81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

303/2009 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da, zenbait baldintzarekin, Narbarteko udal mugapean, Bertizaranako 2. poligonoko 106. lurzatian, aldi baterako pilaketa egiteko proiekturako. Construcciones Mariezcurrena, S.L.k sustatu du.

2009ko otsailaren 9an, sustatzaileak jarduketa horretarako onespena eskatu zuen.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Hori hala, sustatzaileak, eskaerari erantzunez, 2009ko martxoaren 2an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zuen Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera proiektuaren dokumentazio teknikoaren hiru kopia aurkeztu zituen eta, dokumentazioaren barrenean, jarduketari buruzko Ingurumen ukipenen azterlana.

Proiektuan ageri da 3.000 tona material pilatu nahi dela aldi baterako; hau da, N-121-A errepideko (Bera-Endarlatsa tartea) eraikuntza proiektuko obretatik ateratzen diren leherketa materialak, harkaitzak, legarrak, etab. Beste obra propio batzuetarako erabiliko dira, 2 urteko epean.

Bertizaranako 2. poligonoko 106 A azpilurzatia lehorreko alorra da gaur egun, eta errepide horrek Narbarte aldean izan zituen obren garaian egindako betelanaz osatuta dago. 2005. urtea baino lehen egin ziren obra haiek.

Aurkeztutako kartografiaren arabera, materialak pilatzeko aukeratu den eremua aski urrun dago B eta C azpilurzatietako zuhaiztietatik, eta Baztan ibaiak gainezka egiten ahal duen eremutik kanpo. Kartografian ikusten da lur pilek 15 m-ko zabalera eta 10 m-ko garaiera izanen dutela.

Lurzatia hesituta egonen da eta sarrerarako ataka bat jartzea aurreikusi da. Pilaketa egin baino lehen, lurzatia eta sartzeko bidea berdindu eta egokitu eginen dira, bertan dagoen landare lur urria kendu eta gero. Lanak bukatutakoan, nekazaritzako erabilera emanen zaio berriz eremu horri, kendutako lur emankorrak berrezarri eta ereite lana egin ondoren.

Materialak pilatzeko fasean, aste apur batzuk, 6 kamioi ibiliko dira orduko, baina, lehen fase horren ondoren, askoz trafiko gutxiago izanen da, zeren eta aldian-aldian baizik ez baitira aterako materialak beste obra batzuetarako eta, gainera, obra txikiak izanen baitira horiek.

Aurkeztu den dokumentazioan egokiro biltzen da proiektuaren eta ingurune hartzailearen deskribapena, baita ingurumenaren arloko kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Narbarteko udal mugapean, Bertizaranako 2. poligonoko 106. lurzatian, aldi baterako pilaketa egiteko proiekturako. Construcciones Mariezcurrena, S.L.k sustatu du.

2. Baimena izateko, sustatzaileak proposatu dituen neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Proiektuko azpilurzatia gehiago okupatzea badakar ere, lur pilek ez dute 6 edo 7 m-ko garaiera baino handiagoa izanen, jarduketak sortzen duen begi-inpaktua txikiagoa izan dadin.

-Lur-berdinketaren amaierako lehengoratzea 2011ko udazkena baino lehen eginen da, eta N-121-A errepidean 2005. urtearen aurretik egindako obren aurreko nekazaritza edo abeltzaintzako erabilera berrezarriko da.

-Horretarako, pilaketak egin baino lehen kendutako landare lurra berrezartzeaz gain, 2005eko obretarako lurrak bota baino lehen kendu ziren lur emankorrak erabiliko dira. Horiek azpilurzatiaren hegoaldeko ertzean pilatuta egonen dira, Baztan ibaiaren ondoan.

-Edonola ere, hori aski ez bada azpilurzatia ongi lehengoratzeko eta, beraz, nekazaritza edo abeltzaintzako erabilera egokia berrezartzeko, kanpotik ekarritako behar beste landare lur hedatuko da.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau sustatzaileari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari eta Bertizaranako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 6an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915868