81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

316/2009 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da 20 kV-eko aireko linea elektrikoaren (Ribaforada-Fontellas) proiekturako, honako linea hauek lotzeko: "Ribaforada-Ingurabidea CTO.1" BTA izeneko 13,2 kV-eko linea eta "Tutera-Fivena 3-2008ko abendua" BTA izeneko 13,2 kV-eko linea. Proiektua Ribaforadako eta Fontellasko (Nafarroa) udal mugapeetan gauzatuko da, eta Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du.

2008ko abenduaren 11n Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.k sustatu duen proiektu horren xedea da Fontellas inguruko herrietan geroz eta handiagoa den energia elektrikoaren eskaerari erantzutea, eta Ribaforada indarra duen legedian ezarritako paremetroei jarraikiz hedatzen laguntzea. Horretarako, beharrezkoa da 13,2 kV-eko linea 20 kV-tara pasatzea.

Linea elektriko berriak "Tutera-Fivena CTO.3" izeneko 13,2 kV-eko linea "Ribaforada-Ingurabidea CTO.1" izeneko 13,2 kV-eko linearekin lotuko du. Linea berriaren hasiera "Ribaforada-Ingurabidea CTO.1" BTA izeneko 13,2 kV-eko linearen "Ribaforada" BTAko irteera euskarrian izanen da eta bukaera, berriz, "Ribaforada-Ingurabidea CTO.1" izeneko 13,2 kV-eko linearen 162. euskarrian, Fontellasen. Proiektatutako lineak zirkuitu bikoitzeko tarte bat izanen du, Ribaforadako BTAren eta Ribaforadako Udalak aurreikusitako industrialdearen artean, eta zirkuitu bakuneko tarte bat, puntu horretan hasi eta Fontellasko udal mugapeko 162. euskarriraino.

Lineak duen eroalearen ordez LA-180 motako eroalea jarriko da, euskarriak aldatu eta metalezkoak jarriko dira, saretadunak eta bloke bakarreko zimentazioa dutenak, eta linearen lehen eta azken euskarrietan in situ maniobratzeko kommutadoreak instalatuko dira. Proiektua gauzatu ondoren, kendu eginen da zerbitzurik gabe gelditu den linea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, 20 kV-eko aireko linea elektrikoaren (Ribaforada-Fontellas) proiekturako, honako linea hauek lotzeko: 13,2 kV-eko aireko linea, Ribaforada-CTO.1 Ingurabidea BTA, eta 13,2 kV-eko aireko linea, Tutera-Fivena 3-2008ko abendua BTA. Proiektua Ribaforadako eta Fontellasko (Nafarroa) udal mugapeetan gauzatuko da, eta Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du.

2. Baimena baldintza hauen menpe egonen da:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Zerbitzurik gabe gelditutako linearen euskarri eta elementu guztiak, baita hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak ere, hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Fontellasko Udalari, Ribaforadako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 8an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915869