71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Ordenantza fiskala, Ingurumena babesteko baimenen alderako tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2009ko otsailaren 26ko osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Ingurumena babesteko baimenen alderako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2009ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 27an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea hogeita hamar egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra -xedapen administratiboa baita- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1.998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2009ko maiatzaren 11n.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

Ordenantza fiskala, ingurumena babesteko baimenen alderako tasak arautzen dituena

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen araberako jarduera sailkatuetarako udal lizentzia behar duten jarduerak eta instalazioak ezarri, ustiatu, lekuz aldatu, funtsez aldatu, berriz ireki eta abian jartzeko.

a) Jarduteko lizentzia.

b) Irekitzeko lizentzia.

c) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

d) Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sorraraziko da tasa. Ez da ordaindu beharko interesdunak eskabideari uko egiten badio Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta haien kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. 1. Ordenantza honetan ezarritako tasak autolikidazioan ordaintzeko eskatuko da.

2. Subjektu pasiboak behartuta egonen dira dagozkien tasen autolikidazioa egitera, Udalaren Administrazioak emanen dizkien inprimakietan. Tasak, gehienez ere, hilabeteko epean ordaindu beharko dira, baimena, berrikustea edo aldaketa jakinarazten den egunetik aitzina.

8. artikulua. 1. Udalaren Administrazioak egiaztatu eginen du autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako tarifa arau horien emaitza dela.

2. Udalaren Administrazioa autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutzaren interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Orobat, subjektu pasiboak deklaratzen ez dituen zergapeko egintzen likidazioa eginen du.

9. artikulua. Lizentzia iraungiz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute, eta dagokion tasa ordaindu.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

Indarra hartzea

11. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Jarduerarako lizentzia eta haren berrikustea:

I.1. Emandako lizentzia bakoitza: 950,00 euro.

I.2. Tramitatzen hasi eta azken errekerimendutik 3 hilabeteren buruan bertan behera uzten den jarduerarako lizentzia bakoitza: jarduerarako lizentziaren %50.

II. epigrafea.-Irekitzeko lizentzia, establezimendua eskuz aldatzea eta irekitzeko lizentzia aldatzea:

II.1. Jarduera sailkatua irekitzeko lizentzia bakoitzeko (teknikariaren bi ikustaldi sartzen dira): Eraikitako m²-aren prezioa/Prezio finkoa:

50 m² arte

372,50 euro, gutxienez

51tik 100 m²-ra bitarte

6,25 euro

101etik 400 m²-ra bitarte

5,40 euro

401etik 1.000 m²-ra bitarte

4,35 euro

1.000 m² baino gehiago:

3,65 euro

II.2. Jarduera sailkatua eskuz aldatu edo haren titulartasuna aldatzeagatik dagokion lizentzia: jarduerarako lizentziaren %50.

III. epigrafea.-Instalazioak eta lokalak berriz irekitzeko baimena, egiaztatu behar izaten diren obrak egin ondotik:

III.1. Lokaletan jarduera sailkatuak egiten direnean (teknikariaren bi ikustaldi sartzen dira): jarduerarako lizentziaren %50.

IV. epigrafea.-Lizentzia berriz definitzea:

IV.1. Lizentziaren definizio berri bakoitzagatik, jarduera izenaren eta funtzionamenduaren araubidearen aldetik ostatu berezi edo ikuskizunetarako kafetegi bilakatu ahal izateko (teknikariaren bi ikustaldi sartzen dira): 550,00 euro.

V. epigrafea.-Ikuskatzeak:

V.1. Ikuskatzeko bisitak, jarduera sailkatuen arloan eta gainerako ordenantza eta erabakietan ezarritakoaren ondorioz egindakoak: ikustaldi bakoitza: 153,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0915555