edukia:

Alegatzaileak Plan Sektoriala aldatzeko espedientea ezesteko eskatu du. Horretarako ondoko alegazio hauek egin ditu.

Lehenbizikoa: aldaketan berrikuntzaren kuboen bolumena handitu dadila proposatzen da, hain zuzen ere 13x13x12 (PB+2) neurrien ordez 14x14x14,5 (PB+3) neurriak proposatzen dira; horrek, nahitaezko lerrokadurak ere kendu nahi direnez, kubikoak ez diren bolumetrietarako bidea emanen luke. Indarra duen UPSak nahitaezko lerrokadura eta garaiera batzuk ezartzen ditu kuboak kubo izan daitezen, eta ez orain nahi den moduan paralelepipedo angeluzuzenak. Horrek hankaz gora jarriko luke UPS indardunaren proposamena eta UPSak lortu nahi duen tipologiaren homogeneotasuna hautsiko luke.

Bigarrena: bigarren alegazio hau aldaketan aurreikusten diren lurpeko aparkalekuez ari da; alegatzaileak dioenez, sestrapean aparkalekua eginez gero, sestra gainekoa ezin izanen da parke publiko gisa erabili, erabat mugatuko direlako tamaina handiko landare espezieen landaketak eta, ondorioz, parkea erabili eta gozatzeko aukerak, eta horrek urratu egiten duela espazio libre publikoen erabilerari buruz indarra duen araudia.

Erantzuna:

Lehenbizikoari: aurrenik esan behar da 13x13x12 metroko neurriak ez direla zehatz-mehatz kubo batenak. Proposaturiko 14x14x14,5 metroko neurriak ere ez dira, baina eraikinaren oinarrizko bolumenari eman nahi zaion amaierako konfigurazioa bai, hau funtsean kubikoa da (aldaketan paralelepipedoari egiten zaion aipamena exekuzio proiektuaren egilearentzako halako maniobra tarte bat da, eraikinaren aldeak eta garaiera berdin-berdinak ez balira ere). Indarra duen UPSko araudia arretaz irakurrita, bestalde, "erreferentziako lerrokadura" eta "gehieneko lerrokadura" deituen artean "bolumen erantsi bat edo gehiago eraikitzea" onartzen dela ikus dezakegu. Aukera horrek bai desitxuratuko lukeela eraikinen morfologia kubikoa, eta gainera, alegatzaileak erabilitako hitzetan, "UPSak lortu nahi duen tipologiaren homogeneotasuna" hausteko bidea eman lezake. Horregatik, proposamenaren asmoarekin bat eginez, aldaketaren araudian baztertu egin da "bolumen nagusi edo oinarrizkoari" atxikita bolumen bat edo gehiago eraiki ahal izateko aukera hori.

Bigarrenari: alegazio honetarako erantzuna Eguesibarko Udalaren erabakiari buruzko atalean azaldu den ondorioa bera da. Bertan, lurpeko aparkalekua espediente honetatik kanpo uztea proposatzen da.

Hortaz, bidezkoa da alegazio horiek neurri batean baiestea, proiektaturiko lurpeko aparkalekuak espedientetik kanpo utziz eta "berrikuntzaren kuboei" dagokien proposamenari eutsiz.

3.-Santiago Arraiza Zorzano jaunak Ekohiriko Bizilagunen Elkartearen izenean aurkeztutako eskaera (1.239 sinadura erantsi ditu, gehienak Sarrigurengo bizilagunenak).

Eskaera 2009ko maiatzaren 13an aurkeztu zen, epez kanpo, beraz. Ondokoa dio:

"Sarrigurengo Ekohiriko Bizilagunen Elkarteak sinadurak bildu ditu Miyabi enpresak Sarrigurengo UPSan egin nahi dituen aldaketen aurka.

Espedientea tramitatzen ari den departamentuari sinadura horiek aurkezten dizkiogu aintzat har ditzan, Ekohiriko biztanle gehienen iritzia agertzen baitute, baita udalarena ere, hedabideetan argitaratutako albisteek erakusten dutenez".

Eskaera hori ikusirik, bidezkoa da Presentación Zubillaga Auza andrearen alegazioei emandako erantzun bera ematea.

IV.-Iruñerriko Mankomunitatearen txostena.

2009ko otsailaren 20an Iruñerriko Mankomunitateak txostena aurkeztu zuen, espediente honetan proposatzen diren jarduketek gaur egungo hornidura eta saneamendu sareetan nola eraginen luketen azaltzen duena. Lurpeko aparkalekuek eta hiru kubok eraginen lukete sareetan. Ez ditugu lurpeko aparkalekuen ukipenak deskribatuko, zeren eta, Eguesibarko Udalaren erabakiari buruzko ondorioan azaldu den bezala, aparkaleku horiek espedientetik kanpo utziko baitira.

Kuboei dagokienez, Mankomunitatearen txostenak dio nahitaezko lerrokadura berriek hornidurako hodi bat ukitzen dutela 9-19, 9-20 eta 9-18 lurzatietan, eta azken lurzati horretan 300 mm-ko saneamendu kolektore bat ere ukitzen dutela, 6 metroko sakoneran. Horregatik, kuboak eraiki baino lehen hodi horiek desbideratu egin behar dira, espazio publikoetan zehar betiere, aipatu txostenean azaltzen diren jarraibideen arabera.

Alabaina, hodi horien gaineko ukipena saihesten ahal bada nahitaezko lerrokadura paraleloan mugituz, hiru kuboak lerrokatuta mantendurik bakoitza bere lurzatiaren barnean -eta, era berean, 9-20 kuboa 9-3tik 9-17ra bitarteko kuboekin lerrokatuta mantendurik-, soluzio horixe planteatu liteke aipatutako hiru kuboak eraikitzeko proiektuan -proiektuari Mankomunitatearen aldeko txostena erantsiko litzaioke-, hirigintzako tramitazio gehiago egin beharrik izan gabe.

V.-Erreferentziako erabakiko determinazioak betetzea.

Espediente honen tramitazioari hasiera eman zion Gobernuaren Erabakiak dioenez, espedientea behin betiko onetsi aurretik erantzuna eman behar zaie erabakiaren azalpen zatiko III. atalean ("Hirigintzaren gaineko gogoetak") adierazitako auziei. Atal horrek ondokoa dio:

21. artikuluan %50etik gorako malden debekuaren ordez 45º-tik gorako malden debekua ezartzeak arauan aldaketa nabarmena dakar, 45º-ko malda %100eko maldaren parekoa delako. Beraz, proposamenarekin batera doazen grafikoen arabera bigarren malda hori ziurrenik egonen ez dela kontuan hartuta, bidezkoa da zehaztapen hori berrikusi eta justifikatzea.

Sustatzaileak ez du ez berrikuspenik ez justifikaziorik aurkeztu determinazio horri dagokionez. Beraz, bidezkoa da jatorrizko determinazioari eustea, hau da, %50etik gorako malden debekuari eustea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Sarrigurengo Ekohiriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala 9. Ordenantzari ("Berrikuntzaren Kuboak") dagokionez aldatzeko espedientea, Miyabi enpresa publikoak sustatua, onestea, espedientean proposaturiko sestrapeko aparkalekuak onespenetik kanpo utzita, eta 8. Ordenantzari ("Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema") dagokion aldaketa ezestea.

3. 9-18, 9-19 eta 9-20 kuboak eraiki baino lehen, horien lerrokadura berriek ukitzen dituzten hodiak desbideratu egin behar dira, Iruñeko Mankomunitateak espediente honi buruzko txostenean azaldutako baldintzak eta betekizunak betez.

Hodi horien gaineko ukipena saihesten ahal bada nahitaezko lerrokadura paraleloan mugituz, hiru kuboak lerrokatuta mantendurik bakoitza bere lurzatiaren barnean -eta, era berean, 9-20 kuboa 9-3tik 9-17ra bitarteko kuboekin lerrokatuta mantendurik-, soluzio horixe planteatu ahal izanen da aipatutako hiru kuboak eraikitzeko proiektuan, hirigintzako tramitazio gehiago egin beharrik izan gabe. Eraikuntza proiektu horri, ordea, Mankomunitatearen aldeko txostena erantsi beharko zaio.

4. Indarrean eustea %50etik gorako maldak debekatzen dituen UPSko determinazioari.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Etxebizitza Zerbitzura eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igortzea.

6. Erabaki hau Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Nasuinsari, Miyabiri eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek bide administratiboa amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahal izanen diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko ekainaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0918037