73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1004/2009 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Iden Carbohydrate Biotechnology, S.L.ren instalazioak baimentzen dituena genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinaturako (A/ES/07/I-10 erreferentziarekin jakinarazia), bai eta A/ES/07/11 erreferentziako jarduera ere, genetikoki aldatutako landareen erabilera konfinaturako.

Iden, Carbohydrate Biotechnology, S.L. enpresak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena eskatu dio, genetikoki aldatutako landareen (almidoi kopuru eta konposizio desberdinekoen) lehen erabilera konfinatua egiteko biosegurtasuneko 1. mailako bere instalazioetan ("Mocholí" industrialdea, Cein plaza, B-3 nabea, 31110 Noain).

Ingurumen baimena behar duten jarduerak direnez, bidezkoa da hura tramitatzea, honako hauei jarraikiz: Genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuaren, borondatezko askatzearen eta merkaturatzearen araubide juridikoa ezarri duen apirilaren 25eko 9/2003 Legearen 4. artikuluko 1. idatz-zatia, eta Genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuarekin eta borondatezko askatzearekin zerikusia duten eginkizunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen dizkion ekainaren 22ko 204/1998 Foru Dekretua.

Eskaera eta hari erantsitako agiriak azterturik, aipatu xedapenetan eskatzen diren tramiteak beterik, Biosegurtasunerako Foru Batzordeak eta Biosegurtasunerako Batzorde Nazionalak txostena eman ondoren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak eta azken xedapenetan lehenak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iden Carbohydrate Biotechnology, S.L.ren biosegurtasuneko 1. mailako instalazioak baimentzea, ingurumen ondorioetarako soilik, genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinaturako (A/ES/07/I-10 erreferentzia), bai eta genetikoki aldatutako landareen (almidoi kopuru eta konposizio desberdinekoen) lehen erabilera konfinaturako ere (A/ES/07/11 erreferentzia). Instalazioak helbide honetan daude: "Mocholí" industrialdea, Cein plaza, B-3 nabea, 31110 Noain.

2. Konfinamenduari, instalazioei, ekipamenduari, prozedurei eta funtzionamenduari buruzko baldintzak bete beharko dira, bai jakinarazleak proposatuak bai apirilaren 25eko 9/2003 Legean eta bioarriskuko 1. motako erabilera konfinaturako Erregelamenduan ezarriak. Lege horrek genetikoki aldatutako organismoen erabilera konfinatuaren, borondatezko askatzearen eta merkaturatzearen araubide juridikoa ezarri zuen.

3. Istripuren bat gertatuz gero, jakinarazleak horren berri emanen dio, berehala, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ekainaren 20eko 178/2004 Errege Dekretuan ezarritako moduan eta eskatutako informazioa erantsita.

4. Honako baimen honetaz gain, baliteke beste baimen batzuk ere eskatu behar izatea, aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera.

5. Instalazioen titularrak beste jardueraren bat egin nahi badu genetikoki aldatutako organismoekin (1. mailatik gorako arriskua dutenekin), agintaritza eskudunari aldez aurretik jakinarazi beharko dio eta berariazko baimena jaso beharko du.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

7. Ebazpen hau Biosegurtasunerako Batzorde Nazionaleko buruari, Biosegurtasunerako Foru Batzordeko kideei eta jardueraren sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0915580