73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OKO

Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren arloan baimenak emateko tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren arloan baimenak emateko tasak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa argitaratzen da. Herritarren batzarrak 2008ko abenduaren 17an hasiera batez onetsi zuen ordenantza. Iragarki oholean eta 2009ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 6an, aginduzko iragarkiak jarri ondotik, legezko epean ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu; beraz, aipatutako udal erabakiari jarraituz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Okon, 2009ko maiatzaren 19an.-Alkate udalburua, Francisco Javier Bujanda Martínez.

ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTEKO JARDUERA SAILKATUEN KONTROLAREN ARLOAN BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:

a) Jarduteko lizentzia.

b) Jarduerarako lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

e) Udal txostenak eskatzea.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sorraraziko da tasa. Ez da ordaindu beharrik izanen Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen interesdunak atzera egiten badu, zerbitzuaren kostua izan ezik (kanpoko txostenak eta beste).

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta haien kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien araudian ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia frogatzen duen titulua eskuratze aldera, dagokion tasa kobratuko zaio.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak.

-Udalaren aholkularitza teknikoak eman beharreko adostasun txosten edota errekerimendu bakoitzeko: 250 euro.

II. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4A, 4B eta 4C eranskinetan zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak.

-Udalaren aholkularitza teknikoak eman beharreko adostasun txosten edota errekerimendu bakoitzeko: 250 euro.

III. epigrafea.-Irekitzeko lizentzia edo irekitzeko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak.

-Udalaren aholkularitza teknikoak eman beharreko adostasun txosten edota errekerimendu bakoitzeko: 750 euro.

IV. epigrafea.-Irekitzeko lizentzia edo irekitzeko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4 A, 4 B eta 4C eranskinetan zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak.

-Udalaren aholkularitza teknikoak eman beharreko adostasun txosten edota errekerimendu bakoitzeko: 950 euro.

V. epigrafea.-Udal txostenak eskatzea.

-Udalaren aholkularitza teknikoak eman beharreko adostasun txosten edota errekerimendu bakoitzeko: 250 euro.

Iragarkiaren kodea: L0916268