73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

285/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazariek eta basogintzako langileek aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzak emateko arauak ezarri eta 2009ko deialdia onesten duena.

Europako Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 19an emandako 73/2009 (EE) Erregelamenduan xedapen komun batzuk ezarri dira, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan ematen diren zuzeneko laguntzen araubideei aplikatu beharrekoak. Erregelamendu horretan, Europar Batasuneko kide diren estatuek nekazariei lur eta ustiategien kudeaketari buruzko aholkua emateko sistema bat ezar dezatela aurreikusi da. Ustiategietarako aholkularitza sistema hori izendatutako agintari baten edo batzuen edo erakunde pribatuen kargura egonen da.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, LGENF-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez kudeatzen diren nekazaritzaren garapenerako laguntzei buruzkoak, 1. ardatzeko ("nekazaritza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna areagotzea") neurrien barruan, ustiategiaren errendimendu orokorra hobetzeko aholkularitza zerbitzuak erabiltzearen ondoriozko kostuei aurre egiteko laguntzak aurreikusten ditu. Erregelamendu horrek 24. artikuluan xedatzen duenez, aholkularitza zerbitzuen barnean hauek egonen dira gutxienez: kudeaketarako gutxieneko betekizunak eta 73/2009 (EE) Erregelamenduaren II. eta III. eranskinetako indarreko 5. eta 6. artikuluek ezartzen dituzten nekazaritza eta ingurumen arloko baldintza egokiak, baita Europar Batasuneko legedian oinarritutako laneko segurtasunari buruzko arauak ere.

Europako Batzordeko Garapen Batzordeak 2007ko azaroaren 20an 2007-2013 urteetarako Nafarroako Landa Garapenerako Programa onetsi zuen. Bertan, aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko aipatutako laguntzak agertzen dira.

Horregatik, nekazari eta abeltzainei aholkularitza zerbitzuak erabiltzeagatik egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko jarduerak eginen dira. Laguntza horiek Europar Batasunak kofinantzatuko ditu LGENF funtsekin.

Apirilaren 28ko 520/2006 Errege Dekretuak nekazaritza ustiategiei aholkularitza zerbitzua ematen dieten entitateak eta entitate horiek sortu, egokitu eta erabiltzeko laguntzak arautzen ditu.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren azaroaren 14ko 350/2006 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategiei aholku emateko zerbitzua arautzen da. Foru agindu horretan aholku emateko zerbitzu publikoa eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan aholku emateko entitate pribatuak aintzatesteko prozedura ezarri dira.

Foru agindu honen bidez arautzen den laguntzari Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak otsailaren 8an eman 30/2007 Foru Agindua aplikatzekoa zaio. Agindu horren bidez Landa Garapeneko Nekazaritzako Europako Funtsak (LGNEF) kofinantzatzen dituen landa garapenerako laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zen. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea ere aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Arauak onestea.

Nekazariek, abeltzainek eta basogintzako langileek aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzak emateko arauak onetsi dira. Arau horiek foru agindu honen eranskinean agertzen dira.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Laguntzen 2009. urteko deialdia.

1. Nekazariek eta basogintzako langileek aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzen 2009. urteko deialdia onestea.

2. Eskabideak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aitzina.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

50.000 euroko gastua baimentzea 2009. urteko laguntzen deialdia artatzeko, 2009ko gastuen aurrekontuko "Aholkularitza zerbitzuak. NGP LGENF" izeneko 710001 71230 4700 414205 kontu-sailaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Laguntzen tramitazioa.

Foru agindu honetan aurreikusi den laguntzen tramitazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak otsailaren 8an eman 30/2007 Foru Aginduan agertzen den tramitazio prozeduraren araberakoa izanen da. Agindu horren bidez Landa Garapeneko Nekazaritzako Europako Funtsak (LGNEF) kofinantzatzen dituen landa garapenerako laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zen.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 22an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nekazariek eta basogintzako langileek aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntzak emateko arauak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza ustiategietako titularrei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea da. Diru-laguntza horiek emanen zaizkie hainbat entitatek emandako aholkularitza zerbitzuak erabiltzen dituzten titularrei, 2007-2013 urteetarako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren barruan.

2. artikulua. Onuradunak eta betebeharrak.

1. Foru agindu honetan jasotako diru-laguntzak lortu ahal izanen dituzte Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako ustiategi baten titular diren pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko aholkularitza zerbitzu publikoek edo aholkularitzako entitate pribatuek emandako aholkularitza zerbitzuen laguntza teknikoa jasotzen badute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren azaroaren 14ko 350/2006 Foru Aginduan xedatuta dagoenaren arabera.

2. Ez dira onuradun izanen zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa eguneratuta ez duten titularrak.

3. artikulua. Diru-laguntzen xedeko kontzeptuak.

1. Diruz lagundu ahal izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko aholkularitza zerbitzuei kontsulta egiteagatik ordainsari gisa sortutako gastuak.

2. Aholkularitza txostenetan gutxienez egoeraren diagnostikoa zein hobekuntzen proposamena eta gauzatzea bildu beharko dira, ondoko arlo hauetan:

a) Baldintzak betetzeari buruzko arloak (Kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak), 73/2009 (EE) Erregelamenduaren II. eta III. eranskinetako 5. eta 6. artikuluek ezartzen dituztenak.

b) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten arauetan laneko segurtasun eta osasunari buruz ezarrita dauden arauak. Ekintza zuzentzaileen jarraipena ez da lagunduko.

c) Jende gaztea nekazaritza lanetan hastearen gainekoak.

d) Titularrek ingurumen arloan edo elikagaien kalitate bereziaren arloan hartzen dituzten konpromisoen gainekoak.

3. Aholkularitza txostenak nekazaritza edo basogintza arloan zerbitzuaren eskatzaileentzat interesgarriak diren beste arlo batzuei buruzkoak izan ahal izanen dira. Arlo horrekin zerikusia duen gastua ez da diruz lagunduko.

4. artikulua. Onuradunen konpromiso eta eginbeharrak.

Laguntzak hartzen dituztenek konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Aholkularitza zerbitzua jasotzea, aurreko artikuluan adierazita dagoenaren arabera.

b) Hartutako laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

c) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

d) Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1. Aholkularitza zerbitzuak erabiltzeagatiko laguntzaren zenbatekoa gehienez aholkularitza zerbitzuak fakturatutako gastuaren %80 izanen da, baldin eta portzentaje horrek jarraian ezarriko diren gehieneko zenbatekoak (kasu guztietan 1.500 euro ustiategi bakoitzeko) gainditzen ez baditu.

2. Laguntzaren gehieneko oinarrizko zenbatekoa 1.000 euro izanen da, ustiategia lehentasunezkotzat jo bada, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera, eta 800 euro, gainerako kasuetan. Zenbateko hori handitu ahal izanen da ondoko portzentaje hauek aplikatzetik ateratzen diren kopuruekin:

a) %15era arte, ustiategia eskualde behartsu batean badago, Nafarroako mendialdea eta eskualde behartsuak ezartzen dituen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2002ko maiatzaren 15eko Foru Aginduaren arabera.

b) %20ra arte, ustiategia Natura 2000 Sareko eskualde batean badago, Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera.

c) %25era arte, ustiategia aurreko bi inguruabarrak gertatzen diren eskualde batean badago.

3. Aurreko atala aplikatzetik ateratzen den laguntza gehienez %10 handitu ahal izanen da baldin eta aholkularitza txostena laguntzak lortzeko ingurumen alorreko konpromisoei buruzkoa edo elikagaien kalitate bereziko programei buruzkoa bada, eta gehienez %20 txostenean bi alderdi horiek agertzen badira.

4. Laguntza hori gehienez hiru urtean behin eman ahal izanen da.

6. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Laguntzen eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaizkio. Bertako erregistroan aurkeztu beharko dira, edo bestela Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietatik edozeinetan.

2. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, Nekazaritza Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web guneko zerbitzuen katalogoan eskuratu ahal da.

3. Eskabidea ordezkari batek sinatzen duenean, emandako ordezkaritza egiaztatu beharko da, baina ordezkariak inola ere ez du izanen kontratu harremanik aholkularitza zerbitzua ematen duen entitatearekin.

7. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Kasu guztietan: aitortutako aholkularitza entitate baten konpromisoa, eskatzaileari aholkularitza zerbitzua ematekoa, eta entitate horrek aholkularitza zerbitzua emateagatik egindako aurrekontua.

b) Pertsona juridikoen kasuan, gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duten agiriak.

2. Entitatean dagokion organoak diru-laguntza eskatzeko harturiko erabakia bilduko duen agiria.

3. Eskabidea sinatzen duen pertsonari ordezkaritza emateko egiaztagiria.

8. artikulua. 2010etik 2013ra bitarteko kanpainetako laguntza eskabideak.

2010etik 2013ra bitartean, aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko laguntza eskatu nahi duten titularrek NPB laguntzen eskabide bakarra eginez eskatu ahal izanen dute, kanpaina bakoitzeko eskabide bakarraren deialdiko foru aginduan zehaztuko den aurkezpen epean.

9. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatuko da.

2. Aurkezten diren laguntza eskabideak ordena honetan artatuko dira:

a) Lehenengoz, nekazari gazte diren titularrak.

b) Bigarrenez, lehentasunezkotzat hartutako ustiategiak.

c) Hirugarrenez, mendialdean, eskualde behartsu batean edo ingurumen aldetik mugak dituen eskualde batean dauden ustiategiak, 1698/2005 EE Erregelamenduaren 50. artikuluko 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusita dagoen moduan.

d) Laugarrenez, Kontseiluaren 1698/2005 EE Erregelamenduaren 36 a) iv) artikuluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko ingurumen arloko konpromisoak hartu dituzten ustiategietako titularrak, edo elikagaien kalitate bereziko programetan parte hartzen dutenak.

e) Bosgarrenez, urtean ordainketa zuzenen kontzeptuan 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten ustiategietako titularrak, edo 8 Dimentsio Ekonomikoko Unitate (DEU) baino gehiagoko ustiategiak dituztenak (1 DEU = 1.200 euro).

f) Eta seigarrenez, emakumezkoak diren titularrak.

3. Onartutako eskabide guztiak ezarritako lehentasunen arabera artatzeko aurrekontuan diru nahikorik ez badago, hasieran kalkulatutako laguntzak proportzioan murriztuko dira aurrekontuan dagoen diruarekin osorik doitzen diren arte.

10. artikulua. Laguntzak antolatu, bideratu eta ematea.

1. Eskabidea hartuta, ezarritako baldintza hauek betetzen dituen egiaztatuko da: eskatzailea onuradun izan daitekeen, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta 7. artikuluan aipatzen diren agiriak ekarri dituen. Eskatutako agiriak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hogeita hamar eguneko epean, gehienez ere, zuzen ditzala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta eskabidea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskabidea beterik, Nekazaritza Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenaren barnean hauek bilduko dira: eman den gehieneko zenbatekoa, gastutik diruz lagundu ahal den gehieneko portzentajea eta diruz lagundu ahal den jarduera burutzeko epea.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa eta ordainketa.

1. Laguntza justifikatutako zenbatekoaren zati proportzionalean ordaindu aurretik onuradunak frogatu egin behar du diru-laguntzaren xede den jarduera egin duela.

2. Diruz lagundu den jarduera egin izana justifikatzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Aholkularitza zerbitzuari egotzi zaizkion kostuak banan-banan azalduko dituen faktura, jatorrizkoa eta kopia, 3. artikuluko 2. atalean adierazitako arloetatik zeinetan egin den argi azalduta. Aholkularitza zerbitzuak diruz lagundu ezin diren gastuak barnean hartzen baditu, artikulu horren 3. idatz-zatian xedatuta dagoenaren arabera, horietako bakoitzari egotzi ahal zaizkion kostuak argi agerrarazi beharko dira.

b) Faktura ordaindu izanaren egiaztapena, idazpenaren edo bankuko transferentziaren bitartez.

3. Diru-laguntza kobratu izana justifikatzeko agiriak aurkezteko epea urte bakoitzeko azaroaren 1ean amaituko da.

4. 2. idatz-zatian adierazitako egiaztagirietako edozein aurkeztu ezean edo ontzat eman ezean laguntzak ukatu eginen dira.

12. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Nekazaritza Zerbitzuak neurriaren jarraipena eginen du, baita onuradunen jarduerena ere, Landa Garapeneko Nekazaritzako Europako Funtsak (LGNEF) kofinantzatzen dituen landa garapenerako laguntzak tramitatzeko prozedura ezartzen duen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren arabera. Horretarako, ordainketa egin aurretik bidezkoak diren administrazio-kontrolak eta tokian tokiko kontrolak eginen ditu. Onuradunak kontrol horiek egiteko bidea emanen du.

13. artikulua. Bateraezintasunak.

1. Laguntza honen bateraezintasunak, oro har, Landa Garapenari LGENFren eta hura garatzen duen araubidearen bidez laguntzeari buruzko 1698/2005 (EE) Erregelamendutik sortzen direnak dira.

2. Helburu bererako -emailea edozein dela ere- eskatu dituen edo eman edo ordaindu zaizkion diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerak bateraezinak dira.

3. Onuradunak bateraezinak izan ahal diren diru-laguntzak jaso baditu, horien berri eman beharko dio organo emaileari.

14. artikulua. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1698/2005 Erregelamendua landa garapenerako laguntza neurriak hartzeko kontrol prozeduraren eta baldintzen aplikazioari dagokionez aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen 1975/2006 EE Erregelamenduan ezarrita dauden murrizketei eta salbuespenei buruzko Europar Batasuneko araudiaren aplikazioari kalterik egin gabe, itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin arabera arautuko dira.

15. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0916696