73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

247/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Tuta absoluta badagoela adierazi eta hura kontrolatzeko babes neurriak hartzen dituena.

Landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoak Europar Batasunean ez sartzeko eta Europar Batasunaren barnean ez hedatzeko babes neurriak ezarri zituen 2000ko maiatzaren 8ko Kontseiluaren 2000/29/EE Zuzentarauak.

Urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuak landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoei Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietan barna hedatzea eragozteko neurriak ezartzen ditu.

Tuta absoluta (tomateko sitsa) lepidoptero bat da, Gelechidae familiakoa, Hego Amerikan bizi dena. Europar Batasunean ez zegoen haren berri eta Kontseiluak 2000ko maiatzaren 8an eman 2000/29/CE Zuzentarauan ez dago aipaturik. Hala ere, Espainian organismo hori zenbait autonomia erkidegotan atzeman da. Nafarroako Foru Komunitatean 2008ko maiatzean atzeman zen eta halaxe jakinarazi zitzaion Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioari. Gaur egun, haren bilakaeraren jarraipena egiten ari da, baita haren kontrako borrokabide eragingarriak zehazteko jarduerak ere.

2008ko urtarrilaren 25ean, Batzorde Fitosanitario Nazionalak Tuta absoluta kontrolatzeko behin-behineko neurriak onetsi zituen eta gaur egun erauzi eta kontrolatzeko programa nazionala prestatzen ari da. Batzorde hura Espainian oraindik finkaturik ez dauden eta landareei kalte egiten dieten organismoak erauzi edo kontrolatzeko programa nazionalak arautzen dituen ekainaren 12ko 1190/1998 Errege Dekretuaren bidez sortu zen.

Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legeak xedatzen duenez, posible da ofizialki izurri bat dagoela adieraztea, horrek kalte ekonomikoak sortzen dituenean edo sor ditzakeenean, hain trinkotasun, zabalpen edo izaera handiz, ezen haren kontra borroka egiteko baliabide eragingarri gisa nahitaezko borroka beharrezko egiten baitu edo borroka neurriak elkarren ondoko eremuetan hartu behar direnean edo izurria balizko zabaltze foku bat denean.

Foru agindu horretan aurreikusten den Abisu Estazioa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak daukan sostengu teknikoko tresna da izurriak atzeman, segitu eta bilakatzeko, bereziki garrantzi ekonomiko handia izan dezaketen horietan, hori dena nekazarien lehen eginbeharra galarazi gabe. Izan ere, beren alorrak zaindu behar dituzte, haien egoera fitosanitario egokia mantentzeko, organismo kaltegarrien ohiz kanpoko sintomak agertuz gero Administrazioari jakinarazi eta ezartzen diren nahitaezko osasun neurriak burutu.

Organismo kaltegarri horren fokua Erriberan atzeman denez eta kontuan hartuz zabaltzeko duen erraztasun berezia eta espezie-apopiloetan sor ditzakeen kalte larriak, horien gaitasun begetatiboa eta horien fruituen kalitate komertziala gutxitzen baitu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak apirilaren 4an eman 62/2005 Foru Aginduan aurreikusiriko jarduketak zehaztu behar dira. Horren bidez, laboreetako izurri eta gaitzen kontra borrokatzeko neurri fitosanitario nahitaezkoak eta gomendatuak ezarri ziren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen asmoa Tuta absoluta edo tomateko sitsa (hemendik aurrera "organismoa") Nafarroako Foru Komunitatean badagoela adierazi eta kontrolatzeko neurriak onestea da.

2. artikulua. Espezie-apopiloak.

Organismo horren espezie-apopilo nagusiak hauxek dira: tomatea (Lycopersicon esculentum), patata (Solanum tuberosum) eta alberjinia (Solanum melongena), eta solanazeoen familiako beste espezie batzuk, bai basa espezieak, bai landatuak ere.

3. artikulua. Jarduteko plana.

1. Organismoa kontrolatzeko nahitaezko neurri fitosanitarioak (foru agindu honetako I. eranskinean zehaztu dira) Nafarroako Foru Komunitate osoan bete behar dira.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak II. eranskinean gomendatu diren neurriak nahitaezko bihurtzen ahal ditu, organismoa kontrolatzeko teknikoki justifikatutako beste batzuk ere har ditzake, eta, behar denean, neurriak gauzatuko ditu, zuzenean edo bere zerbitzuko erakundeen bidez, banakako ekintza taldekako ekintzarako oztopo izan daitekeenean eta eragingarritasuna galaraz dezakeenean. Hori dena Landare osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako kasuetan.

4. artikulua. Organismoa aurkitzeko eta kontrolatzeko neurri fitosanitarioak.

1. Nafarroako Abisu Estazioak prospekzio eta kontrol sistematikoak eginen ditu, solanazeoen familiako berezko landareetan edo landare landatuetan organismoa atzemateko.

2. Azterketen ondorioz organismoa aurkitzen bada, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ukitutakoari jakinaraziko dio, organismoa ez zabaltzeko hartu beharreko neurrien berri emanen dio eta neurriak betetzen diren ikusteko behar diren egiaztapenak eginen ditu.

5. artikulua. Partikularren betebeharrak.

1. Ustiategien titularrek eta defentsa fitosanitarioarekin zerikusia duten jardueretan aritzen diren nekazariek, merkatariek, teknikariek eta profesionalek berehalakoan jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari organismo kaltegarrien sintomak ohiz kanpo agertzea, baita beste edozein gertaera ere, eta, departamentuak hala eskatzen duenean, egoera fitosanitarioari buruzko era guztietako informazioa eman beharko dute.

2. Ukitutakoek gauzatuko dituzte foru agindu honen I. eranskinean ezarri diren nahitaezko neurriak eta ezartzen diren beste guztiak, eta, hala behar duenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikarien arduradunen jarraibideei men eginen diete.

3. Ukitutakoek arestiko atalean aipatutako neurriak ez badituzte betetzen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beteko ditu subsidiarioki, Landare osasunari buruzko 4/2007 Foru Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Tuta absoluta kontrolatzeko nahitaezko neurriak

A.-Landatzeko landare materialaren ekoizpenari buruzko neurriak

A-1.-Landare materialaren jatorria: alorretan erabili beharreko tomate eta alberjinia landareak ekoitziak izanen dira eta, beraz, Haztegiko Landareen Ekoizleen Erregistroan inskribaturiko haztegietatik etorri beharko dute. Horiek, haztegiko barazkien eta landare apaingarrien ekoizpenaren arauez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

A-1.1.-Tranpa sare baten bidez atzematea: ekoizpen aroetan, Tutak jo ditzakeen espezieak sortzen ari direneko modulu edo nabe guztiek izurriaren berariazko feromona sexualen bidez beitaturiko tranpak izanen dituzte.

A-1.2.-Esku hartze kimikoa: ekoizpen modulu batzuetan astean tranpako 3 baino gehiago harrapatuz gero, landareak abian jarri baino lehen tratamendu kimiko bat eginen da, ukituriko laborantzarako erregistraturiko produktu eragingarrien bidez.

A-1.3.-Harrapakinen erregistroak eta tratamenduak: ekoizpen modulu bakoitzeko krokis bat eduki beharko da, non paraturiko tranpa feromonadunak kokatuko baitira. Halaber, feromona bideak aldatzeko datak, asteko harrapakinak eta eginiko tratamendu kimikoen datak, erabiliriko gai aktiboak eta haien dosiak zehaztuz, erregistratuko dira. Sorturiko erregistroak gutxienez bi urtez gordeko dira.

A-1.4.-Material sentiberaren irteera erregistroa: Tuta absolutak jo ditzakeen landareen irteeren berariazko erregistro dokumentala sortuko da, non, gutxienez, datu hauek adieraziko baitira: partida igorri zeneko data, nekazariaren izena, espeziea, barietatea eta erretiraturiko lote bakoitzeko landare kopurua. Sorturiko erregistroak gutxienez bi urtez gordeko dira.

A-1.5.-Kontrol ofizialak: ekoizpen zentroez arduratzen den erakunde ofizialak egiten dituen ikuskapen ezarrrietan, ezarririko erregistro guzti-guztiak (tranpak, tratamenduak eta irteeren kontrol dokumentala) eta kudeaketa zuzena miatuko dira.

B.-Espezie sentiberak estalpean ekoizteko lurzatiak

Plastiko edo sare azpiko solanazeo ustiategiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuan erregistratu beharko dira 500 metro koadroko eremua gainditzen dutenean. Gogorarazten da nahitaezkoa dela produktu fitosanitarioen erabileraren eta uzten trazagarritasunaren fitxa eraman eta mantentzea, apirilaren 16ko 106/2007 Foru Aginduaren arabera. Halaber, nahitaezko neurri hauei ere kasu eman beharko diete:

B-1.-Beste landaketa ziklo baterako lurzatiak prestatzeko neurriak: lurraren laborantzan ezin izanen da espezie sentibera baten beste ziklorik egin gutxienez ere 6 aste pasa arte, edo 8 udan, aurreko laborantzaren hondakinak garbitzen direnetik hasita. Denbora hori erdira gutxitzen ahalko da lurrean gelditzen ahal diren krisalida eta helduak suntsitzeko estrategia eragingarriak erabiltzen badira, hala nola: berotegiak izanez gero, aldi batez itxiak edukitzea, solarizazio bidez osaturik edo ez, edo praktika hori bakarrik eta gero bizirik gelditu diren helduak suntsitzeko tratamenduak; lurrak plastikozko xaflekin estaltzea, geruza sakonenetan babestea eragozteko, eta neurri hori lurraren tratamendu intsektizida batekin osatzea; harrapatzeak tranpen bidez areagotzea; edo beste edozein jarduketa, egiaztatu ondoren, aurreneurri gisa haren aplikazioa positiboa denean. Krisalidak eta helduak suntsitzeko estrategia eragingarriak ekoizpen hidroponikoan edo lurrik gabeko laborantzan nahitaez betetzekoak izanen dira.

B-2.-Tranpa adierazleak erabiltzea: laborantza ziklo osoan, lurzatiek Tuta absolutaren feromona sexualekin beitaturiko tranpak edukiko dituzte (tranpa bat nabe edo lurzati bakoitzean, hektarea bat baino gutxiagorako, eta tranpa bat hektarea bakoitzean, lurzati handiagoetarako). Erabili beharreko tranpa adierazleak delta motakoak izanen dira, beita estandarrekin. 1,5-2 metroko garaiera batean jarriko dira, bereziki pasabideetan eta sarreretatik hurbil.

Esku-hartze kimikoa beharrezkoa ote den zehazteko, ekoizleak astero harrapatzeak idatziko ditu eta feromona bideak aldatzen direneko datak ere bai.

B-3.-Tuta absolutaren sintomak dituzten folioloak suntsitzea: txertoaren ondoren, 15 eta 30 egun bitarte pasaturik, behin gutxienez landare guztiak berrikusi eta eskuz izurriaren galeriak dauzkaten foliolo edo "hostoxka" guztiak suntsituko dira. Plastikozko zaku edo poltsetan sartuko dira. Ongi itxiko dira, bertako larbak hil arte.

B-3.-Tuta absolutaren sintomak dituzten fruitu eta kimuak suntsitzea: laborantza zikloko edozein momentutan, Tuta larbek kalteturiko fruitu edo zurtoinik atzemanez gero, lurzati osoaren orotariko berrikuspena eginen da. Segurtasunez erretiratu eta suntsituko dira, izurriari bere zikloa bukatzea eta ugaltzen segitzea eragozteko.

B-5.-Kontrol metodoak: ustiategian Tuta absoluta atzematen denean, kontrol plan bat prestatu beharko da, prozedura hauetariko bat gutxienez bildu edo haietariko batzuk konbinatuko dituena:

-Harrapatze masiboak, feromonekin beitaturiko ur tranpen bidez. Batez beste 15-20 tranpa paratuko dira hektarea bakoitzean.

-Kontrol biologikoa. Izurria kontrolatzeko erabiliriko fauna laguntzailearen bidez (Nesidiocoris tenuis, Macrolophus caliginosus edo bestelako zimitz harrapakarien bidez).

-Kontrol kimikoa:

  • Harrapakinak hamar tximeleta baino gutxiago badira tranpa bakoitzean astean, bereziki, produktu biologikoen bidezko tratamenduak eginen dira, hala nola, Bacillus thuringiensis eta azadiractinaren bidez edo Nafarroako Nekazaritzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarenak gomendatzen ahal dituen bestelako produktuen bidez.
  • Harrapakinak hamar tximeleta baino gehiago badira tranpa bakoitzean astean, aurreko intsektizidak Nafarroako Nekazaritzako Institutu Teknikoa eta Kudeaketarenak gomendatzen ahal dituen bestelako intsektizidekin konbinatuko dira.

B-6.-Alorra aukeratzea: fruitu bilketa edo gero igortzeko enbalajea egiten ari denean izurria arloan atzemanez gero, fruituak hautatu eta Tuta absolutak ukiturikoak edo ustez eraso egin dienak baztertuko dira, fruituak eskuztatze edo ontziratze biltegira eraman baino lehen.

B-7.-Landaketak eta beste laborantzak suntsitzea: ekoizpen zikloa bukatu ondoren, landaketak gehienez ere zazpi eguneko epean suntsituko dira, izurriaren zabaltze arriskua saihesteko moduan. Landaketa suntsitu eta gero, lurzatia sortu edo birsortzen ahal den tomate landarerik gabe mantenduko da.

C.-Espezie sentiberak kanpoaldean ekoizteko lurzatiak

C-1.-Landaketako materialaren erosketaren erregistroa: erosiriko landaketa materialaren erregistroa mantenduko da, gutxienez ere, erosi zaion enpresaren izena, erosten den eguna, kopurua, espeziea, barietatea eta lote zenbakia edukiko dituena. Sorturiko erregistroak gutxienez bi urtez gordeko dira.

C-2.-Landaketak eta beste laborantzak suntsitzea: ekoizpen zikloa bukatu ondoren, landaketak gehienez ere zazpi eguneko epean suntsituko dira, izurriaren zabaltze arriskua saihesteko moduan. Landaketa suntsituz gero, lurzatiak sortu edo birsortzen ahal den tomate landarerik gabe mantenduko da.

D.-Fruituak eskuztatu edo ontziratzeko biltegiko neurriak

Eskuztatze eta ontziratze instalazioek (barazki eta fruitu zentralek, alondegiek, kontserba industriek eta abarrek) nahitaezko neurri hauek bete beharko dituzte, ontziraturiko fruituak ez direla izurriaren eramaileak forma biologiko batean ere bermatzeko:

D-1.-Kalitatearen kontrola: partida bakoitza biltegira ailegatzen denean, fresko ontziraturiko instalazioetan, "kalitatearen kontrol" bat eginen du teknikari edo langile kualifikatu batek. Tuta absolutak fresko jateko fruituetan eginiko kalterik atzemanez gero, partida baztertuko da eta jabeak erretiratuko du.

D-2.-Erregistro dokumentala: biltegira ailegatzen diren partida guztiak (ezarririko kalitate kontrola gainditu edo ez) erregistraturik geldituko dira. Gutxienez ere datu hauek agertuko dira: ailegatu ziren eguna eta ordua, jabea, jatorriko lurzati edo ustiategia, gutxi gora beherako pisua, ontzi mota, aurkezpen mota (adarrean, soltea kalizarekin edo soltea kalizarik gabe), kalitate kontrolaren arduraduna eta kalitate kontrolaren emaitza (onartua edo baztertua). Erregistro horiek gutxienez bi urtez gordeko dira.

D-3.-Arloko ontzien garbiketa: espezie sentiberen fruituak eduki dituzten kaxak edo bestelako ontziak presiozko uraz garbituko dira, edo beste edozein sistema eragingarri baten bidez, atxikirik gelditu ahal izan diren larbak suntsitzeko, beste laborantza lurzati batzuetan erabili baino lehen.

D-4.-Enpresaren eginbeharrak: enpresak izurriaren eramaileak izan daitezkeen azpiproduktu eta hondakinak segurtasunez prozesatu eta suntsitzeko plan bat edukiko du eta bere langileen prestakuntza sustatuko du, ontziratu baino lehen ekoizpenak zehatz-mehatz kontrolatzen direla bermatzeko.

D-5.-Kontrol ofizialak: erakunde ofizial arduradunak instalazioak eta langileen prestakuntzari eta eginiko kalitate kontrolei buruzko agiriak ikuskatuko ditu merkaturatze kanpainan.

II. ERANSKINA

Tuta absoluta kontrolatzeko gomendaturiko neurriak

A.-Espezie sentiberak kanpoaldean eta estalpean ekoizteko lurzatiak.

A-1.-Landaketarako landare materialaren garraioa: landareak laborantza lurzatietara eramaten direnean, bermatu beharko da horien infestazioa ez dela posible, ibilgailu itxiak erabiliz. Bitarteko biltegiratzeetan, lokal itxiak izanen dira edo babesturik, izurriari landareetarako bidea eragozten dioten oztopo fisikoak izanen dituztela.

A-2.-Itxiturak: babesturiko laborantzetan, aireberritze eremuek gutxienez ere 9x6 hari/cm²-ko trinkotasuneko sareak edukiko dituzte eta nabeak ate bikoitzeko sistemez horniturik egonen dira. Sarea instalazioko estalkiko plastikoa aldatzen den momentuan paratuko da.

A-3.-Tranpa adierazleak erabiltzea: espezie sentiberen kanpoaldeko laborantzetan, feromonekin beitaturiko delta motako tranpa bat kokatuko da, izurria lehenbailehen atzemateko.

B.-Fruituak eskuztatu edo ontziratzeko biltegiko neurriak

B. 1.-Itxiturak: aireberritze eremuek gutxienez ere 9x6 hari/cm²-ko trinkotasuneko sareak edukiko dituzte eta nabeak ate bikoitzeko sistemez horniturik egonen dira.

B-2.-Tranpa adierazleak erabiltzea: feromonekin beitaturiko tranparen bat kokatuko da, instalazioetan izurriaren presentzia ebaluatzeko.

Iragarkiaren kodea: F0915326