76. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana; horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzako energia elektrikoaren hornidura modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratu da.

Energia elektrikoa, gaur egun, jarduerarako nahitaezko hornidura da eta gastu publikoaren zati handia hartzen du.

Elektrizitatearen barne merkaturako arau komunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/54/EE zuzentarauaren transposizioaren ondorioz Espainian merkatua erabat liberalizatu zen 2003. urtean, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea onetsi ondoren. Horrek sektore elektrikoa zeharo eraldatu zuen.

Arau berriekin, garraio eta banaketako jarduerek araututa jarraitzen dute, monopolio naturalak diren aldetik; sorkuntza eta merkaturatze jarduerak, aldiz, liberalizatu egin dira.

Horrek esan nahi du badela aukera "banatzailetik" (horniduraren azken hartzailearengana heltzen diren instalazioaren jabea) independentea den "merkaturatzaile" batekin kontratatzeko energia elektrikoaren hornidura.

2008. urteko ekainean Goi Tentsioko horniduretarako Tarifa Arautua desagertu zenez, hornidura hori Industria Ministerioan erregistratuta dauden merkaturatzaileen artean kontratatu behar izan zen, Sektore Elektrikoari buruzko uztailaren 4ko 17/2007 Legearen 44.3 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

Era berean, 2009. urteko uztailetik aurrera Behe Tentsioko horniduretarako Tarifa Arautua ere desagertu behar denez, ordutik aurrera hornidura emanen duen enpresa merkaturatzailea kontratatu behar da.

Une honetan komenigarritzat jo da energia elektrikoaren hornidura batera eskuratzea Nafarroako Gobernuko Departamentuentzat, baita horretan bat egiteko interesa duten entitateentzat ere, horniduraren baldintza hobeak lortzeko eta baldintza ekonomikoak hobetzeko (seguru aski hala izanen da), zeren hornidura denek batera kontratatuta bolumena handia izanen da, eta, horrela, eskala-ekonomiak sortuko baitira.

Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 38.2 artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak aukera izanen du hornidurak kontratatzeko eskumenak berrantolatzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuek hornidurak kontratatzeko dituzten eskumenak zentralizatzeko, erakunde autonomoen eskumenak izan ezik. Horretarako foru agindua eman beharko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.

Horregatik guztiagatik, komenigarri jo da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuentzako energia elektrikoaren hornidurako kontratu guztiak batera esleitzea, esparru-akordio beraren babespean, horrek sortuko dituen eskala-ekonomiak aprobetxatuz. Halaber, komenigarri jo da Erakunde Autonomoek eta interesa duten gainerako entitateek esparru-akordio horrekin bat egin ahal izatea, eta, horretarako, beharrezkoa da hornidura hori modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoaren babespean,

AGINDU DUT:

Lehenengoa.-Foru aginduaren xedea.

Foru agindu honen xedea da Ekonomia eta Ogasun Departamentuan zentralizatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuentzako energia elektrikoaren hornidurako kontratazioa, eta prozedura bat ezartzea aukera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erakunde Autonomoek eta interesa duten gainerako entitateek bat egin dezaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuak energia elektrikoaren hornidurarako egindako esparru-akordioekin.

Bigarrena.-Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokion energia elektrikoaren hornidura zentralizatua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Departamentuentzako energia elektrikoaren hornidura modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratu da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako esparru-akordioen babespean eskuratuko da hornidura hori.

Hirugarrena.-Eginkizunak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eginkizun hauek dagozkio:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren beharrak aztertu eta programatzea, energia elektrikoaren hornidurei dagokienez.

b) Merkatuari eta hornitzaileei buruzko informazioa lortzea.

c) Hornidura kontratuen esleipena eta betearazpena arautuko duten klausula administratibo partikularren agiriak egitea, bai eta baldintza teknikoenak ere.

d) Kontratazio prozedurak kudeatzea, fase guztietan.

Laugarrena.-Prozedura.

a) Energia elektrikoaren horniduren kontrataziorako prozeduretan ondoko izapideak eginen dira:

1. Dauden beharrak adierazten dituen eskaera, eta gastu hori egiteko Departamentu interesdunak emandako baimena.

2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hornidurarako kontratua prestatu eta esleitzea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

3. Hornidura hartzen duen Departamentuak berak onartu eta ordainduko du.

b) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 78.4 artikuluaren babespean esleitzen diren kontratuetan, ez da gastua aldez aurretik baimendu beharko; horren ordez kreditu erreserba eginen da aipatutako arauak ezarritako moduan, eta hornidurak hartzen dituen departamentuak berak onartu eta ordainduko ditu.

Bosgarrena.-Bat egitea.

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek, administrazio horren ente instrumental berekiek, gainerako administrazio publikoek, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien mendeko erakundeek eta entitateek eta haien ente instrumental berekiek bat egiten ahalko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak energia elektrikoaren hornidurarako egindako esparru-akordioekin, aipatutako Departamentuarekin akordioa eginez. Kasu horretan, eginkizunei eta prozedurari dagokienez, foru agindu honen hirugarren eta laugarren ataletan xedatutakoari jarraituko zaio.

b) Eredu bat onetsi da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak energia elektrikoaren hornidurarako egindako esparru-akordioekin bat egin dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek, administrazio horren ente instrumental berekiek, gainerako administrazio publikoek, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien mendeko erakundeek eta entitateek eta haien ente instrumental berekiek. Eredu hori foru agindu honen eranskin gisa agertzen da.

Seigarrena.-Ondare Zerbitzuko zuzendaria eta Ondare Zerbitzuko Obra eta Azpiegitura ataleko burua eta Azpiegitura Bulegoko burua eskuordetzea energia elektrikoaren hornidura kontratuak sinatzeko.

Zazpigarrena.-Argitaratzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Zortzigarrena.-Indarra hartzea.

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 11n.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

ERANSKINA

Energia elektrikoaren hornidura eskuratzeko esparru-akordioarekin bat egiteko eredua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateentzat eta erakunde publikoentzat, administrazio horren ente berekientzat, gainerako administrazio publikoentzat, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien mendeko erakundeentzat eta entitateentzat eta haien ente berekientzat.

Alde batetik, .......................... jaunak/andreak, Nafarroako Gobernuko .................... kontseilariak.

Eta bestetik, ....................... jaunak/andreak, ...................................... erakunde autonomoaren, zuzenbide publikoko entitatearen edo entearen legezko ordezkariak.

ADIERAZI DUTE:

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua energia elektrikoaren hornidurarako esparru-akordioa tramitatzen ari da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan gertatzen diren beharrei erantzuteko.

Erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea/entea interesaturik dago Ekonomia eta Ogasun Departamentuak energia elektrikoaren hornidurarako sinatu zuen esparru-akordioarekin bat egiteko. Horren bidez, ................................ enpresa(k) hautatu z(ir)en hornidura hori egiteko.

Bi alderdiek dagokien ordezkaritza eta elkarri beharkizunak ezartzeko lege-ahalmena onartzen dutela,

ERABAKI DUTE:

Lehenengoa.-....................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea/entea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak energia elektrikoaren hornidurarako sinatu zuen esparru-akordioarekin bat egin du (horren bidez ................................ enpresa(k) hautatu z(ir)en hornidura hori egiteko) eta hitz eman du hornidura mota horretako kontratazio guztiak esparru-akordioan hautaturiko hornitzaileei eginen dizkiela, bertan ezarritako moduan eta baldintzetan.

Bigarrena.-.................................. erakunde autonomoak/zuzenbide publikoko entitateak/enteak eskatzen zaion informazio guztia utziko du Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku, esparru-akordioaren zehaztapenak ..................... erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/ente horren behar espezifikoetara egokitzeko asmoz. Era berean, zerbitzuaz arduratzeko behar diren langileak izendatuko ditu, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak adierazten dizkion jarraibideekin bat. Orobat, hitz eman du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hornidurak egoki egiteko adierazten dizkion baldintza administratibo eta teknologikoak onartuko dituela.

Hirugarrena.-..................................... erakunde autonomoak/zuzenbide publikoko entitateak/enteak hitz eman du esparru-akordioaren gainean sortzen diren gorabehera guztien berri emanen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Laugarrena.-Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Ondare Zerbitzuaren bitartez, hitz eman du dagozkion zerbitzuak eraginkortasunez eta arretaz emanen dituela, akordio hau egoki bete dadin. Gainera, ................ erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/ente horri jakinaraziko dio esparru-akordioan erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/enteari buruz dagoen informazio guztia, bere ekimenez edo erakundeak eskatuta.

Bosgarrena.-Akordio honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra eta ................... arte izanen du indarra, bi alderdiek bukatu baino ..................... lehenago amaitzea iragarri ezean.

Hitzarmen honen indarraldia luza daiteke, indarra galdu baino lehen bi alderdiek hala adostuz gero.

Iruñean, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.

...................................... erakunde publikoaren/zuzenbide publikoko entitatearen/entearen kontseilaria, (legezko ordezkaria).

Iragarkiaren kodea: F0915847