71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

105/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Nafarroako etorkinen elkarteen errolda eratu eta horri dagozkion arauak onesten dituena.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari dagokio etorkinen arretarako politika publikoak sustatu eta koordinatzea, oro har, departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ildo horretan, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zen. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari atxikitzen zaio. Haren eginkizunen artean aurkitzen ditugu etorkinei informazioa, orientabideak eta aholkuak ematea, eta iritzi publikoa migrazioaren fenomenoari buruz sentsibilizatzeko jarduketak sustatzea, arlo horretan diharduten entitate, erakunde eta elkarteekin elkarlanean.

Nafarroan diharduten etorkinen elkarteek gure erkidegoan finkatutako etorkinak ordezkatzen dituzte, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta gaur egun administrazioak eta gizarte ekimeneko entitateok etorkinek integrazio prozesuan izaten dituzten arazoak, kezkak eta itxaropenak ezagutzeko eta Nafarroako gizartea osatzen duten pertsonen eta erakundeei buruz duten iritzia jakiteko bide bakarra dira.

Gure erkidegoko etorkinen elkarte mugimendua beste autonomia erkidegoetakoen antzekoa da, mugimendu hasiberria eta atomizatua da eta oraindik ez du ordezkaritza handia, beraz, hauskorra da azken batean. Ezaugarri horiek ez datoz bat gizarteratze prozesuaren eragile gisa bete behar duten eginkizunaren garrantziarekin.

Ildo horretan, Immigraziorako Bulegoak zenbait ekintza planteatu ditu elkarte sarea sendotzeko. Horien artean, orain, Nafarroako etorkinen elkarteen errolda eratzeko beharra dagoela uste du, hiru helburu hauek lortzeko:

-Nafarroan finkatutako etorkinen arteko elkartegintza bultzatzea.

-Nafarroako gizartean etorkinen parte-hartze aktiboa sustatzea, elkarteen bidez, bai eta haien gizarteratzea ere.

-Azkenik, etorkinen elkarteei laguntzea elkarte mugimenduaren berezko zereginak burutzen.

Azpimarratu behar da elkarteek hautazkoa dutela erroldan izena ematea, eta horrek ez duela inola ere ordezten dagokion erregistroan legez egin beharreko izen-ematea; elkarteen eta Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanen kudeaketa hobetzeko tresna baizik ez da, izena emateko eskaera egitea hautatzen duten elkarteei zenbait onura emanez sustatzen dena.

Hori dela eta, Nafarroako etorkinen elkarteen errolda espezifiko bat sortzea gomendatzen da, arlo horretan egiten diren ekintzen koordinazioa eta eraginkortasuna handitzeko.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eraketa eta atxikipena.

1. Nafarroako Etorkinen Elkarteen Errolda eratzea, arlo horretan egiten diren ekintzen koordinazio eta eraginkortasun handiagoari bide ematen dion erregistro gaurkotua osatzeko.

2. Nafarroako Etorkinen Elkarteen Errolda Immigraziorako Bulegoari atxikitzea.

2. artikulua. Erroldaren helburuak.

Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldaren helburua da etorkinen elkarte mugimenduaren eta Nafarroako administrazio publikoen arteko elkar ezagutza eta lankidetza erraztea, helburu hauekin:

a) Nafarroan finkatutako etorkinen arteko elkartegintza bultzatzea.

b) Nafarroako gizartean etorkinen parte-hartze aktiboa sustatzea, elkarteen bidez, bai eta haien gizarteratzea ere.

c) Etorkinen elkarteei laguntzea elkarte mugimenduaren berezko zereginak burutzen.

3. artikulua. Inskribatzen ahal diren elkarteak.

Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan izena ematen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten elkarte, federazio, konfederazio edo batasunek:

a) Helburu hauetakoren bat izatea, esklusiboki edo nagusiki:

a.1) Atzerriko herrialde batetik edo gehiagotatik etorritako etorkinak Nafarroako gizartean txertatzea.

a.2) Nafarroako etorkinen jatorrizko herrialdeei lotutako kultura eta/edo artea sustatzea.

a.3) Nafarroan bizi diren etorkinen prestakuntza eta/edo aholkularitza.

a.4) Nafarroan bizi diren etorkinen gizarteratzea xede duten aisialdi eta astialdi jarduerak egitea.

b) Etorkinak gutxienez ere elkarteetako bazkideen %60 izatea. Horretarako, etorkintzat joko dira atzerrian jaio eta Nafarroan bizi diren pertsonak.

c) Irabazi asmorik ez izatea.

d) Barne egitura eta funtzionamendurako araubide demokratikoa izatea.

e) Egoitza soziala Nafarroan izatea eta bertan baino ez jardutea edo, bestela, erkidegoez gaineko eremuko elkarteen kasuan, Nafarroarako egitura eta aurrekontu bereiziak izatea haren antolaketan.

f) Legez eratua izatea eta dagokion elkarteen erregistroan inskribatuta egotea.

4. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Elkarte batek Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan izena emateko, interesdunak aldez aurretik eskaera egin beharko du.

2. Izena emateko eskaera Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietako batean, entitatearen ordezkariak sinatu eta Immigraziorako Bulegora zuzendutako eskabide orokorraren bidez, agiri hauekin batera:

a) Dagokion elkarteen erregistroan izena emateko ebazpenaren kopia konpultsatua.

b) Indarra duten estatutuen kopia konpultsatua.

c) Identifikazio fiskaleko kodearen kopia konpultsatua.

d) Elkartearen organo eskudunak luzatutako ziurtagiria, alderdi hauek egiaztatzen dituena:

d.1) Elkartearen egoitzaren posta helbidea eta telefonoa eta, halakorik badu, fax zenbakia eta posta elektronikoko helbidea.

d.2) Zuzendaritza organoen eraketa, eta horien izen-deiturak eta kargua.

d.3) Elkarteko kuotak egunean dituzten kideen kopurua eta haien zenbatekoak. Hori guztia eskaera aurkezten den unea kontuan hartuta.

d.4) Elkartekideen nazionalitatea eta jaioterria, haien izena zehaztu gabe.

d.5) Entitate eskatzaileak, hala badagokio, aurreko urtean egin dituen jardueren deskribapena eta eskaera aurkezten den urterako jarduera programa.

d.6) Lurralde ezarpena, tokian tokiko delegazioen, lokalen helbidearen eta, hala badagokio, jendeari harrera egiteko ordutegiaren aipamen zehatzarekin.

d.7) Formalki zein elkarte, federazio, konfederazio edo batasuni lotuta dagoen.

d.8) Entitatearen aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua eta horien likidazioa, bai eta eskaera aurkezten den urteko aurrekontuak ere.

3. Eskaerak ez baditu aipatu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo agindutako agiriak aurkezteko eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela, ebazpena eman ondoren.

4. Eskatutako agirietakoren bat dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitateak eskabidean horren berri emanen du eta agiria Foru Komunitateko Administrazioko zein organo edo departamentutan aurkeztu zuen adieraziko. Halakoetan, ez du izen-ematea eskatzean aurkeztu beharko. Dena dela, Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden agiriek eguneratuta egon behar dute.

5. artikulua. Izen-ematearen ebazpena.

1. Agiriak aztertu eta gero, Immigraziorako Bulegoko arduradunak izen-ematea onartu edo ukatzeko ebazpena emanen du. Interesdunari jakinaraziko zaio. Izen-ematea onesten duen ebazpenak inskribatutako elkartearen identifikazio kodea edukiko du. Immigraziorako Bulegoarekin dituen harreman guztietan adierazi beharko du.

2. Izen-ematearen ebazpena erroldan jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, izena emateko eskaera onetsitzat joko da.

6. artikulua. Erroldan inskribatutako elkarteen betebeharrak.

1. Immigraziorako Bulegoan erroldatutako elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Bazkideen, akten eta kontabilitatearen liburuak eguneraturik izatea.

b) Immigraziorako Bulegoari jakinaraztea, dagokion erabakiak hartu eta hilabeteko epean, estatutuetan eta gobernu organoetan sortzen diren aldaketak edo gorabeherak. Jakinarazpen hori ziurtagiri bidez eginen da eta bertan azalduko da, hitzez hitz, aldaketa egin zuen organoaren akta.

c) Bere garaian erroldan izena emateko aurkeztutako datuen beste edozein aldaketaren berri ematea Immigraziorako Bulegoari, entitateko ordezkariak sinatutako idazki bidez.

d) Immigraziorako Bulegoak eskatutako informazioa ematea, horretarako adierazitako epean, entitatearen datuek eguneratuta jarraitzeko.

e) Jardueren urteko memoria aurkeztea, eskatuz gero eta ezarritako epean.

2. Immigraziorako Bulegoak ahalmena du entitateak aurkeztutako datu eta agiriei buruz eta entitateek erroldatu ondoren ematen dioten beste edozein daturi buruz bidezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiteko, entitatearen izen-ematearen arabera.

7. artikulua. Onurak.

Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan inskribatutako entitateek onura hauek izaten ahalko dituzte, horien izen-ematea baimentzen duen ebazpenaren datatik aurrera:

a) Immigraziorako Bulegoak tramitatutako laguntzak eta diru-laguntzak emateko prozeduretan parte hartzea, kasuan kasuko deialdiarekin bat.

b) Immigraziorako Bulegoak eskaintzen ahal dituen informazio interesgarriak jasotzea.

c) Nafarroako Gobernuak etorkinen elkarte mugimenduari buruz ateratzen dituen argitalpenetan edo gidaliburuetan agertzea.

d) Bazkideek lehentasuna izanen dute Immigraziorako Bulegoak antolatutako ikastaroetan, topaketetan, jardunaldietan eta bestelako ekintzetan parte hartzeko.

e) Nafarroako Etorkinen Kontseiluan parte hartzea, hori arautzen duen arauari jarraikiz.

f) Izan daitekeen beste edozein onura.

8. artikulua. Behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja.

1. Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja arrazoi hauek sortuko dute:

a) Izena eman duen entitatearen desagerpena.

b) Entitatearen nahia, organo eskudunek idatziz adierazia.

c) Dagokion elkarteen erregistroan baja ematea.

d) Foru agindu honetan aipatutako baldintza eta betebeharrak ez betetzea.

e) Eskatutako datuak faltsutu edo ezkutatzea, ordenamendu juridikoan ezarritako erantzukizunak ezertan ukitu gabe.

f) Entitatearen jarduerarik eza, Immigraziorako Bulegoak egiaztatuta, ondoz ondoko bi urtean.

2. Erroldan behin-behineko etenaldiak edo behin betiko bajak Immigraziorako Bulegoko arduradunaren ebazpen bidez erabakiko dira. Aldez aurretik administrazio espedientea tramitatuko da, eta ukitutako elkarteari entzunen zaio hartan.

3. Behin-behineko etenaldiak urte batetik bost urtera bitarte iraunen du eta gutxienez hura sortu zuen egoerak dirauen bitartean mantenduko da.

4. Artikulu honen 1. ataleko d), e) eta f) letretan ezarritako egoeretan, behin-behineko etenaldiaren edo, hala badagokio, behin betiko bajaren iraupena zehazteko, intentzionalitate edo zabarkeria maila eta kasuan kasuko entitateak erakutsitako errepikapena hartuko dira kontuan.

9. artikulua. Sarrera eta publizitatea.

1. Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoa beteko da.

2. Erroldako datu hauek publikoak izanen dira:

a) Inskribatutako elkarteen identifikazioa.

b) Inskribatutako elkarteen egoitza soziala eta lokalen helbidea.

c) Erroldan inskribatu zireneko data eta, hala badagokio, behin betiko bajaren edo behin-behineko etenaldiaren datak.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 14an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0914037