75. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

145/2009 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Sukaldaritza eta Gastronomiako, Osasun Larrialdietako, Instalazio Elektriko eta Automatikoetako eta Soldadura eta Galdaragintzako teknikarien profilari dagozkion lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko fasearen deialdia arautzen duena, gaitasun horiek lan esperientziaren edota beste prozedura ez formal edo informal batzuen bidez eskuratuak badira, Lanbide Heziketako teknikari eta goi mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben araudiaren esparruan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 69.4 artikuluan adierazi du Hezkuntza Administrazioek antolatuko dituztela, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako tituluak lortzeko probak.

Bestalde, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 8. artikuluan jaso du lan esperientziaren edo prestakuntzako bide ez formalen bidez lortutako lanbide gaitasunak ziurtagiri partzial metagarriaren bidez ebaluatu eta egiaztatu ahal izanen direla. Horren bidez, lanbide heziketako titulua lortu ahal izanen da.

Aurrekoaren ondorioz, Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak 19. artikuluan ezarri du lanbide heziketako tituluak horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz lortzen ahal direla. Era berean, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen 8.3 artikulua garatzeko ezartzen dena kontuan hartu beharko dela adierazi du.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak bere funtsezko helburuen artean ezarri du prestakuntza eta lanbide ibilbide malguen hautapena erraztea, pertsonek beren lan esperientziaren edo ikaskuntzako sistema informalen edo ez formalen bidez eskuratu lanbide gaitasunak aintzatestea ahalbidetuta. Horrela, etengabeko ikaskuntzako prozesuak sustatu eta bultzatzen dira eta, horrenbestez, ekoizpen sektoreak eskatutako prestakuntzako eta errealizazio pertsonaleko beharrei erantzuteko lortu behar diren helburuak betetzen laguntzen da.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da lanbide heziketako tituluak lortzeko proben borondatezko lehenengo fasea arautzea. Prozedura horrek malgua izan behar du, eta pertsonek lan esperientziaren bidez edo beste era batera lortu dituzten lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko aukera eman behar du.

Aztertu da Lanbide Heziketako Zerbitzuak aurkeztu duen txostena, lan esperientziaren eta beste bide batzuen bidez lortutako lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurari buruzkoa, Sukaldaritza eta Gastronomiako, Osasun Larrialdietako, Instalazio Elektriko eta Automatikoetako eta Soldadura eta Galdaragintzako teknikarien tituluei lotuta.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sukaldaritza eta Gastronomiako, Osasun Larrialdietako, Instalazio Elektriko eta Automatikoetako eta Soldadura eta Galdaragintzako teknikarien profilari dagozkion lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko fasearen deialdia onestea, gaitasun horiek lan esperientziaren edota beste prozedura ez formal edo informal batzuen bidez eskuratuak badira, Lanbide Heziketako teknikari eta goi mailako teknikariaren tituluak lortzeko proben araudiaren esparruan. Deialdiak honako oinarri hauek izanen ditu:

1. Helburua eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen helburua da 2009-2010 ikasturtean eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan arautzea ondoren aipatzen diren teknikarien lanbide profilei dagozkien lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura, Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proben esparruan, gaitasun horiek lan esperientziaren edota beste prozedura ez formal edo informal batzuen bidez eskuratuak badira. Hona hemen, bada, zein diren teknikari titulu horiek eta zein ikastetxetan eginen diren prozedurak:

-Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikaria, Burlatako "Ibaialde-Burlada" BHIan.

-Osasun Larrialdietako teknikaria, Iruñeko "Sanitaria" BHIan.

-Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikaria, Iruñeko "San Juan - Donibane" BHIan eta Tuterako "ETI" LHIan.

Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Altsasuko "Aralarko Mikel Donea II" BHIan.

2. Xedea.

Arau honen xedea da pertsonek modu ofizialean aintzatetsita eta egiaztatuta izatea beren lan esperientziaren bidez edo beste bide ez formal batzuen bidez lortutako lanbide gaitasunak, fidagarritasunez, objektibotasunez eta zorroztasun teknikoz garatutako prozeduraren bitartez. Horrela, aurreko puntuan aipatutako tituluak errazago lortu ahal izanen dituzte.

3. Antolamendu orokorra.

Bi etapatan antolatu da 1. oinarrian aipatutako teknikari tituluak lortzeko proben egitura. Etapa horiek hasi baino lehen, interesdunei prozeduraren berri eta argibide orokorrak emanen zaizkie.

a) Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko etapa. Etapa honek beren gaitasunak erakusteko aukera ematen die izangaiei, titulu bakoitzerako zehaztu direnei lotuta, eta prozedura garatzea errazten duten zenbait prozesu ditu:

1. Izangaiek prozeduran izena ematea eta izangaiak onartzea.

2. Parte hartzen duten pertsonei aholkularitza ematea.

3. Gaitasunak ebaluatzea.

4. Erakutsitako gaitasunen ziurtapena.

5. Lanbide profila osatzeko prestakuntza ibilbideei buruzko aholkularitza ematea.

b) Titulua lortzeko proben etapa. Proba bat edo gehiago egitean datza eta, horiek gainditzen badira, ebazpen honetan adierazitako espezialitateetako teknikariaren titulua lor daiteke. Prozesuaren amaierara daramaten zenbait urratsek osatzen dute etapa hau ere:

1. Titulua lortzeko probetan izena ematea.

2. Sartzeko azterketa, hala badagokio, titulua lortzeko ikasketa betekizunak betetzen ez dituzten pertsonentzat.

3. Aurreko etapan azaldu den ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren bidez egiaztatutako gaitasun unitateei lotuta dauden lanbide moduluak baliozkotzeko eskaera.

4. a) paragrafoan azaldutako prozesuaren ondoren gainditu gabe dauden lanbide moduluak ebaluatzeko probak.

5. Bukaerako ziurtagiria.

Izangaiari ebaluazio probak prestatzen laguntzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza modularraren edo, hala badagokio, prestakuntza unitateen eskaintza antolatu ahal izanen du. Eskaintza hori, gaitasunak ebaluatzeko fasea egin eta gero, kasuan kasuko tituluaren lanbide profila osatu nahi duten izangaiei zuzenduta egonen da.

4. Gaitasunak aintzatesteko prozeduraren printzipioak.

Arau honetan arautzen den prozedura printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Pertsona guztiek ikaskuntzak garatzen dituzte bizitzan, ez bakarrik prestakuntza-testuinguru formaletan, baita ez formaletan ere, bereziki lanbide praktikaren ondorioz.

b) Ikaskuntza horiek modu ofizialean ebaluatu eta egiaztatzen ahal dira, eskuratutako gaitasunak agerian uzteko.

c) Aintzatesteko prozedurak gardentasuna, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatu behar dizkie prozedura horretan parte hartzen duten pertsonei, baita beharrezko konfidentzialtasuna ere.

d) Prozedurak gizarte sinesgarritasuna eta zilegitasuna izan behar ditu, prozedura hori aplikatzearen ondorioz lortutako emaitzak alde guztiek onartu eta aintzatets ditzaten.

5. Ebaluatzeko eta ezartzeko oinarriak.

Lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko 2010ean garatuko den prozeduraren deialdia ebazpen honekin batera doazen jarraibideen bitartez arautuko da, eta ondoko errege dekretu hauetan definitutako tituluetako gaitasun unitateak hartuko ditu oinarri:

-Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikaria, urriaren 29ko 1396/2007 Errege Dekretua

-Osasun Larrialdietako teknikaria, urriaren 29ko 1397/2007 Errege Dekretua

-Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikaria, otsailaren 8ko 177/2008 Errege Dekretua

-Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, abenduaren 14ko 1692/2007 Errege Dekretua

6. Prozedurari laguntzea.

Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Atalak beharrezko aholkularitza eta laguntza emanen die ikastetxeei, ebazpen honi eranskin gisa gehitu zaion prozedura hau garatzeko, eta prozedura hori koordinatu eta horren ebaluazioa eginen du, aipatutako foru dekretuan jasotako ondorioetarako.

7. Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek prozesu horretan erabilitako formulario ezberdinen bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren fitxategietan sartuko dira, horien lanketa estatistikoa egiteko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen aintzatespen agiriak kudeatzeko.

2. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak erabili ahal izanen dira, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori Santo Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean.

3. Berariaz horrela adierazten duten pertsonek kontra egiten ahalko diote beren datuak tratatzeari, beren egoera pertsonal zehatzari lotutako bidezko arrazoi oinarrituak badituzte.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Lanbide Heziketako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Atalera eta Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 20an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

Jarraibideak

I.-Informazio eta orientazio orokorra.

1. Prozedurari buruzko informazioa.

Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan izena emateko aldia hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuak, parte hartzen duten ikastetxeen laguntzaz, informazio orokorreko prozesua antolatuko du eta horren helburua izanen da gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren garapenari eta horri lotutako proben geroko prozesuari buruzko informazioa ematea izangai izan daitezkeen pertsonei, ebazpen honetan adierazitako tituluak lortzeko. Horrela, interesa duten pertsonek, beharrezko informazioa eskura dutela, aurretiazko erabakia hartu ahal izanen dute prozeduran parte hartzeari edo ez hartzeari dagokionez.

II.-Aurretiko izen-ematea eta izen-ematea.

2. Parte hartzeko betekizunak.

a) Arau honetan arautzen den lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu ahal izateko, izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte:

1. Espainiako nazionalitatea izatea edota, Europar Batasuneko egoiliar gisa edo horren senide gisa, Europar Batasuneko estatu kideetako eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren parte diren beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, zirkulazio librea izan eta egoitza lortzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren aplikazioaren esparruan egotea, edota Espainian egoitza izateko indarreko baimenaren titularra izatea.

2. Gutxienez hiru urteko lan esperientzia frogatzea, gutxienez 2.000 lanordukoa, azken hamar urtean eskuratua. Lan esperientzia horrek kasuan kasuko tituluaren curriculumeko ekoizpen sistemaren erreferentzian deskribatutako lanbide eta zeregin inguruneekin bat etorri beharko du.

3. 20 urte beteta izatea edo 2010ean betetzea.

4. Kasuan kasuko ikastetxean eskaera aurkeztea, 1. eranskineko ereduan egina.

b) Aurreko puntuan aipatu betekizunak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

1. Indarreko nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen edo egoitza baimenaren fotokopia.

2. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo izangaia afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horrek enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso behar ditu.

3. Lantoki izandako enpresaren edo enpresen ziurtagiria, datu hauekin: kontratazio aldiak, egindako lanak eta horiek zein alditan egin diren.

4. Beren esperientzia borondatezko lanetan garatu duten pertsonei dagokienez, lanbide esperientzia hori eskuratu duten erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan berariaz jaso beharko da informazio hau: boluntario gisa eginiko lankidetzaren iraupena, eginiko jarduerak eta horien aldia, jarduera horiei eskainitako orduen zenbatespenarekin.

5. Norberaren konturako langileak badira, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio aldien ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta ondoko puntuan azaltzen den aitorpena erantsi.

6. Langile autonomoak, besteren konturako langileak edo boluntarioak izan eta, askotariko arrazoiak direla medio (enpresa desagertu izana, aspaldiko enpresa edo erakundeekin harremanetan jarri ezin izatea, etab.) enpresan egindako jardueren ziurtagiria aurkezterik ez dutenek, zinpeko aitorpena aurkezten ahal dute, 2. eranskineko ereduan egina, jarduera horien azalpenarekin.

3. Gaitasun unitateak.

a) Ebazpen honetan aipatzen diren tituluak lortzeko prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek 3. eranskinean ageri diren gaitasun unitateak aintzatesteko eskatu ahal izanen dute.

b) Deialdiko plazak hogeita hamar izanen dira gehienez titulu eta ikastetxe bakoitzeko, a) puntuan zerrendatutako gaitasun unitateak aintzatesteko prozesuan parte hartu nahi duten pertsonentzat.

4. Aurretiko inskripziorako epeak.

Jarraibide hauen 2. idatz-zatian ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsonek, prozeduran parte hartu nahi badute, ebazpen honetako 1. oinarrian adierazitako ikastetxeetan aurkeztu beharko dute eskabidea, 1. eranskinean ageri den eredua erabiliz, 2010eko urtarrilaren 11tik 20ra bitartean, biak barne.

5. Onarpen batzordea.

a) Prozedura hasi aurretik, onarpen prozesua eginen da, parte hartzaileak hautatzeko. Onarpen prozesua batzorde batek eginen du titulu eta ikastetxe bakoitzeko. Ikastetxeko zuzendaritza taldeko kide bat izanen da batzordeburua, eta honako hauek osatuko dute batzorde hori: titulua zein lanbide arlotakoa den, arlo horretako departamentuburuak (idazkari arituko da), jarraibide hauen 9.5 puntuan aipatzen den ebaluazio eta egiaztapen prozedurako bi aholkularik, eta Hezkuntza Departamentuko Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Ataleko aholkulari tekniko batek.

b) Honako hauek dira onarpen batzordearen eginkizunak:

1. Eskatzaileek jarraibide hauen 2. idatz-zatian aipatutako onarpen betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

2. Ebaluatu eta egiaztatzeko prozesurako onartzen diren izangaien zerrenda ordenatua proposatzea, 4. eranskineko eredua erabiliz.

3. Onarpen prozesuan sor daitezkeen erreklamazio guztiak ebaztea.

c) Eskatzaileen kopurua eskainitako plazen kopurua baino handiagoa bada, izangaien hautapena irizpide hauen arabera eginen da, hurrenez hurren:

1. Modu ofizialean egiaztatutako esperientzia denbora, besteren kontura nahiz autonomo gisa, lortu nahi den titulazioari dagokion curriculumeko ekoizpen sistemaren erreferentzian azaldutakoekin bat datozen lanbide eta zereginen inguruneetan.

2. Modu ofizialean egiaztatutako esperientzia denbora, boluntario gisa, lortu nahi den titulazioari dagokion curriculumeko ekoizpen sistemaren erreferentzian azaldutakoekin bat datozen lanbide eta zereginen inguruneetan.

3. Aurreko irizpide horiek ez badira nahikoa izangaien ordena ebazteko, zaharrenei emanen zaie lehentasuna.

d) Izangaien zerrendak ordenatze aldera, lanbide esperientzia dela-eta puntu bat emanen da lanaldi osoarekin egindako urte bakoitzeko, eta aldi laburragoak proportzionalki puntuatuko dira.

6. Izangaien onarpena.

a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, 2010eko urtarrilaren 25ean, onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda jarriko da jendaurrean ikastetxe bakoitzeko iragarki oholean. Hala badagokio, baztertzearen arrazoia adieraziko da zerrenda horretan.

b) Onartuen zerrenden aurka erreklamazioa egin nahi duten pertsonek idazki bat bidali beharko diote ikastetxeko zuzendariari, hiru egun balioduneko epean, onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Jarraibide hauen 5. idatz-zatian aipatzen den onarpen batzordeak erreklamazio horiek ebatziko ditu eta onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko du otsailaren 1ean.

d) Onarpen batzordearen ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izanen da.

7. Izen-ematea.

Proben aurretik gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan onartutako izangaien izen-ematea bat etorriko da 8. idatz-zatian zehazten diren bi faseekin.

Aholkularitza faserako izen-ematea: 2010eko otsailaren 2tik 5era bitartean, biak barne, 5. eranskinean dagoen eredua erabiliz.

Ebaluazio faserako izen-ematea: 2010eko apirilaren 12tik 14ra bitartean, biak barne, 7. eranskinean dagoen eredua erabiliz.

III.- Ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura.

8. Prozeduraren faseak.

Lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuak bi fase izanen ditu -aholkularitza fasea eta ebaluazio fasea, hain zuzen ere- eta elkarren segidan eginen dira. Ahal dela, biak Lanbide Heziketako kasuan kasuko ikastetxean eginen dira, baina beste egoitza osagarri batzuk ere izendatu ahal izanen dira, aholkularitza eta ebaluazioa errazteko. Horien berri emanen da garaiz.

9. Lehen fasea: aholkularitza.

1. Fase hau 2010eko otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitartean eginen da. Jada izena eman duten pertsonei zuzenduta dago eta haren helburua da izangaiaren aurretiazko lanbide jarduerak eta autoebaluaziorako testaren emaitza aztertzea, izangaiak ikasitakoak egokienak izanen liratekeen gaitasun unitateekin duen korrespondentzia identifikatzeko, egiaztapena eskatze aldera. Horrez gain, prozesuan behar duen laguntza emanen zaio izangaiari.

2. Izangaiak, aholkulariaren laguntzaz, gaitasunei buruzko banakako dosier batean jasoko ditu berak ikasitakoaren iturri izan diren aurretiazko jarduerak, eta dosier horrek, gutxienez, alderdi hauek bilduko ditu: izangaiaren curriculum vitaea, haren prestakuntza ibilbide arautuari eta ez arautuari buruzko informazioa eta haren lanbide esperientziaren gaineko informazioa.

3. Aholkularitza fasearen ardura duen pertsonak txostena eginen du eta, txosten horretan, izangaiari ebaluazio prozesuan jarraitzeko edo ez jarraitzeko proposatuko dio. Aholku hori 6. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izanen da eta ez da loteslea izangaiarentzat.

4. Aholkularitza fasea egitera agertu ezean, izangaiak besterik gabe galduko luke ebaluazio fasean parte hartzeko eskubidea.

5. Aholkularitza fasea Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatu eta izendatutako aholkulariek garatuko dute, eta taldekako saioak ere egiten ahal izanen dituzte, alderdi orokorrak lantzeko. Aholkularitza fasea bukatzean, izangaiak aholkua jasoko du, fase horren garapenaren emaitza den dosier osoarekin batera.

10. Bigarren fasea: ebaluazioa.

1. Jarraibide hauen 7. idatz-zatian adierazitakoa kontuan izanik, ebaluazio fasean parte hartzeko, izangaiak, eskabidearekin batera, aholkularitza fasean garatutako lanaren emaitza den dosier osoa eman beharko du.

2. Ebaluazio fasea, erreferentzia gisa, 2010eko apirilaren 26tik ekainaren 11ra bitartean garatuko da. Fase hori bukatzean, eskatutako gaitasun unitateetan ebaluatua izanen da izangai bakoitza, eta dagokion gaitasun-judizioa jasoa. Fase honek bi zati ditu:

a) 1. zatia: ebaluazioa prestatzea. Zati honetan, ebaluatzaileek ebaluazio fasearen ezaugarriei buruzko informazioa emanen diote izangai bakoitzari. Era berean, ebaluazio uneak, lekuak eta, ahal den neurrian, prozedurak ezarriko dira, eta hori guztia ebaluazio plan batean jasoko da, 8. eranskineko ereduari jarraituz. Talde ebaluatzaileak ebaluazio plan horren berri emanen dio izangai bakoitzari. Plan hori egiteko, izangaiak aholkularitza fasean ekarri eta sortu duen dokumentazio osoa kontuan hartuko da.

b) 2. zatia: ebaluazioa garatzea. Izangai bakoitza dagokion ebaluazio batzordeko kideek ebaluatuko dute, eta horretarako, ahal dela, ebaluatzaileok hainbat elementu erabiliko dituzte, izangaiak bere gaitasuna errazago erakutsi ahal izan dezan, hala nola gaitasunei buruzko banakako dosierra, lanbide elkarrizketa, lanbide praktikaren behaketa edo simulazioa edota beste proba osagarri batzuk, beharrezkoak balira.

3. Ebaluazioa prestatu eta garatzeko etapak Hezkuntza Departamentuak horretarako prestatu eta izendatutako ebaluatzaileek eginen dituzte. Ebaluatzaile horiek osatuko dute jarraibide hauetako hurrengo idatz-zatian deskribatzen den ebaluazio batzordea.

11. Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio fase osoa ebaluazio batzordeak garatuko du eta ebaluazio batzorde hori Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak izendatuko du, titulu eta ikastetxe bakoitzeko. Gutxienez bost kidek osatuko dute batzorde hori. Batzordeko hiru kide, gutxienez, kasuan kasuko heziketa zikloan eskolak ematen dituzten irakasle funtzionarioak izanen dira; horietako bat batzordeburu arituko da eta beste bat idazkari. Ahaleginak eginen dira jardunean diren bi aditu edo profesional izateko ebaluazio batzordean, kasuan kasuko tituluari dagokion arlokoak.

2. Ebaluazio batzordeak azpibatzordeetan jardun ahal izanen du, antolaketa arrazoiak direla-eta hala behar denean.

3. Izangai baten ebaluazio prozesuan, ezin izanen dute parte hartu aholkularitza fasea garatu duten pertsonek. Lehentasunez, batera jardunen dute irakaslea den ebaluatzaile batek eta profesional aditu batek, gutxienez, ebaluazio irizpideen objektibotasuna eta homogeneotasuna indartzeko.

12. Ebaluazio batzordearen eta haren kideen eginkizunak.

a) Batzordearen eginkizunak.

  • Proben egutegia ezarri eta koordinatzea.
  • Gaitasun unitate bakoitza ebaluatzeko erabiliko diren probak eta jarduerak zehaztea eta ebaluazio irizpideak ezartzea.
  • Ebaluazio probak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzea.
  • Gaitasun-judizioak ematea.
  • Izangaiek aurkez ditzaketen erreklamazioak aztertu eta ebaztea.
  • Izangaien espediente osoak Hezkuntza Departamentura bidaltzea, horrek zain ditzan.

b) Batzordeburuaren eginkizunak.

  • Ordezkatzea eta Hezkuntza Departamentuarekin hitz egitea.
  • Batzordearen bilerak deitzea eta bilera horietan batzarburu jardutea.
  • Batzordearen jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
  • Probak egin eta garatzeko prozesua eta ebaluazio taldeen jarduera gainbegiratu eta koordinatzea.
  • Ebazpen honetan ezarritako arauak bete daitezen arduratzea.

c) Idazkariaren eginkizunak.

  • Aktak idaztea eta, hala badagokio, batzordearen bileretan hartutako erabakien fede ematea.
  • Gaitasun-judizioaren proposamenak jasotzea, batzordeari helarazteko.
  • Izangaiek edo Hezkuntza Administrazioak eskatutako ziurtagiri ez akademikoak egitea.

d) Ebaluatzaileen eginkizunak.

  • Ebaluazio planak egitea.
  • Probak egiten diren bitartean han egotea eta horien garapena kontrolatzea.
  • Ebaluazio jarduera guztiak erregistratzea. Jarduera horiek ebaluatzaileek eta izangaiak sinatuko dituzte.
  • Gaitasun-judizioak proposatzea.
  • Ebaluazio txostenak idaztea.

13. Gaitasun-judizioa.

a) Batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasun-judizioa emanen du, izangai bakoitzak erakutsitako ebidentziei dagokienez. Gaitasun-judizioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatugabea, 9. eranskineko ereduaren arabera.

b) Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak gaitasun unitateak izanen dira, dagozkien lanbide errealizazioekin eta errealizazio irizpideekin, horiexek osatzen baitituzte deialdi honen xede diren tituluak.

c) Gaitasun-judizioa adierazten duen agiria pertsonalki emanen zaio izangaiari edo posta ziurtatuaren bidez bidaliko zaio, hartu-agiriarekin, prozedurak behar duen konfidentzialtasuna bermatze aldera.

14. Erreklamazioak.

a) Ebaluazio batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko zaizkio, hasiera batez, batzordeari berari. Erreklamazio hori kasuan kasuko ikastetxean aurkeztuko da hiru egun balioduneko epean, aurreko idatz-zatian aipatu hartu-agirian ageri den dataren hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebaluazio batzordeak hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Hasierako erreklamazio prozesua amaitu duten pertsonek hura tramitatzen jarraitzen ahalko dute Lanbide Heziketako Zerbitzuaren aurrean. Horretarako, beren erreklamazioa aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein bide erabiliz.

15. Amaierako aholkularitza.

Ebaluazio prozesua amaitu eta gero, izangaiak bere lanbide profila osatzeko aukera emanen dion prestakuntzari buruzko aholkularitza eskatzen ahalko du. Horretarako, 10. eranskineko ereduarekin bat, eskabidea aurkeztu beharko du kasuan kasuko ikastetxean. Ahal dela, aholkularitza fasean izangaiari lagundu zion pertsona berak erantzunen dio eskabide horri.

16. Aholkularitzarako eta ebaluaziorako laguntza.

Egiaztatzeko prozedura behar bezala garatzeko, Hezkuntza Departamentuak Izangaiaren gida eta Autoebaluaziorako testa eginen ditu. Izangaiaren gida informazio agiria da eta arau honetan ezarritako prozedura orokorra zehatz-mehatz ezagutzeko balioko dio izangaiari; Autoebaluaziorako testak, berriz, izangaiaren lanbide profilari buruzko informazioa ematen du eta aholkua sortzen eta ebaluazio faserantz jarraitzearen gaineko erabakia hartzen laguntzen du. Era berean, prozeduran parte hartuko duten aholkularien eta ebaluatzaileen prestakuntzaz arduratuko da.

IV.-Egiaztapena eta erregistroa.

17. Gaitasuna egiaztatzea.

a) Aldeko ebaluazioa jasotzen duten pertsonei dagokien gaitasun unitatea edo unitate multzoa egiaztatuko zaie, 11. eranskineko ereduaren arabera.

b) Egiaztatutako gaitasun unitateek balio ofiziala dute, eta, kasua bada, bakoitzari lotutako lanbide moduluaren edo moduluen baliozkotzea dela medio, estatu osorako balioko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

18. Erregistroa.

Ikastetxeak arau honetan bildu den ebaluazio prozeduran egiaztatutako gaitasun unitateen erregistroa izanen du. Deialdiaren ondoren, ikastetxeak erregistro horren kopia bat bidaliko dio Hezkuntza Departamentuari, egiaztatutako gaitasun unitateen erregistro orokorrean sartzeko.

1. ERANSKINA

................................................................. teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran aurreinskripzioa egiteko eskabidea

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

Eskatzailearen datuak 1:

Lehen deitura:

Bigarren deitura:

Izena:

NAN edo pasaporte zenbakia:

Jaioteguna:

Sexua: q Gizona q Emakumea

Bizilekua:

Helbidea:

Herria eta posta kodea:

Probintzia:

Telefonoa, helbide elektronikoa:

Gaur egungo lan egoera:

q Lanean. Enpresa:

q Langabezian

Daukan titulazioa 2:

  • DBHko titulua edo baliokidea
  • Batxilergoa edo baliokidea

q LHko teknikaria. Adarra edo espezialitatea:

q LHko teknikari laguntzailea. Adarra edo espezialitatea:

q LHko goi mailako teknikaria edo teknikari espezialista.

Adarra edo espezialitatea:

q Unibertsitate diplomaduna:

q Lizentziaduna:

q Beste batzuk (zehaztu):

AZALTZEN DUT:

..................... teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdian ezarritako betekizunak betetzen ditudala; hori frogatzeko, ondoko agiriak aurkeztu ditut: 3 :

  • Indarreko Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
  • Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren edo lan mutualitatearen lan bizitzako ziurtagiria.
  • Langile autonomoen araubide bereziaren kotizazio ziurtagiria.
  • Enpresaren edo enpresen ziurtagiria/k, lan esperientzia egiaztatzeko, deialdiaren jarraibideen 2. idatz-zatian zehaztu bezala.
  • Besteren kontura, norberaren kontura edo boluntario gisa egindako lanen zinpeko aitorpena.
  • Borondatezko lanak egin ditudaneko erakundearen ziurtagiria.
  • Beste agiri batzuk (zehaztu).

ESKATZEN DUT:

.............aren .....(e)ko ........... Errege Dekretuan definitu den ................................. teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan onar nazatela.

......................(e)n, 20.....(e)ko ................aren ...........(e)an. Interesdunaren sinadura

.........................................................................................KO ZUZENDARIA

(1) Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakinarazten dizugu formulario honetan ematen dituzun datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren fitxategietan sartuko direla, horien lanketa estatistikoa egiteko eta zure eskabidea onartzearen ondorioz sor daitezkeen eskubideak kudeatzeko. Zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak erabili ahal izanen dituzu, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako Zerbitzura joz.

(2) Lortutako titulu guztiak adieraziko dira. Prozesuan ebaluazio batzordeak tituluak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko eskatzen ahalko dio izangaiari.

(3) Agiri guztiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

2. ERANSKINA

................................................... jauna/andrea, adin nagusikoa; NAN zenbakia: ......................................; herria: .................................; kalea/plaza: ..........................................; zenbakia: ...................; posta kodea: ..................; probintzia: ..........................................

ZIN EGIN EDO HITZ EMATEN DUT: 1

Lanbide jarduera hauek egin ditudala (behar dena markatu):

q Besteren konturako langilea q Boluntarioa q Autonomoa

...................................................................... teknikariaren esparruko gaitasunekin lotuak (adierazi erreferentziako titulua, zure jardueren lanbide inguruneari dagokiona), ondoko gaitasun unitateetan ezarriak 2:

(behar den laukia markatu)

q Tituluko gaitasun unitateen kodeak eta izenak

q ........................................................................................................

q ........................................................................................................

Honako enpresa edota erakunde honetan/hauetan, ondoren adierazten diren aldietan:

ENPRESA/ERAKUNDEA

HERRIA

HASIERAKO EGUNA

AMAIERAKO EGUNA

.................(e)n, 20...(e)ko .............aren .........(e)an.
Interesdunaren sinadura

(1) Adierazpen honek egindako jardueren tipologia egiaztatzeko balio du soil-soilik, eta ez esperientzia denbora egiaztatzeko.

(2) Eman ezazu tituluko gaitasun unitateen zerrenda.

3. ERANSKINA

Egiaztatzen ahal diren gaitasun unitateen zerrenda

Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikariaren titulua.

Gaitasun unitateak:

-UC00362: Okintza-industrian segurtasun eta higiene araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa betetzea.

-UC02592: Eskaintza gastronomikoak definitzea, hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

-UC02602: Mota guztietako elikagaien aurretiazko elaborazioa eta kontserbazioa egitea.

-UC02612: Aplikazio anitzeko oinarrizko elaborazioak eta oinarrizko platerak prestatzea.

-UC02622: Mota guztietako sukaldaritzako elaborazio konplexuak eta zerbitzurako norberak sortuak prestatzea eta aurkeztea.

-UC03062: Pastelgintzarako eta gozogintzarako oreak, pastak eta aplikazio anitzeko oinarrizko produktuak elaboratzeko lanak egitea eta/edo kontrolatzea.

-UC03102: Elikagaien industrian segurtasun eta higiene araudia eta ingurumena babesteari buruzkoa betetzea.

-UC07092: Gozogintzako eskaintza errazak definitzea, barne-hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

-UC07102: Ore eta pastekin egindako produktuak, sukaldaritzako postreak eta izozkiak prestatzea eta aurkeztea.

-UC07112: Jatetxe arloan segurtasun eta higiene arauak eta ingurumena babesteari buruzkoak betez jardutea.

Osasun Larrialdietako teknikariaren titulua.

Gaitasun unitateak:

-UC00691: Badaezpada ere ibilgailu sanitarioa mantentzea eta horren materialen hornidura kontrolatzea.

-UC00702: Gaixoari oinarrizko bizi euskarria ematea eta bizi euskarri aurreratuari laguntzea.

-UC00712: Gaixoa osasun zentro erabilgarrira eramatea.

-UC00722: Krisi egoeretan laguntza psikologiko eta sozialeko teknikak aplikatzea.

-UC03602: Biktima asko dituzten lekuetan eta hondamendietan osasun arloko logistika antolatu eta garatzen laguntzea; baliabideen hornidura eta kudeaketa bermatzea; eta krisi egoeretan koordinazio lanetan laguntzea.

-UC03612: Biktima askori lehenbiziko osasun laguntza ematea.

-UC03622: Larrialdietarako planak eta iragar daitezkeen arriskuetarako dispositiboak prestatzen eta gauzatzen laguntzea.

Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikariaren titulua.

Gaitasun unitateak

-UC01202: Irrati eta telebista seinaleak hartzeko instalazioak muntatu eta mantentzea eraikinetan edo eraikuntza multzoetan (antenak eta kable bidezkoak).

-UC01212: Publikoarentzako telefonia zerbitzua erabiltzeko instalazioak eta sarrera kontrolatzeko instalazioak (barneko telefonia eta bideo-atezainak) muntatu eta mantentzea.

-UC08202: Behe tentsioko instalazio elektrikoak muntatu eta mantentzea batez ere etxebizitzetarako diren eraikinetan.

-UC08212: Behe tentsioko instalazio elektrikoak muntatu eta mantentzea merkataritza eraikinetan, bulegoen eraikinetan eta industria bat edo gehiago duten eraikinetan.

-UC08222: Automatismoen instalazioak muntatu eta mantentzea etxebizitzen eta industria txikien ingurunean.

-UC08232: Behe tentsioko sare elektrikoak muntatu eta mantentzea.

-UC08242: Behe tentsioko lurpeko sare elektrikoak muntatu eta mantentzea.

-UC08252: Makina elektrikoak muntatu eta mantentzea.

-UC08362: Eguzki instalazio fotovoltaikoak muntatzea.

-UC08372: Eguzki instalazio fotovoltaikoak mantentzea.

Soldadura eta Galdaragintzako teknikariaren titulua.

Gaitasun unitateak:

-UC00982: Oxigas bidezko soldadura eta proiekzio termikoak egitea.

-UC00992: Arku elektrikozko soldadurak egitea elektrodo estaliarekin.

-UC01002: Gas babeslearekiko arkuzko soldadurak egitea elektrodo ez-kontsumigarriarekin (TIG).

-UC01012: Arkuzko soldadurak egitea gas babeslearekin eta elektrodo kontsumigarriarekin (MIG, MAG), eta arkuzko proiekzio termikoak egitea.

-UC11392: Xaflak eta profilak marratu eta ebakitzea.

-UC11402: Xafla eta profilak mekanizatu eta konformatzea.

-UC11412: Eraikuntza eta arotzeria metalikoetako elementu eta egiturak muntatu eta instalatzea.

-UC11422: Hodiak marratu eta mekanizatzea.

-UC11432: Hodiak konformatu eta armatzea.

-UC11442: Hodi instalazioak muntatzea.

4. ERANSKINA

Onarpen batzordearen akta

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

.......................... (e)n bildurik ............................. teknikariaren tituluari dagozkion aurretiko ikaskuntzak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuko izangaiak baloratu eta onartu behar dituen batzordea; izangaiek aurkeztu dituzten agiriak baloraturik, prozesu hau arautzen duen ebazpenean ezarritako irizpideei jarraikiz, honako erabaki hau hartu du:

Onartutako eskatzaileen zerrenda:

ORDENA ZK.

DEITURAK ETA IZENA

PUNTUAZIOA ANTZINATASUNA

Plaza duten izangaiak

Itxaron zerrendan dauden izangaiak

Baztertutako eskatzaileen zerrenda:

DEITURAK ETA IZENA

ARRAZOIA*

(*) Adierazi, zenbakizko kode baten bidez, baztertzeko arrazoiak, eta banan-banan aipatu, zerrendaren behealdean, arrazoi horiek. Adibidez:

(1) Titulazioarekin lotutako lanbidean hiru urtez aritu izana behar bezala ez frogatzea edo lan esperientzia hori ez izatea.

(2) Egiaztaturiko lanbide esperientzia ez dator bat eskatzaileak nahi duen tituluaren lanbide profilarekin.

(3) Beste batzuk (zehaztu).

.........(e)n, 20....(e)ko ......aren ....(e)an.

OE. Batzordeburua Batzordekideak Idazkaria

5. ERANSKINA

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasean izena emateko formularioa

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

Eskatzailearen datuak:

Lehen deitura:

Bigarren deitura:

Izena:

NAN edo pasaporte zenbakia:

AZALTZEN DUT:

.................................... teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurako aholkularitza fasean onartua izateko prozesua gainditu dudala.

ESKATZEN DUT:

.............aren ....(e)ko .......... Errege Dekretuan zehaztutako .................... teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasea hasteko, honako gaitasun unitate hauetan 1:

q Tituluko gaitasun unitateen kodeak eta izenak

q ........................................................................................................

q ........................................................................................................

..............................(e)n, 20......(e)ko ...................aren .......(e)an.
Interesdunaren sinadura

..........................................................................................KO ZUZENDARIA

(1) Kasuan kasuko tituluko gaitasun unitateak jarri behar dira, 2. eranskinaren arabera. Sorta hau orientagarria da aholkulariarentzat eta baliteke hura aldatzea aholkularitza prozesuan zehar. Halaber, ez du baldintzatuko ebaluazio probetarako geroko inskripzioa.

6. ERANSKINA

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasearen ondoriozko aholkua

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

................................................................... izangaiak (NAN zenbakia: ..............................................) aurkeztu dituen agirien azterketaren emaitza, autoebaluaziorako testaren emaitza eta fase honetan egindako aholkularitza lana direla eta, fasearen arduradunak egokitzat jo du honako aholku hau ematea:

Egokia da izangaiak ebaluazio fasean parte hartzen jarraitzea, honako gaitasun unitate hauetan 1:

q Gaitasun unitateen kodeak eta izenak

q ........................................................................................................

q ........................................................................................................

.........(e)n, 20....(e)ko ......aren ....(e)an.
Aholkularitzaren arduraduna Izangaia
Sin.: Sin.:

(1) Egiaztatze aukerei buruzko arrazoizko informazioa duten gaitasun unitateak jarri dira, beren kodearekin eta izen osoarekin.

7. ERANSKINA

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren ebaluazio fasean izena emateko formularioa

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

Eskatzailearen datuak:

Lehen deitura:

Bigarren deitura:

Izena:

NAN edo pasaporte zenbakia:

AZALTZEN DUT:

......................................... teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasea amaitu dudala eta bidezko aholkua jaso dudala.

ESKATZEN DUT:

.............aren ....(e)ko .......... Errege Dekretuan zehaztutako .................... teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren ebaluazio fasea hasteko, honako gaitasun unitate hauetan 1:

q Tituluko gaitasun unitateen kodeak eta izenak

q ........................................................................................................

q ........................................................................................................

.........(e)n, 20....(e)ko ......aren ....(e)an.
Interesdunaren sinadura

.......................................................................................... ZUZENDARIA

8. ERANSKINA

Ebaluazio plana

................................KO TEKNIKARIA

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

Izangaiaren izen-deiturak:

Ebaluazioaren xede diren gaitasun unitateak:

Erabiliko diren frogabideak:

  • Lanbide jardueraren behaketa edo simulazioa

q Lanbide elkarrizketa

q Beste batzuk (zehaztu):

Ebaluazioa egiteko orduak, egunak eta tokiak:

Plana adostu den tokia eta eguna: .................................(e)n, 20....(e)ko .........................aren .......ean.

Adostasuna agertzeko sinadurak Izangaia Ebaluazio taldea Sin.:

9. ERANSKINA

Gaitasun-judizioa

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

........................................ teknikariaren lanbide profilari dagokionez eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatu behar dituen ebaluazio batzordeak, izangai honek agertu dituen gaitasunak aztertu ondoren,

..................................................................................... jauna/andrea, .................................................... NANa duena.

Ebaluatu diren gaitasun unitateei buruz ondoko judizioa adierazten du:

(Ebaluatu diren gaitasun unitateak baino ez dira aipatuko)

(Ebaluatutako gaitasun unitateen kodeak eta izenak)

Gaitasun egiaztatua Gaitasun egiaztatu gabea

...............................(e)n, 20....(e)ko ......................aren .............(e)an. EBALUAZIO BATZORDEA Batzordeburua .................. Batzordekideak .................. Idazkaria

10. ERANSKINA

Prestakuntza ibilbide osagarriei buruzko aholkularitzarako eskabidea

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

Izena: .............................; NAN zenbakia: ..............................

AZALTZEN DUT:

................................................................. teknikariaren tituluari lotutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu dudala.

ESKATZEN DUT:

Honako gaitasun unitate hauetan zehaztutako lanbide gaitasuna eskuratzeko komenigarria den prestakuntza ibilbideari buruzko aholkularitza jasotzeko:

Idatzi kasuan kasuko tituluko gaitasun unitateen kodeak eta izen osoak

q ........................................................................................................

q .......................................................................................................

Iruñean, 20....(e)ko ..........................aren ......(e)an. Interesdunaren
sinadura

.........................................................................................KO ZUZENDARIA

11. ERANSKINA

Lanbide gaitasunaren ziurtagiria

(Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak maiatzaren 20an emandako 145/2009 Ebazpenaren arabera)

.......................................... jauna/andrea, ........................(e)ko (herria) ........................................................... (ikastetxearen izena) Lanbide Heziketako ikastetxeko idazkaria naizen honek

ZIURTATZEN DUT:

Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren ondorioz, egiaztatu dela ..................... jaunak/andreak (NAN zenbakia: ..............) ondoko gaitasun unitate hauek biltzen dituela:

(Gaitasun unitate bakoitzaren kodea, izena eta maila adieraziko dira)

1.

2.

3.

4.

5.

6.

7.

Eta horrela ager dadin eta, indarra duen araudiarekin bat, behar diren ondorioak sor ditzan, ziurtagiri hau egin dut ...............................(e)n, 20.....(e)ko ...................aren .......(e)an.

OE. Ikastetxeko zuzendaria Idazkaria Sin.: Sin.:

Iragarkiaren kodea: F0916591