73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

275/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, azaroaren 4ko 142/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 4ko 142/2005 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen. Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokionez, Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa ezarri zen baina, orain, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak egindako proposamarekin bat, bidezkoa da bulego hori kentzea.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren Erregelamenduak indarra hartu zuenetik denbora pixka bat pasatu denez, eta Laguntza Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eginkizunak ikusirik eta eraginkortasun eta funtzionaltasun irizpideak aintzat harturik, bidezkoa da Nafarroako Segurtasun Eskolako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa kentzea.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamenduaren -irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsia- 8.2 artikuluak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ematen dio bulegoak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen proposamena kontuan hartuta.

Horrenbestez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen proposamena ikusirik,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zuen azaroaren 4ko 142/2005 Foru Agindua aldatzea.

Kendu egin da Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa, Laguntza Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalari atxikia.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe utzi da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 4ko 142/2005 Foru Aginduaren 7. artikulua. Agindu haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 27an.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0914827