81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

55/2009 FORU DEKRETUA, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 15. artikuluan ezartzen du administrazio publikoek zehaztuko dutela eremu euskaldunean zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea eta, gainerakoentzat, kontuan hartzeko merezimendutzat hartuko dela, beste batzuen artean. 17. artikuluak zehazten du administrazio publikoek euskaraz jakitea merezimendutzat baloratu dezaketela euskaraz jakitea nahitaezko ez duten eremu mistoko lanpostuetara iristeko deialdietan.

Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak III. Tituluan garatzen ditu foru lege horren aurreikuspenak eta eadierazten du plantilla organikoek zehaztuko dutela euskaraz jakitea zer lanpostutan izanen den nahitaezko edo zeinetan merezimendu. Orobat, jakite maila frogatzeko modua finkatzen du. Foru dekretu horrek ordeztu du abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretua, izenburu eta eduki berberak zituena.

Ildo horretan eman zen uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretua, hark agertzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako (Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuak izan ezik) zein lanpostutan den euskaraz jakitea nahitaezko eta zer jakite maila behar duten, eta zehazten du zein lanpostutan hartu behar den euskaraz jakitea merezimendutzat, beste batzuen artean. Ondoren, plantilla organikoa aldatu duten zenbait foru dekreturen bidez hastapeneko xedapen horiek osatuz joan dira, lanpostuen ezaugarrien arabera.

Euskararen arloan zenbait neurri hartzeko Nafarroako Gobernuak 2006ko irailaren 18an harturiko Erabakiak indarrik gabe utzi zuen 2001eko otsailaren 5ean harturiko Erabakia, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan sartzeko eta haiek betetzeko deialdien merezimendu baremoetan hizkuntzak jakitearen trataera arautu zuen hura. Halaber, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari agindu zitzaion hura ordezteko beste Erabaki berri bat izapidetzeko, bertan eremu mistoko lanpostuak betetzeko deialdietan euskara merezimendu gisa baloratzea sar zedin, modulazio zehatz bati jarraikiz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barruan (Administrazio Erroan, Foruzaingoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, besteak beste) merezimenduei buruzko sektorez sektoreko baremoak anitz dira: sartzeko, mugitzeko, barne igoerako, edo dena delako prozedura izaki, dituen konfigurazio eta pisu espezifiko ezberdinak eta onesterakoan dagoen eskumen sakabanatzeak behartzen dute euskaraz jakitearen trataera batzera eta horretarako arauzko izaerako araua onestera.

Azkenik, foru dekretu honek eguneratzen du euskaraz jakitea frogatzeari buruzko araudia, lanpostuak betetzeko deialdien merezimendu baremoetan sarturik dagoenean, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen du.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2008ko ekainaren 15eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru dekretuaren helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzea, lanpostuak betetzeko deialdien merezimendu baremoetan sartzeko.

2. Foru dekretu hau ez da aplikatuko Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuak betetzeko prozeduretan, haiek aplikagarria duten berariazko araudiak agintzen baititu.

2. artikulua. Euskaraz jakitearen trataera eremu euskaldunean.

1. Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

2. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten harreman mailaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoak ezartzen ahalko du euskararen balorazioa euskal eremuko lanpostuak betetzeko deialdietan merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 10 arte areagotzea.

3. artikulua. Euskaraz jakitearen trataera eremu mistoan.

1. Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioa izanen du, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

2. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten harreman mailaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoak ezartzen ahalko du euskararen balorazioa eremu mistoko lanpostuak betetzeko deialdietan merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6 arte areagotzea.

4. artikulua. Euskaraz jakitea nola frogatu.

1. EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, izateak, aurreko artikuluetan euskara jakiteaz aipaturiko gehieneko balorazioa jasoko du.

2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren A1 maila edo baliokidea izateak gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko du, A2 maila izateak 2/5, B1 izateak 3/5 eta B2 izateak 4/5. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzak gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 jasoko du.

3. Euskara maila frogatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketa egiten ahal da; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.-Euskaraz jakitearen balorazioa areagotzea zenbait lanpostu betetzeko deialdien merezimendu baremoetan.

1. Foru dekretu honen 2. eta 3. artikuluen 2. idatz-zatian azaldutako aurreikuspena, dekretuak indarra hartzen duenetik, honako lanpostu hauek betetzeko deialdien merezimendu baremoetan aplikatuko da:

a) Goi mailako tituluduna, kazetaria.

b) Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituluduna.

c) Gizarte langilea eta gizarte hezitzailea.

d) Lan Harremanetako diplomaduna.

e) Liburutegiko arduraduna.

f) Turismoko jardueretako ofiziala.

g) Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak.

h) Suhiltzaile kidegoko lanpostuak.

i) Basozaintzako lanpostuak.

j) Administraria eta administrari laguntzailea.

k) Aretoko burua, operadore ofiziala eta koordinazioko operadore laguntzailea.

l) Telefonista-ofiziala eta telefonista.

m) Errepideetako zaintzailea.

n) Eskolazaina.

o) Museoko zaintzailea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek eta haren erakunde autonomoek, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aholkularitza medio, haiei atxikirik dauden eta aurreko idatz-zatian sarturik ez dauden lanpostuen ezaugarriak baloratuko dituzte, foru dekretu honen 2. eta 3. artikuluen 2. idatz-zatietan bilduriko aurreikuspena aplikatzea bidezkoa ote duten erabakitzeko. Baiezko kasuetan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari proposamena igorriko diote, bidezko bada, plantilla organikoa aldatzeko emanen den foru dekretuaren proiektuan sar ditzan.

Bigarren xedapen gehigarria.-Egungo merezimenduen baremoak foru dekretu honetara egokitzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organo eskudunek berehala aldatuko dituzte gaur egun dauden baremoak foru dekretu honen edukietara egokitzeko.

2. Hori horrela izanik ere, foru dekretu honek euskaraz jakitea merezimenduen baremoetan baloratzeari buruz ezarritakoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek lanpostuak betetzeko foru dekretu honek indarra hartzen duenetik onesten dituzten deialdietan aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren 21. eta 23. artikuluak.

b) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren ebazpenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko ekainaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0918039