81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

338/2009 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Katalaingo zerbitzu orokorren proiektu teknikorako. Sustatzailea Orbaibarko Udalen Batasuna da.

2009ko apirilaren 20an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) eta N) ataletan sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Katalaingo multzo historikoan saneamendu, hornidura, argindar eta komunikazio azpiegiturak jarri nahi dira.

Hornidura Garinoaingo sare nagusitik hartuko da, ur biltegiaren inguruetan. Katalaingo eguzki begiko mazelan zehar polietilenozko hodia jarriko da, 63 mm-ko diametrokoa eta gutxi gorabehera 772 metro luzekoa.

Saneamendurako, zenbait aukera aztertu ondoren banakako arazte sistema instalatzea hautatu da: sistema primario bat eta sistema sekundario bat, inguruko lurra erabiliko duena, ura iragazketaren bidez arazteko.

Errepidearen ondoko telefono linean konexioa eginen da multzo historikotik 36 metrora.

Argindar hornidurarako erdi tentsioko linea jarri nahi da, Katalaingo eguzki begiko mazelaren goiko aldea gaur egun zeharkatzen duen 13,2 kV-eko lineatik hasita. Errepide ertzeraino aireko linea jarriko da eta hortik aurrera lurpeko kanalizazioa eginen da; horrek errepidea gurutzatuko du eta transformazio zentroaren eraikinean sartuko da. Linea berriak metalezko 3 euskarri berri izanen ditu, horietako bat oraingo euskarri baten ordez.

Lurzati hauek ukituko dira: 2. poligonoko 28. eta 579. lurzatiak, multzo historikoa dagoen tokian, eta 2. poligonoko 12. lurzatia. Guztiak Garinoaingo udal mugapean daude.

Proiektua azterturik, ondorioztatu da Katalaingo eguzki begiko mazelan izanen dela ukipen handiena, batez ere multzo historikotik hurbilen dagoen aldean. Azpiegiturek ukituko duten mazela abarizti trinko batez estalita dago. Bertan ugariak dira zuhaixka espezie mediterraneoak eta orkideak. Ur biltegiaren inguruetan landarediaren kontserbazio egoera txarragoa da garai bateko abeltzaintzaren ondorioz, gaur egun abererik ez badago ere. Hor sastrakadia irekiagoa da, eta abariztiak, behinola nagusi izan bide zen landarediaren (artadi hostobiribilen Aragoi Behereko seriea) ordezpen estadioak, ordezko sastrakadietako ohiko landare laguntzaileak ditu aberasgarri, hala nola Rosmarinus officinalis, Juniperus oxycedrus, Thymus vulgaris edo Brachypodium retusum.

Proiektuak ukitzen duen eremu osoa "Katalaingo Kristo Santuaren baseliza" interes kulturaleko ondasunaren inguruko babesgunean dago.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Katalaingo zerbitzu orokorren proiektu teknikorako, saneamenduko azpiegitura salbu. Sustatzailea Orbaibarko Udalen Batasuna da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Obrak hasi aurretik Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena eskuratu beharko da.

-Hornidurako hodia Katalaingo eguzki begiko mazelaren goiko edo beheko mugari jarraituz jarri beharko da. Trazadura hori ezinezkoa bada, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Zehazki, proiektuan ageri den bezala mazela diagonalean gurutzatu ordez, trazaduraren zati bat erlauntzetara doan bideari jarraituz jarriko da.

-Dena den, makina txikiak erabiliko dira, abariztiko ukipen-kalea estuagoa izan dadin.

-Zuhaitzen bat moztu beharra badago, sustatzaileak mozketarako administrazio baimena eskuratu beharko du.

-Belar-sastrakak garbitu ondoren, irekitako kalearen ertzetako landaredia saneatzeko inausketa eginen da.

-Landaredia soildu ondoko hondarrak hondakindegi baimendu batera eraman beharko dira.

-Zangak irekitzean ateratzen den landare-lurra zangak ixteko lanetan berrerabiliko da. Gainazal bukatuak leundu eta erein eginen dira.

-Putzu septikoa hondeatzean ateratzen den lurra obraren inguruan zabalduko da, eta are aparkalekuko ezpondan, bertako malda leuntzeko, duela gutxi landatutako zuhaixkak ukitu gabe. Gainazal horiek berdindu, leundu eta azkenik erein eginen dira.

-Zuhaitzen ondoan debeku da lurrak eta materialak metatzea.

-Linea elektrikoak, aireko tartean, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan zehaztutakoa bete beharko du. Dekretu horren bidez arau tekniko batzuk ezarri zitzaizkien instalazio elektrikoei, hegaztiak babesteko.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari eta Mairagako Mankomunitateari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0916295