73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Bortzirietako Hiri Hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuen arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez, lanaldi partzialean betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko hau jakitera ematen da Mankomunitateko zerbitzuen arduradun bat kontratatzeko, oposizio-lehiaketa bidez, lanaldi partzialean, Bortzirietako hondakin solikoak kudeatzeko Mankomunitatean lanean aritzeko.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den pertsonak ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Mankomunitateak kontratatutako zerbitzuen kontrola eta jarraipena: Bilketak, gabiketak, eta abar.

-Zaborrontzien kokapen egokiaz zein zaborrontzien egoeraz arduratzea eta kontrolatzea; beharreko gestioak egitea haiek egoera egokian egon daitezen. Behar bada, poltsak eta hondakinak dagozkien edukiontzietan sartuko ditu edo lekutu

-Bilketa zerbitzuaren gaineko datuak lortzea. Esate baterako, ibilbideak, bilketen maiztasunak, kokapena, bilguneen kokapena eta garbiketa, edukiontzien kopurua eta tamaina, etab. Bilketa egoki planifikatzeko eta eguneratua izateko, bilketa-sistema etengabe hobetzeko proposamenak egitea.

-Ordenantzak ez betetzeari buruzko ikuskapen lanak egin eta salaketak jartzea.

-Zerbitzuekin zerikusia dituzten intzidentziak atenditu eta zerbitzuaren funtzionamendua dela-eta erabiltzaileek adierazten dituzten kexak eta kezkak jasotzea, haiei erantzun egokia emateko beharrezkoak diren erabakiak hartuz, Mankomunitateko administrazioarekin batera.

-Bere mailaren eta kategoriaren barrenean bere esku uzten diren guztiak.

1.3. Hautapen probak gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatzen den izangaiak C mailari dagozkion oinarrizko lansariak izanen ditu, Mankomunitateak une bakoitzean erabakitzen dituen osagarriak gehiturik.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko gutxieneko jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

1.6. Kontratuak bi hilabeteko probaldia izanen du.

2.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Batxilergo titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Era berean goi mailako tituluak onartuko dira.

d) Gutxienez ere B1 mailako gidatzeko baimena eta ibilgailua edukitzea. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak frogatu beharko du ibilgailua baduela, izendapena egin baino lehen.

e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Aurreko beharkizunak eskabideak aurkeztearekin batera egiaztatuko dira, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta oposizio-lehiaketaren prozedura osoak dirauen bitartean ere, izendapena arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mankomunitatearen idazkaritzan aurkeztu beharko dira, Etxalarren. Horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 15:00ak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

3.2. Deialdi honen 8. atalean xedatutakoaren arabera, epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak alegatu beharko dituzte izangaiek.

3.3. Alegatzen diren merezimenduak jatorrizko edo konpultsatutako agirien bidez frogatu beharko dira, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, mankomunitateburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, 10 egun balioduneko epearen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzita, mankomunitateburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda emanen du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean probak egiteko tokia, data eta hasteko ordua zehaztuko dira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Patxiku Irisarri Elizagoien, mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Josu Irazoki Agirre, mankomunitateko buruordea.

Mahaikidea: Ramoni Olaziregi Mitxelena, mankomunitateko administraria.

Ordezkoa: Isabel Sanzberro Iturria, Etxalarko Udaleko administraria.

Mahaikidea: Modesto Maia Larretxea, Lesakako Udaleko administraria.

Ordezkoa: Ana Errandonea Irazoki, Lesakako Udaleko administraria.

Mahaikidea: Izarbeibarko Mankomunitateak izendatzen duena.

Ordezkoa: Izarbeibarko Mankomunitateak hautatu beharrekoa.

Mahaikide-idazkaria: Izaskun Gortari Sein, mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Bortzirietako idazkarietako edozein.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin eratu beharko da. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, ezta jardun ere, guttienez kideen gehiengo absolutua bertan ez bada.

5.3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri. Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren afera guztiak gehiengoz erabakiko ditu epaimahaiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu, proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezializate teknikoetan baizik ez dute jardungo eta horietan baino ez dira epaimahaiarekin elkarlanean ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola egin.

6.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan eginen da: euskara proba lehenbiziko, lehiaketaldia gero eta oposizioaldia hondarreko, oinarri hauetan ezartzen den gisara.

6.2. Deialdia argitaratu eta bi hilabete iragandakoan hasiko da oposizio-lehiaketa, izengai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragartzen diren tokian, egunean eta orduan.

Ariketa bakoitza amaituta, epaimahaiak hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, eta aitzinekoan lortutako emaitzak Mankomunitatearen iragarki oholean paratuko ditu.

Epaimahaiak ariketa bat baino gehiago edo guztiak egun berean egitea erabakitzeko ahalmena du.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.-Euskara maila neurtzeko proba.

7.1. Euskarari buruzko proba izangai guztientzat eta baztertzailea izanen da. Ahoz eta idatziz izanen da eta bazterturik geldituko dira epaimahaiak ez gaitzat jotzen dituenak. Eskatuko den maila Bortzirietako Euskara Mankomunitateak proposaturiko 2. maila izanen da.

8.-Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

8.2. 3.3 oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz baloratuko dira:

a) Entitate publiko batean antzeko lan egindako urte bakoitzeko 5 puntu, gehienez 15 puntu.

b) Berariazko prestakuntza osagarria, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duena: gutxienez 20 orduko modulu bakoitzeko, puntu bat; gehienez, 5 puntu.

c) Deialdian eskatutakoaz besteko titulazioak, gehienez 5 puntu:

-Lizentziatura: bakoitzeko 4 puntu.

-Diplomatura: bakoitzeko 3 puntu.

-Goi mailako heziketa zikloa edo baliokidea: titulu bakoitzeko 2 puntu.

8.3. Aurreko ataletan aurreikusi eta behar bezala egiaztaturiko merezimenduak kontatzeko, behin-behineko lan-kontratua nahiz finkoa izanda egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Esperientzia denbora egiaztatuak urte osoak egiten ez baditu, dagokion proportzioa aterako da.

9.-Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gaztelaniaz nahiz euskaraz egin ahalko dira. Gehienez ere 75 puntu lortzen ahalko dira bertan:

a) Ezagupenen gaineko proba.

b) Ariketa praktikoa.

c) Buruz buruko elkarrizketa.

9.2. Ezagupenen gaineko proban, test moduko ariketa bat idatzi beharko da, gehienez ere 2 ordutan, 2. eranskinean aipatzen diren gaiei buruz. Zati teorikoan 30 puntu eskuratuko dira, gehienez ere, eta baztertuak izanen dira 15 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

9.3. Ariketa praktikoan, zenbait kasu praktiko landuko dira, lanpostuaren zereginekin eta edukiekin ikustekoa dutenak. Ariketa egiteko, 2 ordu izanen dira gehienez. Zati praktikoan 35 puntu eskuratuko dira, gehienez ere, eta baztertuak izanen dira 17,5 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

Ezagupenen gaineko proba eta ariketa praktikoa plika sistemaren bidez eginen dira.

9.4. Buruz buruko elkarrizketan hitz eginen da egindako ariketaz, jarduketa programez, egitekoen ikuspegi orokorraz eta Epaimahaiak mahairatzen duen beste edozein alderdiz. Gehienez ere 15 minutuko iraupena izanen du. Puntuazioa, gehienez ere 10 puntu.

9.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra izanen da, eta horretara izangaiek NAN aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

10.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Izangaien kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda ikusgai paratuko du. Zerrenda puntuen arabera antolatuko du eta punturik gehien lortzen duen lehiakidea izendatzeko proposamena igorriko du. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin sortzen diren beharrak bete ahal izateko eta ordezkapenak egiteko izangaien zerrenda bat osatuko da.

10.2. Izendapen proposamena argitaratu eta 15 egun naturaleko epean, bertan proposatzen den lehiakideak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Mankomunitateari:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiria; orobat, oinarri horretako c) atalean aipatzen den prestakuntzarena.

c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

e) Ibilgailua baduela erakusten duen agiriaren fotokopia konpultsatua.

f) Zinpeko aitorpena, honako hau adierazten duena: izangaia ez dagoela eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua, eta ez dutela bereizi inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

10.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere eskabidea faltsutzeagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, mankomunitateak beteko du lanpostua gainditzen dutenen zerrendan, 10.1. atalean aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, eta harekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

11.-Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Mankomunitateko Juntak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko zerbitzuen arduradun izendatuko du aurreko atalean xedatua betetzen duen izangaia.

11.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuetan izan ezik, bere lanpostuaz jabetzen ez bada, Mankomunitateko langile izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, Mankomunitateak 10.4 atalean aipatzen den zerrendan, alegia, gainditu dutenen horretan ondo-ondotik agertzen den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta harekin aurreko ataletan azaldu bezala jokatuko da.

12.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da:

-Zuzenean, errekurtso kontentzioso administratiboa, Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusian, maila bereko organo eskudunari zuzendua, jakinarazpen hau hartu esta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

-Nahi bada, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian jakinarazpen hau hartu eta hilabeteko epean.

-Nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa Mankomunitatean, jakinarazpen hau hartu esta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Etxalarren, 2009ko martxoaren 18an.-Presidentea, Patxiku Irisarri Elizagoien.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ......... Sorteguna: ....................... Sorlekua ........................ (....). Bizilekua: ..... (......). Karrika: ....... Zenbakia: .............. Posta kodea: .............Telefonoa: ......................................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko zerbitzuen arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ......(e)ko ............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Badudala ibilgailua gidatzeko B 1 baimena.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Etxalarren, 2009ko ............aren ..........(e)an

(Sinadura)

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-10/1998 Legea, hondakinei buruzkoa.

2.-11/1997 Legea, ontzi eta ontzien hondakinei buruzkoa.

3.-Bortzirietako Hiri Hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen ordenantza, hondakinen kudeaketa arautzen duena.

4.-Bortzirietako Hiri Hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen ordenantza fiskala, hiri hondakinen bilketa, tratamendua eta ustiapena edo deuseztatzea eta zerbitzu horrek eskaintzen dituen gainerako jarduerak egiteko tasak arautzen dituena.

5.-Zerbitzuen karta, jokatzeko protokoloak barne.

6.- Hiri hondakin solidoen kudeaketa Bortzirietako Mankomunitatean: bilketa sistemak eta antolamendua.

7.- Nafarroako Toki Administrazioa: toki entitate motak, eskumenak eta funtzionamenduaren araubidea.

8.-Prozedura administratiboa: Hasiera, tramitazioa eta instrukzioa, amaiera.

9.- Europar zuzentarauak, hondakinen kudeaketaren alorrean.

Iragarkiaren kodea: L0916167