75. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VILLATUERTA

Akats zuzenketa. Armazoi eta bertzelakoetako kanpo publizitatea jartzea arautzen duen udal ordenantza Villatuertan

Armazoi eta bertzelakoetako kanpo publizitatea jartzea arautzen duen udal ordenantzaren behin betiko onespean, (2009ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eginda, maiatzaren 13koan), akats bat dagoela ikusita, berriro argitaratzea bidezkoa da.

Villatuertako Udalak, 2008ko abenduaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Villatuertako udalerrian armazoi eta bertzelakoetako kanpo publizitatea jartzea arautzen duen udal ordenantza, 2009ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 25ean, argitaratuta.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

UDAL ORDENANTZA, VILLATUERTAN ARMAZOI ETA BERTZELAKOETAKO KANPO PUBLIZITATEA JARTEZA
ARAUTZEN DUENA

1. Xedea.

Eremu publikotik agerian diren publizitateko instalazioek bete beharreko baldintzak ezartzea du xede kanpo publizitatea arautzen duen ordenantzak, horrelako elementu ugariek, batez ere tamaina handiko kartelek, paisaian duten eragin larria galaraztearren. Orobat, diziplina eta udal lizentzia eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura.

Publizitateko karteldegi edo hesitzat hartuko dira hesi geometriko batez osaturiko instalazioak, beren baitan neurri normalizatuko elementu lauak dituztenak, material iraunkorrez eginak eta estetikoki egokiak, bertan publizitateko kartelak finkatzeko balio dutenak.

Publizitatetzat hartzen da jendearen artean jarduera politiko, sindikal, profesional, kultural, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko egiten den guztia.

2. Kokalekua:

Udalaren lizentziak zehaztutako tokian ezarriko dira publizitateko elementu lauak edo hesiak; honako leku hauetan, hain zuzen:

a) Orubeen barnean, eraikigarriak izan ala ez, betiere behar bezala hesiturik badaude.

b) Eraikitzen edo zaharberritzen ari diren eraikinetan.

c) Eraikinen babes-hesietan edo aldamioetan, eraispen kasuan.

d) Mehelinetan, eraikuntza intentsiboko bi finka mugakideren artean, ez bazaie fatxada nagusiaren tratamendua ematen.

e) Erabilera publikoko hiri lurzorua izanez gero, Udalak zehazten duen tokian.

f) Urbanizatzeko egokia den lurzoruan eta urbanizaezinean.

g) Errepide sarearen inguruan.

h) Lurzoru landatarrean. Leku landatarretan kokatzen bada, Ingurumeneko Departamentuari jakinaraziko zaio. Bidearen ondoan kokatzen ez bada, ukitutako lursailak igarotzeko baimena lortu beharko da.

Eraikuntzari modu iraunkorrean lotutako zonak ixteko fatxadetan eta hormetan, bakar-bakarrik baimentzen ahalko da industri jarduerak, merkataritzakoak edo bertan egiten diren zerbitzuetakoak aurkitzeko lagungarri diren errotuluen instalazioa.

3. Debekuak.

Publizitateko hesiak edo errotuluak jartzea ondoko leku eta kasu hauetan ez da baimenduko:

a) Parke publiko baten sistema orokorrean edo tokikoan.

b) Babes bereziko lurzoruan, baldin eta bertan garatzen diren zerbitzuak antolatzeko publizitatea iragartzen ez bada.

c) Elementu babestutzat hartutako hiri- edo landa- multzoetan.

d) Dauden eraikinetako mehelinetan, fatxada nagusiaren tratamendu bera izanez gero.

e) Fatxadetan, horman margotutako publizitatea izan ezik, eraikinaren barruko jarduera besterik iragartzen ez bada.

f) Erabilera publiko edo pribatuko esparruetan, ohiko trafikoa galarazten edo oztopatzen denean, hirugarrenei eragozpenak eragiten zaizkienean, edo erabilpen publikoko lorategiak, balio historiko artistikoa duten eraikin edo hiri-multzo arkitektonikoak edo paisaia bereziak ikustea galarazten denean.

g) Publizitatea guztiz debekatua dago, eta, oro har, aldez aurretik Udalak baimentzen ez dituen kartelak jartzea edo pintaketak egitea.

h) Debeku da udal mugapean publizitaterako alokairuko hesiak jartzea, hau da, hirugarrenek iragarpenak jartzeko balio dutenak.

i) Eraikuntzari lotutako zonetan, hala nola fatxadetan, etxegainetan, hormetan, terrazetan, lorategietan, ikastetxeko jolastokietan, etab.

j) Balio historiko artistikoa duten eraikin edo hiri-multzo arkitektonikoen, lorategi eta paisaia ikusgarrien eta bista interesgarrien eremuan.

Ez dira debeku hauen barrenean sartzen aipaturiko lursailetako hiri-hornigarrietan jartzen den publizitatea ezta udal kontuei, edo gizarte, kultura eta abarreko gaiei buruz argibideak emateko erabilera publikoko espazioetan Udalak instalatzen dituen hesiak ere.

4. Hesien eta errotuluen formak eta paratzeko baldintzak.

Publizitateko hesien eta errotuluen diseinuak eta ezaugarriek, haien elementuek eta euskarriek, baita osaketa orokorrak ere, gutxieneko segurtasun eta kalitate baldintzak bete behar dituzte, betiere kaleak apainduta edukita. Euskarriak hesiaren egonkortasuna bermatu beharko du, edozein baldintza atmosferiko direla ere.

Eskaera guztietan, neurriak, ezaugarriak, kokapena... aztertuko ditu Udalak, eta paratzeko baimena eman edo ukatuko du, horretako oinarritzat hartuz eremu publikoa erabiltzen den eta toki jakin horretan barnako zirkulazio egokiari eusten ahal zaion edo ez.

Diseinuak ezin izango du pertsonekiko begirunearen kontra jo, ezta mezu baztertzailerik edo arrazistarik eduki ere.

5. Udal lizentzia.

Publizitateko hesiak edo kartelak jartzen hasi baino lehen, beharrezkoa da udal lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta prozedura kontuan hartuz, eta titularrak beharturik daude ordenantza honen eranskinean ezartzen diren eskubideak eta tasak ordaintzera.

Publizitate horren kokapen zehatza (plano bat aurkeztuz), forma, neurriak, ezaugarriak, iragarriko duen edukia eta gutxi gorabehera bertan zenbat denbora emango duen azaldu beharko da eskaeretan.

6. Eskatzailearen betebeharrak.

Udal lizentziaz gain, publizitatea eskatu edo sustatzen duenak behar diren gainerako baimenak eduki behar ditu.

Orobat, iragarkiaren kartela egoera onean eduki beharko du. Hala egin ezean, Villatuertako Udalak kartela kentzen ahalko du. Sortutako kostuak ordainaraziko zaizkio eta kostu horien zenbateko adinako zehapena ezarriko zaio.

7. Zehapen prozedura.

Beharrezko udal lizentziarik gabe edo haren baldintzak nahiz ordenantza honen aginduak bete ezean egiten den publizitateak edo instalazioak berarekin ekarriko du zehapen espedienteari hasiera ematea, kontuan hartuz egitate hori hirigintza arloko arau-haustea dela.

TARIFEN ERANSKINA

Armazoiak irauten duen bitartean urtero ordainduko da Villatuertako Udalak aurrekontuetan ezartzen duen tasa, 2009ko ekitaldian jartzen den kartel bakoitzagatik 40 euro metro koadroko izanen dena.

Udal tasa ordaintzetik salbuetsita daude (beharrezko lizentzia eskatu beharko badute ere) 1,5 metro koadroko azalera baino txikiagoa duten kartelak, paratzeko tokia edozein dela ere. Orobat, Udala partaide duten mankomunitateak eta partzuergoak, eta Nafarroako Gobernua, ere salbuetsita daude tasa hori ordaintzetik.

Honi buruz Villatuertako udalak beste erabaki bat hartzen ez duen bitartean, goian aipaturiko diru kopuruak erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako urtero onesten duen KPIa nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Gainera, armazoiak eta bertan publizitatea jartzea arlo horretako Nafarroako edo Estatuko legediak arautuko du.

Villatuertan, 2009ko maitzaren 21ean.-Alkate udalburua, Patxi Martínez de Goñi Urritzelki.

Iragarkiaren kodea: L0916351