76. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

305/2009 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Alloko 11. poligonoko 1200. lurzatian legarra ateratzeko. Sustatzailea Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A. da.

2008ko abenduaren 23an, sustatzaileak idazki bat bidali zuen, 2008ko urriaren 6ko txostenaren berrikuspena eskatzeko. Txosten horren bidez, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2008ko ekainaren 25eko txostenean ezarritako baldintzak aldatu ziren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren alde. Ekainaren 25eko txostenak, Lizarra-Andosilla NA-122 errepidean Alloko saihesbidea egiteko obretarako, aipatutako lurzatian legarra ateratzea aztertu zuen. Horrela, sustatzaileak lurzatiaren jabearekin sinatua zuen hasierako akordioa bete nahi zuen, finka erliebe lau eta homogeneoarekin eta nekazaritzarako erabiltzeko moduan itzultzea hitzartu baitzuen.

Lurzati horretan bada lehentasunez zaindu beharreko gune bat, Alloko lurzatien berrantolamenduko prozesuan horrela katalogatu baita. Gainera, maileguetarako lurzati horren zati batek oihan lurraren-larreen katastro-kalifikazioa du. Horregatik guztiagatik, lurzati osoaren ustiapenerako baimena eman aurretik eta nekazaritzako lur gisa lehengoratu baino lehen, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak lurzoruaren erabilera aldatzeko baimena eskatu dio sustatzaileari 2009ko urtarrilaren 26an. Baimen hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 16an emandako 891/2009 Ebazpenaren bidez eman da.

Jarduera abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu hark Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Alloko 11. poligonoko 1200. lurzatian legarra ateratzeko. Sustatzailea Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A. da.

2. Baimenak ezartzen dituen baldintzak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 16ko 891/2009 Ebazpenean jasotako berberak izanen dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpena argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Alloko Udalari eta sustzaileari jakinaraztea.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 6an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915582