88. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

287/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

2009ko apirilaren 7an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen honako komunikazio hau argitaratu zen: "Estatuko laguntzei aplikatzen ahal zaien aldi baterako esparrua, gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioaren unean finantziazioa lortzen laguntzeko" (2009/C 83/01).

Halaber, Batzordeak Espainiako laguntza araubidea baimendu du; araubide hori oinarritzen da aldi baterako esparru horretan zenbateko mugatuko laguntza bateragarriei buruz ezarritako xedapenetan (Estatuko N307/2009 laguntza). Zehazki, gehieneko laguntza 500.000 eurokoa izanen da enpresako, eta 2008ko uztailaren 1ean krisian ez zeuden enpresei soilik aplikatuko zaie araubidea.

Foru agindu honen xedea da aipatu araubidean aurreikusitakoa garatzea, zeinak 2010eko abenduaren 31ra arte izanen baitu indarra, Batzordeak baimendurik, EE Itunaren araberako Estatuko laguntzei buruzko arauetan ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Laguntza hauen xedea Nafarroako enpresa sarearen lehiakortasuna handitzea da, horrela gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzariotik indartuta irteteko, eta horrek laguntzen onura publikoa justifikatzen du.

2. artikulua. Onuradunak.

Nafarroan kokatuta dauden eta baldintza hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahal dituzte laguntzak:

a) 2008ko uztailaren 1ean krisian ez egotea. Ondorio horietarako, "enpresa krisian" dagoela esanen da honako kasu hauetan:

-Enpresa handien kasuan, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen 2.1 puntuan ezarritako definizioarekin bat heldu direnak (C 244 AO, 2004ko urriaren 1ekoa).

-ETEen kasuan, Batzordeak abuztuaren 6an emandako 800/2008 (EE) Erregelamenduaren 1.7 artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra) (L 214 AO, 2008ko abuztuaren 9koa).

b) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren debekuetako bakarrik ere ez dutela frogatzea, 2. ataleko b) eta e) letretan aipatutakoak izan ezik, onuradunen ezaugarri bereziengatik salbuesten baitira. Horretarako, eskabidearen inprimakian sartu den erantzukizuneko aitorpena bete beharko dute enpresek.

3. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

a) Teknologia, dibertsifikazioa edo enpresen berregituraketa sartzearen izaera izatea.

b) Enpresak inbertsio ahalegin egokia egitea.

c) Enplegua sortu edo finkatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarritako beste laguntza araubide batzuetara jotzerik ez duten jarduketak izatea.

2. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta laguntzen zenbatekoa, enpresa bakoitzeko 500.000 euro gehienez:

a) Bideragarritasunaren azterlanak: kanpoko aholkularitzaren gastuen %50ekoa izanen da diru-laguntza.

Enpresen berregituratze edo krisi prozesu baten ondoriozko enpresa berrien ekimenen kasuan, edo zenbait enpresaren ekimen bateratuaren kasuan, diruz laguntzen ahal den kostuaren %80koa izanen da diru-laguntza. Enpresa berria oraindik eratu ez bada, enpresei aholku emateko eta enpresak sustatzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko entitate baten bitartez eskatu eta ordainduko da laguntza.

b) Inbertsio proiektuak: jarraian aipatzen diren gastuen %25ekoa izanen da diru-laguntza:

-Alternatibei buruzko azterlanak.

-Makineria eskuratzea.

-Instalazioak zerbitzuan jartzea.

-Know-how eskuratzea.

-Proiektua gauzatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.

4. artikulua. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea Enpresako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onesten duen urteroko deialdian aipatzen den egunean hasiko da.

Eskaerak, www.navarra.es orriko laguntzen fitxan lortzen ahal den ereduaren arabera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskaerarekin batera jarduketaren memoria bat aurkeztuko da, www.navarra.es orriko laguntzen fitxan dagoen eredua erabiliz.

Memoria horretan enpresaren egoera finantzarioa frogatzen duten agiriak sartuko dira, bai eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako "de minimis" laguntzei eta aldi baterako esparruaren babesean jasotako laguntzei buruzko aitorpena ere.

5. artikulua. Laguntzak ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako aurrekontuak agortzen badira, eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena organo eskudunari igorriko dio; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Laguntzaren xedea beterik, onuradunek egindako gastuak justifikatu beharko dituzte, laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean. Horretarako, gastuak justifikatzeko inprimakia aurkeztu beharko dute, www.navarra.es orriko laguntzen fitxatik aterata.

Diruz laguntzen ahal den jarduketaren ezaugarriak kontuan hartuta, laguntza eman edo ordaintzeko ebazpenean epe bat jartzen ahalko da, onuradunek egindako gastuen ordainketa froga dezaten.

Ezarritako moduan eta epean justifikatzen ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, itzuli egin beharko da.

2. Diru-laguntzaren xede den gastuak obra burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunen horniketa egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan 12.000 eurokoa gainditzen badu, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gastuak justifikatzeko inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpena betez horretarako.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

7. artikulua. Laguntzen ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen xedea kontuan harturik, emandako diru-laguntzaren ordainketaren aurrerakinak egiten ahalko dira. 60.000 eurotik gorako aurrerakinen kasuan, beharrezkoa izanen da bermeak aurkeztea.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xede diren ekintza eta eginkizunak egitea, harturiko funtsak horretan erabiliz.

b) Laguntzak emateko ebazpenean enpresaren geroko bideragarritasuna eta onartutako funtsen aplikazio zuzena bermatzeko ezarritako baldintzak betetzea.

c) Diru-laguntza hauen xede den inbertsioa Nafarroan mantendu beharko da, kasuan kasuko jarduerari loturik eta enpresaren jabetzapean, gutxienez ere 5 urtez, inbertsio osoa burutzen denetik aurrera. Lurretan eta eraikinetan egindako inbertsioen kasuan, gutxieneko aldi hori 10 urtekoa izanen da.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza eman edo ordaintzeko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

9. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin metatzen ahalko dira edo finantziazio komunitarioaren beste bide batzuekin, baldin eta Kategoria aplikagarrien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan ezarritako gehieneko laguntza mailak errespetatzen badira.

2. Laguntza hauek ezin izanen dira metatu abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan ageri diren kostu hautagarri beretarako laguntzekin. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Enpresak "de minimis" laguntza jaso badu "Estatuko laguntzei aplikatzen ahal zaien aldi baterako esparrua, gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioaren unean finantziazioa lortzen laguntzeko" izenekoak indarra hartu baino lehen, aipatu den aldi baterako esparruaren 4.2 atalean ezarritako laguntzak eta jasotako "de minimis" laguntza batuta ezin izanen da 500.000 euroko zenbatekoa gainditu, 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra arteko aldian.

10. artikulua. Emandako laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra.-Urteroko deialdia.

Enpresako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, foru agindu honetan araututako laguntzei dagokien urtean urteko deialdia onetsiko du.

Ebazpen horretan urtean urteko deialdiari dagokion gastua baimendu eta eskaerak aurkezteko epea ezarriko da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Eskaerak igortzea beste araubide aplikagarri batzuei lotzeko.

Beste araubide aplikagarri bat izateagatik foru agindu honetako laguntzak jasotzerik ez duten eskaerak araubide horien organo kudeatzaileei igorriko zaizkie, tramitatzeko, baina horrek ez du galaraziko organo horiek eskatu ahal izatea eskaera araudi aplikagarrian ezarritako moduan osa dadila. Aurkezpenaren hurrenkerari begira, foru agindu honen babesean egindako eskaeraren data errespetatuko da.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko ekainaren 22an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0918433