73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLEXOA

Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa argitaratzen da. Olexoako herritarren batzarrak 2008ko abenduaren 11n hasiera batez onetsi zuen ordenantza. Iragarki oholean eta 2009ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2an, aginduzko iragarkiak jarri ondotik, legezko epean ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu; beraz, aipatutako udal erabakiari jarraituz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Olexoan, 2009ko maiatzaren 21ean.-Alkate udalburua, Santiago Jesús Crespo Ganuza.

Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen
dituen ordenantza

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta ondoko artikuluetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Arau Subsidiarioetako aldaketa puntualak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lur banantzeak tramitatzea.

f) Birzatiketak edo bestelako kudeaketa tresnak tramitatzea.

g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

h) Hirigintza arloko galderak.

i) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Dagokion hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta zehaztapenak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da hirigintzako tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein hobaritarako eskubide izan uste, hartarako eskaria ere egin beharko da.

11. artikulua. Eraikin, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak %50eko hobaria izanen du. Behar den egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.

12. artikulua. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, %50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.

13. artikulua. Tasak %75 murriztuko dira baldin eta hirigintza-tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote txosten teknikoak eman baino lehen; uko berariazkoa izan beharko du, Alkatetzari idatziz zuzendua.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.-Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

TASEN ERANSKINA. HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. epigrafea.-Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.

Espedienteak tramitatu eta ebazteko tasak plan bakoitzean hartutako lurzoruaren azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko eskalaren arabera likidatu ere:

Azalera.-5.000 metro koadro bitarte: 0,060 euro metro koadroko.

Azalera.-5.000 metro koadrotik goitikoak, 10.000 metro koadrora arte: 0,055 euro metro koadroko.

Azalera.-10.000 metro koadrotik goitikoak, 25.000 metro koadrora arte: 0,050 euro metro koadroko.

Azalera.-25.000 metro koadrotik goitikoak, 50.000 metro koadrora arte: 0,045 euro metro koadroko.

Azalera.-50.000tik goiti: 0,040 euro metro koadroko.

II. epigrafea.-Arau Subsidiarioetako aldaketak tramitatzea. Plan partzialak, bereziak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak.

Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen %100 izanen dira.

III. epigrafea.-Birzatiketen tramitazioa.

III - A.-Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko tarifei jarraituz:

Metro koadro eraikigarri bakoitzeko: 0,06 euro.

III - B.-Birzatiketen aldaketak tramitatzeko, III - A epigrafean ezarritakoen %50eko tarifak aplikatuko dira.

IV. epigrafea.-Eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.

V. epigrafea.-Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

-Arauen aldaketak edo plan partzial edo berezien erredakzioa tramitatzea: 360,61 euro.

-Plan partzial edo berezien aldaketak tramitatzea: 300,51 euro.

-Xehetasun azterlanak: 300,51 euro.

-Banantzeak (lurzati bakoitzeko): 90,15 euro.

-Lerrokaduren azterlanak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak: 300,51 euro.

-Kudeaketa-tresnen tramitazioak: 300,51 euro.

-Hirigintzako hitzarmenak: 210,35 euro.

-Obra lizentzien tramitazioak eta hirigintzako kontsultak: Udalak kontratatutako teknikarien hirigintzako txostenen egiazko kostua.

Iragarkiaren kodea: L0916363