79. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

56/2009 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretua aldatzen duena.

Irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren bitartez Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, atalak bitarteko organo guztiak biltzen dituena, bakoitzaren atxikipen eta eginkizunekin batera.

Foru dekretu honen helburuak dira, batetik, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren barreneko bi zerbitzu berrantolatzea eta, bestetik, Hezkuntza Departamentuaren modernizazioaz berariaz jarduteko atal berri bat sortzea.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 22an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren aldaketa.

1. 9. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"9. artikulua. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia zerbitzu hauetan egituratzen da:

a) Ikasketak Antolatzeko Zerbitzua.

b) Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua.

c) Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzua.

d) Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzua."

2. 2. atalaren izenburua aldatzen da. Hemendik aurrera "Ikasketak Antolatzeko Zerbitzua" izanen da.

3. 10. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"10. artikulua. Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Indarra duen hezkuntza sistemak araudiaren aldetik behar duen garapena aztertu eta proposatzea.

-Ikasketen eta antolaketaren arloetako araudia prestatu eta proposatzea.

-Estatuko zein autonomia erkidegoetako administrazioek onesten duten araudia erregistratu, katalogatu eta artxibatzea.

-Titulu akademikoak emateko eta ikasketak baliozkotzeko proposamenak tramitatu eta ebaztea.

-Ikasketa ziurtagiriak ematea eta tituluak homologatzeko eta ikasketak baliozkotzeko espedienteak tramitatzea eta, hala behar denean, ebaztea.

-Ikasketen eta Espezialitateen Erregistroaz eta Diplomen eta Tituluen Erregistroaz arduratzea.

-Eskola irakaskuntzen maila, etapa eta modalitate guztietako curriculum edukiak prestatu eta eguneratzea.

-Testuliburuak eta curriculumeko gainerako materialak aztertzea.

-Haur Hezkuntzako lehen zikloa planifikatu eta garatzea.

-Helduen hezkuntza planifikatu eta garatzea.

-Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak."

4. 11. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"11. artikulua. Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuaren egitura.

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Antolamenduaren eta Tituluen Atala.

b) Helduen Hezkuntzako Atala.

c) Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atala.

5. 12. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"12. artikulua. Antolamenduaren eta Tituluen Atalaren eginkizunak.

Antolamenduaren eta Tituluen Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Indarra duen hezkuntza sistemak araudiaren aldetik behar duen garapena aztertu eta proposatzea.

-Ikasketen eta antolaketaren arloetako araudia prestatu eta proposatzea.

-Estatuko zein autonomia erkidegoetako hezkuntza administrazioek onesten duten araudia erregistratu, katalogatu eta artxibatzea.

-Titulu akademikoak emateko eta ikasketak baliozkotzeko proposamenak tramitatu eta ebaztea.

-Ikasketa ziurtagiriak ematea eta tituluak homologatzeko eta ikasketak baliozkotzeko espedienteak tramitatzea eta, hala behar denean, ebaztea.

-Ikasketen eta Espezialitateen Erregistroa eta Diplomen eta Tituluen Erregistroa kudeatzea.

-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren kudeaketa esparrukoak diren ikasketen curriculumak prestatu eta eguneratzea.

-Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak tramitatzea.

-Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak."

6. 13. artikulua indargabetzen da.

7. 14. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"14. artikulua. Helduen Hezkuntzako Atalaren eginkizunak.

Helduen Hezkuntzako Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Helduen hezkuntza garatzeko beharrezkoa den araudia prestatzea, zuzendaritza nagusi honetako beste zerbitzu batzuekin lankidetzan arituz.

-Helduen hezkuntzaren arloko prestakuntza programak garatu, kudeatu, koordinatu eta horien jarraipena egitea.

-Helduen hezkuntzan eta urrutiko irakaskuntzan diharduten ikastetxe eta ikasgelen sarearen koordinazio eta funtzionamendu akademikorako neurrien plangintza egitea.

-Helduen hezkuntzako premietan izaten diren aldaketak atzeman eta aztertzea, eskaintza premia horietara egokitzeko.

-Beste kultura batzuetako helduen integrazioa errazteko berariazko programak planifikatu eta abian jartzea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeak helduei ekar diezazkiekeen onurez baliatzeko aukera ematen duten berrikuntza programak garatzea.

-Helduen hezkuntzako ikastetxeek Europar Batasunak arlo horri buruz antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea.

-Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak tramitatzea.

-Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak."

8. 4. atalaren izenburua aldatzen da. Hemendik aurrera "Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzua" izanen da.

9. 21. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"21. artikulua. Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Irakasleen prestakuntza beharrak zehaztea, egiazko egoeraren eta hezkuntza sistemaren aurreikuspenen arabera.

-Irakasleen prestakuntza plana prestatu eta gauzatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzuekin koordinatuta.

-Irakasleentzako laguntza zentroak eta baliabide zentroak kudeatu eta koordinatzea.

-Oinarrizko prestakuntzaz eta etengabekoaz arduratzen diren ikastetxe eta erakunde unibertsitarioekin eta irakasleen hobekuntzaren ardura duten beste erakunde batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatzea eta horien jarraipena egitea, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusian dagokion zerbitzuarekin koordinatuta.

-Irakasleen prestakuntzarako beharrezkoak diren laguntzak emateko deialdiak egin eta kudeatzea.

-Urrutiko irakaskuntzan ari diren irakasleei teknologia berrien arloko prestakuntza eskaintzeko ikastaroak edo curriculumean teknologia berriak sartzen dituztenak garatu eta gauzatzea.

-Departamentuko beste zerbitzu batzuekin batera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietako prestakuntza jarduerak garatzea irakasleentzat, eta teknologia berriak baliabide didaktiko gisa erabil daitezen bultzatzea.

-Hezkuntza ingurunean teknologia berrien erabilera sustatu eta bultzatzeko ekintzak egitea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako materialak erosterakoan aholku ematea, eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan aritzea ikastetxeentzat ekipamendu informatikoa eta ikus-entzunezkoa, komunikazio sistemak eta informazio-teknologiak erosteko planak eta irizpideak finkatzeko orduan.

-Behar diren jarduketak egitea ikastetxeek Interneterako sarbidea eta konexioa izan ditzaten, eta horretarako behar diren komunikazio eta informatika sistemak kudeatu eta mantentzea, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuarekin batera arituz, hori baita arlo horien gaineko eskumena duena.

-Departamentuaren eta ikastetxeen arteko informazio trukerako eta komunikaziorako sistemak kudeatu eta mantentzea, baita ikastetxeetako ekipo informatikoak ere, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuarekin batera arituz, hori baita arlo horien gaineko eskumena duena.

-Eskola estatistikak prestatzea departamentuko beste zerbitzuekin batera.

-Baliabide informatikoei eta komunikazioei loturiko jarduketa teknikoak koordinatzea Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera arituz, hori baita arlo horretan eskumena duena.

-Bere eskumenen esparruko diru-laguntzak planifikatu, eman, kudeatu eta kontrolatzea.

-Hezkuntza berrikuntzarako proiektu eta programak proposatu, onetsi, gauzatu eta ebaluatzea.

-Baliabide didaktikoen zabalkundea egin eta, hala behar denean, horiek prestatzea.

-Foru Komunitateko ikastetxeetan kalitate prozesuak zabaltzea eta, hala bada, abian jartzea.

-Eskola antolamenduetarako egokia den kalitate-egiaztapena garatzea.

-Kalitate prozesuak berdintasunekoekin koordinatzea giza baliabideen arloan.

-Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin koordinatuta aritzea gai horretan.

-Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak."

10. 22. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"22. artikulua. Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuaren egitura.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Irakasleen Prestakuntzako Atala.

b) Hezkuntza Berrikuntzaren Atala.

c) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atala."

11. 24. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"24. artikulua. Hezkuntza Berrikuntzaren Atalaren eginkizunak.

Hezkuntza Berrikuntzaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Hezkuntza berrikuntzaren arloko proiektu eta programak proposatu, onetsi, gauzatu eta haien jarraipena egitea, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko beste atal batzuekin eta beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

-Baliabide didaktikoak aztertu, analizatu, prestatu eta zabaltzea.

-Ikastetxeetako bizikidetza eta balioetan oinarritutako hezkuntza hobetzea, aholkularitza lanaren bidez eta planak zein materialak proposatuz.

-Hezkuntza Ministerioak sustatzen dituen lurralde lankidetzako programak Foru Komunitatean antolatzea.

-Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak tramitatzea.

-Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak."

12. 25. artikulua indargabetzen da.

13. 69. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"69. artikulua. Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskumenen esparrua.

Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, foru dekretu honen 5. artikuluan ezarritako eskudantziez gainera, Hezkuntza Departamentuaren modernizazioa kudeatu eta sustatzea dagokio.

12. 70. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"70. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek izanen ditu:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atala.

c) Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

d) Araubide Administratiboaren Atala.

e) Aldaketa Kudeatu eta Koordinatzeko Atala."

13. 74. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"74. artikulua. Araubide Administratiboaren Atalaren eginkizunak.

Araubide Administratiboaren Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Hezkuntza Departamentuko erregistro eta agiritegi administratiboak antolatzeko irizpideak ezartzea eta haiek koordinatzea, gai horietan eskumena duten gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

-Departamentuaren jarduerei buruzko informazio orokorra herritarrei emateko lanak koordinatu eta bultzatzea ikuspuntu korporatibotik, gaur egun eskura dauden bideak eta etorkizunean sor daitezkeenak erabiliz, gai horretan eskumena duen unitatearekin koordinaturik eta hark ezarritako gidalerroei jarraikiz.

-Departamentuko inprimakiak normalizatzea eta eskaerak egiteko inprimaki normalizatuak erabiltzaileen eskura jartzea.

-Herritarrei ziurtagiriak emateko prozesua kudeatzea.

-Jendeari arreta zuzenean emateko jarduketak kontrolatzea.

-Departamentuak Internet bidez eskaintzen duen informazioa gainbegiratzea.

-Dokumentuak konpultsatzeko eta ezarritako tasak kobratzeko prozesua kudeatzea.

-Idazkaritza Tekniko Nagusiari dagozkionen artetik, antzekoak diren gainerako eginkizunak."

14. 75. artikulua gehitzen da, honako edukia duena:

"75. artikulua. Aldaketa Koordinatu eta Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Aldaketa Koordinatu eta Kudeatzeko Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan esleitzen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

-Modernizazio planetik etortzen diren proiektuen kudeaketa koordinatu eta lan horretan parte hartzea.

-Administrazio unitateetan sentsibilizazio eta dinamizazio neurriak ezarri eta bultzatzea, administrazioa modernizatu eta errazteko prozesuetan sar daitezen.

-Antolaketa eta modernizazio proiektuak kudeatu eta txertatzeko laguntza teknikoa ematea.

-Administrazio sistemek aurrera egiteko proiektu eta politikak kudeatzeko eta haiei sostengua emateko dauden baliabideak kudeatzea (baliabide materialak, giza baliabideak, baliabide ekonomikoak) eta antolaketaren aldaketa kudeatzea.

-Hezkuntza Departamentuaren Plan Estrategikoaren jarduketa-lerroen inplementazioaren monitorizazioa eta jarraipena egitea, zehazki, sistema eta prozesu administratiboen modernizazioari buruzkoak eta erakundeetako kalitatea bermatzekoak.

-Hezkuntza Departamentuaren Modernizazio Planaren jarduketa-lerroen eta planaren ondoriozko proiektuen inplementazioaren monitorizazioa eta jarraipena egitea."

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Zerbitzuen izenak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuan Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuaren gainean egiten diren aipamen guztiak Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuaren gainekoak direla ulertuko da, eta Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuaren aipamenak, berriz, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuaren gainekoak.

Bigarren xedapen gehigarria. Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan: Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendaria izanen baita; Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita; Helduen Hezkuntzaren eta Lurralde Lankidetzako Programen Ataleko buruarena, hemendik aurrera Helduen Hezkuntzako Ataleko burua izanen baita, eta Ikasketak Antolatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Antolamenduaren eta Tituluen Ataleko burua izanen baita.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Aurrekontuko aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.

Azken xedapenetan bigarrena. Garatzeko ahalmenak.

Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko ekainaren 22an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma. Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

Iragarkiaren kodea: F0918022