73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

204/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko 2009. urteko deialdia onesten duena.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen arabera, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta komunitatearen eta, bereziki, gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen parte-hartzea bultzatzea premia sozialak konpontzeko prozesuetan.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zen. Bertan, gizarte integraziorako etxebizitzak eskuratzeko laguntzak gizarteratze arloan bermaturik ez dagoen prestazio gisa ageri da.

Arau hartako aurreikuspenek bat etorri beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri zen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integrazioko etxebizitzen araubidea eta etxebizitza babestuak eta gizarte integraziokoak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.

Deialdi honen helburua da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraituz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politika orokorraren esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Gobernuak, 2009ko maiatzaren 4ko Erabakiaren bidez, baimena eman zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako diru-laguntzak emateko 2009. urteko deialdia onesteko, banakako ebaluazio araubidean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren funtzionamenduko gastuetarako diru-laguntzen 2009. urteko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 170.000,00 euroko gastua baimentzea 2009ko aurrekontuetako "Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontu-sailaren kargura.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearekin bat.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 26an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren funzionamenduko gastuetarako 2009an diru-laguntzak emateko deialdiko arauak

1.-Xedea.

Deialdi honek xedea du 2009. urtean irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren funzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza horien bidez aipatutako entitateen gastuak, Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programarako langileen eta funzionamenduarenak finantzatuko dira, bai erosketan, bai alokairuan.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programa garatzea.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek:

a) Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren laguntzaile gisa kalifikatuak izatea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin lankidetza hitzarmena sinatua izatea. Zazpigarren klausulan hauxe xedatzen da. Lankidetza hitzarmen hau 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, lau urteko iraupena izanen du gehienez eta 2010eko abenduaren 31ra arte izanen du indarra.

b) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

c) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

d) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik egotea.

3.2. Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko tokia.

Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, entitate interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas, 7) eta erakunde beraren web orrian (www.cfnavarra.es/BienestarSocial) eskuratzen ahalko da.

Eskabidea entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinaturik aurkeztu beharko da. Aurkezpen hori 2009ko ekitaldiaren barnean egin beharko da.

Eskabideak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietako edozeinetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

b) Identifikazio fiskaleko txartela.

c) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

d) Aurretik ordaintzeko eskaera, hala eskatzen duten entitateen kasuan, ordainketa horren beharra xehetasunez azalduta.

e) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabidea.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, a), b), eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

Eskaera prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko prozedura ebatziko du.

6.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren ebaluazioa eta esleipena

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

6.1. Gizarte Integrazioko Etxebizitzen Programaren funzionamenduko gastuetarako diru-laguntzak emanen dira, 170.000,00 euro, 2009ko aurrekontuko "Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren entitate laguntzaileei diru-laguntzak" izeneko 900003 91600 4819 231604 kontu-sailaren kargura.

6.2. Ebaluazioa egiteko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate bakoitzerako diru-kopuru bat ezarri da, bost jarduketa modalitateetan kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren arabera.

a.1) Aurreikusiriko etxebizitzak erosteko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2009rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera:

75 ordu hitzarmenean ezartzen den etxebizitzako.

a.2) Egoitza bazterketak larri ukituriko familiei VAIS alokairu programan sartzeko erraztasunak emateko jarduketak.

Itunduriko etxebizitza bakoitzean 30 ordu izanen dira, entitate bakoitzeko gehienez ere bost izanen direla, eta sei ordu hilero, kontratuaren ondorengo lehenbiziko hamabi hilabeteetan, programari esker VINSArekin alokairua kontratatzen duen familia unitate bakoitzeko akonpainamendu sozialagatik.

a.3) Entitatearen kudeaketaren bidez hiru urte hauetan etxebizitza erosi duten familiei laguntzeko jarduketak:

Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

-2006. urtean: 12 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2007. urtean: 16 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2008. urtean: 20 ordu etxebizitza bakoitzeko.

a.4) Alokairuko etxebizitzetan bizi diren familiei laguntzeko jarduketak, haien titulartasuna entitatearena bada:

Jarduketa hauetan akonpainamendu sozialaren denbora 5 urtera zabaldu da. Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

-2004. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2005. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2006. urtean: 24 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2007. urtean: 32 ordu etxebizitza bakoitzeko.

-2008. urtean: 40 ordu etxebizitza bakoitzeko.

a.5) Etxebizitzak zaharberritzeko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2009rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera.

10 ordu 2009an zaharberritu beharreko etxebizitza bakoitzeko.

2009rako ordu bakoitzeko ezarritako diru kopurua 24,21 eurokoa da.

b) Aurreko ataleko etxe bakoitzerako 75 euroko diru-laguntza ezartzen da, entitatearen funtzionamendu gastuetarako. Kontzeptu horretatik kanpo geldituko dira zaharberritzeko utzi diren etxebizitzak.

6.3. Entitate bakoitzerako diru-laguntza kalkulatzeko aurreko irizpideak aplikatuko dira, programa kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren eta funtzionamenduko gastuen arabera.

7.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, laguntza emateko ebazpena Nafarroako Atarian argitaratuko da. Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

8.-Diru-laguntzaren ordainketa.

8.1. Diru-laguntza lau zatitan pagatuko da. Bakoitzean %25 emanen da. Lehena diru-laguntza emateko ebazpena sinatu baino lehen pagatuko da. Hurrengoak, hurrengo atalean adierazi bezala, aurrekoa justifikatu ondoren pagatuko dira. Laugarren ordainketa justifikazio teknikoa ikusi ondoren ordainduko da.

Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.

8.2. Aurreko ataletan aipatzen diren aurrerakinak ordaintzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitate onuradunak aurretiaz eskatuko ditu diru-laguntzaren helburuak betetzeko behar diren funtsak.

b) Beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

9.-Diru-laguntzaren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa.

a) Justifikazio ekonomikoa: diru-laguntzaren xede den proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda; bertan, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziko dira. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programan aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

b) Justifikazio teknikoa:

b.1) Etxebizitzaren erosketa. Diru-laguntzaren %100 justifikatutzat joko da, kasu hauetan:

-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian 2009ko Programarako eskaturiko etxebizitza bezainbat adostasun espediente daudenean.

-Entitateak itunean sinaturiko jarduketen %60aren erosketa burutu izana. Salerosketa kontratuak edo erosketaren eskritura publikoa edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ikus-onespena aurkeztuz frogatuko da.

b.2) VAIS programan sartzea: ulertuko da badirela arrazoiak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian ekitaldirako programaturiko jarduketa bezainbat aldeko txosten daudenean eta jarduketen %60 gutxienez kontratu batean gauzatu direnean eta aginduzko jarraipen txostenak aurkeztu direnean.

b.3) Hiru urte honetan eginiko erosketa edo alokairu jarduketen jarraipena, haien titularra, azken bost urteetarako, entitatea denean: diru-laguntzaren %100 justifikatutzat joko da, entitateak azken hiru/bost urtean erositako/alokatutako etxebizitza bakoitzaren jarraipen txostena aurkezten duenean.

b.4) Etxebizitzen zaharberritzea: diru-laguntzaren %100 justifikatutzat joko da, Entitateak justifikatzen duenean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan 2008rako eskatutatako esku-hartzeen %60 behintzat aurkeztu duela.

Justifikazio teknikoa horrela ez egitera, emandako diru-laguntza aurkeztu den dokumentazioaren proportzioan egokituko da.

Justifikazio teknikoa Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da 2009ko abenduaren 31 baino lehen, diru-laguntzaren laugarren zatia ordaindu ahal izateko.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, bukatze datatik hasita, entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko du proiektua gauzatu dela justifikatzeko dagoen dokumentazioa, teknikoa eta ekonomikoa.

10.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematerakoan arauetarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Programaren publizitate eta zabalkunde guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedatze idatzia edo grafikoa egiten baldin bada, administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan. Aipatu beharko da Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak parte hartu duela finantzaketan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

f) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen diru-laguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan eta lehen aipatu den web orrian izanen dira entitate interesdunen eskura.

Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.

g) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

11.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

11.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berak diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak.

11.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak edo zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko dua.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

13.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

14.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

16.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

17.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0916774