71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

195/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehazten dituena.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak, ekainaren 26ko 207/2008 Foru Aginduaren bidez, industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehaztu zituen.

Arau aldaketa berrien eta gaur egungo abagune ekonomikoaren ondorioz energia berriztagarrien arloko sektore batzuen jarduera urriak ikusirik, beste foru agindu bat onestea egokitzat jo da, 2010. urte arteko Nafarroako Energia Planean eta 2005-2010 Espainiako Energia Berriztagarrien Planean ezarririko helburu energetikoak lortzeko interes handienekotzat jotzen diren energia berriztagarriak bultzatzearren.

Foru agindu berri honetan industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen beste jarduera batzuk biltzen dira. Adibidez, hirietako eraikin edo inguruneetan kokaturiko energia fotovoltaikoa eta minielikoa eta energia minihidraulikoa, azken urteetan geldirik egon dena.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari etaLehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Arautegi horretan eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira arlo horretan eskumena duen departamentuak arauturiko inbertsio industrialerako laguntzen onuradunak, energia berriztagarrien aprobetxamenduko jarduera hauetan badihardute:

a) Energia termikoaren ekoizpena, erregai gisa biomasa erabiliz.

b) Biomasaren tratamendua aprobetxamendu termikorako.

Kontzeptu horren baitan sartzen dira instalazio termikoetan erregai gisa erabiltzeko biomasari azken propietateak (granulometria, dentsitatea, hezetasuna, etab.) emanen dizkioten instalazioez gain, biomasa jasotzeko eta garraio kostua merketzeko biomasa landan tratatzeko berariazko makinetan gauzatzen diren inbertsioak. Ez dira diru-laguntzen xede izanen fardo-makinak, birringailuak eta berariaz energia lortzeko biomasa ekoizteko erabiltzen ez den beste edozein elementu.

c) Energia termiko edo elektrikoaren ekoizpena, hondakin biodegradagarrietatik abiatuta, prozesu biologikoak (digestio anaerobikoa bezalakoak) edo termokimikoak (gasifikazioa edo pirolisia bezalakoak) erabilita ekoiztutako biogasaren aprobetxamendu energetikoaren bidez.

d) Bigarren belaunaldiko bioerregaien ekoizpena (hondakin eta material lignozelulosikoetatik abiatuta lortutakoak).

e) Eguzki-energiaren tenperatura baxuko aprobetxamendu termikoa.

f) Lurraren barneko tenperaturaren aprobetxamenduaren bidez energia erabilgarriaren ekoizpena. Diruz lagunduko dira soilik erauzketa-putzuei eta jariakin primarioa lurraren azpian berriro injektatzeari dagozkien kostuak.

g) Oinarrizko energia iturri gisa soilik eguzki-energia erabiltzen duten prozesu termikoen bidezko elektrizitate ekoizpena. Instalazio horiek erregai laguntzaile berriztagarri (instalazio hibridoak) edo fosil bat erabiltzen ahalko dute, eguzki-erradiazio gabezia konpentsatzeko. Azkeneko kasuan, erregai fosil horren bidezko elektrizitate ekoizpena (urte osokoa) eskaera egitean energia elektrikoa ekoizteko araubide bereziko jarduerari eta haren araubide ekonomikoari buruzko araudiak ezartzen duen portzentajea baino txikiagoa izanen da.

h) Elektriziatatearen ekoizpena gehienez ere 10 MW-ko potentzia instalatua duten zentral elektrikoen bidez (minihidraulikoa), bai instalazio berrien kasuan, bai zerbitzurik eman gabe bost urte baino gehiago egin dituzten zentralak abian jartzeko behar diren instalazioen kasuan.

i) Eguzki erradiaziotik abiaturik elektrizitatearen ekoizpena, teknologia fotovoltaikoaren bidez, 100 kW-ko potentzia gainditzen ez duten instalazioekin, toki hauetan kokaturik badaude:

Eraikin finko eta itxietako teilatu eta fatxadetan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

Edo eusteko egitura finkoetan kokaturiko instalazioak, aparkalekuak estaltzeko edo itzala emateko erabiltzen badira, bi kasuetan lehenagoko erabileraren batean eta hiri katastroko erreferentzia duen lurzati batean kokaturik badaude.

j) Elektrizitatearen ekoizpena gehienez ere 10 kW-eko potentzia unitarioa eta batera 100 kW-ko potentzia duten aire-erroten bidez.

Instalazio horiek toki hauetan kokaturik egon beharko dute:

Eraikin finko eta itxietako teilatu eta fatxadetan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

Edo eusteko egitura finkoetan kokaturiko instalazioak, aparkalekuak estaltzeko edo itzala emateko erabiltzen badira, bi kasuetan lehenagoko erabileraren batean eta hiri katastroko erreferentzia duen lurzati batean kokaturik badaude.

2. Energia elektrikoa ekoizteko proiektuak diru-laguntza jaso ahalko dute, betiere kontzesioa baino lehen eskatzaileak banaketa sareetara sarrerako eskubidea lortu izana egiaztatzen badu. Ulertuko da instalazio horien potentzia energia elektrikoa araubide berezian sortzeko jarduera arautzen duen arautegian xedaturikoarekin bat datorrela.

Xedapen gehigarri bakarra.-Bateragarritasuna.

Foru agindu honetan energia berriztagarrien aprobetxamendu jardueretarako industria inbertsiorako ezarritako laguntzak bateraezinak izanen dira arloan eskumena duen dpartamentuak energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazio txikien urteroko deialdian aurreikusitako laguntzekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzean, bertan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira, eta bereziki hauek:

-207/2008 Foru Agindua, ekainaren 26koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehazten dituena.

-245/2008 Foru Agindua, abuztuaren 6koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, ekainaren 26ko 207/2008 Foru Agindua, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, aldatzen duena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 16an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0915239