66. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

134/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2009ko deialdia onesten duena kooperatibak bateratzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko esparruan.

Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako nekazaritza kooperatibak birmoldatzeko jarduketa plana. Hartan, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa esparruaren alderdi tekniko, legezko eta finantzarioak zehaztu ziren.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, azaroaren 2ko 477/2007 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri zituen kooperatibak bateratzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko esparruan, eta 2007ko deialdia onetsi zuen. Foru agindua 2007ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an.

Arau hori Europako Batzordeari jakinarazi zitzaion, eta Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, 2007-10-19an jakinarazia eta XA308/2007 zenbakiarekin erregistratua.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, otsailaren 27ko 77/2008 Foru Aginduaren bidez, 2008. urteari dagokion laguntzen deialdia onetsi zuen.

Foru agindu honek 2009ko deialdia onesten du kooperatibak bateratzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko esparruan, eta azaroaren 2ko 477/2007 Foru Aginduan aurreikusitako oinarri arautzaileak izanen dira aplikatzekoak.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2009ko deialdia onestea, Kooperatibak bateratzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko esparruan.

2. Foru agindu hau argitaratzen den egunean hasiko da 2009an laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea. Azaroaren batean bukatuko da epe hori.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 477/2007 Foru Aginduko oinarri arautzaileak izanen dira aplikatzekoak. Haren bidez arauak ezarri ziren laguntzak eman zitezen kooperatibak bateratzeko prozesuak bultzatzeko, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko esparruan.

4. Foru agindu honek sortzen dituen gastuetarako 145.000 euroko gastua baimendu da, 2009. urteko gastuen aurrekontuko "Kooperatibak berregituratzeko ekinbideak sustatzea" izeneko 721000-72210-4701- 413105 kontu-sailetik, 250.000 euro 2010., 2011. eta 2012. urteetako aurrekontuko kontu-sailetatik, eta 100.000 euro 2013. urtekotik, foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko jarduketa planeko 5. eta 6. neurriei jarraikiz. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0913138