81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1470/2009 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, instalazio termikoetako energiaren kontsumoa (berokuntzakoa, girotzekoa eta ur bero sanitarioa ekoiztekoa) gutxitzeko diru-laguntzen 2008ko deialdia aldatzen duena.

Enpresako zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 2185/2008 Ebazpenaren bidez, instalazio termikoetako energiaren kontsumoa (berokuntzakoa, girotzekoa eta ur bero sanitarioa ekoiztekoa) gutxitzeko diru-laguntzen 2008ko deialdia onetsi zen.

Jasotako eskaera kopuru handiak eragin du diru-laguntzen ebaluazioak eta onartzeak aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izatea. Hori dela eta, laguntzaren kontzesioa interesdunari jakinarazten zaionetik diruz lagundutako jarduketa egiteko dagoen epea, kasu askotan, oso laburra da. Hortaz bidezkotzat jo da deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, inbertsioak gauzatzeko eta haiei dagozkien gastuak justifikatzeko epeak luzatze aldera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Instalazio termikoetako energiaren kontsumoa (berokuntzakoa, girotzekoa eta ur bero sanitarioa ekoiztekoa) gutxitzeko diru-laguntzen 2008ko deialdiaren 3. eta 7. oinarriak, jarraian azaltzen den moduan, aldatzea. Deialdia Enpresako zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 2185/2008 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

A) "Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gauzatzeko epea" izeneko 3. oinarriaren 3. atalaren testua hauxe izanen da:

"3. Diru-laguntza jasotzen ahal duen inbertsioa edo gastua egiteko epea 2007ko irailaren 22tik 2009ko irailaren 14 artekoa, biak barne, izanen da.

Obra 2009ko irailaren 14aren ondoren bukatzen bada, inbertsioa egiteko jarritako epetik kanpo dagoela joko da, eta hurrengo deialdietako laguntzak eskatzen ahalko dira.

B) "Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa" izeneko 7. oinarriaren 1. atalaren lehen paragrafoaren testua hauxe izanen da:

"1. Onarturiko diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunak frogatu beharko du diru-laguntzaren xede den jarduketa egin egin duela, 2009ko irailaren 30 baino lehen agiri hauek aurkeztuz: [ ...]."

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute ebazpenaren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko ekainaren 10ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0917814