75. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLEXOA

Olexoako eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Olexoako eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantzaren testu osoa argitaratzen da. Olexoako bizilagunen batzarrak 2008ko abenduaren 11n hasiera batez onetsi zuen ordenantza. Iragarki oholean eta 2009ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2an, aginduzko iragarkiak jarri ondotik, legezko epean ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu; beraz, aipatuako udal erabakiari jarraituz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Olexoan, 2009ko maiatzaren 21ean.-Alkate udalburua, Santiago Jesús Crespo Ganuza.

OLEXOAKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira etxe berriak eta, haiekin batera, lehengoak handitu zein egituraz berritzetik sortzen direnak; betiere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginik.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Altxatutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, konpondu dituela ziurtatzea.

Lizentziaren eskaera

4. artikulua. 1. Obrak amaituta, eraikina lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Olexoako Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu betiere:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Obra bukatu izanaren ziurtagiria, kontu-sailetan banatua.

d) Hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioan kidetzea eskatu dela dioen ziurtagiria.

e) Udal tasaren ordainagiria. Urbanizazioen kasuan, honako hauek ere aurkeztuko dira:

-Urbanizazioaren behin betiko planoak, bai zolari bai instalazioei dagokienez.

-Enpresa hornitzaileen idazkiak, obraren onespena eta hura araudi berariazkoei jarraikiz nola egin den eta behar diren hornidurak egiteko trabarik nola ez dagoen adierazten dutenak.

-Herriko argien sareari dagokionez, muntaduraren agiriaren aurkezpena eta Udalak izendatutako teknikariaren frogapena.

-Bidezoruari, zoladurari eta lorezaintzari dagokienez, obran egindako entseguak aurkeztu beharko dira, alor hauen gainean: trinkotzea, proktorra, hormigoien erresistentzia, nahasketa bituminosoak, etab. Horrez gain, elementu bakoitzetik hedatutako tonen ordainagiriak aurkeztea.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateak edo Hirigintza alorreko zinegotzi eskuordeak izanen dute.

Prozedura

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak edo Hirigintzako arduradunak honela jokatuko dute:

1. Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan. Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, elektrizitate eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. artikulua. 1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

Ustezko egintza

8. artikulua. Ebazteko epea agortzen bada, alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. artikulua. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debekatua dute hura okupatzea.

2. Eraikinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, eraikina besterentzean eskuratu ez bada.

10. artikulua. Hauek dira lehen okupazioko lizentzia eskatzen dutenen betebehar fiskalak:

a) Udalbatzak osoko bilkuran onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea; I. eranskinean ageri dira 2008. urtekoak.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

11. artikulua. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

2. Obretarako ur hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesdunei hamar egun lehenago jakinaraziko.

4. Obretarako eman ur hornidura ez da bestelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

5. Lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak ezin ditu enpresa hornitzaileak etxerako urez hornitu.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legean eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

13. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere mila eta bostehun euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Aurreko artikuluan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere sei mila euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

14. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

15. artikulua. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat; betiere, hark hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

Zehatzeko prozedura

16. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Araubide juridikoa

17. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona zein aginduk duten indarra: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren tarifak

Eraikin berriak: 150,25 euro.

Egiturak berritzea, handitzea, zaharberritzea: 120,20 euro.

Iragarkiaren kodea: L0916364