88. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

346/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, sua landalurretan nola erabili arautzen duena eta Nafarroan basoetako suteei aurrea hartzeko neurriak ezartzen dituena.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eskumena da oihaneko suteen prebentziorako eta suteen kontra borrokatzeko neurriak planifikatu, koordinatu eta betearaztea. Era berean, Oihan administrazioak eskumenak ditu oihaneko suteen prebentzioaren arloan.

Nafarroako Oihan Planaren 341. egintzan, ''oihaneko suteen aurkako aurreneurriak ezartzea'' izenekoan, oihaneko suteei aurrea hartzeko neurriak jasotzen dira eta egintza horren arduraduna Oihan Administrazioa da.

Nafarroako Oihan Planak oihanetako suteei aurrea hartzeko jarraibideak proposatzen ditu eta Oihan Administrazioak du haiek garatzeko ardura.

Landa ingurunean sua maiz erabiltzen den tresna da. Horregatik, landarediaren baldintzak horretarako egokiak direnean, suteak maiz gertatzen ahal dira eta ondorio larriak eragin. Egoera hori dela eta, beharrezkoa da langile eta baliabide tekniko ugari erabiltzea, ukituriko eremua ahalik eta txikiena izan dadin. Hondakinak, nahi ez diren landareak eta abar suntsitzeko erabiltzen da sua landa ingurunean. Landaredia ihartua dagonean, udan kasu, erreketa horiek berehala sute bihurtzen ahal dira eta horrek kalteak dakartza, eta langileak eta baliabide teknikoak erabiltzera behartzen.

Udaberrian euri asko egin du eta ondorioz belarki landareak hazi dira, suteak eragiten dituzten alderdietako bat. Udan gertatzen den agorriltzea dela eta, hildako erregai fin ugari izanen dela aurreikusten da. Egoera horrek eta tenperatura altuek suteak izateko aukera handiak dakartzate.

Erregai fin hila eskuratzeko aukera oso handia da udaminean eta, hori dela eta, piztuz gero, sutea laster zabaltzen da.

Nafarroa klima aldetik denetarikoa denez, atlantikoko eragina nabarmena duen iparraldeko alderdiko baldintzak ez dira hain larriak eta, beraz, egoki da Nafarroa geografikoki zatitzea eta sua erabiltzeko era desberdinak ezartzea.

Aurreko urteetan, landalurretan sua erabiltzeko debekua ezarri duten foru agindu bana eman dira eta suteen kopurua jaitsi egin dela egiaztatatu dugu. Beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitate osoan suaren erabilera arautzea, galera ekologiko, ekonomiko eta sozialik ez izateko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eremuak

Erregulazio honen ondorioetarako, Nafarroa bi zatitan banatuko da:

Iparraldeko eta hegoaldeko eremuen arteko muga ondoren ageri diren toki erakundeen hegoaldeko mugek ezarriko dute: Ameskoa ibarrak, Urbasa, Andia, Goñerri, Ollaran, Arakil, Irurtzun, Imotz, Atetz, Odieta, Anue, Iragi, Eugi, Zilbeti, Lintzoain, Bizkarreta, Mezkiritz, Aurizberri, Auritz, Garralda, Orotz-Betelu, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina, Jaurrieta, Espartza, Bidankoze, Erronkari, Garde.

2. artikulua. Suaren erabilera.

Arautu egiten da sua landalurretan egitea, eremu zabal irekian, ondoren azaldu bezala:

1. Debekatuta dago sua egitea zuhaiztietan, zuhaixkak edo sastrakak dauden tokietan, larreetan eta belardietan, bere babes araubidea edozein dela ere.

2. Debekatuta dago sua aisialdirako helburuetarako egitea Nafarroako hegoaldean. Debeku honen barruan sartzen dira sua egiteko prestatutako tokiak ere, hots, barbakoak edo kanpoko beste edozein instalazio eta errepideen ondoko atsedenguneak.

Nafarroako iparraldean sua aisialdirako helburuetarako egiten ahal da horretarako egokitutako tokietan, hots, barbakoetan edo kanpoko beste edozein instalaziotan eta errepideen ondoko atsedenguneetan.

3. Oihaneko aprobetxamenduetan edo oihangintzako tratamenduetan gelditzen diren hondarrak erretzea debekatuta dago, salbu eta ezinbesteko arrazoi fitosanitarioengatik Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez baimentzen direnean.

4. Lehorreko alorretan edozein erreketa debekatuta dago, foru agindu honen 8.4 puntuan aurreikusitako salbuespenekin.

5. Landalurretan material piroteknikoaren erabilera debekatuta dago, edozein helburu duela ere. Aurreko debekuaz gain, eta hirilurretan nahiz lurzoru urbanizagarrietan su-festen ikuskizun publikoak egiten direnean, landalurretik 300 metrora edo hurbilago, ondoko aurreneurriak hartuko dira:

a) Astebete lehenago Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiari su-festak noiz eta non eginen diren adieraziko zaio.

b) Suak hasten diren unean horren berri eman beharko zaio SOS Nafarroa 112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari. Bukatzen direnean ere berdin eginen da.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, SOS Nafarroa 112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari eman beharko zaio abisua ahalik eta lasterren.

6. Erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer botatzea edo uztea debekatuta dago; debekuaren barruan sartzen da Nafarroako edozein komunikazio bidetatik zirkulatzen duten ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea.

7. Eremu irekiko landalurra da eraikinetatik kanpo dagoena. Landalurretan su egiten ahalko da eraikinetan, etxoletan edo eraikuntza-paramentuetan, betiere, gutxienez, eraikitze materialez eginiko hiru pareta eta zorua baldin badituzte, edo landarerik gabeko zorua, bai eta ilintiak itzaltzekoa duen tximinia ere.

3. artikulua. Ibilgailu motordunak.

Baso-pistetan ibilgailu motordunekin zirkulatzeko ondoko arau hauek bete beharko dira:

1. Foru agindu honen ondorioetarako, basoan den edozein bide hartuko da baso-pistatzat, zola emanda egon edo ez egon. Ez dira baso-pistatzat hartuko Nafarroako errepideen sarean sartuta dauden komunikabideak.

2. Bestelako baimenik ezertan ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Nafarroako baso-pistetan:

a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak.

b) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.

c) Administrazio Publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.

d) Baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren basoko zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak (baso aprobetxamenduekin, baso-lanekin eta basoko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira basoko zereginetan).

e) Baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.

f) Administrazio Publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.

g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze-lanetan erabiltzen diren ibilgailuak, baita ur eta hondakinen mankomunitateenak ere.

h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, baso-pistak zerbitzua ematen dien lurretan.

i) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei laguntza emateko ibilgailuak.

j) Onddo-barrutietako bazkideen ibilgailuak, perretxiko eta onddo denboraldian. Horretarako, barrutiaren titularrak luzatutako egiaztagiria izan beharko dute.

3. Arestian aipatutako ibilgailuek, baso-pistetan barna ibiltzen direnean, honako prebentzio-neurri hauek bete beharko dituzte nahitaez:

a) Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.

b) Ibilgailu horiek baso-pistan bertan edo espresuki prestatutako tokietan baizik ezin izanen dira aparkatu. Debekatua dago, erabat, beste inon aparkatzea.

c) Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek SOS Nafarroa 112-Nafarroako Larrialdietako Agentziari abisatu beharko diote ahalik eta lasterren.

Ibilgailuan eskuko ur-itzalgailu bat izatea gomendatzen da (itzalgailu hidrikoa, sulfatagailua, sua itzaltzeko bizkar-zorroa, etab.), gutxienez 15 litrokoa.

4. Debekatua dago aurreko puntuetan aipatu gabeko ibilgailuak "Eremuak" izeneko 1. atalean mugaturiko hegoaldeko baso-pistetan barna ibiltzea. Hori hala izanik ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimen bereziak eman litzake. Iparraldeko eremuan indarra duen araudiaren arabera ibiltzen ahalko da.

4. artikulua. Baso lanak.

13/1990 Foru Legean menditzat hartutako lurretan baso-lanetarako makina eta tresnak erabiltzeko arauak.

1. Mendian motorra duen edozein tresna hartuko da basoko makina edo tresnatzat, potentzia edonolakoa duela ere.

2. Mendian edozein makina edo ekipo erabiltzeko, baso-pistetan zirkulatzen duten ibilgailuei eskatzen zaizkien baldintza berberak bete beharko dira. Gainera, makina handiekin lan egiten den tokietan (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.), gutxienez ur biltontzi bat jarriko da, 1.000 litrotik gorakoa.

5. artikulua. Aurretiko baimenak.

1. Foru agindu honen aurretik eman ziren baimen guztiak indarrik gabe geldituko dira hau argitaratzen denetik baldin eta foru agindu honetan espresuki baimendutako jarduerak ez badira.

2. Foru agindu honetan baimentzen diren jarduerak orain ezarri diren neurrietara egokituko dira foru agindu hau argitaratu eta zazpi egun naturaleko epean.

6. artikulua. Nekazaritzako lurzatiak.

1. Lehorreko hektarea bakoitzeko batez beste 4.4, 4.1 edo 3.7 tonako errendimendua esleitua duten eta herriguneekin, edozein motatako errepideekin, trenbideekin edo 10 hektarea baino gehiagoko zuhaiztiekin muga egiten duten udalerrietan, uztondoa duten nekazaritzako lurzatien jabeek edo laborariek eta berregituratze eta moldatze programaren arabera laguntzak eta mahastia erauzteko prima hartzen dituzten nekazariek lurra lantzen ahalko dute uzta ondoko edozein momentutan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 22an emandako 286/2009 Foru Aginduan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

2. Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat landuko da haien perimetroan, lasto metaren altueraren adinakoa, gutxienez, uzta ondoko 10 eguneko epean. Lasto metak uzta ondoren egiten badira, perimetroko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean landuko da.

7. artikulua. Bestelako baimenak.

Foru agindu honi jarraikiz ematen diren baimen orokorrak bateragarriak dira aplikatu beharreko beste edozein arauren arabera eska daitekeen beste edozeinekin.

8. artikulua. Ohiz kanpoko baimenak.

1. Erromeriak edo festak. Salbuespen gisa, toki entitateen egutegietan usadioz ezarrita dauden erromerietan eta festetan jana prestatzeko sua egiteko baimena ematen ahalko da.

Eskabidea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalean aurkeztu beharko du ospakizuna egin behar den udal edo kontzejuak, gutxienez 15 egun lehenago, eta Aministrazio hori arduratuko da berariaz eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuz zehaztuko diren prebentzio neurriak betetzeaz.

2. Erlezaintza. Erlezainen Elkarteak aurretik eskatuta, baimen berezia ematen ahalko da kea botatzekoak erabiltzeko erlauntzetako lanetan. Elkarteak bazkide zerrenda bat aurkeztu beharko du, tratamenduak egiteko interesa duten ustiategiak adierazita.

3. Kanpin kategoriako ostalaritzako establezimenduetan sutegi edo barbakoa iraunkorretan sua egiten ahalko da baldin eta horretarako prestatutako eremua kanpinaren perimetrotik 15 metrora badago, gutxienez, eta prebentzio neurriak baditu (ur-maukak).

4. Ureztaketa lurretako labore hondarrak eta inauste hondakinak erretzen ahalko dira. Horretarako, kasuan kasuko udalak eman beharreko baimena eduki beharko da eta bat etorri beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 22an eman 286/2009 Foru Aginduarekin. Horren bidez, kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

Baso arloko foru legerian menditzat jotzen den lurretatik 400 m baino gutxiagotara egiten diren erreketetan, erre beharreko eremuaren inguruan 8 metroko edo gehiagoko suebaki bat egin beharko da, landare guztiak kenduz eta lurra irauliz lur minerala agertu arte.

5. Artoaren eta arrozaren uztondoak erretzen ahalko dira, baldin eta hondarrak mukuruetan edo ilaretan jartzen badira. Horretarako, dagokion Udalak luzatutako beharrezko baimena beharko da.

6. Berrogeialdipeko organismoak desagerrarazteko jarduketa ofizialen kasuan, landare materiala erretzeko baimena ematen ahalko da erauzi baino lehen. Baimen horretarako beharrezkoa izanen da kutsaduraren adierazpena eta hartu beharreko neurriak aldez aurretik onestea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez.

7. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena ematen ahalko du uztondoak erretzeko, organismo kaltegarrien gordailuak kentzearren eta etorkizuneko kutsatzeak saihestearren, 2008-2009 kanpainan sortutako arazo fitosanitarioek hurrengo laboreen fitosanitatea arriskuan jar dezaketenean.

8. Su-festen ikuskizun publikoak egiten ahalko dira hirilurren ondoko landalurretan, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak, kontuan hartuta lekuaren eta ingurunearen ezaugarriak, suterik sortu edo hedatzeko izan litezkeen inguruabarrak eta sustatzaileak harturiko prebentzio neurriak, emandako adostasun txostena izanik.

9. artikulua. Baimenen indarraldia eta ondorioak.

1. Arau hauek indarra izanen dute harik eta, metereologiaren ezaugarriak aldatu direla eta, kentzen diren arte.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, egoera klimatikoaren eta oihanetan sua izateko arriskuaren bilakaera aintzat hartuta, indarrik gabe utz litzake foru agindu honetan edo salbuespenez ematen den beste edozeinetan jasotzen diren baimenak.

10. artikulua. Betetzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko landako langileei, Foruzaingoaren Ingurumena Babesteko Brigadari eta Guardia Zibilaren Sepronari hemen azaldutakoa bete dadin zaindu dezatela eskatzea.

11. artikulua. Jakinarazpenak.

Foru agindu honen berri ematea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdi Agentziari, Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko gainerako zerbitzuei eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende orok jakin dezan.

12. artikulua. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko ekainaren 25ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0919005