65. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

73/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldatzeko foru dekretuaren proiektua jendaurrean paratzen duena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanez. Erregelamendua urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Apirilaren 23ko 58/2009 Foru Aginduaren bidez abian jarri da foru dekretu baten proiektua egiteko prozedura, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzeko xedearekin, eta espediente egokiaren bidez hura prestatu eta tramitatzeko ardura Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuari eman zaio.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 61. artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean jartzea, arauaren ezaugarriengatik egokia iruditzen bazaio.

Alegazioren bat aurkezten bada, behar bezala baloratuko da eta espedienteari erantsiko zaio.

Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak egindako txostenak agerian jarri duenez, foru dekretuaren proiektuak, bere edukia dela-eta, interesdun asko ukituko ditu, Zergaren Erregelamendua egokituko baitu Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean egin diren aldaketen arabera, izan ere lege horretan berrikuntzak sartu baitira kontabilitatearen erreformara moldatzeko. Beste aldaketa batzuk eginen ditu, halaber, pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketen legezko arau berriak erregelamendu bidez garatu beharraren ondorioz.

Hala, kontabilitatearen erreformara egokitzeari dagokionez, aldaketa azpimarragarriak eginen dira amortizazioetan, higiezinetako inbertsioen eta bizitza baliagarri mugatuko edo mugagabeko ibilgetu ukiezinaren kontzeptu berriak gehituz. Lehengo aktibo-horniduren ordez termino berri bat ere ezarriko da, narriaduragatiko galerak, hain zuzen ere, eta ingurumen jarduketen gastuetarako plan berriak arautuko dira, konponketa berezietarako planak eta aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuetarako planak ordezteko; horiek, gaur egun, erregelamenduaren 15. eta 16. artikuluetan arautzen dira. Ildo horretan zazpigarren xedapen iragankorra erantsiko da, konponketa berezien edo aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuen estaldurarako 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen onetsi ziren plan berezietatik sortutako gastuak arautzeko, bai eta aurrerantzean ingurumen jarduketen gastuetarako plan bereziak aurkezteko epea ere.

Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketei buruzko arauen erregelamenduzko garapenari dagokionez, funtsezko aldaketak eginen dira. I. tituluko IV. kapitulua osorik aldatzeaz gain, V. kapitulu berria gehituko zaio titulu horri.

Hain zuzen ere IV. kapituluak halako eragiketetako dokumentazio betebeharrak eta merkatuko balio normalaren zehaztapena arautzen ditu. Dokumentazio horrek ondokoak bilduko ditu: tributuduna sozietate talde batekoa bada, talde horri dagozkion agiriak; eta subjektu pasiboari berari dagozkionak. Dokumentazio horren tamainak handia irudi badezake ere, ohartarazi beharra dago ahaleginak egin direla betebeharraren erraztasuna eta eragiketa lotuetan Administrazioak egin behar dituen egiaztapenen eraginkortasuna bateratzeko. Horri dagokionez ez da ahaztu behar Administrazioak eskatzen duenean bakarrik aurkeztu beharko dela dokumentazioa eta kontuan hartu direla Europar Batasuneko beste estatu kide batzuek ezarritako betebehar formalak, elkartutako enpresei transferentzia-prezioen arloan Europar Batasunean eskatzen zaien dokumentazioaren inguruko jokabide kodeari jarraikiz.

Eragiketa lotuen ingurutik alde egin gabe, doikuntza sekundarioa deritzonaren tratamendu fiskala ere arautuko da, zergari buruzko foru legearen 32.3 artikuluan xedaturikoa garatuz eta arau fiskalak kontabilitatekoekin uztartuz; horietan, desadostasunik bada, funts ekonomikoa nagusitu behar da erabilitako era juridikoaren gainetik. Ildo berean, atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharra arautzen da, atxikipen edo konturako sarrera hori arestian aipatutako doikuntza sekundarioaren ondorio den kasuetarako.

Horiek horrela, kontuan harturik xedapen horren izaera eta helburua, eta beren legezko eskubide eta interesetan ukituak izan daitezkeen herritarrei eta erakunde zein elkarteei entzunaldia ematearren, komenigarria eta egokia da proiektua jendaurrean jartzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, haren berri ahalik eta interesdun gehienek izan dezaten.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehena.-Urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuak onetsi zuen Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzeko foru dekretuaren proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bigarrena.-Hilabeteko epea ematea, foru dekretuaren proiektua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, beren legezko eskubide eta interesetan ukituak izan daitezkeen herritarrek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 11n.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

FORU DEKRETUAREN PROIEKTUA, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldatzeko

ZIOEN AZALPENA

Foru dekretu honek artikulu bakarra du eta haren xede nagusia da Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko manu batzuk aldatzea zergari buruzko foru legeari egokituz, izan ere lege horretan aldaketak egin baitira kontabilitatearen erreformara moldatzeko. Foru dekretu honek, gainera, erregelamenduz garatzen ditu pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketei buruzko lege-arau berriak. Bestalde, erregelamenduari xedapen iragankor bat gehitzen dio.

Kontabilitatearen erreformari dagokionez, amortizazioetan aldaketa garrantzitsuak egiten ditu: kontzeptu berriak sartzen ditu (higiezinetako inbertsioak, bizitza baliagarri mugatuko edo mugagabeko ibilgetu ukiezina eta narriaduragatiko galerak) eta ingurumen jarduketen gastuetarako plan berriak arautzen ditu, konponketa berezien gastuetarako planen eta aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuetarako planen ordez; horiek gaur egun erregelamenduaren 15. eta 16. artikuluetan daude araututa.

Zuzenketa batzuk ere egiten zaizkie zergari buruzko foru legera jotzeko agintzen duten arau-aipamenei eta beste arau batzuen aipamenei, Foru Legean bertan eta Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren egituran egin diren aldaketen ondorioz.

Alderdi politikoek lortutako errentak atxikitzeko betebeharraren arauketa berria egiten da, araubide orokorrari jarraikiz.

II. tituluko II. kapituluan ere zenbait alderdi aldatzen dira. Kapitulu horretan araubide berezia ezartzen da bat-egite, zatiketa, aktibo-ekarpen eta balore-trukeetarako eta sozietate europarrek egoitza soziala Europar Batasuneko estatu kide batetik bestera aldatzeko.

Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketei buruzko arauen erregelamenduzko garapenari dagokionez, I. tituluko IV. kapitulua aldatu egiten da eta titulu horri V. kapitulua gehitzen zaio.

Hain zuzen ere IV. kapituluak halako eragiketetako dokumentazio betebeharrak eta merkatuko balio normalaren zehaztapena arautzen ditu.

Sei ataletan banaturik dago. Lehen atalean azaltzen da nola zehaztu behar den merkatuko balio normala eta nola ezarri behar den konparagarritasun azterketa, hau da, nola erkatu behar diren eragiketa lotuen inguruabarrak eta horiekin parekagarriak izan litezkeen pertsona edo entitate lokabeen arteko eragiketen inguruabarrak.

Bigarren atalean azaltzen da pertsona edo entitate lotuen artean kostuak banatzeko sinatzen diren akordioetan zer baldintza bete behar diren gastuak kengarriak izan daitezen.

Hirugarren atalean subjektu pasiboen dokumentazio betebeharrak arautzen dira. Agiri hauek bildu behar dira dokumentazioan: subjektu pasiboari dagozkion agiriak, eta, tributuduna talde batekoa izanez ero, talde horri dagozkion agiriak. Dokumentazio horren ezaugarriak direla eta, hiru gauza azpimarratu behar dira:

a) Administrazioak eskatzen duenean bakarrik aurkeztu behar da dokumentazioa.

b) Kontuan hartu dira Europar Batasuneko beste estatu kide batzuek ezarritako betebehar formalak, Europar Batasunean elkartutako enpresei transferentzia-prezioen arloan eskatzen zaien dokumentazioaren inguruko jokabide kodeari jarraikiz eta, halaber, ELGAren gidalerroei jarraikiz. Hitz gutxitan, gure inguruko herrialdeek eskatzen dutenarekin bat datorren dokumentazioa da.

c) Dokumentazio hori eskatzean, ahaleginak egin dira betebeharraren erraztasuna eta eragiketa lotuetan Administrazioak egin behar dituen egiaztapenen eraginkortasuna bermatu beharra bateratzeko.

Ikuskapen jarduketetan merkatuko balioa egiaztatzeko erabiltzen den prozeduraren zenbait alderdi arautzen dira laugarren atalean, zergari buruzko foru legearen 32.4 artikuluan ezarritako printzipioekin bat.

Bosgarren atalak doikuntza sekundario deritzonaren tratamendu fiskala arautzen du, zergari buruzko foru legearen 32.3 artikuluko arauak garatuz. Hori dela eta, hitzartutako balioa merkatuko balio normala bera ez den kasuetan, bi balioen arteko diferentziak, pertsona edo entitate lotuentzat, diferentzia horren ondorioz agerian jarri diren errenten izaerari dagokion tratamendu fiskala izanen duela adierazten da.

Berariazko tratamendua arautzen da bazkide edo partaideen eta entitatearen arteko harremanaren arabera definitutako lotura dagoen kasuetarako, bai bakoitzak entitatean duen partaidetza portzentajearen araberako errenta zatiari dagokionez, bai portzentaje horri loturik ez dagoen errenta zatiari dagokionez. Hala ere, 20 septies artikuluko 3. idatz-zatiak kontrako froga onartzen du, hots, onartzen du zerga tratamendua artikulu horretan araututakoa ez den beste bat izan daitekeela, bestelako kausa edo arrazoiren bat frogatzen denean.

Seigarren atalak dokumentazio betebeharrak arautzen ditu elkarri loturik ez dauden baina egoitza zerga paradisuetan duten pertsona edo entitateekiko eragiketetarako.

I. tituluari gehitzen zaion V. kapituluan, pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketak aurretiaz baloratzeko akordioak arautzen dira. Baloraziorako aurretiazko akordio horien prozeduraz, ondorioez, eta haien aldaketa eta luzapenez ari da kapitulu hori.

Erregelamenduaren 37. artikuluari 7. idatz-zatia gehitzen zaio, atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharra arautzeko, betebehar hori Zergari buruzko Legearen 32.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioz egindako doikuntza sekundarioak dakarren kasuetan. Hitzartutako balioaren eta merkatuko balioaren arteko diferentzia izanen da atxikipenaren oinarria.

Zazpigarren xedapen iragankorra ere gehitzen da, konponketa berezien edo aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuen estaldurarako 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen onetsi ziren plan berezietatik sortutako gastuak arautzeko, bai eta ingurumen jarduketen gastuetarako plan berezi berriak aurkezteko epea ere.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko ............aren ....(e)ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea.

Urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu batzuei testua aldatuko zaie eta honela geldituko dira:

Bat.-I. tituluko I. kapituluko 1. atalaren izenburua.

"1. atala. Ibilgetu materialaren eta higiezinetako inbertsioen amortizazioa"

Bi.-1. artikuluaren izenburua.

"1. artikulua Ibilgetu materialaren eta higiezinetako inbertsioen amortizazioa. Arau orokorrak".

Hiru.-1.1 artikulua, lehen lerroaldea.

"1. Ibilgetu materialaren eta higiezinetako inbertsioen ondare-elementuen balio-galera efektiboa dela ulertuko da honako metodo hauetakoren bat aplikatzearen emaitza denean:"

Lau.-1.2 artikulua.

"2. Erosketa prezioa edo produkzio kostua da amortizagarria, hondar-balioa kenduta, halakorik bada.

Eraikinen kasuan ez da amortizagarria lurzoruaren balioari dagokion erosketa-prezioaren zatia, zaharberritzeko kostuak kenduta, halakorik bada. Lurzoruaren balioa ezagutzen ez bada, honela kalkulatuko da: erosketa-prezioa proportzionalki banatuko da erosketa egunean lurrak zuen katastro balioaren eta eraikuntzak zuenaren artean. Hala ere, subjektu pasiboak erosketa-prezioa banatzeko irizpide desberdina erabil dezake, baldin eta frogatzen badu erosketa egunean lurzoruak eta eraikuntzak zuten merkatu-balio normalean oinarritzen dela.

Bost.-1.4 artikulua.

"4. Ondare-elementuak beren bizitza baliagarriaren epean amortizatu behar dira. Bizitza baliagarritzat hartzen da, aukeratutako amortizazio metodoaren arabera, ondare-elementuen balioa osorik estalia geratu behar den epea, hondar-balioa kendurik, salbu eta epe hori kontzesioaren aldia baino luzeagoa denean, itzuli beharreko aktiboen kasuan bezala, halakoetan urteko gehieneko muga azken aldi horri erreparatuz kalkulatuko baita. Konponketa handiekin zerikusia duten kostuak konponketa handira arteko aldian amortizatuko dira".

Sei.-1.5 artikulua, lehen lerroaldea.

"5. Ondare-elementu bat berritu, handitu edo hobetzen denean eta haren zenbatekoa ibilgetu materialean edo higiezinetako inbertsioan sartzen denean, zenbateko hori aipatu ondare-elementuen bizitza baliagarria osatzeko geratzen diren zergaldietan amortizatuko da. Horretarako zergaldi bakoitzari egotziko zaion emaitza lortzeko honako eragiketa hau egin behar da: zergaldi bakoitzean egindako ondare-elementuaren amortizazio kontabilizatua, balio-galera efektiboari dagokion heinean, zatitu behar da ondare-elementu horrek berritze, handitze edo hobetzeko eragiketak burutu ziren zergaldian zeukan kontabilitate balioaz, eta koefiziente hori berritze, handitze edo hobetzearen zenbatekoari aplikatu."

Zazpi.-2.4 artikulua, lehen lerroaldea.

"4. Ibilgetu materialaren eta higiezinetako inbertsioen ondare-elementuen eskualdaketan lortutako errentak zerga-oinarrian sartzeko, eta inbentarioan baja gisa idatzohartutako kasuetan, elementu horiek zergaren ondorioetarako amortizatutzat joko dira, zergaren ondorioetarako kengarriak diren kontabilitateko zuzkiduren zenbatekoan, hala nola koefiziente eta gehienezko epe aplikagarrien arabera aipatu epean zehar zergaren ondorioetarako kengarri izan ez den zenbatekoan."

Zortzi.-4.2 artikulua, lehen lerroaldea.

"2. Zergari buruzko foru legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatiaren zentzuan loturiko pertsona edo entitateei erositako ondare-elementuak baldin badira, amortizazioa egiteko erosketa-prezio edo produkzio kostu jatorrizkoa hartuko da oinarritzat, eta horri 2. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako gehienezko amortizazio koefizienteak aplikatuko zaizkio. Gehienezko urte epealdia finkatuko da taulek ematen dutena eta aipatu prezio edo kostuaren eta erosketa-balioaren arteko diferentzia aipatu prezio edo kostuari gehienezko amortizazio kostua aplikatzetik sortzen den emaitzaz zatitzearen ondoriozko hamarrenik gabeko zatiduraren bitartez."

Bederatzi.-7.1 artikulua.

"1. Subjektu pasiboek Zerga Administrazioari ibilgetu materialeko eta higiezinetako inbertsioetako ondare-elementuen amortizaziorako plan bat proposatzen ahal diote."

Hamar.-7.4 artikulua, lehen eta bigarren lerroaldeak.

"4. Prozedura ebazteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak izanen du.

Prozeduraren instrukzioa Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuak eginen du, kasu bakoitzean dagozkien eginkizunen arabera, eta horretarako subjektu pasiboari behar diren datu eta frogagiri guztiak eskatzen ahal dizkiote. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentuei komenigarritzat jotzen dituzten txostenak eskatzen ahalko dizkiete."

Hamaika.-7.8 artikulua, lehen lerroaldea.

"8. Halaber eska dezakete ibilgetu materialaren eta higiezinetako inbertsioen ondare-elementuen amortizazio plan berezia araubide orokorreko araudiaren mendekoak izanik Nafarroako foru araudiaren mende egotera pasatzen diren entitateek, Hitzarmen Ekonomikoko 16. artikuluan xedatutakoarekin bat."

Hamabi.-I. tituluko I. kapituluko 2. atalaren izenburua.

"2. atala. Ibilgetu ukiezinaren amortizazioa".

Hamahiru.-8. artikulua.

"8. artikulua. Ibilgetu ukiezinaren amortizazioa.

1. Ibilgetu ukiezineko ondare-elementuak, bizitza baliagarri mugatua badute, bizitza baliagarriaren barnean amortizatu behar dira, hau da, haietatik diru-sarrerak lortzea zentzuz espero daitekeen aldiaren barnean.

Bizitza baliagarria 10 urtetik beherakoa denean, urteko gehieneko muga iraunaldi hori kontuan hartuz kalkulatuko da.

2. Bizitza baliagarri mugatua duten ibilgetu ukiezineko ondare-elementuen amortizazioa kengarria izanen da, zergari buruzko foru legearen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

3. Aurreko artikuluan ezarritako tramite eta beharkizunei loturik, subjektu pasiboek Zerga Administrazioari plan bat proposatu ahalko diote ibilgetu ukiezineko ondare-elementuak amortizatzeko."

Hamalau.-I. tituluko II. kapituluaren izenburua.

"II. kapitulua. Balio-galeraren koefizienteak, denbora-egozpena eta finantza entitateetako kreditu-arriskuaren estaldura."

Hamabost.-12.1 artikulua.

"1. Denbora-egozpena egin zen zergaldia baino geroagokoan kontabilitatean egotzitako gastuen kasuan edo aurreko zergaldi batean kontabilitatean egotzitako sarrerenean, zergari buruzko foru legearen 34. artikuluaren 3. idatz-zatiko bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, subjektu pasiboari dagokio frogatzea denbora-egozpeneko arau orokorrak aplikatuz egokituko zitzaiona baino zerga-ordainketa txikiagoa ez dela gertatu."

Hamasei.-13. artikulua.

"13. artikulua. Aparteko mozkinak zerga-oinarrian ez sartzea, berrinbertsio kasu batzuetan.

Berrinbertsio kasu batzuetan aparteko mozkinak zerga-oinarrian ez sartzeari dagokionez, ondare-elementuen narriaduragatiko balio-galeren zenbatekoa ez da sartuko zergari buruzko foru legearen 36. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako errentetan, haietarako zuzkidurak zergaren ondorioetarako kengarri izan diren heinean.''

Hamazazpi.-14. artikulua.

"14. artikulua. Finantza entitateetako kreditu-arriskuaren estaldura.

Espainiako Bankuak ezarritako arauei jarraituz beren urteko kontu banakakoak egitera behartutako entitateek eta egoitza atzerrian izanik Espainian diharduten kreditu entitateen sukurtsalek kentzen ahal dituzte kreditu-arriskuaren estaldurarako zuzkidurak, aipatu arauetan aurreikusitako gutxieneko kopuruen zenbatekoraino."

Hemezortzi.-15. artikulua.

"15. artikulua. Ingurumen jarduketen gastuetarako planak.

1. Subjektu pasiboek Zerga Administrazioari ingurumen jarduketen gastuetarako plana aurkeztu ahalko diote.

2. Eskabideak honako datuak eduki behar ditu:

a) Subjektu pasiboak dituen betebeharrak, edo ingurumenaren kalteei aurrea hartu edo haiek konpontzeko hartu dituen konpromisoak.

b) Egin beharreko jarduketaren deskripzio teknikoa eta haren beharraren justifikazioa.

c) Ingurumen jarduketari dagozkion gastuen zenbatekoa, gutxi gorabehera, eta zenbateko horren justifikazioa.

d) Ingurumen jarduketari dagozkion gastuen zenbatekoaren denbora-egozpenerako irizpidea eta horren justifikazioa.

e) Ingurumen jarduketaren hasiera eguna.

3. Plan horietarako eskaera subjektu pasiboak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eginen dio ingurumen jarduketa egiteko betebeharra edo konpromisoa sortu ondorengo hiru hilabeteko epea bete baino lehen."

Hemeretzi.-16. artikulua indarrik gabe uzten da.

Hogei.-19.1 artikulua, bigarren lerroaldea.

"Prozeduren instrukzioa Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuak eginen du, kasu bakoitzean dagozkien eginkizunen arabera, eta horretarako subjektu pasiboari behar diren datu eta frogagiri guztiak eskatzen ahal dizkiote. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentuei komenigarritzat jotzen dituzten txostenak eskatzen ahalko dizkiete."

Hogeita bat.-19.4 artikulua.

"4. Ingurumen jarduketen gastuetarako planak subjektu pasiboak eskaturik aldatzen ahal dira, kapitulu honetako arauei jarraikiz. Eskaera hori aurkeztu behar da aldaketa horrek ondorioak izan behar dituen zergaldiko lehen hiru hilabeteen barruan."

Hogeita bi.-I. tituluko IV. kapitulua.

"IV. kapitulua. Eragiketa lotuen merkatuko balio normalaren zehaztapena eta dokumentazio betebeharrak.

1. ATALA

Eragiketa lotuen merkatuko balio normalaren zehaztapena

20. artikulua. Eragiketa lotuen merkatuko balio normalaren zehaztapena. Konparagarritasun azterketa.

1. Zergari buruzko Legearen 28.1.1 artikuluan aipatzen den lehia librean pertsona edo entitate lokabeek hitzartuko zuten merkatuko balio normala zehazteko, eragiketa lotuen inguruabarrak eta parekagarriak izan litezkeen pertsona edo entitate lokabeen arteko eragiketen inguruabarrak erkatuko dira.

2. Bi eragiketa edo gehiago parekagarriak diren zehazteko, kontuan hartuko dira, garrantzizkoak diren heinean, ondoko inguruabarrak:

a) Eragiketa lotuen xede diren ondasun edo zerbitzuen berariazko ezaugarriak.

b) Konparatzen ari diren eragiketei dagokienez aldeek beren gain hartu dituzten eginkizunak; hartutako arriskuak identifikatuko dira eta erabilitako aktiboak haztatuko dira, halakorik bada.

c) Eragiketak kontraturen baten ondorio badira, kontratuaren nondik norakoak. Kontuan hartuko dira kontratuko alde bakoitzak hartutako erantzukizunak, arriskuak eta mozkinak.

d) Ondasunak edo zerbitzuak ematen direneko merkatuen ezaugarriak, edo eragiketa lotuetan eragina izan dezaketen bestelako faktore ekonomikoak.

e) Kasu bakoitzean garrantzia duten beste inguruabar guztiak; adibidez, merkataritzako estrategiak. Enpresa lokabeen konparagarriei buruzko daturik ez dagoenean, edo eskura daudenen fidagarritasuna mugatua denean, tributudunak inguruabar horiek dokumentatu beharko ditu.

Aurrean aipaturiko inguruabarren bat kontuan hartzen ez bada tributudunak garrantzirik gabekotzat jotzen duelako, hura azterketatik baztertzeko arrazoiak azaldu beharko ditu.

Betiere, aintzat hartu beharreko barneko edo kanpoko konparazio-elementuak zein diren adierazi beharko da.

3. Tributudunak egiten dituen eragiketa lotuak elkarri hertsiki loturik badaude edo elkarren segidan egin badira, ez da egokia izanen haiek bereiz baloratzea, eta idatz-zati honetan aipatzen den konparagarritasun azterketa eragiketa horien multzoa kontuan harturik eginen da.

4. Bi eragiketa edo gehiago parekagarriak dira haien artean ez badago diferentzia nabarmenik, 2. idatz-zatian aipatutako inguruabarretan, ondasun edo zerbitzuaren prezioari edo eragiketaren marjinari eragiten dionik, edo, diferentziak izanda ere, horiek kendu badaitezke behar diren zuzenketak eginez.

Goian deskribatutako konparagarritasun azterketa erregelamendu honen 20 quinquies artikuluan aipatzen den dokumentazioaren osagaietakoa da, eta artikulu horretako 1. idatz-zatiko b) letran aurreikusitako betebeharra betetzeko balio du.

5. Konparagarritasun azterketa eta eragiketa parekagarrien gaineko informazioa, horiek dira kasu bakoitzean, zergari buruzko foru legearen 32. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan xedaturikoarekin bat, balorazio metodorik egokiena zein den zehaztuko duten faktoreak.

2. ATALA

Eragiketa lotuetan kostuak banatzeko akordioak kengarriak izateko baldintzak

20 bis artikulua. Pertsona edo entitate lotuek kostuak banatzeko sinatzen dituzten akordioen baldintzak.

Zergari buruzko foru legearen 29. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitakoari dagokionez, tributudunak ondasun eta zerbitzuen kostuak banatzeko sinatzen dituen akordioetan datu hauek jarri behar dira: gainerako pertsona edo entitate parte-hartzaileen identifikazioa, erregelamendu honen 20 quinquies artikuluko 1. idatz-zatiko a) letran aurreikusitako moduan; akordioek estaltzen dituzten jarduera eta proiektu berariazkoen esparrua, horien iraupena, espero diren mozkinak partaideen artean banatzeko irizpideak, bakoitzaren ekarpena kalkulatzeko era, partaideen egitekoen eta erantzukizunen azalpen zehatza, partaideak akordiora biltzearen edo alde egitearen ondorioak, eta inguruabar ekonomikoak aldatzen badira akordioaren nondik norakoak aldaketara moldatzea aurreikusten duen beste edozein xedapen.

3. ATALA

Dokumentazio betebeharrak eragiketa lotuetan

20 ter artikulua. Dokumentazio betebeharra pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketetan.

1. Zergari buruzko foru legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketen merkatuko balioa zehazteko, subjektu pasiboak atal honetan ezarritako agiriak aurkeztu beharko ditu, Zerga Administrazioak eskatuz gero. Agiri horiek Zerga Administrazioaren eskura egon behar dute aitorpenerako edo likidaziorako borondatezko epea amaitzen denetik hasita.

Betebehar horrez gain, Zerga Administrazioak bere eginkizunetarako beharrezkotzat jotzen dituen agiri edo informazio osagarriak eskatu ahalko ditu, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoarekin bat.

2. Atal honetan aipatzen den dokumentazioa prestatzen denean kontuan hartu beharko dira eragiketen konplexutasuna eta kopurua, Administrazioak egiaztatu ahal dezan haien balorazioa zergari buruzko foru legearen 28. eta 32. artikuluetan aurreikusitakoari loturik egin dela. Subjektu pasiboak beste helburu batzuetarako dituen agiriak erabili ahal izanen ditu dokumentazioa prestatzeko, adierazgarriak badira. Honela osatuko da dokumentazioa:

a) Tributuduna talde batekoa bada, taldeari dagokion dokumentazioa. Taldetzat hartuko da, ondorio hauetarako, zergari buruzko foru legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoa, eta, halaber, entitate egoiliar edo ez-egoiliar batek eta hark atzerrian edo Espainiako lurraldean dituen establezimendu iraunkorrek osatutakoa.

Zergari buruzko foru legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusi bezalako taldea izanez gero, entitate nagusiak talde osoari dagokion dokumentazioa prestatu eta gordetzea aukeratu ahal izanen du. Entitate nagusia Espainiako lurraldeko egoiliarra ez bada, taldeko beste entitate bat izendatu beharko du, Espainiako lurraldeko egoiliarra, dokumentazioa gorde dezan.

Aurreko lerroaldean xedaturikoak ez du ezertan ukatzen tributudunaren betebeharra dela bere taldeari dagokion dokumentazio osoa eta egiazkoa Zerga Administrazioari aurkeztea, hark eskatuz gero.

b) Tributudunaren dokumentazioa.

3. Atal honetan aurreikusitako dokumentazioa ez da eskatuko honako eragiketa lotuak egiten direnean:

a) Zerga-bateratzearen araubideko talde batean, hots, zergari buruzko foru legearen X. tituluko VIII. kapituluan dagoen araubidea aukeratu duen talde batean, taldekide diren entitateen arteko eragiketak.

b) Interes ekonomikoko elkarteei buruzko apirilaren 29ko 18/1982 Legean aurreikusitakoari jarraikiz interes ekonomikoko elkarteek beren kideekin egiten dituzten eragiketak, eta berariazko erregistroan inskribaturik dauden aldi baterako enpresa elkarteek, Enpresa talde eta aldi baterako elkarteen eta eskualdeetako industria garatzeko sozietateen zerga araubideari buruzko maiatzaren 26ko 18/1992 Legean araututako horiek, beren kideekin egiten dituztenak.

c) Baloreak erosteko eskaintza publikoen edo saltzeko eskaintza publikoen esparruan egiten diren eragiketak.

4. Tributudunak bere eragiketa lotuei buruzko informazioa jarri beharko du aitorpenean, hala aurreikusten den kasuetan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak foru agindu bidez ezartzen duen moduan.

20 quater artikulua. Subjektu pasiboaren taldeari dagokion dokumentazio betebeharra.

1. Taldeari dagokion dokumentazioak ondokoak biltzen ditu:

a) Taldearen antolamenduaren, egitura juridikoaren eta operazio-egituraren deskribapen orokorra, eta horren aldaketa nabarmen oro.

b) Taldeko kide izan eta eragiketa lotuak egiten dituzten entitateen identifikazioan, eragiketa horiek tributudunaren eragiketei zuzenean edo zeharka eragiten dieten heinean.

c) Taldeko entitateen arteko eragiketa lotuen izaeraren, zenbatekoen eta fluxuen deskribapen orokorra, eragiketa horiek tributudunaren eragiketei zuzenean edo zeharka eragiten dieten heinean.

d) Taldeko entitateek betetzen dituzten eginkizunen eta hartzen dituzten arriskuen deskribapen orokorra, tributudunak egindako eragiketei zuzenean edo zeharka eragiten dieten heinean. Aurreko zergaldi edo likidazio alditik izandako aldaketak ere azaldu behar dira.

e) Patente, marka, merkataritzako izen eta gainerako aktibo ukiezinen titularren zerrenda, horiek, zuzenean edo zeharka, tributudunak egindako eragiketei eta haren eragiketa lotuei eragiten dieten heinean, bai eta aktibo horiek erabiltzeagatiko kontraprestazioen zenbatekoa ere.

f) Transferentzia-prezioen arloan taldeak darabilen politikaren deskribapena, taldeak prezioak finkatzeko aukeratutako metodoa edo metodoak barne, eta lehia askearen printzipioa betetzen delako justifikazioa.

g) Taldeko entitateen artean kostuak banatzeko egindako akordioen eta elkarri zerbitzuak emateko egindako kontratuen zerrenda, horiek, zuzenean edo zeharka, tributudunaren eragiketei eragiten dieten heinean.

h) Taldeko entitateei dagokienez egin diren edo egiten ari diren aurretiazko balorazio-akordioen eta prozedura adiskidetsuen zerrenda, horiek zuzenean edo zeharka eragiten badiote tributudunak egindako eragiketei.

i) Taldearen memoria, edo, halakorik ezean, urteko txosten baliokidea.

2. Tributudunak taldeko beste entitate batzuekin eragiketa lotuak zein zergalditan edo likidazio alditan egin dituen, hari buruzkoak izanen dira aurreko idatz-zatian aurreikusitako dokumentazio betebeharrak, eta Zergari buruzko Legearen 50.1.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten taldeei eskatu ahal izanen zaizkie.

Zergaldi edo likidazio aldi baterako prestaturiko dokumentazioak ondorengoetarako ere balioduna izaten jarraitzen badu, ez da dokumentazio berririk eginen, baina behar diren egokitzapenak eginen dira.

20 quinquies artikulua. Subjektu pasiboaren dokumentazio betebeharra.

1. Tributudunaren dokumentazio berariazkoak ondokoak bildu behar ditu:

a) Tributudunaren eta harekin eragiketa egin duten pertsona edo entitateen izen-deiturak edo izen soziala edo izen osoa, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta eragiketaren izaera zehatza, ezaugarriak eta zenbatekoa.

Horrez gain, eragiketa egin bada paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako egoiliarrak diren pertsona edo entitateekin, horien izenean eragiketan esku hartu duten pertsonen identifikazioa eman behar da, eta, entitateekiko eragiketen kasuan, entitateen administratzaileen identifikazioa.

b) Konparagarritasun azterketa, erregelamendu honen 20.2 artikuluan azaltzen dena, hain zuzen.

c) Hautatu den balorazio metodoaren azalpena, zergatik hautatu den, nola aplikatzen den, eta haren bidez lorturiko balioa edo balio-tartea.

d) Zenbait pertsona edo entitate loturi batera emandako zerbitzuen gastuak banatzeko irizpideak, eta dagozkien akordioak, halakorik bada, eta erregelamendu honen 20 bis artikuluan aipatzen diren akordioak, kostuak banatzekoak.

e) Tributudunak bere eragiketa lotuen balorazioa zehazteko erabilitako beste informazio adierazgarri guztiak, eta beste bazkide batzuekin sinaturiko itun parasozialak.

2. Subjektu pasiboak zein zergaldi edo likidazio alditan egin duen eragiketa lotua, hari buruzkoak izanen dira aurreko idatz-zatian aurreikusitako dokumentazio betebeharrak.

Zergaldi edo likidazio aldi baterako prestaturiko dokumentazioak ondorengoetarako ere balioduna izaten jarraitzen badu, ez da dokumentazio berririk eginen, baina behar diren egokitzapenak eginen dira.

3. Goiko 1. idatz-zatian aurreikusitako dokumentazio betebeharrak oso-osorik eskatuko dira, salbu eta eragiketan esku hartzen duten aldeetako bat zergari buruzko foru legearen 50.1.b) artikuluko baldintzak betetzen dituen entitatea denean edo bestela pertsona fisikoa denean, eta, gainera, eragiketak paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako pertsona edo entitate egoiliarrekin eginak ez direnean; kasu horretan subjektu pasiboen dokumentazio betebehar berariazkoak ondokoak izanen dira:

a) Goiko 1. idatz-zatiko a), b), c) eta e) letretan aurreikusitakoak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen ahal duen zergadun batek eragiketa egiten badu bera, bere ezkontidea, aurrekoak edo ondorengoak partaide dituen sozietate batekin eta haiek guztiek batera nahiz bakarka sozietatearen kapitalean edo funtsetan duten portzentajea %25 edo handiagoa bada.

b) Goiko 1. idatz-zatiko a) eta e) letretan aurreikusitakoak, bai eta fluxuen deskontuei aplikatu beharreko interes tasak, magnitudeak, portzentajeak, ratioak, igurikimenak eta balioa zehazteko erabiltzen diren gainerako baloreak ere, baldin eta eragiketan negozioak eskualdatzen badira, edo balore nahiz partaidetzak, edozein motatako entitateen funts berekietako partaidetza irudikatzen dutenak, 2004/39/EE Zuzentarauan definituriko balore-merkatu arautuetan negoziatzeko onartzen ez direnak.

c) Goiko 1. idatz-zatiko a), c) eta e) letretan aurreikusitakoak, higiezin edo ukiezinak eskualdatzen direnean.

d) Goiko 1. idatz-zatiko a) letran aurreikusitakoa, profesionalen zerbitzuak ematen direnean.

e) Gainerako kasuetan, 1. idatz-zatiko a) eta e) letretan aurreikusitakoak eta, gainera, erabilitako balorazio metodoaren eta horren ondoriozko balio-tartearen azalpena.

4. ATALA

Eragiketa lotuen merkatuko balio normalaren egiaztapena

20 sexies artikulua. Eragiketa lotuen merkatuko balio normalaren egiaztapena.

1. Ikuskapen prozeduran egin beharreko erregularizazioak balorazioa zuzentzeaz gain beste helburu batzuk baditu, likidazio proposamenaren akta bereizia eginen da, zerga betebeharraren gainerako elementuengatik egin beharreko aktetatik aparte. Akta horretan merkatuko balio normalaren zehaztapena justifikatuko da zergari buruzko foru legearen 32. artikuluan aurreikusitako metodoetako bati jarraikiz, eta egoki azalduko da zergatik zuzendu behar den tributudunak egindako balorazioa. Akta horren ondoriozko likidazioa behin-behinekoa izanen da.

2. Balorazioa zuzendu ondoren egindako behin-behineko likidazioaren aurka tributudunak errekurtsoa edo erreklamazioa jartzen badu, likidazio horren eta berrikuspen prozeduraren berri jakinaraziko zaie ukitutako gainerako pertsona edo entitate lotuei, prozeduran agertu ahal izan daitezen.

Bidezko epeak iraganik, tributudunak errekurtso edo erreklamaziorik jarri ez badu, behin-behineko likidazioa ukitutako gainerako pertsona edo entitate lotuei jakinaraziko zaie, eta nahi dutenek berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzea aukeratu ahal izanen dute, batera. Baldin eta, alde edo entitate lotuen artean akordiorik ez izateagatik, berraztertzeko bi bide horiek aldi berean erabiltzen badira, lehenik aurkeztutako errekurtso edo erreklamazioa bakarrik tramitatuko da, eta bigarrena onartezin deklaratuko da.

3. Baldin eta, zergari buruzko foru legearen 32. artikuluan aurreikusitako metodoak aplikatzeko, beharrezkoa izan bada ondasun edo eskubideen balioa egiaztatzea Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 44. artikuluan ezarritako bideetatik, tributudunak peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatu ahal izanen du ondasun edo eskubide horren balio egiaztatua zuzentzeko. Tributudunak peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatzen badu, organo eskudunak tributudunari eta ukitutako gainerako pertsona edo entitate lotuei jakinaraziko die Administrazioko peritu batek emandako txostena eta 15 eguneko epea ezarriko die baloratu beharreko ondasun edo eskubideen izaerarako titulu egokia duen peritu bat izenda dezaten, elkarrekin ados jarrita. Peritu-tasazio kontraesanezkoaren prozedura Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 44. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz tramitatuko da.

Peritu-tasazio kontraesanezkoaren prozedura bukaturik, goiko 2. idatz-zatian adierazitakoaren arabera jokatuko da, tasazioko balioan oinarritutako behin-behineko likidazioaren aurka jar daitezkeen errekurtso edo erreklamazioei dagokienez.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera peritu-tasazio kontraesanezkoaren prozedura eskatzea zilegi den kasuetan, bidezko epeak iragaten badira tributudunak tasazio hori eskatu edo errekurtso nahiz erreklamaziorik jarri gabe, egindako behin-behineko likidazioa ukitutako gainerako pertsona edo entitate lotuei jakinaraziko zaie, eta nahi dutenek, batera, peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatzea edo errekurtso nahiz erreklamazioa jartzea aukeratu ahalko dute. Baldin eta, alde edo entitate lotuen arteko akordiorik ez izateagatik, aldi berean peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatu eta errekurtso edo erreklamazioa jartzen bada, peritu-tasazio kontraesanezkoa eginen da lehendabizi, zergari buruzko foru legearen 28.1.2 artikuluan aipatutako balioa zehazte aldera. Peritu-tasazio kontraesanezkoa eskatzeak eteteko ondorioak izanen ditu, eta hura eskatzearekin batera errekurtso edo erreklamazioren bat aurkeztu bada, ez da onartuko.

Aurreko lerroaldean aipatutako peritu-tasazio kontraesanezkoaren prozedura amaitutakoan, alde edo entitate lotuek, batera, goiko 2. idatz-zatian aurreikusitako moduan, tasazioko balioan oinarrituta egindako behin-behineko likidazioaren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzea aukeratu ahal izanen dute.

4. Tributudunari egindako likidazioa irmo bihurtu eta gero, Zerga Administrazioak gainerako pertsona edo entitate lotuen zerga egoera erregularizatuko du egiaztaturiko balio irmoaren arabera, eta, bidezkoa denean, berandutza interesak aitortuko dizkie. Likidazioa irmo bihurtu aurreko zergaldiari (likidazioa irmo bihurtzen den momentuan aitorpena aurkezteko eta dirua sartzeko epea amaitua duen azken zergaldiari) dagokion likidazioa eginen da, erregularizazio hori egiteko. Zergaldirik gabeko zergen kasuan erregularizazio hori egiteko, tributudunari egin zaion likidazioa irmo bihurtzen den momentuko likidazioa eginen da.

Likidazio horretan kontuan hartuko dira balio egiaztatu eta irmoari dagozkion efektuak, Zerga Administrazioak egindako balorazio-zuzenketak ukitzen dituen zergaldi guztiei dagokienez, eta barnean hartuko dira berandutza interesak, halakorik egonez gero, autolikidazioa aurkezteko epearen azken egunetik hasita kalkulatuak (edo autolikidazioa epez kanpo aurkeztu den egunetik, baldin eta erregularizazioak itzulketa badakar eragiketa lotuak ondorioak sortu dituen ekitaldietako bakoitzean) eta eragiketa horren balio egiaztatua gainerako pertsona edo entitate lotuen aurrean eraginkorra den ekitaldiari dagokion likidazioa egin den egunera arte, zergari buruzko foru legearen 32.4.3 artikuluan eta aurreko lerroaldean ezarritakoarekin bat.

Tributudunek, halaber, balio egiaztatua aplikatu beharko dute Administrazioaren erregularizazioaren xede izan den zergaldiaren ondoko zergaldietako aitorpenetan, eragiketa lotuak ondoriorik sortzen badu zergaldi horietan.

Likidazio hori egiteko, ikuskapen organoek Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 130. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ahalmenak erabili ahal izanen dituzte, eta beharrezkotzat jotzen dituzten jarduketak egin informazioa lortzeko.

5. Artikulu honetan araututako prozedura ez zaie aplikatuko balorazioaren zuzenketak ukitutako pertsona edo entitateei, horiek ez badira Espainiako lurraldeko egoiliarrak edo bertan kokatutako establezimendu iraunkorrak, zergari buruzko foru legearen 32.4.4 artikuluan xedatutakoarekin bat. Espainiako lurraldeko egoiliarrak ez diren pertsona edo entitate ukituek (bertan kokaturiko establezimendu iraunkorrek izan ezik, barne antolamenduari erantsitako itun edo hitzarmenen bati heldu ahal badiote), prozedura adiskidetsura edo arbitraje prozedurara jo ahal izanen dute, balorazioaren zuzenketak zergapetze bikoitza ekarri badie hori saihesteko, zergari buruzko foru legearen 32.4.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. ATALA

Doikuntza sekundarioa

20 septies artikulua. Eragiketa lotuen balio hitzartuaren eta merkatuko balioaren arteko diferentzia.

1. Eragiketan hitzartutako balioa merkatuko balio normala bera ez den kasuetan, bi balioen arteko diferentziak, pertsona edo entitate lotuentzat, diferentzia horren ondorioz agerian jarri diren errenten izaerari dagokion tratamendu fiskala izanen du.

2. Bazkide edo partaideen eta entitatearen arteko harremanaren arabera definitutako lotura dagoen kasuetan, bereziki, diferentziak tratamendu hau izanen du, oro har:

a) Bazkide edo partaidearen aldeko diferentzia denean, hark entitatean duen partaidetza portzentajeari dagokion errenta zatia funts berekien ordainketa izanen da entitatearentzat eta entitateen mozkinetako partaidetza bazkidearentzat.

Entitateko partaidetzaren portzentajeari ez dagokion diferentzia zatia, berriz, entitatearentzat funts berekien ordainketa izanen da, eta bazkide edo partaidearentzat, bazkide, akziodun, elkartekide edo partaide izateagatik entitatetik jasotako onura, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 28.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

b) Entitatearen aldeko diferentzia denean, partaidetza-portzentajeari dagokion diferentzia zatia bazkide edo partaideak entitatearen funts berekietara egindako ekarpena izanen da, eta handitu eginen du bazkide edo partaidearen partaidetzaren erosketa-balioa.

Partaidetza-portzentajeari ez dagokion errenta zatia, berriz, errenta izanen da entitatearentzat, eta liberalitatea bazkide edo partaidearentzat. Establezimendu iraunkorrik izan gabe Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren pean dauden zergadunen kasuan, errenta ondare-irabazitzat joko da.

3. Merkatuko balio normalaren eta balio hitzartuaren arteko diferentziak agerian jarritako errentaren kalifikazioa goiko 2. idatz-zatian aurreikusitakoaz bestelakoa izan daiteke, idatz-zati horretan azaltzen ez den kausaren bat egiaztatzen bada.

6. ATALA

Dokumentazio betebeharrak, paradisu fiskaletako egoiliarrak diren pertsona
edo entitate lokabeekiko eragiketetan

21. artikulua. Dokumentazio betebeharrak, paradisu fiskaletako egoiliarrak diren pertsona edo entitate lokabeekiko eragiketetan

1. Paradisu fiskalak diren herrialde edo lurraldeetako egoiliarrak izan eta, zergari buruzko foru legearen 28. artikuluaren arabera, pertsona edo entitate lotutzat hartu behar ez diren pertsona edo entitateekin eragiketak egiten dituztenek, zergari buruzko foru legearen 31.1 artikuluan ezarritakoari dagokionez, dokumentazio betebehar hauek izanen dituzte:

a) Tributudunaren eta harekin eragiketa egin duten pertsona edo entitateen izen-deiturak edo izen soziala edo izen osoa, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta eragiketaren izaera zehatza, ezaugarriak eta zenbatekoa.

Horrez gain, pertsona edo entitate horien izenean eragiketan esku hartu duten pertsonen identifikazioa eman behar da, eta, entitateekiko eragiketen kasuan, entitateen administratzaileen identifikazioa ere bai.

b) Konparagarritasun azterketa, erregelamendu honen 20.2 artikuluan azaltzen dena, hain zuzen.

c) Hautatu den balorazio metodoaren azalpena, zergatik hautatu den, nola aplikatzen den, eta haren bidez lorturiko balioa edo balio-tartea.

d) Paradisu fiskaletako egoiliarrak diren zenbait pertsona edo entitateri batera emandako zerbitzuen gastuak banatzeko irizpideak, eta dagozkien akordioak, halakorik bada, eta erregelamendu honen 20 bis artikuluan aipatzen diren akordioak, kostuak banatzekoak.

e) Tributudunak bere eragiketen balorazioa zehazteko erabilitako beste informazio guztiak.

2. Aurreko idatz-zatian azaldutako dokumentazio betebeharrak ez dira eskatuko zerbitzuei eta salgaien nazioarteko salerosketei dagokienez, salerosketako bitartekotza-komisioak barne direla, bai eta gastu gehigarriak eta lotuak ere, honako baldintzak betetzen direnean:

a) Tributudunak frogatu behar du arrazoi ekonomiko baliodunak izan direla eragiketa paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde baten bitartez egiteko.

b) Tributudunak eragiketa parekagarriak egin behar ditu paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako egoiliarrak ez diren pertsona edo entitate lokabeekin, eta frogatu behar du eragiketaren balio hitzartua bat datorrela beste eragiketa parekagarri horien balio hitzartuarekin, behin zuzenketak eginda, beharrezkoak badira."

Hogeita hiru.-I. tituluari V. kapitulu berria gehitzea eta hor sartzea 22. artikulutik 28.era bitartekoak, biak barne.

"V. kapitulua. Pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketak aurretiaz baloratzeko akordioak.

22. artikulua. Prozeduraren hasiera

1. Pertsona edo entitate lotuek beren artean eragiketak egin aurretik, eragiketa horien merkatuko balioa zehazteko eskaera aurkeztu ahalko dute. Horren barnean, balorazio-proposamena eginen dute, merkatuko balioan oinarritua; proposaturiko metodoa deskribatuko dute, eta metodo horren aplikazioan lehia askearen printzipioa betetzen dela erakusten duen analisia azalduko dute. Halaber, zergari buruzko foru legearen 38. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako koefizientearen ordez beste bat aplikatzeko proposamena aurkeztu ahal izanen diote Zerga Administrazioari.

Pertsona edo entitate eskatzaileek eskabidea sinatu behar dute, eta Administrazioari frogatu behar diote eragiketetan parte hartuko duten gainerako pertsona edo entitate lotuek balorazio-eskaera ezagutzen eta onartzen dutela.

2. Eskaerarekin batera, erregelamendu honen 20 quater eta 20 quinquies artikuluetan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da, balorazio-proposamenari aplikagarria zaion heinean, eta kasu bakoitzaren inguruabarretara egokituko da.

3. Azpikapitalizazio koefizienteari dagozkion proposamenetan dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Entitatearen urteko kontuak.

b) Subjektu pasiboak, kapital fiskalari dagokionez, merkatuko baldintza normaletan pertsona edo entitate lokabeengandik lortuko zukeen zorpetzearen kalkulua, eta horren justifikazioa.

c) Entitatea kide duen sozietate taldearen deskribapena.

d) Entitateak zein entitate ez-egoiliar loturekin egin dituen edo eginen dituen zorrak.

e) Proposatzen den zorpetze koefizientea eta horren justifikazioa. Haren aplikazioari begira oinarrizkotzat hartu behar diren inguruabar ekonomikoak nabarmenduko dira.

f) Elkarrekikotasunezko tratamenduaren justifikazioa.

4. Ondoko inguruabarretako baten bat gertatzen bada, eskaera tramitatzeko ez onartzea erabaki ahal izanen da. Betiere arrazoiak azalduko dira.

a) Egin nahi den balorazio-proposamenak merkatuko balio normala zehazteko oinarririk ez badu, nabarmenki.

b) Egin nahi den balorazio-proposamenaren oso antzekoak ziren beste batzuk baztertu izan badira.

c) Balorazio-proposamenaren bitartez saihestuko litzatekeen zergapetze bikoitzaren arriskurik ez dagoela irizten bazaio.

d) Egin nahi den proposamena ezestea erabakitzeko behar adinako beste edozein arrazoi badago.

23. artikulua. Tramitazioa eta organo eskudunak.

1. Zerga Administrazioak proposamena eta aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta proposamenarekin zerikusia duten datu, txosten, aurrekari eta justifikagarri guztiak eskatu ahalko die tributudunei, baita proposamenaren gaineko azalpen edo argibide osagarriak ere.

Prozeduraren instrukzioa Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuak eginen du, kasu bakoitzean dagozkien eginkizunen arabera.

Prozedura ebazteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak izanen du.

2. Aurkeztutako dokumentazioak kapitulu honetan arautzen den prozeduran bakarrik izanen ditu ondorioak, prozedura horretan baizik ez da erabiliko, eta ez ditu subjektu pasiboak salbuetsiko zerga araudian ezarritakoaren arabera dagozkien gainerako betebeharretatik.

Atzera egiten bada, prozedura iraungitzen bada edo proposamena ezesten bada, aurkeztutako dokumentazioa itzuli eginen da.

24. artikulua. Amaiera, akordioaren ondorioak eta errekurtsoak.

1. Prozedurari bukaera emanen dion ebazpenak aukera hauek izanen ditu:

a) Tributudunak aurkeztutako balorazio-proposamena onestea.

b) Hasieran aurkeztutakoa ez den beste balorazio-proposamen bat onestea, tributuduna ados dagoela.

c) Tributudunak egindako proposamena ezestea.

2. Baloraziorako aurretiazko akordioa agiri batean formalizatuko da. Bertan ondokoak bilduko dira, gutxienez:

a) Formalizazioaren lekua eta data.

b) Proposamena dagokien tributudunen izen-deiturak edo izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko idatz-zatia.

c) Tributudunak akordioaren edukiarekin ados daudelako adierazpena.

d) Proposamenaren xede diren eragiketen deskribapena.

e) Balorazio metodoaren elementu funtsezkoak eta hartatik sortzen den balio-tartea, halakorik bada, eta bai haren aplikaziorako oinarrizkotzat hartzen diren inguruabar ekonomikoak ere, funtsezko hipotesiak nabarmenduz.

f) Akordioa zein zergaldi edo likidazio aldiri aplikatuko zaien, eta noiz hartuko duen indarra.

3. Balorazio-proposamenaren ezespenean tributudunen identifikazioa jarriko da eta Zerga Administrazioak proposamena zergatik ezetsi duen azalduko da.

4. Prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da, proposamena jasotzen denetik hasita. Epe horretan interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, proposamena ezetsitzat jo ahalko da.

5. Zerga Administrazioa eta subjektu pasiboak behartuak egonen dira onetsitako proposamenetik ondorioztatzen dena aplikatzera.

6. Zerga Administrazioak egiaztatu ahal izanen du onetsitako proposamenean azaltzen diren gertaerak eta eragiketak benetakoak direla eta onetsitako proposamena zuzen aplikatu dela.

Egiaztapenak agerian jartzen badu onetsitako proposamenean azaltzen diren gertaerak eta eragiketak ez direla benetakoak edo onetsitako proposamena ez dela zuzen aplikatu, Zerga Administrazioak tributudunen zerga egoera erregularizatuko du.

7. Subjektu pasiboren batek atzera egiten badu, prozedura amaitu eginen da.

8. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren edo ustezko ezespen egintzaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, baina geroago bidezkoak diren errekurtsoak jarri ahal izanen dira likidazio egintzen aurka.

25. artikulua. Pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak baloratzeko akordioaren aplikazioari buruzko informazioa.

Sozietateen gaineko Zergaren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren aitorpenarekin batera, subjektu pasiboek idazki bat aurkeztuko dute onetsitako aurretiazko balorazio-akordioaren aplikazioari buruz, honako informazio hauek bilduko dituena, besteak beste:

a) Aitorpena dagokion zergaldi edo likidazio aldian egin diren eta aurretiazko akordioa aplikagarri izan zaien eragiketak.

b) Eragiketa horiek aurretiazko akordioa aplikatzearen ondorioz zer balio edo preziotan egin diren.

c) Aurretiazko akordioak aipatzen duen balorazio metodoaren aplikaziorako oinarrizkotzat jo behar diren inguruabar ekonomikoen aldaketa adierazgarrien deskribapena, horrelakorik gertatu bada.

d) Aurretiazko akordioak aipatzen dituen eragiketen antzekorik zergaldi edo likidazio aldian egin den, zein preziotan egin diren, eta aurretiazko akordioaren esparruan sartutako eragiketekin dituzten desberdintasunen deskribapena.

Beste administrazio batzuekin sinatzen diren akordioetan, ordea, subjektu pasiboak urtero aurkeztu beharreko dokumentazioa akordiotik ondorioztatzen dena izanen da.

26. artikulua. Baloraziorako aurretiazko akordioa aldatzea.

1. Aurretiazko balorazio-akordioa onetsi zenean aintzat hartutako inguruabar ekonomikoak nabarmen aldatuz gero, akordioa inguruabar ekonomiko berriei egokitzeko aldatu ahalko da. Aldatzeko prozedura ofizioz edo tributudunek eskaturik hasi ahalko da.

2. Pertsona edo entitate eskatzaileek aldaketarako eskabidea sinatu behar dute, eta Administrazioari frogatu behar diote eragiketetan parte hartuko duten gainerako pertsona edo entitate lotuek aldaketarako eskaera ezagutzen eta onartzen dutela. Eskabidean informazio hau eman behar da:

a) Inguruabar ekonomikoen aldaketa nabarmenaren justifikazioa.

b) Aldaketa horren arabera bidezkoa den aldaketa.

Ukitutako pertsona edo entitateren batek atzera egiten badu, aldaketarako prozedura amaitu eginen da.

Zerga Administrazioak, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta tributudunei entzuteko hamabost eguneko epea igarotakoan, ebazpen arrazoitua emanen du. Ebazpenean aukera hauek izanen ditu:

a) Tributudunek egindako aldaketa onestea.

b) Hasieran aurkeztutakoa ez den beste balorazio-proposamen bat onestea, tributuduna ados dagoela.

c) Tributudunek egindako aldaketa ezestea, hasieran onetsitako aurretiazko balorazio-akordioa berretsiz edo indargabetuz.

3. Aldaketarako prozedura Zerga Administrazioak abiarazten badu, proposamenaren edukia tributudunei jakinaraziko zaie, eta jakinarazpen egunaren biharamunetik, hilabeteko epean aukera hauek izanen dituzte:

a) Aldaketa onartzea

b) Ordezko aldaketa aurkeztea, behar bezala justifikatua.

c) Aldaketa errefusatzea, arrazoiak azalduz.

Zerga Administrazioak, aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, ebazpen arrazoitua emanen du. Bertan aukera hauek izanen ditu:

a) Aldaketa onestea, tributudunek onartu badute.

b) Tributudunek egindako ordezko aldaketa onestea.

c) Hasierako balorazio-proposamena onetsi zuen erabakia indargabetzea.

d) Hasierako balorazio-proposamena aplikatzen jarraitu behar dela adieraztea.

4. Beste zerga administrazioren batekin akordiorik bada, aurretiazko balorazio-akordioa aldatu ahal izateko, administrazio horrekin lortutako akordioa aldatu beharko da lehendabizi. Horretarako erregelamendu honen 28. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

5. Prozedura 6 hilabeteko epean bukatu beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, aldaketarako proposamena ezetsitzat jo ahalko da.

6. Aldaketarako prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren edo ustezko ezespen egintzaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, baina geroago bidezkoak diren errekurtsoak jarri ahal izanen dira likidazio egintzen aurka.

7. Aldaketa onesteak erregelamendu honen 24. artikuluan aurreikusten diren ondorioak izanen ditu, aldaketarako eskaera aurkeztu ondoren edo aldaketa-proposamena jakinarazi ondoren egiten diren eragiketei dagokienez.

8. Hasierako baloraziorako aurretiazko akordioa baliogabetzeko ebazpenak erregelamendu honen 24. artikuluan aurreikusten diren ondorioen iraungitzea ekarriko du, aldaketarako eskaera aurkeztu ondoren edo aldaketa-proposamena jakinarazi ondoren egiten diren eragiketei dagokienez.

9. Subjektu pasiboek egindako aldaketa ezesteak ondorio hauek izanen ditu:

a) Erregelamendu honen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioen berrespena, inguruabar ekonomikoen aldaketa nabarmena frogatzen ez denean.

b) Erregelamendu honen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioen iraungitzea, ezespenaren ondoren egiten diren eragiketei buruz, gainerako kasuetan.

27. artikulua. Baloraziorako aurretiazko akordioa luzatzea.

1. Tributudunek onetsita dagoen balorazio-akordioaren indarraldia luzatzeko eskatu ahal izanen diote Zerga Administrazioari. Indarraldia amaitu baino 6 hilabete lehenago aurkeztu behar dute eskaera, eta egokiak iruditzen zaizkien agiriak erantsiko dituzte hasierako eskaeran azaldutako inguruabarrak aldatu ez direla frogatzeko.

2. Aurretiazko balorazio-akordioa sinatu zuten pertsona edo entitate berek sinatu behar dute luzapenerako eskabidea, eta Administrazioari frogatu behar diote eragiketetan parte hartuko duten gainerako pertsona edo entitate lotuek luzapen-eskaera ezagutzen eta onartzen dutela.

3. Zerga Administrazioak sei hilabeteko epea izanen du goiko 1. idatz-zatian aipatutako agiriak aztertzeko eta tributudunei jakinarazteko ea luzatuko den ala ez aurretiazko baloraziorako akordioaren indarraldia. Horretarako, Administrazioak informazio eta agiri gehiago eskatu ahal izanen ditu, bai eta tributudunaren laguntza ere.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako epea iragaten bada aurretiazko baloraziorako akordioaren indarraldiaren luzapenik jakinarazi gabe, eskaera ezetsitzat jo ahal izanen da.

5. Akordioa luzatzeari buruzko ebazpenaren edo ustezko ezespen egintzaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, baina geroago bidezkoak diren errekurtsoak jarri ahal izanen dira likidazio egintzen aurka.

28. artikulua. Beste zerga administrazio batzuekin eragiketa lotuei buruzko akordioa egiteko prozedura.

Zergari buruzko foru legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako bideetatik, Foru Komunitateko Administrazioak beste zerga administrazio batzuekin akordioak egin ahalko ditu eragiketen merkatu-balio normala batera zehazte aldera. Horrelako akordioak egiteko prozeduran kapitulu honetako arauak beteko dira, ondoko berezitasunekin:

A) Prozeduraren hasiera.

1. Tributudunek eskatzen baldin badute egindako proposamena beste zerga administrazio batzuek azter dezatela pertsona edo entitate lotuek egoitza duten herrialde edo lurraldean, Zerga Administrazioak prozedura hori hastea bidezkoa den aztertuko du. Prozeduraren hasieraren ezespenak arrazoitua izan behar du, eta ezin izanen zaio aurka egin.

2. Zerga Administrazioak, aurretiazko balorazio-prozedura baten barnean, egokitzat jotzen badu ukituak izan litezkeen beste zerga administrazio batzuek auzia azter dezaten, hala jakinaraziko die pertsona edo entitate lotuei. Tributudunaren adostasuna beharrezkoa izanen da auzia beste administrazioari jakinarazi ahal izateko.

3. Prozedura hasteko eskaerarekin batera, tributudunak erregelamendu honen 21. artikuluan aurreikusten diren agiriak aurkeztu behar ditu.

B) Tramitazioa.

1. Beste zerga administrazio batzuekiko harremanetan, pertsona edo entitate lotuek balorazio-proposamenarekin zerikusia duten datu, txosten, aurrekari eta frogagiri guztiak aurkeztu behar dituzte.

Tributudunek akordioa zehaztea helburu duten jarduketetan parte hartu ahalko dute, bi zerga administrazioen ordezkariek hala hitzartzen dutenean.

2. Zerga administrazioen akordio-proposamena subjektu interesdunei jakinaraziko zaie eta horien adostasuna beharrezkoa izanen da esku hartzen duten administrazioen arteko akordioa sinatu ahal izateko.

Akordio-proposamenari aurka egiteak balorazio-proposamenaren ezespena ekarriko du.

C) Ebazpena.

Akordio-proposamena onartuz gero, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak akordioa sinatuko du beste zerga administrazioarekin, eta interesdunei ale bana igorriko zaie.

Prozedura hasi eta instruitu eta beste zerga administrazioekin behar diren harremanak ezartzea Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuari edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuari egokituko zaio, kasu bakoitzean esleituak dituzten eginkizunen arabera.

D) Beste zerga administrazio baten eskaera.

Beste zerga administrazio batek, pertsona edo entitate lotuen artean egindako eragiketak baloratzeko akordioa sinatu nahian, Foru Komunitateko Zerga Administrazioari horretarako prozedura hasteko eskatzen badio, artikulu honetan ezarritako arauak beteko dira, aplikagarriak diren heinean."

Hogeita lau.-28 ter artikulua, bigarren eta hirugarren lerroaldeak.

"Aipatu dokumentazioa Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak aztertuko du, txostena egin dadin, ea jarduera horiek kenkaria izateko beharkizunak eta baldintzak betetzen dituzten.

Subjektu pasiboak aukeran du aipatu dokumentazio hori zergaren aitorpen-likidazioarekin batera aurkeztea, eta horrela egiten badu, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak dokumentazio hori Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari igorriko dio, aurreko lerroaldean aipatutako txostena egin dezan; edo, bestela, subjektu pasiboak zuzenean eska diezaioke txostena azken departamentu horri eta gero, une egokian, txostena zergaren aitorpen-likidazioari gehitu beharko zaio."

Hogeita bost.-28 quater.3 artikulua.

"3. Zerga Administrazioak aurreko idatz-zatian aipatzen diren agiriak aztertuko ditu eta eskatzaileari eskatzen ahalko dizkio eskabideari loturiko datu, txosten, aurrekari eta agiri guztiak. Agiri horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentura igorriko dira, zergari buruzko foru legearen 66. artikuluan ezarri eta horrekin bat 28 ter artikuluan garaturiko kenkarirako bide ematen duten gastuen balorazioa egin dadin. Zerga Administrazioak eta subjektu pasiboek perituen txostenak eramaten ahalko dituzte prozedurara, balorazioaren proposamenaren edukiari lotuak badira."

Hogeita sei.-28 quater.6 artikulua.

"6. Ebazpenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, baina geroago, ebazpenean ezarritako balioak aplikatuz egiten diren likidazioen aurka bidezkoak diren errekurtso eta erreklamazioak jarri ahal izanen dira."

Hogeita zazpi.-28 quater artikuluari 7., 8. eta 9. idatz-zatiak gehitzea.

"7. Zerga Administrazioak ebazpenetik ondorioztatzen den gastuen balorazioa aplikatu beharko du ebazpenaren indarraldian, legeria aldatu edo balorazioaren oinarri izandako inguruabar ekonomikoak nabarmen aldatzen ez diren artean.

8. Eskatzaileak aurkeztutako agiriek prozedura honetan soilik izanen dituzte ondorioak, eta prozedura honetarako baizik ez dira erabiliko.

9. Espresuki onesteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Prozeduraren instrukzioa Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuak eginen du, esleituak dituzten eginkizunen arabera."

Hogeita zortzi.-28 quinquies.2 artikulua, bigarren lerroaldea.

"Prozeduraren instrukzioa Zuzeneko Zerga, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuak edo Zeharkako Tributu eta Enpresa Handien Zerbitzuak eginen du, kasu bakoitzean dagozkien eginkizunen arabera, eta horretarako txostena eskatuko diote gaiaren arabera eskumena duen erakunde ofizialari."

Hogeita bederatzi.-28 quinquies.3 artikulua, bigarren lerroaldea.

"Aurreko lerroaldean aipatzen den epea berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, subjektu pasiboak aurkezturiko eskaera baietsitzat joko da."

Hogeita hamar.-II. tituluko II. kapituluaren izenburua.

"II. kapitulua. Araubide berezia bat-egite, zatiketa, aktibo-ekarpen eta balore-trukeetarako eta sozietate europar edo sozietate kooperatibo europarrek egoitza soziala Europar Batasuneko estatu kide batetik bestera aldatzeko."

Hogeita hamaika.-Lerroalde berri bat 30.1 artikuluaren amaieran.

"Egoitza soziala aldatzeko eragiketetan, jakinarazpena hiru hilabeteko epean egin behar da, eragiketaren eskritura publikoa edo agiri baliokidea egoitza sozial berriko estatu kidearen erregistroan inskribatzen den egunetik hasita".

Hogeita hamabi.-30.2 artikuluari d) letra gehitzea.

"d) Egoitza soziala aldatzeko eragiketetan sozietateak berak aurkeztuko du jakinarazpena."

Hogeita hamahiru.-30.3 artikuluari d) letra gehitzea.

"d) Egoitza soziala aldatzeko eragiketetan, eragiketa jasotzen duen eskritura publikoaren edo agiri baliokidearen kopia, eta helburuko estatu kidearen erregistroan inskripzioa egiteko aurkeztu behar diren gainerako agirienak."

Hogeita hamalau.-30.4 artikuluko b) eta c) letrak.

"b) Erakunde eskualdatzailearen partaidetzen balioa eta erosketa eguna, bai eta partaidetza horiei dagozkien funts berekien balioa ere, urteko kontu homogeneizatuak oinarritzat hartuta kalkulatua."

c) Balorazio- eta denbora-homogeneizazioaren irizpideen justifikazioa, entitate eskualdatzaileak partaidetzak erostean ordaindu zuen prezioaren eta desegiten den egunean partaidetza horiei dagozkien funts berekiek duten balioaren arteko diferentzia entitate eskualdatzailearen ondasun eta eskubideei egotzi izanaren justifikazioa, eta, halaber, zergari buruzko foru legearen 139. artikuluko 3. idatz-zatiko a) eta b) letretako baldintzak bete izanarena.''

Hogeita hamabost.-32 bis artikulua, lehen lerroaldea.

"Zergari buruzko foru legearen 26. xedapen iragankorrean xedatutakoaren ondorioetarako, ondare-sozietateek informazio hau eman behar dute urteko kontuen memorian:".

Hogeita hamasei.-33.2 artikulua

"2. Kontratu batek zerbitzu emateak edo ondasun higiezinen lagapena biltzen dituenean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 30. artikuluko 3. idatz-zatian sartutako ondasun eta eskubideen lagapenarekin, atxikipena zenbateko osoaren gainean egin behar da.

Kontratu batek landa finken errentamendu, azpierrentamendu edo lagapena biltzen dituenean beste ondasun higigarri batzuenekin, ez da eginen atxikipenik negozio edo meatzeen errentamendu edo lagapena ez bada."

Hogeita hamazazpi.-34.5 artikulua, lehen paragrafoa.

"5. Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 63. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letrak aipatzen dituen baloreak erosi edo saltzeko eragiketetarako emandako kredituen ondorioz balore sozietateek eskuratutako korrituak, hala nola Inbertsio zerbitzuetako enpresen eta inbertsio zerbitzuak ematen dituzten gainerako entitateen araubide juridikoari buruzko otsailaren 15eko 217/2008 Errege Dekretuaren 29. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren mailegu edo gordailu eragiketa aktiboen ondorioz balore sozietate eta agentziek eskuratutako korrituak."

Hogeita hemezortzi.-34.18 artikulua.

"18. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako sariak, haien atxikipen oinarria gehienez 300,51 euro denean."

Hogeita hemeretzi.-34.22 artikulua, bigarren lerroaldea.

"Aurreko lerroaldean xedatutakoa aplikatzeko, aseguru entitateek, aktiboen eskualdaketa edo itzulketa dela eta, atxikipena aplikatu behar duten entitateei jakinarazi behar diete aseguruaren hartzaileak bereganatu duela inbertsioaren arriskua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 78.9 artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla. Atxikipena aplikatu behar duen erakundeak jakinarazpena gorde beharko du, behar bezala sinaturik".

Berrogei.-34. artikuluari 24. idatz-zatia gehitzea.

"24. Hirugarrenei lagatako ondare-elementuetatik alderdi politikoek lortutako errentak, besteak beste sozietateen mozkinetako partaidetzak eta dibidenduak, interesak, kanonak eta alokairuak, bai eta talde inbertsioko erakundeen akzio eta partaidetzak eskualdatuz edo itzuliz lortutako ondare-gehikuntzak ere.

Akreditazioa, atxikipena eta konturako sarrera egin beharretik kanpo gelditzeko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiriaren bidez eginen da. Ziurtagiri hori eskatzen denean, Barne Arazoetako Ministerioko Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiriaren kopia aurkeztu behar da.

Ziurtagiri horrek esan behar du bere indarraldia ematen den egunean hasten dela eta eskatzailearen zergaldiarekin batera amaituko dela."

Berrogeita bat.-37. artikuluari 7. idatz-zatia gehitzea.

"7. Zergari buruzko legearen 32.3 artikuluan aurreikusitako doikuntza sekundarioak atxikipena edo konturako sarrera egin beharra sortzen duenean, horren oinarria balio hitzartuaren eta merkatuko balioaren arteko diferentzia izanen da."

Berrogeita bi.-Bigarren xedapen gehigarria, hirugarren lerroaldea.

"Negozio zifra kalkulatzeko, zerga honi buruzko foru legearen 50. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letrako a?) azpiletran eta Merkataritzako Kodearen 35.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da."

Berrogeita hiru.-Bigarren xedapen gehigarria, bosgarren lerroaldea.

"Errenta-egozpenaren araubideko entitateetan, Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo diren bazkide, erkide edo partaideek entitatearen errentatik egozten zaien proportzioaren arabera aplikatu beharko dituzte entitateak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ordaindutako kuotengatiko kenkariak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 49. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz. Kenkari hori errenta-egozpenaren araubideko entitateak zergaldian izandako negozioen zifra garbia 2.000.000 euro baino gutxiagokoa izanez gero aplikatu ahal izanen da, eta halaber aplikagarria izanen da zerga honi buruzko foru legearen 50. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letrako a?) azpiletran xedatutakoa."

Berrogeita lau.-Bigarren xedapen iragankorra.

"Bigarren xedapen iragankorra.-Elementu erabilien amortizazioa eta bizitza baliagarri mugatuko ibilgetu ukiezineko elementuena.

Erabilita erositako ondare-elementuak eta bizitza baliagarri mugatua duen ibilgetu ukiezineko elementuak, zergari buruzko foru legeak indarra hartu baino lehenago fiskalki amortizatzen ari badira, aipatu foru legeak indarra hartu baino lehenago indarrean ziren arauen arabera amortizatzen jarraituko dute."

Berrogeita bost.-Zazpigarren xedapen iragankorra gehitzea.

"Zazpigarren xedapen iragankorra.-Konponketa berezien edo aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuen estaldurarako plan bereziak. Ingurumen jarduketen gastuetarako plan bereziak.

1. Foru dekretu honek ezarritako testuaren aurretik erregelamenduaren 15. eta 16. artikuluek ziotena aplikagarria izanen da 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen onetsitako planetarako, eta bai artikulu horietan ezarritako epearen barnean eskatutako planetarako ere, nahiz eta geroago onetsi. Plan horien gastuak dagozkien zergaldietako zerga-oinarrietan sartuko dira, planetan ezarritakoaren arabera, eta ez du ondorio fiskalik izanen Kontabilitate Plan Orokorraren lehenbiziko aplikazioaren ondorioz erreserbetarako egindako ordainketak, halakorik egin bada, 2008ko urtarrilaren 1aren aurretik hasitako zergaldietan kontabilizatu eta orduko zerga-oinarrietan sartu ziren gastu horiei dagokienez.

Egun hori baino lehen hasitako zergaldietan kontabilizatutako gastuak, konponketa berezien edo aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuen estaldurarako gastuak izan eta, Zerga Administrazioak onetsitako plan bati loturik ez egoteagatik, kengarriak izan ez baziren, egun horretatik aurrera hasitako zergaldietako zerga-oinarrietan sartuko dira, zergaldi horietan ustiapena utzi edo konponketak egiten badira.

2. Ingurumen jarduketen gastuetarako planak aurkezteko epea, ingurumen jarduketak egiteko betebeharra edo konpromisoa 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera baina errege dekretu honek indarra hartu baino lehen hasitako zergaldietan sortu bada, hiru hilabetekoa izanen da azken egun horretatik hasita. Ingurumen jarduketa egiteko betebeharra edo konpromisoa 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortu bada eta aldi baterako ustiapen ekonomikoak bertan behera uzteagatiko gastuetarako planik eskatu ez bada horiei aurre egiteko, ingurumen jarduketen gastuetarako plana eskatu ahal izanen da idatz-zati honetan ezarritako epean. Horrenbestez, aipatu egunaren aurretik hasitako zergaldietako gastuak beren xederako aplikatzen diren zergaldiko zerga-oinarrian sartuko dira."

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hala ere, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren I. tituluko IV. kapituluko 3. atalean eta 6. atalean ezarritako dokumentazio betebeharrak 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera eskatzen ahalko dira.

Iragarkiaren kodea: F0915575