73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

200/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunak prestatzeko beka bat emateko deialdia onesten duena, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan unibertsitateko tituludunentzako beka bat sortu eta hartarako deialdia egiteko proposamena egin du, tituludun gazteen prestakuntzan eragingarri izateko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziadun diren unibertsitateko tituludunak prestatzeko beka baterako deialdiaren oinarriak onestea, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Hamabi mila bederatziehun eta hirurogei (12.960) euro gastatzeko baimena ematea. Honela banatuko dira:

-Sei mila laurehun eta laurogei euro (6.480 euro) 2009ko gastu aurrekontuko "Beka, ikerketa proiektu eta argitalpenetarako transferentziak" izeneko 900001 91400 4809 231000 kontu-sailaren kargura.

-Sei mila laurehun eta laurogei euro (6.480 euro) , 2010eko gastu aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura, bi ekitaldietako aurrekontuak hornituta badaude.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira, Plangintza eta Azpiegituren Zerbitzura, Informazio Atalera, Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 19an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Prestakuntzako beka bat emateko deialdiaren oinarriak, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko

1. oinarria.-Xedea.

Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziadun direnak prestatzeko beka bat, norgehiagokako araubidean, ematea du xede deialdi honek, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Unibertsitateko tituludunen prestakuntza bultzatzea du helburu deialdiak, departamentuan gauzatzen diren gizarte politiken gaineko informazioa, komunikazioa eta hedakuntza zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria. Aurrekontuko dirua.

Deialdi honetako zenbatekoa hamabi mila bederatziehun eta hirurogei (12.960) eurokoa da. Horietarik, sei mila laurehun eta laurogei (6.480) euro 2009ko gastu aurrekontuko "Beka, ikerketa proiektu eta argitalpenetarako transferentziak" izeneko kontu-sailari egotziko zaizkio eta sei mila laurehun eta laurogei (6.480) euro 2010erako gastu aurrekontuko dagokion kontu-sailari, betiere bi ekitaldietako aurrekontuetan behar adina diru bada.

3. oinarria.-Iraupena.

Bekak urtebete iraunen du, 2009ko uztailaren 1etik 2010eko ekainaren 30era bitarte, edo laguntza emateko ebazpenean adierazten denetik aurrera.

Hala ere, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak beka luzatzen ahal du, gehienez ere hiru urtez, hasierako aldia eta luzapenak barne. Beka luzatzeko proiektuko tutorearen eskaera beharko da aldez aurretik.

4. oinarria.-Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka hamabi mila bederatziehun era hirurogei (12.960,00) eurokoa izanen da. Diru hori hilabetero ordainduko da, 1.080 euro aldian, edo dagokion zati proportzionala.

5. oinarria.-Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

6. oinarria.-Eskatzaileen betebeharrak.

Jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortu izana.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

7. oinarria.-Balorazio baremoa.

Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Ikasketa espedientea: 4 puntu bitarte.

b) Informatika jakitea: 2 puntu bitarte.

c) Hizkuntzak jakitea. Ingelesa, frantsesa eta euskara baloratuko dira: 0,75 puntu arte, bakoitzeko.

d) Bestelako titulu akademikoak edo prestakuntza ikastaroak, informazioa eta zabalkunde dokumentuak hainbat formatutan prestatu edo kudeatzekoak, datu estatistikoen azterketa eta hedapena ezagutzekoak, gizarte politikei loturiko komunikazio planak prestatzekoak: 1,75 puntu bitarte.

Honako hau izanen da merezimenduak baloratzeko baremoa:

a) Ikasketa espedientea.

Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 4 puntuz baloratuko da.

Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kalifikazioa zehazten ez denean, "nahikoa" gisa baloratuko dira.

Ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

b) Informatika.

0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 2 puntu egin arte.

c) Ingelesez, frantsesez eta euskaraz jakitea.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik, 0,75 puntu bitarte, hizkuntza bakoitzarengatik.

d) Bestelako titulu akademikoak edo prestakuntza ikastaroak, informazioa eta zabalkunde dokumentuak hainbat formatutan prestatu edo kudeatzekoak, datu estatistikoen azterketa eta hedapena ezagutzekoak, komunikazio planak eta gizarte politikei loturiko bestelakoak prestatzekoak: 0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 1,75 puntu egin arte. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

8. oinarria.-Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan, Iruñeko González Tablas kaleko 7an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 20 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Prestakuntza bekaren eskaria inprimaki normalizatua erabiliz aurkeztuko da; inprimaki hori Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, 7) edo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren web-gunean lortzen ahal da.

b) Deialdiaren xedeko tituluaren fotokopia egiaztatua.

c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak eta dagozkien frogagiriak.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

e) Alegatutako gainerako merezimenduak, jatorrizko ziurtagiriz edo fotokopia egiaztatuz frogatuta.

f) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Erroldatze ziurtagiria edo beka eskatu aurre-aurreko urtean egiazki Nafarroan bizi izan dela frogatzen duen beste agiri bat.

h) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzendu.

8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. oinarria.-Ebaluazio Batzordeen osaera eta beka emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzen, bekak eskatzen dituztenek alegaturiko merezimenduak ebaluatzen eta ebazpen proposamena prestatzen, non izangai onartuari guztira emaniko puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Inmaculada Rández López andrea, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Plangintza eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria

-Ordezko mahaiburua: Pilar García García andrea. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Ana Arteaga Martinez andrea. Idazkaritza Tekniko Nagusiko Zuzenbideko lizentziaduna.

-Ordezko mahaikidea: María del Mar Torres Echeverría andrea. Idazkaritza Tekniko Nagusiko Zuzenbideko lizentziaduna.

-Idazkaria: María Cruz Santesteban Arana andrea. Plangintza eta Programazio Ataleko Bulegoko burua.

-Ordezko idazkaria: Inés Saénz de Pipaón andrea. Plangintza eta Azpiegituren Zerbitzuko soziologoa.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskaera jasotakoan.

9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Aldez aurretik, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txostena prestatuko dute. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu Ebaluazio Batzordeak; gero, puntuazioaren arabera dagokion izangaiari beka emateko proposamena eginen du.

9.5. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da beka, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Gónzalez Tablas kalea, 7), instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Orobat, beka eskuratu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

Puntuaziorik altuena lortu eta beka jasoko duen interesdunari jakinaraziko zaio Ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

10. oinarria.-Tutoretzak.

10.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunaren jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

10.2. Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunen eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11. oinarria.-Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, prestakuntza jardueraren amaierako memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.

12. oinarria.-Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Eman den bekaren gainean organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadun direla adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. oinarria.-Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria.-Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan ariko da, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15. oinarria.-Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria.-Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka kobratzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin harreman laborala, administratiboa edo estatutupekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta bestelako antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentuko edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ezta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria.-Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, zein administrazio publikotan egiten duen prestakuntza, harekiko harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuak eta bidaiek sortzen dizkioten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.-Ez-betetzeak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Amaierako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntzarik.

19. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0916775