73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

195/2009 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, Uharteko Udalaren Musika Eskolaren baimena aldatzen duena, ikasketa gehiago eskaintzeko.

Ikusi da Xanti Kiroga Astiz jaunak, herriko Udalaren Musika Eskolako Patronatuaren izenean, eskola horretan "Gitarra elektrikoa" espezialitatea irakasteko aurkeztu duen baimen eskaera dela-eta irekitako espedientea.

Nafarroako Foru Komunitateko Musika eta Dantza Eskolen sorrerari eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluak araututakoa kontuan hartu da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Baimena ematea Uharteko Udalaren Musika Eskolari (ikastetxearen kodea: 31008633), "Gitarra elektrikoa" musika-tresnaren espezialitateko ikasketak emateko 2009-2010 ikasturtetik aurrera.

2. Hemendik aurrera, eskolak 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1 artikuluan aipatzen den oinarrizko eskaintzako ikasketak emateko baimena izanen du, eta musika-tresnen arloko espezialitate hauek izanen ditu: akordeoia, klarinetea, zeharkako flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpeta, txistua eta biolina.

3. Departamentuaren baimena beharko da eskolaren osaera aldatzeko, baldin eta aldaketak 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan araututakoa ukitzen badu.

4. Foru dekretu horren 31. artikuluan aipatutako kasuetan, eskolaren baimena baliorik gabe uzten ahalko da.

5. Ohartarazten da ezen, 421/1992 Foru Dekretuaren 20. artikuluarekin bat, eskolaren titularra den entitateak ordainduko dituela ebazpen honen bidez baimendutako ikasketen gastuak.

6. Administrazioaren ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8. Ebazpen hau igortzea Udalaren Musika Eskolaren Patronatuko buruari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atalari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari.

Iruñean, 2009ko apirilaren 21ean.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.

Iragarkiaren kodea: F0914644