81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 15ean hartua, "Pirinio aldeko hiri hondakinen transferentzia planta" izeneko proiektua eta haren ondoriozko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak urtarrilaren 27an emandako 17/2009 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, maiatzaren 28an emandako 466/2009 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, eta ebatzi egin zuen aurkeztutako alegazioen gainean, ebazpen horren xedapen zatian adierazitakoaren arabera.

Proiektua Nafarroako Pirinio aldeko herriek sortutako hiri hondakin solidoak tratatzeko transferentzia planta eraikitzeko da, eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da funtsezkoa delako azkar konpontzea alde horretan hiri hondakin solidoak isurtzeak sortzen dituen osasun eta ingurumen arazoak. Horrela gainera urrats bat ematen da Europako araudia betetzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. (NILSA) enpresak alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko behar adina diru dagoela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Pirinio aldeko hiri hondakinen transferentzia planta" izeneko proiektua eta haren ondoriozko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salan inpugnatu, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A.ri (Nilsa) jakinaraztea.

Iruñean, 2009ko ekainaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0918036