75. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZANGOZA

Zangozan gizalegezko jokaerak sustatu eta espazio publikoa babesteko ordenantza. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2009ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zangozan gizalegezko jokaerak sustatu eta espazio publikoa babesteko ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz tramitatu zen espedientea, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen testu berriak dioenaren arabera; kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantza horren testua, hamabost egun baliodun geroago indarra hartuko duena.

Zangozan, 2009ko maiatzaren 22an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

ZANGOZAN GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATU ETA ESPAZIO PUBLIKOA BABESTEKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, mutiloiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, eta Udalaren ibilgailuak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barrenean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, Zangozako hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamendu, instalazio edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, olanak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

Bizikidetza arauak hausten dituztenen birgaitzea sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Zangozako udal mugape osoan aplikatuko da.

II. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

4. artikulua. Andeatzea eta kalteak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haiek andeatzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri moduan.

5. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geratuko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3. Udal baimena ematea nahi badakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

4. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren derrigorrezko baimenik gabe egiten direnean.

5. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

6. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kaltetu edo tratu txarrak ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo haiei lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

7. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

f) Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

h) Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

8. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2. Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birtziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3. Debeku da paperontzietara material, tresna edo gauza arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

9. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barrenean sartzea edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta gaiak, gauzak edo animaliak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

10. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Debeku da, Udalaren baimena izan ezean, edozein iragarki jartzea eraikin publikoen fatxadetan, arkupe, markesina, hiri altzari, zuhaitz eta hormetan. Orobat, debeku da aipatu tokietan edozein eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderatxo jartzea.

11. artikulua. Kartel, pankarta eta banderaxkak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartel edo banderatxoen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

e) Banderatxoak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kartelek eta banderatxoak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.

4. Kartel eta banderatxoek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Bestelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako 34. artikuluan (zehapenen graduazioa) ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduerak

13. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

14. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Festa edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

15. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute.

a) Ibilgailuetako gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8 - 22; gaueko ordutegia, 22 -8. Administrazioak ordubete aurreratzen ahal du eguneko ordutegia).

d) Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

16. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote kea, usaina edo hautsa sortzen duten jarduerak egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haiei eragiten badiete, lasaitasuna galarazten dutelako edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direlako, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira Udalaren aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

17. artikulua. Hondar eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan diren bilketa sailkaturako edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da tresna edo gauzaki arriskutsuak paperontzi edo edukiontzietan sartzea (xiringak, bizar xaflak, osasun laguntzan erabilitako materialak, drogak, produktu kimikoak,...) baita zigarrokinak edo beste edozein gauza ere, piztuta badaude.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

18. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko eremuetan kaka, pixa edo listu egitea.

19. artikulua. Animaliak.

1. Animaliak edukitzeko eta horiek eremu publikoan ibiltzeko baldintzak izanen dira Animaliak eduki eta babestea arautzen duen ordenantzan ezarritakoak, Udal honek onetsi baitzuen.

20. artikulua. Kanpatzeak.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ukatuz gero, edo jabeak nahiz erabiltzaileak ezin aurkituz gero, agintaritzako agenteek bitartekoak jarriko dituzte haiek berehala kentzeko, eta sortzen diren gastuak arau-hausleen kontura izanen dira eta, solidiarioki, jabeen kontura.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Betiere, oro har, inork ezin du bide edo eremu publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak ere.

21. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behako dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoetako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira, eta nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.

Ezin izanen da inola ere baimendu baino leku handiagoa okupatzea, ezta aldi baterako elementurik -ez finkorik, ez zoluan finkaturik- erabiltzea ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendu baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, eta dagokion zehapena izanen du.

22. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Administrazioak eskean ibiltzeko baimena eman ahalko du interes humanitario edo sozialeko kasuetan.

23. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

24. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

25. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, hainbat jarduera eskaletzatzat joko dira, hala nola kalean edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea eta ibilgailuetako haizetakoak garbitzea.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian -hitzez zein obraz- eskatzea. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzako agenteek galaraziko dute eskean ibiltzea eta, betiere, gizarte zerbitzuen berri emanen diote behartsuari, sorospena eta laguntza eska ditzan.

III. TITULUA

Zehapenen araubidea

26. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura -hasita badago-, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

27. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

28. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

Betiere, arau-hauste oso larria izanen da asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

1.-Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintaketak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

2.-Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larria izanda erretzea.

3.-Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

h) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

i) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

j) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

29. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

Betiere, arau-hauste larria izanen da asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 - 10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

1.-Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2.-Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

30. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.-Asotsak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.

2.-Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.-Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, udal baimenik izan gabe.

2.-Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3.-Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak instalatzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.

4.-Baimenik gabe kanpatzea.

5.-Espazio publikoetan edozein elementu jartzea, baimenik gabe. Halaber, autoak espazio publikoetan garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arinak dira:

1.-Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.-Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2.-Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak sortzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.-Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

2.-Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsita.

3.-Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

4.-Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

Herritarren bizikidetza trabatzearen arau-hausteek establezimenduen funtzionamenduarekin zerikusia badute, eta azken horietan Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea eta garatzen duen Erregelamendua aplikatzekoak badira, arau-hauste horiek aipatutako lege eta erregelamendu horren arabera sailkatu eta zehatuko dira.

31. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 750 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 30. artikuluaren a) eta b) ataletan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60,1 eurotik 150,25 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 750,01 eurotik 1.500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 29. artikuluko 2. lerroaldeko a) atalean aipatutakoari izan ezik; izan ere, horri 151 eurotik 600 eurorainoko isuna ezarriko zaio.

Arau-hauste oso larriei 1.500,01 eurotik 3.000 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 28. artikuluko 2. lerroaldeko a) eta g) atalean aipatutakoei ezik; izan ere, horiei 601 eurotik 3.005 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

32. artikulua. Kaltea konpontzea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

33. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 16.1, 17.5 eta 21. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

34. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egina den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

IV. TITULUA

Errehabilitazioa

35. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0916423