66. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 13ko 78/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zerbitzuko suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa.

Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak, maiatzaren 13ko 78/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zerbitzuko suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen, oinarri hauei jarraituz:

OINARRIAK

1.-Xedea.

Aditzera ematen da suhiltzaile izateko 21 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin dela, jarraian adierazten diren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen parkeetarako:

LANPOSTU KOP.

DESTINOAK

LANPOSTUAK

2

AURITZ

4791

6896

1

LIZARRA

8445

2

LODOSA

7822

7915

1

NABASKOZE

7574

4

IRUÑA

6794

7579

8443

8446

8

CORDOVILLA

7575

7576

7577

7578

7580

7799

4805

5752

1

AZKOIEN

6359

2

ZANGOZA

5755

5787

Lehiaketan beteko diren lanpostuak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketetan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko "iraungitzeko" lanpostuak baldin badira.

2.-Aplikatu beharreko arauak.

Honako hauek arautuko dute lekualdatze lehiaketa: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; hura garatzeko eta betearazteko eman zen Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi eta martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuaren bidez aldatu zena; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Dekretua, Merezimenduen Baremoei buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

3.-Eskakizunak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotan langile finko izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Suhiltzaile edo suhiltzaile gidari lanpostu baterako izendatu izana.

Ekintza eskalako suhiltzaileen lanpostuak dira deitzen diren lanpostu hutsak. Beraz, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 54. artikuluarekin bat, lekualdatze lehiaketan parte hartzen dutenak ez dira arituko bigarren jarduerako lanpostu batean.

3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari diren funtzionarioek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berarekin dakar zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiei parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.4. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

3.5. Lehiaketan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin izangaiek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, izangaiek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatuta eta, beraz, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen mende daudenak. Horiek, deialdiko lanpostua hartuz gero, araubide hori utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

4.-Ordainsariak.

Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

5.-Eskaera aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkai Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

5.2. Eskabideak deialdiko eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira, eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunerako. Eskabide eredua Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

5.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, salbu eta administrazio publikoetan emandako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

6.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.-Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

-Mahaiburua: José Javier Boulandier Herrera jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zerbitzuen zuzendaria.

Ordezkoa: Javier Garayoa Gurucharri jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Parkeen eta Esku-hartzearen eta Suhiltzaile Etxeen Arloko burua.

-Kideak:

1. Langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

Ordezkoa: langileen batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

2. José Aurelio Andueza Izquierdo jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako suhitzaile ofizialordea, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Crescencio Alaez Aller jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako suhiltzaile sarjentua.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

7.4. Administrazio prozeduraren arauetan aurreikusitako abstentzioaren zergatirako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.-Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Deialdiaren 5.3 oinarrian xedatuakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra administrazio publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

8.2. Erantsitako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzeko baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

8.4. Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik izaten bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

9.-Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, eta izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan.

10.-Lanpostu hutsak hautatzea.

10.1. Izangaiek lanpostu hutsak aukeratzen ahalko dituzte lortutako puntuazioaren arabera; horretarako, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ekitaldi baterako dei eginen du.

10.2. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

11.1. Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die izangaiei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

11.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

11.3. Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez diren lehiatzaileek esleitu zaien lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan agiriak berreskuratzeko eskaera aurekez daiteke, hiru hilabeteko epean.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galdu eta agiriak suntsitu eginen dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra (epaimahaiak hartutakoak izan ezik) zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 13an.-Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea, David Sainz Jiménez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ..............................izateko ... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia . ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ..........ko ...aren ...an.

1.-Norberaren datuak:

Deiturak eta izena:

Jaiotze eguna eta tokia: ........................... NANa:

Helbidea: .................................................. p.k.:

Etxeko telefonoa: ..................... Lantokiko telefonoa:

2.- Datu administratiboak.

a) Zein lanpostutarako izendatu zuten:

  • Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.
  • Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.
  • Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.
  • Lan-kontratudun finkoa.
  • Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

b) Administrazio egoera:

  • Jardunean.
  • Zerbitzu berezietan.
  • Eszedentzia berezian.
  • Borondatezko eszedentzian.
  • Nahitaezko eszedentzian.

(X batez adierazi behar dena)

c) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Zein maila edo taldetakoa den:

3.-Nik, sinatzaileak, adierazten dut eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

4.- Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatutako agiriak, .......(e)tik ........... (e)ra numeratutakoak, eta alegatu ditudan merezimenduen frogagiriak aurkeztu ditut, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz ordenatua.

5.-? Adierazten dut euskara maila neurtzeko proba egin nahi dudala*.

6.-? Adierazten dut frantses eta ingeles maila neurtzeko proba egin nahi dudala*.

Horrenbestez,

Eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean bakarrik.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileari.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen zaio, urteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsitako antzinatasunari.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitateaz kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere puntu bat. Epaimahaiak baloratuko du, haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

-Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 2,20 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 2,10 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako azterketak egiten ahalko dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahalko zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F0916148