73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 1ean hartua, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa sortzea, "Buztintxuri" behin-behineko izenarekin" gauzatzeko.

Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eskola publiko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Erregelamendu Organikoa onetsi zen, eta bertan ikastetxe horiek Nafarroako Gobernuak sortuko zituela xedatu.

Espedienteari Nafarroako Hezkuntzako Batzorde Nagusiak edo Eskola Kontseiluak txostena egin dio eta irakasleen ordezkari sindikalei haren berri eman zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko hau sortzen da (Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa). Haren datuak hauek dira:

Ikastetxeen kodea: 31013495.

Izen orokorra: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa.

Berariazko behin-behineko izena: Buztintxuri.

Helbidea: Victor Eusa kalea, 1. zenbakia.

Herria: Iruña.

Udalerria: Iruña.

Titularra: Hezkuntza Departamentua.

Osaera juridikoa: 9 unitate Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, gehienez 225 ikaspostu; eta 18 unitate Lehen Hezkuntzan, gehienez 450 ikaspostu.

Ereduak: A, G gaztelania oinarri duen programa eleaniztunarekin, eta D eredua euskara oinarri duen programa eleaniztunarekin.

2. Iruñeko "Buztintxuri" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa 2009ko maiatzaren 1eko ondorioekin sortzen da.

3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 15.2 xedapen gehigarrian xedatutako ondorioetarako, ikastetxe horretako irakaslanak 2009ko irailaren 1eko ondorioekin jarriko dira funtzionamenduan.

4. Ikastetxea Nafarroako Foru Komunitatearen ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak (martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatua eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuak gaurkotua) ezarritako Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasuneko ikastetxeen sarearen barruan geldituko da, jarraian agertzen den eran:

Ikastetxea 15. barrutian, "Iruña-Ermitagaña-Donibane" izenekoan, sartuko da, bigarren hezkuntzako zonaldearen eta Iruñeko "Biurdana" Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (D eredua) eta "Julio Caro Baroja" Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (A eta G ereduak) derrigorrezko bigarren hezkuntzako azpizonaldearen mendeko lehen hezkuntzako esparruan.

5. Erabaki hau igortzea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Iruñeko Udalari.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko ekainaren 1ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0916982