88. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

339/2009 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, mahats mota zurietako mahastiak landatzea baimentzeko prozedura ezartzen duena, Nafarroako Foru Komunitatean landatu ere, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babesturiko mahastizaintza eremuan, deitura horrek babestuta ez dauden eremuetatik heldu diren eskubideekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbaren eskubideekin.

Merkatu azterketek eta Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren 2005-2020 aldiko Plan Estrategikoek erakusten dute komenigarri dela ardo zurien ekoizpena handitzea, landaketa berriak direla medio ardo zuri moten kopurua handituz.

Otsailaren 6an, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemailearen osoko bilkura bereziak erabaki zuen 2.000-2.500 hektarea berri landatzea, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren erregelamenduak babestutako mahats zuri mota batzuekin. Adierazpen geografiko horretako ardo zurien lehiakortasuna hobetzeko neurri estrategikotzat jotzen da hori.

Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren eremu geografikoa eratzen duten hiru autonomia erkidegoetan egin beharko litzateke azalera horren landaketa. Lurralde horietako bakoitzak Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuan inskribatuta duen mahasti azalera kontuan hartuta, proportzionalki egin beharko litzateke banaketa.

Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemaileak zehazten dituen mahats zuri motekin eginen dira landaketak, beste autonomia erkidego eta jatorrizko deitura batzuen eta Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbaren eskubideak eskualdatuta egin ere.

Honako hauek arautzen dituzte birlandaketa eskubideen eskualdatzeak: Mahastien produkzio ahalmena arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretua eta abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretua, Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duena. Lurzatia non dagoen, hango autonomia erkidegoak ematen du landatzeko baimena, baina hori eskuratu baino lehen beharrezkoa da Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak baimena ematea, birlandatzeko eskubideak eskualdatzeko.

Abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa erakunde autonomoari dagokio Foru Agindu hau betearazteko behar diren ebazpen administratiboak ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru Agindu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babestutako eremuan, mahats zuriaren zenbait mota landatzeko eskaerak aurkezteko eta baimenak tramitatu eta emateko prozedura ezartzea.

2. Eskubideak honako hauetatik etorriko dira:

a) Beste autonomia erkidego eta jatorrizko deitura batzuetatik heldu diren mahasti landaketako eskubideak eskuratzetik.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbatik.

2. artikulua. Gehienez ere baimenduko den mahasti azalera.

Baimenduko den gehieneko azalera Kontseilu Arauemaileak hartu erabakiak zehazten du, hura osatzen duten autonomia erkidegoen artean doikuntza eta banaketa egin ondoren.

3. artikulua. Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke baimen hauen onuradunak:

a) Beste autonomia erkidego edo jatorrizko deitura batzuen landaketa eskubideak eskualdatzeko baimenen kasuan, foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.

b) Nekazari gazteak, Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbaren birlandaketa eskubideen kasuan.

4. artikulua. Eskubideak eskuratzeko baldintzak.

1. Betebehar orokorrak:

a) Eskatzailea Nafarroako Mahastien Erregistroan egonen da inskribatua Foru Agindu honek indarra hartzen duen egunean.

b) Eskatzaileak 2 hektareako mahastizaintzako ustiategia izan beharko du, gutxienez ere. 2007ko urtarrilaren 1etik aitzina ezarritako nekazari gazteek ez dute baldintza hori bete beharko.

c) Ez eskatzaileak ez eskubideak gauzatuko diren lurzatiko jabeak ez dute izanen birlandaketa eskubideak inskribatuta Nafarroako Mahastien Erregistroan, salbu eta horiek gutxiegi badira eskatutako azalera osatzeko.

d) Eskubideak gauzatu nahi diren landaketa unitatearen gutxieneko azalera 0,6 hektareakoa izanen da. Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako birlandaketa eskubideak eskatzeko, hektarea batekoa da gutxieneko azalera.

2. Birlandaketa eskubideak eskualdatzeko baimena lortu ahal izateko baldintzak:

a) Birlandaketa eskubideen eskualdatzeek ez dute ekarriko haiek erabiliko diren eremuan mahastien produkzio ahalmena handitzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko udaletan kokaturiko lurzatietan gauzatuko dira eskubideak, Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuak babesturiko eremuan.

c) Baimena eman ondoren mahatsondoen bigarren uztaldia bukatu baino lehen eginen da baimendutako landaketa. Epe hori igaro ondoan, erabili gabeko eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Erreserban sartuko dira.

d) Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemaileak ezarritako araudia beteko dute landaketek.

e) Lurzati batean, landaketa eskubideak ezin izanen dituzte erabili pertsona batek baino gehiagok, jabekideek izan ezik. Puntu honetan, ganantzialen edo konkisten sozietateak jabe bakartzat hartuko dira.

f) Eskatzaile bakoitzak bakarrik katastroko lurzati baterako jasoko du baimena, edo zenbaitetarako, baldin eta lurzatiak mugakideak badira.

g) Soilik mahats zuri mota hauek landatzeko baimenak emanen dira: Sauvignon Blanc, Chardonnay, Verdejo, Maturana Zuri eta Tempranillo Zuri izenekoak. Eskubide hauekin beste mahats mota bat landatzen bada, legez kanpokoa izanen da eta erauzi eginen da.

5. artikulua. Banaketa irizpideak eta eskatzailearen gehieneko azalera.

1.-Baimendu beharreko azaleraren banaketa lehentasun ordena honen arabera eginen da:

1. Nekazari gazteak, lehentasunezko ustiategien titularrak, 2007ko urtarrilaren 1az geroztik ezarri direnak.

2. Lehentasunezko ustiategia duten nekazari gazteak.

3. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak, lehentasunezko ustiategia dutenak.

4. Gainerako nekazari gazteak.

5. Ogibide nagusia nekazaritza duten gainerako nekazariak.

6. Gainontzeko mahastizainak.

2.-Eskatutako hektaera kopurua gehienezko azalera baino handiagoa bada, lehentasuneko maila bakoitzaren baitan, eskatzaile hauei emanen zaie lehentasuna:

1. Esleitu behar zaizkien eskubideekin osorik landatutako lurzatia lortuko duten jabeak edo errentariak, gurasoen eta seme-alaben arteko errentamendu kontratuak dituztenak, azalera handiagoa dutenak lehenesten direla.

2. Herrilurren erabiltzaileak edo errentariak, esleitu behar zaizkien eskubideekin osorik landatutako lurzatia lortuko dutenak, azalera handiagoa dutenak lehenesten direla.

3. Kooperatiba plan batean sartutako proiektuak dituzten eskatzaileak, lantze berezia ezartzeko behar adina azalera dutenak, azalera handiagoa dutenak lehenesten direla.

4. Esleitu behar zaizkien eskubideekin puska bat landatua duen lurzatia lortuko duten jabeak edo errentariak, gurasoen eta seme-alaben arteko errentamendu kontratuak dituztenak, azalera handiagoa dutenak lehenesten direla.

3.-Hau izanen da onuradun bakoitzari emanen zaion gehieneko azalera:

a) Oro har gehienez ere hektarea bat emanen zaio onuradun gertatzen den eskatzaile bakoitzari.

b) Nekazari gazteak, lurzatia osatu eta mahatsondoz beteko duten mahastizainak edo Nafarroan kokaturiko upelategiak (ardo botilaratua egin eta saltzen duten mahastien titularrak) direnean, gehienez ere 1,5 hektarea esleituko dira. Ezin izanen zaie aldi berean baimena eman upelategi bati eta upelategiaren jabetzan %10 baino gehiago bere eskutan duen titular ekoizle bati (akzioduna, bazkidea edo beste era bateko jabetza duena izan).

c) Lehen instalazioa egiten duten nekazari gazteek, lehentasunezko ustiategi baten titularrek, gehienez ere 2 hektareako esleipena jasotzen ahalko dute.

6. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Landaketa eskubideak eskualdatzeko baimenaren eskabideak lortzen ahalko dira Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren bulegoetan, Erriberrin, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskualdeko eta ataletako bulegoetan. Mahastizainek eskabideak bete eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan aurkeztuko dituzte, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetan.

2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Eskatzailea den nekazariak edo lurzatiaren jabeak duen NANaren edo IFKren fotokopia.

-Lurzatiak eskatzailearenak baldin badira, eskritura publikoa aurkeztuko da; edo, bestela, Landalurren Katastroko orrialdea, gaurkotua.

-Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, haiek erabiltzeko eskubidea honelaxe frogatu beharko da: errentamendu kontratua izanez gero, hura Nafarroako landa errentamenduen erregistroan inskribatua egon beharko da, eta errentamendu kontratuan agertuko da kontratuaren iraupena gutxienez ere 10 urtekoa izanen dela eta aipatuko da birlandaketa eskubideen hartzailea zein den mahastiak erauzteko unean. Gozamena badago, hori frogatzen duen eskritura publikoa aurkeztuko da.

-Herrilurreko lurzatiak badira, udal ziurtagiria aurkeztuko da, delako herrilurra gutxienez ere 10 urterako esleitu dela dioena.

-Sozietateen kasuan, honako hauek aurkeztuko dira: eraketa eskritura, sozietatearen egungo bazkide zerrenda, bazkideen NANen edo IFKen fotokopia eta partaidetza ehunekoa.

7. artikulua. Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epeak.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

2. Eskabidearekin batera ez bada eskatutako dokumentazioa aurkezten, interesdunari errekerimendua eginen zaio, hutsegitea zuzendu edo agintzen diren agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean. Akatsak zuzentzen ez baditu, ulertuko da bere eskaera bertan behera utzi duela.

8. artikulua. Eskubideak eskualdatzeko eskaeren ebazpena.

Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzaileari dagokio eskaerak ebaztea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, aurkezten direnetik aitzina. Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako birlandaketa eskubideak hartzen dituzten nekazari gazteei, ebazpenarekin batera, ordainketa gutuna emanen zaie, ordain dezaten.

9. artikulua. Birlandaketa eskubideak eskualdatzeko baimena ukatzeko arrazoiak.

Honako hauek dira birlandaketa eskubideak eskualdatzeko baimena ukatzeko arrazoiak:

1. Eskatzaileak edo lurzatiaren jabeak ez betetzea mahastizaintzari eta ardogintzari buruzko arautegia, foru agindu hau argitaratzen den egunean.

2. Landatzeko baimena lortu aurretik lurzatian mahatsondoak landatuta egotea.

3. Landatzeko eskatzen den lurzatia hiri lurzati edo lurzati urbanizagarri gisa sailkatuta egotea.

4. Lurzatia ureztaketakoa izatea eta ez betetzea Mahastizaintza eta Ardogintza Arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 14. eta 15. artikuluetan xedatua.

10. artikulua. Birlandaketa eskubideak eskualdatzeko baimena lortu ondoan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Birlandaketa eskubideak eskualdatzeko baimenaren ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, honako agiri hauek aurkeztuko dira Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan:

a) Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Baliabideen zuzendari nagusiari zuzendutako eskabidea, mahastiak birlandatzeko eskubideen eskualdatzeari buruzkoa, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak emandako inprimaki ofizialaren arabera.

b) Eskubideak nongoak diren, autonomia erkidego hark emandako ziurtagiria, eskubide horiek badaudela dioena.

c) Birlandaketa eskubideak salerosteko kontratua. Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako eskubideak jasoz gero, dagokion ordainketa gutuna ordaindu izana erakutsiko da. Erreserbako eskubide bakoitzak 1.350 euro balio ditu hektareako.

2. Agiri hauek Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministeriora igorriko dira, eskubideen eskualdatzea onesteko.

11. artikulua. Landatzeko baimenaren eskaera.

Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak mahastizain bakoitzari jakinarazten dionean eskubideak eskualdatzeko baimena ematen diola, mahastizainak, jakinarazi ondoko bi hilabeteko epean, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan aurkeztu beharko du landatzeko baimenaren eskaera, hari erantsirik Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak emandako ebazpena, eskualdaketa baimentzeari buruzkoa. Eskualdatzea baimenduko ez balitz, beharrik gabe ordaindutako dirua itzuliko litzateke.

12. artikulua. Mahastizainen konpromisoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako eskubideak hartzen dituzten mahastizainek konpromiso hauek beteko dituzte:

a) Landatu ondoren, gutxienez ere hamar uztaldiko epean zuzenean lantzea mahastia, inola ere eskualdatzerik ez duela, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Epe horretan ezin izanen du mahastia erauzi, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta betiere mahasti zati hori birlandatzen bada.

b) Ezin izanen ditu eskualdatu, errentan eman edo utzi, inola ere, ez mahastizaintzako ustiategiaren gainerako zatia ez mahasti lurzatiak ez bere jabetzako birlandaketa eskubideak, landatu ondoko bost uztaldietan, salbu eta lehen gradurainoko ahaideen alde badira eskualdatzeak, errentamenduak edo lagapenak, edo ezinbesteko kasua bada.

c) Ezin izanen da mota beltz batera igaro, landatu ondoko 20 urteko epean.

2. Gainerako mahastizainek a) eta c) ataletan ezarritako konpromisoak beteko dituzte.

3. Konpromisoak bete ezean, aldez aurretik dagokion espedientea tramitaturik, emandako landaketa eskubideak galduko dira, eta horiek Nafarroako Foru Komunitateko Erreserban sartuko dira.

Lehen xedapen gehigarria.-Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako eskubideak ematetik etorritako diru-sarrerak.

Foru agindu honetatik etorritako diru-sarrerak kontu-sail honetan sartuko dira: 730000-72400-7700-000002 "Nafarroako Foru Komunitateko Erreserbako mahasti birlandaketako eskubideak saltzetik etorritako diru-sarrerak", 2009. urteko diru-sarreren aurrekontukoa, edo horren baliokidea, 2010eko diru-sarreren aurrekontuan sortzen dena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko ekainaren 19an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0918355